www.armiarma.com
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (I) - Testament Zaharra, 1. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

EKSODOA

 

I. KAP.

        1. Huna Israelgo semeen izenak, Jakobekin Egipton sarthu zirenenak, zein bere etxekoekin:

        2. Erruben, Simeon, Lebi, Juda,

        3. Isakar, Zabulon eta Benjamin,

        4. Dan eta Nefthali, Gad eta Aser.

        5. Jakoben belhaunetikako guziak ziren beraz hirur hogoi eta hamar: bada, Josep Egiptoan zen ordukotz.

        6. Hau hil ondoan, eta hunen anaia guziak eta ahaidegoa ere bai,

        7. Israelgo semeak berhatu ziren, eta muskila bezala populatu: eta hainitz hazkarturik, estali zuten lurra.

        8. Bizkitartean errege berri bat, Josep ezagutzen etzuena, jaiki zen Egiptoaren gainera.

        9. Eta erran zioen populuari: Huna Israelgo semeen populua ostetan igana, eta gu baino hazkarrago.

        10. Zatozte, zuhurki egiteko zapha dezagun, popula dadien beldurrez: eta gure gainera gerla bat heldu bada, bat egin dadien gure etsaiekin, eta gu garhaiturik ilkhi dadien Egiptotik.

        11. Hortarakotz ezarri zituen hekien gainean lanetako aitzindariak, nekheen-pean hekien lehertzeko: eta Faraoni egin izan ziozkaten Tabernakleako hiriak, Phitom eta Errameses.

        12. Bainan zenbatenaz zaphatuago eta hanbatenaz populatzen eta berhatzenago ziren

        13. Eta Egiptoarrek higuin zituzten Israelgo semeak, eta eskarniatuz gaizki erabiltzen zituzten:

        14. Eta bizitze garratza iraganarazten zioten lohi, eta adrailuetako lan gogorrez eta bertze zerbitzu guziez, zeinetaz lur lanetan leherrarazten baitzituzten.

        15. Eta Egiptoko erregek erran zioten Hebrearren emaginei, zeinetarik bat Sefora deitzen baitzen, eta bertzea Phua,

        16. Manu egiten ziotelarik: Erdiko dituzuenean hebrear emaztekiak, eta haurraren sortzeko orduan, muthikokia bada, hil zazue: nexka bada, begira zazue.

        17. Bainan emaginak Jainkoaren beldur izan ziren, eta etzuten egin Egiptoko erregeren manuaren arabera, bainan begiratzen zituzten muthikokiak.

        18. Erregek erakharrarazirik erran zioten: Nolaz begiratu dituzue muthikoak?

        19. Ihardetsi zuten: Hebrear emaztekiak ez dira Egiptoarrak bezala: berek ezen emagintzan badakite; eta gu hekien ganatu baino lehen, egiten dituzte haurrak.

        20. Jainkoak beraz ongi egin zioten emaginei: eta populua berhatu eta hazkartu zen hainitz

        21. Eta Jainkoak, emaginak haren beldur izan zirelakotz, altxatu zituen hekien etxeak.

        22. Faraonek manu egin zioen beraz bere populuari, erraten zioelarik: Sorthuko diren muthikokiak oro arthik zatzue ura-behera: nexkak begira zatzue.

 

II. KAP.

        1. Horien ondoan, ilkhi zen Lebiren etxeko gizon bat, eta hartu zuen bere leinuko emazte bat.

        2. Hau amatu zen eta erdi seme batez: eta ederra zela ikhusirik, gorde izan zuen hirur hilabethez.

        3. Eta gehiago ezin gorde zezakeenean, hartu zuen ihizko xaxkito bat, eta ferekatu zuen naslikaz eta bikhez: eta haurttoa ezarri zuen barnean, eta urhegiko ihien artean utzi zuen,

        4. Haurraren arreba urrundanik zagoela, zer gerthatuko zen begira.

        5. Huna bada, Faraonen alaba jausten zela urean garbitzera: eta haren neskatxak ur-hegiz zihoazen. Eta xaxkitoa ikhusi zuenean ihiztokan, bere ondokoetarik bat igorri zuen: eta ekharri zioten xaxkitoa.

        6. Idekitzean eta ikhustearekin haur ttipi bat barnean marrakaz, hartaz urrikaldurik, erran zuen: Hebrearren haurretarik da hau.

        7. Haurraren arrebak erran zioen: Nahi duzu goan nadien, eta deit dezazudan hebrear emazteki bat, haur ttipia haz dezakeena?

        8. Ihardetsi zioen: Zoazi. Nexka goan zen eta deithu zuen bere ama.

        9. Faraonen alabak erran zioen huni: Har zazu haur hau, eta haz darotazu: nik zuri emanen darotzut zure saria. Emaztekiak hartu eta hazi zuen haurra: eta tarrotu zenean, eman zioen Faraonen alabari.

        10. Hunek onhetsi zuen bere semeorde, eta izendatu zuen Moise, zioelarik: Zeren uretik hartu dudan.

        11. Handitu zen ondoko egunetan, Moise atheratu zen bere anaietara, eta ikhusi zuen hekien atsekabea, eta Egiptoar aitzindari bat bere anaia Hebrearretarik baten jotzen.

        12. Eta bazterretara begiraturik, ikhusi zuenean nihor etzela lekhuko, Egiptoarra hilik gorde zuen legarrean.

        13. Eta atherarik bertze egunean, ikhusi zituen bi Hebrear liskarrean: eta erran zioen gaizki hari zenari: Zertako jotzen duzu zure laguna?

        14. Hunek ihardetsi zuen: Nork ezarri hau gure gainean buruzagi eta juie? ala hil nahi nauk, Egiptoarra atzo hil dukan bezala? Moise beldurtu zen, eta erran zioen: Nola agertu da solas hori?

        15. Eta Fanon jakintsun egin zen hitz horietaz eta Moise hil beharrez zabilan: hunek ihes eginik haren begietarik, baratu zen Madiango lurrean, eta jarri putzu baten aldean.

        16. Bada, Madiango aphezak bazituen zazpi alaba, zeinak ur atheratzera ethorri baitziren eta askak betherik edaran nahi zituzten beren aitaren arthaldeak.

        17. Artera artzainak ethorri ziren, eta neskatxak haizatu zituzten: eta Moise jaiki zen, eta hekien aldea harturik, edaran ziozkaten ardiak.

        18. Eta itzuli zirenean beren aita Erraguelen gana, hunek erran zioten: Nolaz ethorri zarete ohi baino lasterrago?

        19. Ihardetsi zuten: Egiptoar gizon batek ilkhi gaitu artzainen eskuetarik: eta gehiago dena, ura atheratu du gurekin, eta ardiei edatera eman diote.

        20. Eta aitak erran zioten: Non da? zertako utzi duzue gizona? deith zazue ogiaren jatera.

        21. Moisek beraz zin egin zuen harekin egonen zela. Eta emaztetzat hartu zuen Sefora haren alaba:

        22. Hunek eman zioen seme bat, Jersam deithu zuena, zioelarik: Arrotz izatu naiz atze-lurrean. Gero eman zioen bertze bat, Eliezer deithu zuena, zioelarik: Ene aitaren Jainkoak ezen, ene laguntzaileak, itzuri nau Faraonen eskutik.

        23. Bada, asko denboren buruan, hil izan zen Egiptoko errege: eta auhenetan, Israelgo semeek deihadar egin zuten beren nekheak gatik: eta hekien nekheetarikako deihadarra igan zen Jainkoa gana.

        24. Eta entzun zuen hekien kuinta, eta orhoitu zen Abrahamekin, Isaakekin eta Jakobekin egin izan zuen batasunaz.

        25. Eta Jaunak begiratu zioten Israelen semeei, eta ezagutu zituen.

 

III. KAP.

        1. Bada, Moisek alhatzen zituen Jethro bere aitaginarreba, Madianeko aphezaren ardiak: eta mortu barrera eraman zituen batez, ethorri zen Horeben, Jainkoaren mendia.

        2. Eta Jauna agertu zitzaioen, sasi baten erditik atheratzen zen su-gar batean: eta Moisek ikhusten zuen sasia sutan zela, eta ez erretzen.

        3. Moisek erran zuen beraz: Goanen naiz, eta ikhusiko dut agerkuntza handi hori, nolaz sasia ez den erretzen.

        4. Bainan Jaunak ikhusirik hurbiltzen zela begiratzekotzat, deithu zuen sasiaren erditik, eta erran zioen: Moise! Moise! Hunek ihardetsi zuen: Huna non naizen.

        5. Eta Jaunak erran zioen: Etzaitezila hunat hurbil: Khen zatzu oinetakoak zangoetarik: ezen zu zauden tokia lur saindua da.

        6. Eta erran zuen berriz: Ni naiz zure aitaren Jainkoa, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa, eta Jakoben Jainkoa. Moisek gorde zuen begithartea: ezen etzen ausartatzen Jainkoaren aldera begiratzera.

        7. Jaunak erran zioen: Ikhusi izan dut ene populuaren Egiptoko atsekabea, eta haren deihadarra entzun dut haren lanetako aitzindarien gogortasuna gatik.

        8. Eta jakinez haren oinhazea, jautsi naiz haren atheratzera Egiptoarren eskuetarik, eta eramatera lur hartarik lur on eta zabal batera, esne eta ezti darioen lur batera, Kananear, eta Hethear, eta Amorhear, eta Pherezear, eta Hebear, eta Jebusearren lekhuetara.

        9. Israelen semeen deihadarra heldu izan da beraz ni gana: eta ikhusi dut Egiptoarrek jasanarazten dioten atsekabea.

        10. Bainan zato, eta igorriren zaitut Faraonen gana, Egiptotik erakhar dezazun ene populua, Israelen semeak.

        11. Eta Moisek erran zioen Jainkoari: Nor naiz ni goatekotzat Faraonen gana, eta Egiptotik erakhartzeko Israelen semeak

        12. Ihardetsi zioen: Ni zurekin izanen naiz: eta hori dukezu seinalea nik igorria zarela: Ene populua Egiptotik atheratu dukezun ondoan, Jainkoari imolatuko diozu mendi hunen gainean.

        13. Moisek erran zioen Jainkoari: Huna non goanen naizen ni Israelen semeetara, eta erranen diotet zuen arbasoen Jainkoak igorri nau zuen gana. Eta erranen badarotate: Zer du izena? zer erranen diotet nik?

        14. Jainkoak erran zioen Moisi: Ni naiz naizena. Erran zioen oraino: Hula mintzatuko zare Israelen semeei: Denak igorri nau zuetara.

        15. Jainkoak erran zioen Moisi berriz: Hau erranen diozute Israelen semeei: Zuen arbasoen Jainko Jaunak, Abrahamen Jainkoak, Isaaken Jainkoak, eta Jakoben Jainkoak igorri nau zuetara: hori da bethikotzat ene izena, eta hori da ene orhoitkizuna mendeen mendetako.

        16. Zoazi, eta bil zatzu Israelgo zaharrak eta errozute: Zuen arbasoen Jainko Jauna agertu zait niri, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa, eta Jakoben Jainkoa, dioelarik: Ene begiz ikhustera ethorri natzaitzue, eta ihkusi ditut Egiptoan gerthatu zaizkitzuen guziak.

        17. Eta mintzatu naiz zuen Egiptoko atsekabetik athera zaitzatedan Kananearren, eta Hethearren, eta Amorhearren, eta Pherezearren, eta Hebearren, eta Jebusarren lurrera, esne eta ezti darioen lurrera.

        18. Eta entzunen dute zure boza: eta goanen zarete zu eta Israelgo zaharrak Faraonen aitzinera, eta erranen diozu: Hebrearren Jainko Jaunak deithu gaitu: hirur egunen bidean goanen gure mortura, gure Jainko Jaunari imolatzera.

        19. Bainan badakit nik Egiptoko erregek etzaituztela goatera utziko, beso hazkarraren bidez ezpada.

        20. Hedatuko dut ezen ene eskua, eta Egiptoa joko du ene sendagaila orotan, zeinak eginen baititut heklen erdian: utziren zaituztete gero.

        21. Eta Egiptoarren aitzinean emanen diot populu hari ene grazia: eta ilkhitzen zaiztenean, etzarete hutsik atheratuko.

        22. Bainan emaztekiak galdeginen dioizki bere hauzoari eta bere etxekandreari zilharrezko eta urhezko untziak, eta soinekoak: eta hekiek ezarriko dituzue zuen seme-alaben bizkarrean, eta Egiptoa biluziko duzue.

 

IV. KAP.

        1. Ihardestean Moisek erran zuen: Ez darotate sinheste emanen, eta ez dute ene boza entzunen, bainan erranen dute: Etzaik agertu Jauna.

        2. Jaunak erran zioen beraz: Zer da eskuan duzun hori? Ihardetsi zuen: Zigorra.

        3. Eta Jaunak erran zioen: Arthik zazu lurrera. Arthiki zuen, eta suge bilhakatua izan zen, hala non Moisek ihesari eman baitzuen.

        4. Eta Jaunak erran zioen: Heda zazu eskua, eta loth zakitzo buztanetik. Hedatu zuen, eta atxiki, eta zigor bilhakatua izan zen.

        5. Sinhets dezaten, zioen Jaunak, agertu zaitzula hekien arbasoen Jainko Jauna, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa, eta Jakoben Jainkoa.

        6. Eta berriz Jaunak erran zioen: Ezar zazu zure eskua golkhoan. Golkhoan sarthu ondoan, atheratu zuen legenez betherik, elhurrez bezala.

        7. Berriz ere erran zioen: Itzul zazu zure eskua golkhora. Bihurtu zuen eta bigarren aldian atheratu, eta gainerako haragiak bezala zen.

        8. Ez bazaituzte sinhesten, zioen, eta ez badute entzuten lehenbiziko seinalearen solasa, sinhetsiko dute ondoko seinalearen hitza.

        9. Baldin bi seinale horiei ez balute ere sinheste eman nahi, eta ez balezate entzun zure boza: har zazu ibaietik ura, eta ixur zazu leihorrera, eta ibaietik athera dukezun guzia, odol bilhakatuko da.

        10. Moisek erran zuen: Othoi, Jauna, ez atzotik, ez herenegundik ez naiz hizdun eder: eta zure zerbitzariari mintzatu zarenaz geroztik trabatuago eta uzkurrago dut mihia,

        11. Jaunak erran zioen: Nork egin du gizonaren ahoa? edo nork egin ditu mutua eta gorra, argia eta itsua? Ez othe naiz ni hura?

        12. Zoaz beraz, eta ni izanen naiz zure ahoan: nik irakhatsiko darotzut zer erran behar dukezun.

        13. Eta harek ihardetsi zuen: Othoi, Jauna, igor zazu igorri behar duzuna.

        14. Moisen alderat samurturik, Jaunak erran zioen: Badakit zure anaia Aaron lebitarra hizdun eder dela: horra non bera atheratzen zaitzun bidera, eta zu ikhustearekin boztuko da bihotzez.

        15. Mintza zakizko, eta ezar zatzu ene solasak haren ahoan: eta ni izanen naiz haren ahoan eta zurean, eta erakhutsiko darotzuet zer duzuen egiteko.

        16. Zure orde hura mintzatuko da populuari, eta zure ahoa izanen da: eta zu izanen zakizko hari Jainkoari dagokioten gauzetan.

        17. Har ere zazu eskuan zigor hori, zeinetaz sendagailak eginen baitituzu.

        18. Moise goan zen, eta itzuli bere aitaginarreba Jethroren gana, eta erran zioen: Goanen naiz eta bihurtuko Egiptora ene anaietara, ikhustera hea bizi diren oraino. Jethrok ihardetsi zioen: Zoaz bakean.

        19. Jaunak erran zioen beraz Moisi Madian-herrian: Zoaz, eta itzul zaite Egiptora; ezen hilak dira zure biziaren ondoan zabiltzan guziak.

        20. Moisek beraz hartu zituen bere emaztea eta semeak, eta ezarri zituen asto baten gainean, eta bihurtu zen Egiptora, Jainkoaren zigorra eskuan.

        21. Eta Egiptora bihurtzen zelarik, Jaunak erran zioen: Orhoit zaite Faraonen aitzinean egitera zure eskuan ezarri ditudan ikhuskari guziak: gogortuko dut nik haren bihotza, eta populua ez du goatera utziko.

        22. Eta erranen diozu: Hau dio Jaunak: Israel da ene seme zaharrena.

        23. Nik hiri erran izan daroat: Utzak ene semea, zerbitza nezantzat; eta hik ez duk nahi izan utzi: huna nik non hilen dudan hire seme zaharrena.

        24. Eta bidean zelarik, Jauna atheratu zitzaioen ostatu batera, eta semea hil nahi zioen.

        25. Seforak hartu zuen berehala harri bat zorrotzenetarik, eta ingurebaki zuen bere semearen buztan-mokoa, eta ukitu zituen Moisen zangoak eta erran zioen: Odoletako senhar bat zaizkit.

        26. Eta utzi izan zuen, erran ondoan: Odoletako senharra, ingurebakiaren ariaz.

        27. Bada, Jaunak erran zioen Aaroni: Zoazi Moisen bidera mortura. Hau goan zen bidera Jainkoaren mendira, eta eman zioen musu.

        28. Eta Moisek Aaroni khondatu ziozkan Jaunaren hitz guziak, zeinetaz igorri izan baitzuen, eta manatu ziozkien sendagailak.

        29. Eta elkharrekin ethorri ziren, eta bildu zituzten Israelgo semeetako zaharrak.

        30. Eta Aaronek erran zioizkiten Jaunak Moisi erran solas guziak: eta sendagailak egin zituen populuaren aitzinean,

        31. Eta populuak sinheste eman zuen. Eta ezagutu zuten Jauna ethorri izan zela Israelgo semeen ikhustera, eta begiratu zioela hekien atsekabeari: eta lurrera eroririk adoratu zuten.

 

V. KAP.

        1. Gero Moise eta Aaron goan ziren Faraonen aitzinera, eta erran zioten: Hau dio Israelgo Jainko Jaunak: Utzak ene populua mortuan sakrifizio egitera.

        2. Bainan hunek ihardetsi zuen: Nor da Jauna, nik haren boza entzuteko, eta Israel uzteko? Ez dut Jaunik ezagutzen, eta ez dut Israel utziko.

        3. Eta erran zioten: Hebrearren Jainkoak deithu gaitu, goan gaitezen hirur egunen bidean mortuan, eta sakrifika dezogun gure Jainko Jaunari: beldurrez izurriak edo ezpatak jazar dizaguten.

        4. Egiptoko erregek erran zioten: Moise eta Aaron, zertako harrotzen duzue populua bere lanetarik? zoazte zuen egitekoetara.

        5. Eta Faraonek erran zuen: Populu hori berhatua da: ikhusten duzue osteak goiti egin duela: zenbatez gehiago bere nekeetarik hatsarte ematen badiozuete.

        6. Egun hartan manu egin zioten beraz lanetako aitzindariei eta populuaren gainean zirenei, erraten zuelarik:

        7. Ez duzue gehiago populuari aitzinean bezala lastorik emanen adrailuen egiteko: bainan goan beitez berak lasto biltzera.

        8. Eta emanen diozuete egiteko aitzinean egiten zuten bezenbat adrailu, eta ez duzue batere gutituko: ezen alfer daude, eta horren gatik oihuka hari dira, diotelarik: Goazen, eta sakrifizio egin diozogun gure Jainkoari.

        9. Lanen-pean lehertuak izan beitez, eta xedatua bethe bezate, onhets ez detzaten gezurrezko solasak.

        10. Ilkhi ziren beraz lanetako aitzindariak eta populuaren gainekoak, eta erran zioten populuari: Hunela dio Faraonek: Ez darotzuet lastorik ematen.

        11. Zoazte, eta bil zazue ahal duzuen tokian, eta zuen lanetik etzaitzuete batere gutitua izanen.

        12. Eta populua barraiatu zen Egiptoko lur guzian lastoketara.

        13. Lanetako aitzindariek ere hertsatzen zituzten, ziotelarik: Akhaba zazue zuen eguneko lana, aitzinean egiten ohi zinduten bezala, lasto ematen zarotzuetenean.

        14. Eta Faraonentzat populuaren gainean zirenek azotatu zituzten Israelgo semeen lanetako aitzindariak, ziotelarik: Zertako ez atzo, ez egun ez duzue egin lehen bezenbat adrailu?

        15. Eta ethorri ziren Israelgo semeen aitzindariak, eta Faraoni oihuz erraten zioten: Zertako hari zaizkote horrela zure zerbitzariei?

        16. Lastorik ez darokute ematen, eta adrailuak orobat manatzen darozkigute: huna zure muthilak non garen azotatuak, eta bidegabeki erabilia da zure populua.

        17. Hunek erran zioten: Alfer zaudete, eta horren gatik diozue: Goazen, eta sakrifizio egin diozogun Jaunari.

        18. Zoazte beraz, eta egiozu lanari: lastorik etzaitzue emanen, eta bihurtuko duzue ohi bezenbat adrailu.

        19. Eta Israelgo semeen aitzindariek ikhusten zuten gaizki zirela, errana zitzaioetenaz geroz: Etzaitzue egun bakhotxekotzat adrailuetarik batere gutitua izanen.

        20. Eta Faraonen ganik atheratzen zirelarik, buruz-buru egin zituzten Moise eta Aaron, bertze aldetik, hekien begira zaudenak:

        21. Eta erran zioten: Jaunak ikhus eta erabak beza, zeren usain txarretan ezarri baikaituzue Faraonen aitzinean gu eta haren zerbitzariak, eta ezpata eskura eman diozuelakotz gure biltzeko.

        22. Eta Moise itzuli zen Jaunaren alderat, eta erran zuen: Jauna, zetako atsekabeztatu duzu populu hau? zertara igorri nauzu ni?

        23. Ezen Faraonen aitzinera agertu naizenaz geroztik, zure izenean mintzatzera, atsekabe eman dio zure populuari: eta zuk ez dituzu atheratu.

 

VI. KAP.

        1. Eta Jaunak erran zioen Moisi: Orai ikhusiko duzu zer egitera nohan Faraoni: ezen esku hazkarrak utzaraziko dioizki, eta bere lurretik esku indardunera emanen ditu.

        2. Eta Jauna Moisi mintzatu zitzaioen, zioelarik: Ni naiz Jauna,

        3. Abrahami, Isaaki eta Jakobi agertu natzaiotena, Jainko guziz-ahaldua bezala: eta Adonai ene izena ez diotet ezagutarazi.

        4. Eta hekiekin batasun egin izan dut, hekiei ematekotzat Kanaango lurra, beren erromeriako lurra, zeinetan arrotz bezala egon izan baitira.

        5. Entzun dut nik Israelgo semeen auhena, zeinetaz hestutu baitituzte Egiptoarrek: eta orhoitu naiz ene patuaz.

        6. Aria hortaz errozute Israelgo semeei: Ni naiz Jauna, Egiptoarren presondegitik atheratuko, eta gathibutasunari itzuriko zaituztedana, eta ene besoaren hazkarraz eta erabakien handiaz berrerosiren zaituztedana.

        7. Eta hartuko zaituztet ene populutzat, eta izanen naiz zuen Jainkoa: eta jakinen duzue ni naizela zuen Jainko Jauna Egiptoarren presondegitik athera zaituztedana,

        8. Eta sarthuko zaituztet lur hartan, zeinaren gainean besoa altxatu baitut haren emateko Abrahami, Isaaki eta Jakobi, eta hura emanen darotzuet goratzera, nik Jaunak.

        9. Moisek beraz guziak khondatu ziozkaten Israelgo semeei: haukiek etzuten onhetsi, beren gogoko hesturaren eta hunen gogorraren ariaz.

        10. Eta Jauna mintzatu zitzaioen Moisi, zioelarik:

        11. Ager zaite eta mintza Faraon Egiptoko erregeri, bere lurretik utz ditzan Israelgo semeak.

        12. Moisek ihardetsi zuen Jaunaren aitzinean: Huna non Israelgo semeek ez nauten entzuten: eta nola entzunen nau. Faraonek, ni guziz ezpainak ebaki gabeak ditudana?

        13. Eta Jauna mintzatu zitzaioten Moisi eta Aaroni, eta manu egin zioten goan zitezen Israelgo semeen gana, eta Faraon Egiptoko erregeren gana, Israelgo semeak ilkhiarazteko Egiptoko lurretik.

        14. Haukiek dira etxetako buruzagiak, familiaka: Israelen seme zaharren Errubenen semeak: Henok eta Phalu, Helion eta Karmi: Horra Errubenenganikako adarrak.

        15. Simeonen semeak: Jamuel, eta Jamin, eta Ahod, eta Jakin, eta Sohar, eta Saul, kananear emazte baten semea: horra Simeonen umeak.

        16. Eta haukiek dira Lebiren semeen izenak eta ondoregoen buruak: Jerson, eta Kaath eta Merari. Bada Lebiren biziko urtheak izan ziren seietan hogoi eta hamazazpi.

        17. Jersonen semeak: Lobni eta Semei ondorego buruak.

        18. Kaathen semeak: Amram eta Isaar, eta Hebron eta Oziel. Kaathen biziko urtheak ere izan ziren seietan hogoi eta hamar.

        19. Merarien semeak: Moholi eta Musi: horiek dira Lebirenganikako ethorkiak familiaka.

        20. Bada Amramek emaztetzat hartu zuen Jokabed, bere kusi lehena, zeinak eman baitziozkan Aaron eta Moise. Amramen biziko urtheak izan ziren seietan hogoi eta hamazazpi.

        21. Isaarren semeak ere: Kore, eta Nepheg, eta Zekri.

        22. Ozielen semeak ere: Misael, eta Elisaphan eta Sethri.

        23. Bada, Aaronek emaztetzat hartu zuen Elizabeth Aminadaben alaba, Nahasonen arreba, zeinak eman baitziozkan Nadab, eta Abiu, eta Eleazar, eta Ithamar.

        24. Koeeen semeak ere: Aser eta Elkana, eta Abiafaph: horra Koretarren iraulgiak.

        25. Bada, Eleazar, Aaronen semeak emaztetzat hartu zuen Phutielen alabetarik: zeinak eman baitzioen Phinees; horra Lebitarren familietako buruzagiak beren iraulgien arabera.

        26. Aaron eta Moise dira Jaunak manatu zituenak, Egiptoko lurretik eramateko Israelgo semeak zein bere andanetan.

        27. Honek dira Egiptoko errege Faraoni mintzatzen direnak, Israelgo semeak Egiptotik eramateko, Moise eta Aaron dira,

        28. Jauna Moisi mintzatu zen egunean, Egiptoko lurrean.

        29. Eta Moisi mintzatu zen Jauna, zioelarik: Nik Jaunak: errozotzu Faraoni nik zuri erraten darozkitzudan guziak.

        30. Eta Moisek erran zuen Jaunaren aitzinean: Huna non naizen ezpain ebakigabe bat, nola entzunen nau Faraonek?

 

VII. KAP.

        1. Eta Jaunak erran zioen Moisi: Huna non ezarri zaitudan Faraonen Jainko: eta zure anaia Aaron izanen da zure profeta.

        2. Zuk hari erranen diozkatzu nik zuri manatu guziak: eta hura mintzatuko da Faraoni, utz ditzan bere lurretik Israelgo semeak.

        3. Bainan nik gogortuko dut haren bihotza, eta bat-bertzearen gainzka eginen ditut ene sendagailak eta ikhuskariak Egiptoko lurrean.

        4. Eta Faraonek etzaituztete entzunen: eta hedatuko dut ene besoa Egiptoaren gainera, eta atheratuko ditut Egiptoko lurretik erabaki gogorrenez ene armada eta populua, Israelgo semeak.

        5. Eta Egiptoarrek jakinen dute ni naizela Jauna, ene eskua hedatu dudana Egiptoaren gainera, eta hekien erditik Israelgo semeak atheratu ditudana.

        6. Moisek beraz eta Aaronek nola manatu baitzuen Jauna, hala egin zuten.

        7. Bada Moisek lau hogoi urthe zituen eta Aaronek lau hogoi eta hirur Faraoni mintzatu zirenean.

        8. Eta Jaunak erran zioten Moisi eta Aaroni:

        9. Faraonek erranen darotzuetenean: Erakhuts diaztatzue seinaleak, zuk, Moise, errozu Aaroni: Har zazu zure zigorra, eta arthikazu Faraonen aitzinean, eta zigorra suge bilhakatuko da.

        10. Moise eta Aaron goan ziren beraz Faraonen aitzinera, eta egin zuten Jaunak manatu izan zioten bezala; eta Aaronek hartu zuen zigorra Faraonen eta haren zerbitzarien aitzinean, eta suge bilhakatu zen.

        11. Bainan Faraonek deithu zituen bere jakinak eta sorginkeria egileek: eta haukiek ere orobat egin zuten Egiptoko sorginkeria eta jakitate ixilen bidez.

        12. Arthiki zituzten beren zigorrak, zeinak suge bilhakatu baitziren: bainan Aaronen zigorrak hekienak iretsi zituen.

        13. Eta Faraonen bihotza gogortu zen, eta etzituen entzun, Jaunak manatu izan zuen bezala.

        14. Bada, Jaunak erran zioen Moisi: Dorphetua da Faraonen bihotza, ez du populua goatera utzi nahi.

        15. Zoazi goizetik haren gana: hara non atherako den urera: eta egonen zare haren bidean hibaia bazterrean: eta eskuan har zazu suge bilhakatu izan den zigorra.

        16. Eta erranen diozu Faraoni: Hebrearren Jainko Jaunak igorri nau zu gana, dioelarik: Utzak ene populua, mortuan niri sakrifizio egitera; eta orai arteo ez duk nahi izan entzun.

        17. Hau dio beraz Jaunak: Huntarik jakinen duk Jauna naizela: huna non joko dudan eskuan dudan zigorraz hibaieko ura, eta odoletara bihurturen da.

        18. Eta hibaiean diren arrainak ere hilen dira eta urak ustelduko, eta hibaieko uretik edanen duten Egiptoarrak erituko dira.

        19. Jaunak erran ere zioen Moisi: Errozu Aaroni: Har zazu zure zigorra, eta heda zazu zure eskua Egiptoko uren gainera, eta hekien hibai, lats, aintzira eta ur-mael guzien gainera, odoletara bihur ditezen: eta odola izan bedi Egiptoko lur guzian, hala zurezko untzietan nola harrizkoetan.

        20. Eta Moisek eta Aaronek egin zuten Jaunak manatu bezala: eta zigorra goititurik, Aaronek Faraonen eta haren zerbitzarien aitzinean jo zuen hibaieko ura, zeina odol bilhakatu baitzen.

        21. Eta hibaiean ziren arrainak hil izan ziren: eta hibaia usteldu zen; eta Egiptoarrek ezin edan zezaketen hibaieko uretik, eta odola zen Egiptoko lur guzian.

        22. Egiptoko sorginkeria egileek orobat egin zuten beren gaizkinkeriez eta Faraonen bihotza gogortu zen, eta etzituen entzun Jaunak manatu izan zuen bezala.

        23. Eta urrundu zen, eta sarthu bere etxera, eta aldi hartan ere etzioen bere bihotzari amorrik eragin.

        24. Bada, Egiptoar guziek zilhoak egin zituzten hibai inguruetan uraren edateko; ezen etzezaketen edan hibaieko uretik.

        25. Eta zazpi egun bethe ziten, Jaunak hibaia joz geroztik.

 

VIII. KAP.

        1. Jaunak erran zioen berriz Moisi: Sar zaite Faraonen gana, eta errozu: Hau dio Jaunak. Utzak ene populua goatera, niri sakrifizio bat egin dezadan.

        2. Bainan ez badituk utzi nahi, hire eremu guziak betheko ditiat igelez.

        3. Eta hibaia igelez irakituko da: eta igelak goiti atheratuko dira, sarthuko dira hire etxean, eta hire etzateko gelan, eta hire ohean, eta hire zerbitzarien etxeetan, eta hire populuaren baithan, eta hire labeetan, eta hire jatekoen ondarretan:

        4. Eta igelak sarthuko dira hire gana eta hire populuaren gana, eta hire zerbitzarien gana.

        5. Eta Jaunak Moisi erran zioen: Errozu Aaroni: Heda zazu zure eskua hibaiera eta latsetara eta aintziretara, eta ilkhi zatzu igelak Egiptoko lurraren gainera.

        6. Eta Aaronek eskua hedatu zuen Egiptoko uren gainera, eta igelak igan ziren eta Egiptoko lurra estali zuten.

        7. Eta sorginkeria egileek orobat egin zuten beren gaizkinkeriez, eta igelak iganarazi zituzten Egiptoko lurraren gainera.

        8. Bada Faraonek deithu zituen Moise eta Aaron, eta erran zioten: Othoitz zazue Jauna igelak khen detzan ni ganik eta ene populua ganik: eta populua utziko dut Jaunari sakrifizio egitera.

        9. Eta Moisek ihardetsi zioen Faraoni: Berez dizadazu eguna zeinetan othoitz eginen baitut zuretzat, eta zure zerbitzari eta zure populuarentzat, igelak urrun diten zutarik, eta zure etxetik, eta zure zerbitzarietarik eta zure populutik: eta hibaiean baizik ez ditezen geldi.

        10. Hunek ihardetsi zuen: Bihar. Eta Moisek erran zioen: Zuk galdatua eginen dut, jakin dezazun ez dela gure Jainko Jauna bezalakorik.

        11. Eta igelek gibel eginen dute zu ganik, eta zure etxetik, eta zure zerbitzarien eta zure populuaren ganik: eta bakharrik geldituko dira hibaiean.

        12. Beraz Moise eta Aaron ilkhi ziren Faraonen ganik: eta Jaunari oihu egin zuen Moisek Faraoni igelen gainean egin zioen agintza gatik.

        13. Eta Jaunak egin izan zuen Moisen hitzaren arabera: eta etxeetako, hirietako eta bazterretako igelak hil izan ziren.

        14. Eta bildu zituzten ikharagarriko metetan, eta lurra usteldu zen.

        15. Bainan Faraonek ikhusirik gogoa emana zitzaioela, dorphetu zuen bere bihotza, eta Moise eta Aaron etzituen entzun, Jaunak manatu zuen bezala.

        16. Eta Moisi erran zioen Jaunak: Errozu Aaroni: Heda zazu zure zigorra eta jo zazu lurreko herrautsa: eta ulitxaz bethe bedi Egiptoko lurra oro.

        17. Eta hala egin zuten. Eta Aaronek hedatu zuen eskua, zigorra zadukalarik: eta jo zuen lurreko herrautsa, eta ulitxak jarri ziren gizonetan eta aziendetan: lurreko herrauts guzia ulitxa bilhakatu zen Egiptoko lur guzian.

        18. Eta sorginkeria egileak orobat abiatu ziren ulitxak atherarazi beharrez, eta ezin egin izan zuten: eta ulitxak lothuak ziren hala gizonetan nola aziendetan.

        19. Eta sorginkeria egileek erran zioten Faraoni: Jainkoaren erhia hemen da: bainan Faraonen bihotza gogortu zen, eta Jaunak manatua zen bezala etzituen entzun.

        20. Jaunak berriz erran zioen Moisi: Jaiki zaite argi-zirrintatik, eta zaudezi Faraonen bidean: ezen urera ilkhiko da, eta errozu: Hau dio Jaunak: Populua utzak niri sakrifizio baten egitera.

        21. Baldinetaria uzten ez baduk, huna non igorriko dudan hitara, eta hire zerbitzari, eta hire populu, eta hire etxeetara zer-nahi uli: eta uli mota guziez betheko dira Egiptoarren etxeak, eta hekiek izanen diren lurra oro.

        22. Eta egun hartan miresteko gauza eginen diat Jefengo lurrean, zeinetan baita ene populua, han ulirik izanen ez baita: eta jakin dezakan ni naizela Jauna lurraren erdian.

        23. Eta zedarri bat ezarriko diat ene populuaren eta hire populuaren artean: bihar izanen da sendagaila hori.

        24. Eta Jaunak hala egin zuen. Eta uliketa gaixtoena ethorri zen Faraonen eta haren zerbitzarien etxeetara, eta Egiptoko lur guzira: eta uli molde hortaz lurra usteldua izan zen.

        25. Eta Faraonek deithu zituen Moise eta Aaron, eta erran zioten: Zoazte eta zuen Jainkoari sakrifika zazue lur huntan.

        26. Eta Moisek ihardetsi zioen: Ez daite hola egin: ezen Egiptoarrentzat izigarri dira guk imolatzen ditugunak; Egiptoarrek adoratzen dituztenak hiltzen baditugu begien aitzinean, harrika phorrokaturen gaituzte.

        27. Hirur egunen bidean sarthuko gare mortuan: eta sakrifikatuko diogu gure Jainko Jaunari, manatu darokun bezala.

        28. Eta Faraonek erran zuen: Utziko zaituztet zuen Jainko Jaunari mortuan sakrifikatzera: ez ordean goan urrunago, othoitz egizue enetzat.

        29. Eta Moisek ihardetsi zioen: Zure ganik ilkhi-eta, othoitz eginen diot Jaunari: eta bihar uliak gibel eginen du Faraonen ganik, eta haren zerbitzarietarik, eta haren populutik: bainan ez engana gehiago, populua ez uzteko Jaunari sakrifikatzera.

        30. Eta Faraonen ganik ilkhirik; Moisek othoitz egin zioen Jaunari.

        31. Jaunak onhetsi zuen haren hitza, eta uliak khendu zituen Faraonen ganik, eta haren zerbitzarietarik, eta haren populutik: bat bakharra ere etzen gelditu.

        32. Bainan Faraonek dorphetu zuen bere bihotza, hala non aldi hartan ere ez baitzuen utzi populua.

 

IX. KAP.

        1. Bada Jaunak Moisi erran zioen: Ager zaite Faraonen aitzinera, eta errozu: Hau dio Hebrearren Jainko Jaunak: Utzak populua sakrifikatzera niri.

        2. Baldinetaria oraino ukhora egiten baduk eta atxikitzen badituk,

        3. Huna non ene eskua izanen den hire landen gainean: eta izurrite latz bat hire zaldi, eta asto, eta kamelu, eta idi eta ardien gainean.

        4. Eta miresgarri dena eginen du Jaunak Israelen izantzen eta Egiptoarren izantzen artean, Israelen semeenak direnetarik ez baita deusere galduko.

        5. Eta Jaunak ordua berezi du, dioelarik: Jaunak bihar obratuko du hitz hori lurraren gainean.

        6. Jaunak beraz hitz hori obratu zuen biharamunean: eta Egiptoarren abere guziak hil ziren; eta bat bakharra ere ez Israelgo semeen abereetarik.

        7. Eta Faraonek igorri izan zuen ikhustera: bainan Israelenak zirenetarik etzen batere hilik. Eta dorphetu zen Faraonen bihotza eta etzuen utzi populua goatera.

        8. Eta Jaunak erran zioten Moisi eta Aaroni: Eskuak bethe zatzue sutegiko hautsetik, eta Moisek hura arthik beza zerura Faraonen aitzinean.

        9. Eta herrautsa hel bedi Egiptoko lur guzira: ezen zauriak eta trunpilo hantzen direnak eginen dira gizonetan eta aziendetan Egiptoko lur guzian.

        10. Eta hartu zuten sutegiko hautsetik, eta eman ziren Faraonen aitzinean, eta Moisek hautsa arthiki zuen zerura: eta zauriak eta trunpilo hantzen zirenak egin ziren gizonetan eta aziendetan.

        11. Eta sorginkeria egileak ezin agertu ziren Moisen aitzinera hekietan ziren zauriak gatik, eta Egiptoko lur guzian.

        12. Eta Jaunak gogortu zuen Faraonen bihotza, eta hunek etzituen entzun, Jaunak Moisi erran izan zioen bezala.

        13. Eta Jaunak erran zioen Moisi: Goizik jaiki zaite, eta Faraonen aitzinean eman, eta erranen diozu: Han dio Hebrearren Jainko Jaunak: Utzak ene populua niri sakrifikatzera.

        14. Ezen aldi huntan ene zauriak oro igorriren ditut hire bihotzaren gainera, eta hire zerbitzari, eta hire populuaren gainera: jakin dezakan ene idurikorik ez dela lur guzian.

        15. Ezen orai eskua hedatzen dudalarik, izurriz joko haut hi eta hire populua ere, eta lurretik ezeztaturen haiz.

        16. Zeren-eta hi ezarri izan baihaut, ene indarra ager dadientzat hire gainean, eta ene izena lur guzian aipha dadientzat.

        17. Idukitzen duk oraino ene populua, eta ez duk utzi nahi goatera?

        18. Huna non bihar, oren huntan berean erorraraziko dudan harri-abar bat gaitza, nolakorik Egiptoan izan ez baita, Egiptoa Egipto denetik egungo eguna artean.

        19. Igor zak beraz orai berean hire azienden eta kanpoan ditukan guzien biltzera: ezen gizon eta azienda, eta kanpoan atzemanak izanen diren guziak, landetarik bildu-gabe, harria eroriko zaiote gainera, eta hilen dira.

        20. Faraonen zerbitzarietarik Jaunaren hitzaren beldur izan zenak etxeetara ihes eginarazi zioten bere sehi eta aziendei:

        21. Bainan Jaunaren hitzaz ardurarik egin etzuenak, utzi zituen bere sehiak eta aziendak bazterretan.

        22. Eta Jaunak Moisi erran zioen: Heda zazu eskua zerura, Egipto guzian harria eror dadien gizonen gainera, eta azienden gainera, eta Egiptoko lurrean den bazterretako belhar guziaren gainera.

        23. Eta Moisek hedatu zuen zigorra zerura, eta Jaunak igorri zituen ihurtzuriak, harria eta ximistak lurraren buru batetik bertzera jotzen zutenak: eta Jaunak harri-abarra erorrarazi zuen Egiptoko lurraren gainera.

        24. Eta harria eta sua nahasteka bardin ekharriak ziren: eta halako handitasunekoa izan zen, non hura bezalakorik ez baitzen Egiptoko lur guzian agertu jendaki hura han jarria zenaz geroztik.

        25. Eta harriak jo zituen Egiptoko lur guzian kanpoetan ziren guziak, gizonetarik aziendetaraino: eta harriak jo zuen bazterretako belhar guzia, eta xehakatu zuen tokiko zuhamu guzia.

        26. Bakharrik Jefengo lurrean, non baitziren Israelgo semeak, harririk etzen erori.

        27. Eta Faraonek igorri zuen, eta deithu zituen Moise eta Aaron, erraten ziotelarik: Oraikoan ere egin dut bekhatu: Jauna zuzena da: ni eta ene populua gare gaixtaginak.

        28. Othoitz egiozue Jaunari bara ditezen Jainkoaren ihurtzuriak eta harria: zuek utz zetzatedantzat goatera, eta hemen gehiago egon etzaiztezentzat.

        29. Moisek ihardetsi zioen: Hiritik ilkhiko naizenean, hedatuko ditut eskuak Jaunaren gana, eta geldituko dira ihurtzuriak, eta harririk ez da izanen, jakin dezazuntzat lurra Jaunarena dela.

        30. Badakit, bada, zu eta zure zerbitzariak etzaretera oraino Jainko Jaunaren beldur.

        31. Bada, lihoa eta garagarra dainatuak izan ziren, zeren garagarra ferdatzen hari baitzen eta lihoa hostatzen.

        32. Bainan ogia eta bertze bihiak etziren galdu, berankorragoak zirelakotz.

        33. Atheraturik Faraon baitharik eta hiritik, Moisek hedatu zuen eskua Jauna gana: eta gelditu ziren ihurtzuriak eta harria, eta etzuen gehiago uririk egin lurraren gainera.

        34. Bainan Faraonek ikhustearekin uria, harria eta ihurtzuriak baratu zirela, berhatu zuen bere bekhatua:

        35. Eta dorphetu zen haren bihotza eta haren zerbitzariena ere bai, eta hainitz gogortu: eta etzituen Israelgo semeak utzi, Jaunak Moisen arartekoz manatu zuen bezala.

 

X. KAP.

        1. Eta Jaunak erran zioen Moisi: Ager zaite Faraonen aitzinera: nik ezen gogortu dut haren bihotza eta haren zerbitzariena: ene sendagaila haukiek haren gainean egiteko ariaz,

        2. Eta khondatuko diozkatzute zure semeari eta zure ilobasoei zenbat aldiz zafratu ditudan Egiptoarrak, eta ene sendagailak egin hekien gainean; eta jakin dezazuentzat ni naizela Jauna.

        3. Moise eta Aaron sarthu ziren beraz Faraonen aitzinera, eta erran zioten: Hau dio Hebrearren Jainko Jaunak: Noiz arteo ez darotak amor eman nahiko? utzak goatera ene populua niri sakrifizio baten egitera.

        4. Bainan gogor egiten baduk, eta hura ez baduk utzi nahi, huna non bihar xartala sarraraziko dudan hire eremuetan.

        5. Estaliko du lurraren gaina, deusik ageriko ez den bezala, eta harriak utziak janen ditu: ezen iretsiko ditu bazterretan heldu diren zuhamu guziak.

        6. Eta betheko dituzte hire etxeak, eta hire zerbitzarienak, eta Egiptoar guzienak: hire aitek, ez arbasoak halakorik ez baitute ikhusi lurrera sorthuz geroztik egungo eguna arteo. Eta itzuli zen, eta goan Faraonen ganik.

        7. Bada, Faraonen zerbitzariek erran zioten erregeri: Noiz arteo jasanen dugu gaizbide hau? utzkitzu gizon horiek beren Jainko Jaunari sakrifikatzera: ez duzu ikhusten Egiptoa xahutzen hari dela?

        8. Eta berriz deithu zituzten Moise eta Aaron Faraonen gana, zeinak erran baitzioten: Zoazte, sakrifika zazue zuen Jainko Jaunari: nor dira goatekoak?

        9. Moisek erran zuen: Goanen gare gure haurrekin eta gizon-zaharrekin, semeekin eta alabekin, ardiekin eta idiekin: ezen gure Jainko Jaunaren besta-burua da.

        10. Eta Faraonek ihardetsi zuen: Holetan Jauna zuekin izan bedi; zer nik zuek eta zuen haurrak utziko zaituztedala! Nori zaio dudako zimarkhu tzarrena derabilkazuela gogoan?

        11. Ez da horrelakorik izanen, bainan zoazte gizonak bakharrik, eta sakrifika zazue Jaunari: ezen hori da zuek galdegiten duzuena. Eta ordu berean iratziak izan ziren Faraonen aitzinetik.

        12. Bainan Jaunak erran zioen Moisi: Heda zazu zure eskua xartala deitzeko, gainera igan dadien, eta irets dezan harriak utzi duen belhar guzia.

        13. Eta Moisek zigorra hedatu zuen Egiptoko lurraren gainera, eta Jaunak igorri zuen egun hartan guzian eta ondoko gauean haize bat erretzen zuena: eta goiza ethorri zenean, haize beroak ekharri zituen xartalak,

        14. Zeinak igan baitziren Egiptoko lur guzira: eta jarri ziren Egiptoko bazter orotan hanbateko metetan, non halakorik ez baitzen egundaino izatu, eta geroan ere ez baita izanen.

        15. Eta estali zuten lurraren azal guzia, oro xahutzen zituztelarik. Belhar guzia iretsia izan zen beraz, eta harriak utzi zituen zuhaitzetako fruitu guziak ere: eta deusere berderik etzen gelditu lurreko zuhaitz eta belharretan, Egipto guzian.

        16. Horren gatik berehala Faraonek deithu zituen Moise eta Aaron, eta erran zioten: Bekhatu egin dut zuen Jainko Jaunaren alderat eta zuen alderat.

        17. Bainan aldi huntan ere barkha dizadazue ene bekhatua, eta othoitz egiozue zuen Jainko Jaunari, izurri hori urrun dezan ni ganik.

        18. Moisek beraz, Faraonen aitzinetik ilkhirik, othoitz egin zioen Jaunari.

        19. Jaunak mendebaletik igorri zuen haize bat hazkarrenetarik, zeinak hartu baitzituen xartalak eta itsaso Gorrira arthiki: eta hekietarik bakhar bat ere etzen gelditu Egiptoko bazter orotan.

        20. Eta Jaunak gogortu zuen Faraonen bihotza, eta erregek etzituen utzi Israelgo semeak.

        21. Bainan Jaunak erran zioen Moisi: heda zazu eskua zerura: eta ilhunbeak egin beitez Egiptoko lurrean hain lodiak non eskuz uki izan ahal baitekez.

        22. Eta Moisek hedatu zuen eskua zerura: eta ilhunbe izigarriak egin ziren hirur egunez Egiptoko lur guzian.

        23. Eta nihork etzuen ikhusi bere anaia, eta nihor etzen higitu zagoen tokitik: bainan argi zen Israelgo semeek egoitza egiten zuten lekhuetan.

        24. Eta Faraonek deithu zituen Moise eta Aaron, eta erran zioten: Zoazte, sakrifika zazue Jaunari: bakharrik zuen ardiak eta idiak geldi beitez; zuen haurrak ere goan beitez zuekin.

        25. Moisek ihardetsi zuen: Emanen darozkigutzu bitimak eta holokaustak, gure Jainko Jaunari eskaintzeko.

        26. Gure arthalde guziak ethorriko dira gurekin: hekietarik ez da aztaparreko behatz bat ere geldituko; premia dira gure Jainko Jaunari bihurtzen zaizkon ohoretako: bereziki ez dakigunean zer den behar imolatu, lekhura berera hel gaitezen artean.

        27. Bada Jaunak gogortu zuen Faraonen bihotza, eta goatera etzituen utzi nahi izan.

        28. Eta Faraonek erran zioen Moisi: Habil ene ganik, eta begira hadi gehiago agertzetik ene begien aitzinera: ezen agertuko haizen egunean, hilen haiz.

        29. Moisek ihardetsi zuen: Biz erran duzun bezala, ez dut gehiago zure begithartea ikhusiko.

 

XI. KAP.

        1. Eta Jaunak erran zioen Moisi: Izurri batez oraino joko ditut Faraon eta Egiptoa, eta gero utziko zaituzte, eta goatera hertsatuko.

        2. Errozu beraz populu guziari, gizonak galda diotzola bere adiskideari, eta emaztekiak bere hauzoari, urhezko eta zilharrezko untziak.

        3. Bada Jaunak grazia emanen dio bere populuari Egiptoarren aitzinean. Eta Moise hainitz gizon handia izan zen Egiptoko lurrean, Faraonen zerbitzarien aitzinean eta populu guziaren aitzinean.

        4. Eta erran zuen: Hau dio Jaunak: Gauaren erdian sarthuko naiz Egiptoan:

        5. Eta Egiptoarren lurrean hilen da lehen-sorthu guzia, Faraonen seme zaharren, haren tronuaren gainean jartzen denetik hasirik, ihara harriaren itzultzen hari den neskatoaren seme zaharreneraino, eta abereetako ume lehen-sorthu guziak.

        6. Eta deihadar handi bat jauziko da Egiptoko lur guzian, halakorik aitzinean ez baita izan, eta geroan ere ez izanen.

        7. Bainan Israelgo semeen baithan gizonetik aziendaraino, xakhur batek ere ez du intzirina bat eginen, jakin dezazuentzat nolako mirakuluz Jaunak berezten duen Israel Egiptoarretarik.

        8. Eta zure zerbitzari horiek oro jautsiko dira ni gana, eta adoratuko naute, diotelarik: Ilkhi zaite zu eta zure azpiko den populu guzia; eta gero ilkhiko gare.

        9. Eta Moise athera zen Faraonen ganik hasarre handitan. Bada Jaunak erran zioen Moisi: Faraonek etzaituztete entzunen, sendagaila hainitz egin ditezen Egiptoko lurrean.

        10. Bada Moisek eta Aaronek egin zituzten iskribatuak diren ikhuskari guziak, Faraonen aitzinean. Bainan Jaunak gogortu zuen Faraonen bihotza, eta bere lurretik etzituen utzi Israelgo semeak.

 

XII. KAP.

        1. Jaunak erran zioten berriz Moisi eta Aaroni Egiptoko lurrean:

        2. Hilabethe hau izanen da zuentzat hilabetheen hastea, eta urtheko hilabetheetan lehenbizikoa.

        3. Mintza zaizte Israelgo semeen bilkhu guziari, eta errozuete: Hilabethe huntako hamargarren egunean norkberak har beza bildots bat familia eta etxe arauka.

        4. Bainan hain guti badira etxe batean, non ez baitirateke aski bildotsaren jateko, etxearen aldeko hauzoa deith bezate, bildotsaren jateko aski ditakeen moltxoaren arabera.

        5. Bada, bildotsa izanen da nothagabea, orotsa, eta urthekoa: molde berean hartuko duzue pittika bat.

        6. Eta begiratuko duzue hilabethe huntako hamalaugarren eguna arteo: eta Israelgo semeen oste guziak hura hilen du arratsean.

        7. Eta hartuko dute haren odoletik, eta ezarriko dute jaten duten etxeetako bi athe-habeetan eta athaburuetan.

        8. Eta janen dituzte haragiak suan errerik, eta ogi airisak letxura basekin.

        9. Eta hartarik ez duzue deusere janen gordinik, ez-etare urean egosirik, bainan bakharrik suan errerik: janen duzue burua bere zango eta sabelekin.

        10. Eta hartarik ez da batere geldituko biharamuneko; ondarrik balin bada suan erreko duzue.

        11. Huna nola janen duzuen hura: Zuen gerriak tinkatuko dituzue, eta oinetakoak jauntziak izanen dituzue, makhilak eskuetan dituzuelarik, eta herresakan janen duzue, ezen Jaunaren Bazkoa da, erran nahi da, iragaitza.

        12. Eta gau hartan iraganen naiz Egiptoko lurra gaindi, eta joko dut Egiptoko lurrean lehen-sorthu guzia gizonetik aziendaraino: eta ene erabakiak emanen ditut Egiptoko jainko guzien gainean, nik Jaunak.

        13. Eta odola izanen da seinalea zein etxetan izanen zareten: eta ikhusiko dut odola, eta iraganen zaituztet, eta izurria ez da zuen xahutzera ethorriko, joko dudanean Egiptoko lurra.

        14. Egun hura ordean idukiko duzue orhoitpenetan: eta hura besta-buru atherako diozue Jaunari, bestatuz bethi eta bethi giza-mende guzietan.

        15. Zazpi egunez janen duzue ogi airisa: eta lehen egunetik ez da altxagarririk izanen zuen etxeetan: edozeinek, lehenbiziko egunetik zazpigarren eguneraino, jaten badu ogi altxatua, haina galduko da Israeldik.

        16. Lehenbiziko eguna izanen da saindu eta besta-buru, eta zazpigarrena besta beraz ohoratzekoa: egun hekietan ez duzue eginen deusere lanik, janari dagokionaz landan.

        17. Eta begiratuko duzue ogi airisen besta: ezen egun hartan berean eramanen dut zuen armada Egiptoko lurretik, eta egun hura begiratuko duzue, bethi eta bethi bestatuz zuen giza-mendeetan.

        18. Lehenbiziko hilabethean, hilabetheko hamalaugarren egunean ilhuntzean, abiatuko zarete ogi airisaren jaten, hilabethe bereko hogoi eta batgarren eguneko ilhuntzea arteo.

        19. Zazpi egunez ez da altxagarririk aurkhituko zuen etxeetan: ogi altxatua janen duena, haina galduko da Israelgo bilkhutik, izan dadien, nahiz arrotzetarik, nahiz tokiko jendeetarik.

        20. Ez duzue deusere janen altxaturik: zuen egoitza guzietan airisa janen duzue.

        21. Bada Moisek deithu zituen Israelgo semeetako zahar guziak, eta erran zioeten: Zoazte bildots baten hartzera zuen familia bakhotxeko, eta Bazkoa imola zazue.

        22. Hisopo ahurtara bat athelaseko odolean gorri zazue, eta hartaz busti athaburua eta bi habeak: zuetarik nihor ez bedi ilkhi athetik kanpora goiza arteo.

        23. Ezen iraganen da Jauna Egiptoarrak jotzen dituela: eta ikhusiko duenean odola athaburuetan, eta bi athe-habeetan, etxe-sartzea iraganen du, eta joilea ez du utziko sartzera zuen etxeetara eta zuei bidegabe egitera.

        24. Hitz hau begira zazu zuretzat eta zure semeentzat lege zuzen bat bezala bethi eta bethiraino.

        25. Eta Jaunak agindu bezala emanen darotzuen lurrean sartuak zareztekeenean, begiratuko dituzue zeremonia horiek.

        26. Eta erranen darotzuetenean zuen haurrek: Zer da zeremonia hori?

        27. Ihardetsiko diozuete: Hori da Jaunaren iragaitzako bitima, iragan zenean Israelgo semeen etxeen gainetik Egipton, Egiptoarrak jotzen zituelarik, eta gure etxeak libratzen. Orduan populua gurthurik adoran jarri zen.

        28. Israelgo semeak goan ziren eta egin zuten Jaunak Moisi eta Aaroni manatu zioeten bezala.

        29. Bada, gerthatu zen gauaren erdian, Jaunak jo zituela lehen-sorthuak oro Egiptoko lurrean, hasirik Faraonen seme zaharren, haren tronuan jartzen zenetik, preso zagoen emazteki gathibuaren seme zaharreneraino, eta aziendetako ume lehen-sorthu guziak.

        30. Eta Faraon gauaren erdian jaiki zen, eta haren zerbitzariak ere, eta Egipto guzia: eta marraska handi bat jauzi zen Egiptoan: ezen etzen etxerik zeinetan hil bat etzana etzagoenik.

        31. Eta Faraonek gauaz deithurik Moise eta Aaron, erran zioeten: Jaiki zaizte eta ilkhi ene populuaren artetik, zuek eta Israelgo semeak: zoazte, eta Jaunari imola zozue zuen erranaren arabera.

        32. Har zatzue zuen ardiak eta abereak galdatu duzuen bezala, eta goatean benedika nezazue.

        33. Eta Egiptoarrek populua hertsatzen zuten beren lurretik laster atheratzera, zioetelarik: Guziak hilen gare.

        34. Populuak hartu zuen beraz irin bustia altxatu-gabean: eta kapetan lothurik, bizkarrera eman zuen.

        35. Eta Israelgo semeek egin zuten Moisek manatu bezala, eta Egiptoarrei galdegin ziotzaten urhezko eta zilharrezko untziak, eta soineko hainitz.

        36. Bada, Jaunak populuari grazia eman zioen Egiptoarren aitzinean maileguz eman zezatentzat hari: eta biluzi zituzten Egiptoarrak.

        37. Eta Israelgo semeak Erramesetik abiatu ziren Sokothera, sei ehun mila gizon oinezkoren ingurua, haurrak khondatu gabe.

        38. Eta ezin-khondatuzko nahas-mahaseko jende oste bat igan zen hekiekin, ardiak eta idiak eta asko azienda motetako meta bat gaitza.

        39. Eta erre zuten Egiptotik hartu zuten irin orhatua, eta egin zituzten hautspeko ophil airisak: ezen etzituzten altxarazi ahal izan Egiptoarrek ilkhitzera hertsatzen zituztelakotz, eta epherik batere etzioetelakotz eman nahi: eta etzituzten utzi jatekorik batere xuxentzera.

        40. Bada, Israelgo semeak Egiptoan egon izan ziren urtheak, lau ehun eta hogoi eta hamar ziren.

        41. Urthe hekiek bethe ondoan, egun berean Jaunaren armada guzia ilkhi zen Egiptoko lurretik.

        42. Gau hura Jaunari da kontsekratua, zeinetan Israelgo semeak ilkhi baitzituen Egiptoko lurretik: hura begiratu behar dute guziek ondokoen-ondoko.

        43. Eta Jaunak erran zioten Moisi eta Aaroni: Hori da Bazko-besta: Arrotzak ez du Bazkotik jan behar.

        44. Bainan gathibu erosia ingurebakia izanen da, eta haletan janen du.

        45. Bainan arrotzak eta sarizaleak ez dute hartarik janen.

        46. Bildotsa janen da etxe batean, eta ez duzue haren haragietarik kanpora eramanen, ez-eta haren hezurrik hautsiren.

        47. Israelgo semeen balderna guziak eginen du hori.

        48. Bainan arrotz zenbaitek zuen baldernako sarthu nahi badu, eta Jaunaren Bazkoa egin, ingurebaki bedi lehenik harekilako gizonki guzia, eta orduan besta zelebratuko du, eta izanen da lekhuko umea bezala: bainan ingurebakia izan ez denik balin bada norbait, harek Bazkotik ez du janen.

        49. Lege bera izanen da lekhuko umearentzat eta zuen artean arrotz ibiliko denarentzat.

        50. Eta Israelgo seme guziek egin zuten Jaunak Moisi eta Aaroni manatu zioeten bezala.

        51. Eta egun hartan berean Jaunak andanaka ilkhiarazi zituen Israelgo semeak Egiptoko lurretik.

 

XIII. KAP.

        1. Eta Moisi mintzatu zitzaioen Jauna, zioelarik:

        2. Niri kontsekra diaztatzu Israelgo semeetan amaren sabela lehenbizikorik idekiko duten guziak, nahiz gizonetan, nahiz abereetan: ezen oro eneak dira.

        3. Eta Moisek erran zioen populuari: Orhoit bekizue egun hau zeinetan ilkhi baitzarete Egiptotik eta gathibutasuneko etxetik, zeren Jaunak esku hazkarraz atheratu baitzaituzte lekhu hortarik: ez dezazuen jan ogi altxatua.

        4. Egun ilkhitzen zarete fruitu berrietako hilabethean.

        5. Eta, oi Israel, Jaunak sarraraziko zaituenean Kananearraren, Hethearraren, Amorhearraren, Hebearraren eta Jebusearraren lurrean, zeina zuri emanen darotzula zin egin baitu zure aitei, esnea eta eztia darioen lurra, hilabethe hunetan zelebratuko duzu ohitza sakratu hau.

        6. Zazpi egunez janen duzu ogi airisa: eta zazpigarren egunean izanen da Jaunaren besta-burua.

        7. Ogi airisa janen duzu zazpi egunez: eta deusere altxatua denik ez da ageriko zure etxean, ez-etare zure eremuetan.

        8. Eta khondatuko diozu zure semeari egun hartan, diozularik: Hau da Jaunak niri egin darotana, Egiptotik ilkhi naizenean.

        9. Eta hau izanen da seinale bat bezala zure eskuan, eta orhoitpen bat bezala zure begien aitzinean; eta Jaunaren legea izan dadientzat bethi zure ahoan, ezen esku hazkarraz Egiptotik ilkhi zaitu Jaunak.

        10. Erran den bezalako besta hau begiratuko duzu urthetik urthera, ordu berezian.

        11. Eta, noiz-eta-ere Jaunak sarraraziko baitzaitu Kananearraren lurrean, zuri eta zure aitei zin egin izan dioten bezala, eta hura emanen baitarotzu,

        12. Jaunarentzat bereziko duzu amaren sabela idekitzen duen guzia eta aziendaren lehen-sorthua: Jaunari kontsekratuko diozu izanen duzun ordoski guzia.

        13. Astoaren lehen-sorthua trukatuko duzu ardira: eta berrerosten ez baduzu, hilen duzu. Ordean dirutan berrerosiko duzu zure semeetarikako gizonaren lehen-sorthua.

        14. Eta gerora zure semeak galde eginen darotzunean, dioelarik: Zer da hori? ihardetsiko diozu: Bere eskuaren hazkarraz Jaunak athera gaitu Egiptoko lurretik, gathibutasuneko etxetik.

        15. Ezen Faraon gogortua zagoenean, eta ez gintuenean goatera utzi nahi, Jaunak hil zituen Egiptoko lurrean lehen-sorthu guziak gizonaren lehen-sorthutik azienden lehen-sorthuraino: hargatik imolatzen diot Jaunari sabela idekitzen duen ordoski guzia, eta berrerosten ene semeen lehen-sorthuak oro.

        16. Hau izanen da beraz seinale bat bezala zure eskuan, eta dilindan dagoen zerbait bezala orhoitzapenetan zure begien aitzinean: zeren bere eskuaren hazkarraz Jaunak ihardoki gaituen Egiptotik.

        17. Bada, Faraonek populua igorri zuenean, Jaunak etzituen eraman hauzo diren Filistindarren lurrerako bidetik: beldurrez-eta gerla ikhusten bazuten beren kontra altxatzen, urriki zakioeten eta gibelerat bihur Egiptora.

        18. Bainan inguruan eraman zituen mortuko bide, itsaso Gorriaren aldean denetik: eta Israelgo semeak harmaturik igan ziren Egiptoko lurretik.

        19. Eta Moisek berekin eraman zituen Josepen hezurrak, zeren Josepek zin eginarazi zioeten Israelgo semeei, erraten ziotelarik: Jainkoa ikhustera ethorriko zaitzue, eramazkitzue hemendik ene hezurrak zuekin.

        20. Eta Sokothetik abiaturik kanpatu ziren Ethamen, mortuko azken mugetan.

        21. Bada Jauna begien aitzinean zihoan bidearen erakhusteko, egunaz hedoiezko habe batean, eta gauaz suzko habean: bide-emaile izan zadientzat gauaz eta egunaz.

        22. Behinere populuaren aitzinetik etzen eskastu egunaz hedoiezko habea, eta suzkoa gauaz.

 

XIV. KAP.

        1. Bada Jauna Moisi mintzatu zen, erraten zioelarik:

        2. Mintza zakitzote Israelgo semeei: Itzulirik, kanpa beitez Phihahirotheko aurkhintzan, zeina baita Magdalumen eta itsasoaren artean, Beelsephonen parrean: haren aitzinean ezarriko dituzu kanpak itsas-hegian.

        3. Eta Faraonek erranen du Israelgo semeez: Hestutuak dira lurrean, mortuak hertsi ditu.

        4. Eta gogortuko dut haren bihotza, eta hekien ondotik emanen da: eta ospatua izanen naiz Faraon gatik eta haren armada guzia gatik, Egiptoarrek jakin dezaten ni naizela Jauna. Eta Israeldarrek hala egin zuten.

        5. Eta Egiptoko erregeri erran zioten ihes egin zuela populuak: eta Faraonen bihotza eta haren zerbitzariena ganbiatua izan zen populuaren gainean, eta erran zuten: Zer egin nahi izan dugu Israel uzteaz, ez gaitzan gehiago zerbitza?

        6. Zaldiak uztarrarazi ziozkien beraz bere orga-lasterrari, eta bere populu guzia hartu zuen berekin.

        7. Eta hartu zituen sei ehun orga-laster hautatu, eta Egiptoan ziren orga-laster guziak: eta bere armada guziko aitzindariak.

        8. Eta Jaunak gogortu zuen Faraon Egiptoko erregearen bihotza, eta Faraon eman zen Israelgo semeen ondotik: bainan goratikako eskuak ilkhiaraziak ziren haukiek.

        9. Eta nola Egiptoarrak aitzinean zihoazinen hatzei jarraikitzen baitziren, kanpetan atzeman zituzten itsas-hegian; Faraonen zaldieria eta orga-laster eta armada guzia Phihahirothen ziren Beelsephonen parrean.

        10. Eta Faraon hurbildua izan zenean, Israelgo semeak, begiak altxatzearekin, ohartu ziren Egiptoarrak gibelean zituztela; eta hainitz izitu ziren, eta deihadarka Jaunari eman ziren.

        11. Eta Moisi erran zioten: Ez othe zen hobirik Egipton, horren gatik erakharri gaituzu mortuan hiltzera: zer nahi izan duzu egin gu Egiptotik ilkhiarazirik?

        12. Ez othe da hau Egipton ematen ginarotzun solasa, erraten ginarotzunean: Urrun zaite gu ganik zerbitza detzagun Egiptoarrak? ezen hainitzez zen hobe hekien zerbitzatzea, ezenez mortuan hiltzea.

        13. Eta Moisek populuari erran zioen: Ez izan beldurrik; zaudete, eta ikhusatzue Jaunak egun eginen dituen sendagaila handiak; ezen orai ikhusten ditutzuen Egiptoarrak, ez ditutzue egun-eta-bizian gehiago ikhusiko.

        14. Jauna gudukatuko da zuen alde, eta zuek, ixilik egonen zarete.

        15. Eta Jaunak Moisi erran zioen: Zertako egiten darotazu oihu? Mintza zaite Israelgo semeei abia ditezentzat.

        16. Eta zuk, altxa zazu zure zigorra, eta heda zazu eskua itsasoaren gainera eta berez zazu hori Israelgo semeak idorrean ibil ditezen itsasoaren erdian.

        17. Eta nik gogorturen dut Egiptoarren bihotza, arren-eta eman ditezen zuen ondotik; eta ospatua izanen naiz Faraonen baithan eta haren armada guzia baithan, eta haren orga-laster eta zaldierian.

        18. Eta Egiptoarrek jakinen dute ni naizela Jauna, ospatua izanen naizean Faraon baithan eta haren orga-laster eta zaldieriaren gainean.

        19. Eta Israelgo kanpen aitzinean zihoan Jaunaren aingerua, altxaturik goan zen bekien gibelera; eta harekin orobat hedoiezko habea, aitzinak utzirik, gibelera

        20. Jarri zen Egiptoarren eta Israelgo kanpen artean; eta hedoia zen beltza, eta argitzen zuen gauaz, halako moldez non armadak gau guzian elkharri ezin hurbil baitzitazkeen.

        21. Eta Moisek eskua hedatu zuenean itsasoaren gainera, Jaunak urratu zuen hura haize borthitz eta erregarri gau guzia iraun zuen batez, eta itsasoa agortu zuen, eta ura berezi.

        22. Eta Israelgo semeak idorrik sarthu ziren itsasoaren erdia gaindi; ezen ura harrasia bezala zagoen hekien eskuinetik eta ezkerretik.

        23. Eta Egiptoarrak jarraikitzean sarthu ziren hekien ondotik, Faraonen zaldizko guziak, eta orga-lasterrak, eta zaldiak, itsasoaren erdira.

        24. Eta jadanik ethorria zen goizaldeko beila, eta huna non Jaunak suzko eta hedoiezko habetik begiraturik Egiptoarren kanpei, hil zuen hekien armada.

        25. Eta uzkaili zituen orgetako arrodak, eta osinera eramanak ziren. Egiptoarrek erran zuten beraz: Israeli ihes egiogun, ezen horien alde Jauna gudukatzen da gure kontra.

        26. Eta Jaunak erran zioen Moisi: Heda zazu eskua itsasoaren gainera, arren-eta urak bihur ditezen Egiptoarretara, horien orga eta zaldien gainera.

        27. Eta Moisek eskua hedatu zuenean itsasoko aldera, ura argi-urratzean itzuli zen leheneko lekhura; eta Egiptoarrak ihes zihoazelarik, ura jauzi zitzaioten, eta Jaunak inguratu zituen uhinen erdian.

        28. Eta urek bihurturik estali zituzten Faraonen armada guziko orga eta zaldizkoak, jarraikitzean itsasoan sarthu zirenak; eta hekietarik bat bakharra etzen gelditu.

        29. Bainan Israelgo semeak idorrik goan ziren itsasoaren erdia barna, eta urak zituzten harrasitzat bezala eskuinetik eta ezkerretik.

        30. Eta Jaunak egun hartan Israel atheratu zuen Egiptoarren eskuetarik.

        31. Eta Israelgo semeek ikhusi zituzten Egiptoarrak hilak itsas-bazterrean, eta hekien kontra Jaunak hedatu zuen esku borthitza; eta populua eman zen Jaunaren beldurrean, eta sinheste hartu zuen Jauna baithan eta haren zerbitzari Moise baithan.

 

XV. KAP.

        1. Orduan Moisek kantatu zuen, eta Israelgo semeek harekin, kantu hau: Kantu egin diozogun Jaunari; ezen ospetsuki goretsi du bere burua, zaldia eta gainekoa, biak itsasora arthiki ditu.

        2. Jauna da ene indarra eta ene laudorioa, eta ene salbatzaile egin da; hura da ene Jainkoa, eta ospatuko dut nik; ene aitaren Jainkoa da, eta goretsiko dut nik.

        3. Jaunak iduri du gerlari gizona, Ahalorotakoa da haren izena.

        4. Itsasora arthiki ditu Faraonen orga-lasterrak eta haren armada; itsaso Gorrian ithoak izan dira haren aitzindari hautak.

        5. Tirainek estali dituzte, harri bat bezala jautsi dira ondora.

        6. Jauna, zure eskuina ospatu da bere indarrean; Jauna, zure eskuinak eho du etsaia.

        7. Eta zure ospearen handiaz lurreratu dituzu zuri jazar-egileak; igorri duzu zure hasarrea, eta iretsi ditu lastoa bezala.

        8. Eta zure suliaren hatsak moltzatu ditu urak; baratu da zurrutan zohan uhina, tirainak moltzatu dira itsaso-erdian.

        9. Etsaiak erran du: Joko dut ondotik, eta lothuko naiz, phartituko ditut buluzkinak, aseko da ene gogoa; atheratuko dut ene marrauza, ene eskuak puskatuko ditu.

        10. Abiatu da zure hatsa, eta itsasoak estali ditu; itho dira beruna ur muthirietan bezala.

        11. Hazkarren artean zein da zure idurikorik, Jauna? nor da zure idurikorik, saindutasunez handi zarena, lazgarri eta laudagarri zarena, sendagaila harritzekoak egiten ditutzuna?

        12. Hedatu duzu eskua, eta lurrak iretsi ditu.

        13. Zure urrikalpenean, izatu zare berrerosi duzun populuaren bidemaile; eta zure indarrean ekharri duzu zure egoitza saindura.

        14. Populuak igan dira, eta sumindu; oinhazea sarthu da Filistindarren bihotzetan.

        15. Orduan asaldatu dira Edomen buruzagiak, ikharak hartu ditu Moaben hazkarrak, Kanaandarra laztua gelditu da.

        16. Beldurra eta izialdura loth bekiozkite zure besoaren indarraren aitzinean; harri-mokhorra bezala geldi beitez, zure populua iragan arteo, Jauna, eskura hartu izan duzun zure populu hau iragan dadien arteo.

        17. Sarraraziko dituzu eta jarriko zure primantzako mendian, zuretzat egin duzun egoitza guziz hazkarrean, Jauna; zure eskuek gothortu duten saindutegian, Jauna.

        18. Jauna erreginatuko da bethi guzian, eta handik harat ere.

        19. Ezen itsasoan sarthu da Faraonen zaldia haren orga-laster eta zaldieria guziarekin; eta Jaunak gainera bihurtu diozkite itsasoko urak; bainan Israelgo semeak oinak idorrik ibili dira haren erdian.

        20. Beraz Maria profetesak, Aaronen arrebak, eskura hartu zuen gatamore bat; eta emazteki guziak ilkhi ziren haren ondotik gatamoreekin eta kantari-andanetan.

        21. Lehenbizikorik kantatzen zuen hunela: Kantu egin diozogun Jaunari; ezen ospetsuki goretsi du bere burua, zaldia eta gainekoa biak itsasora arthiki ditu.

        22. Moisek, bada, atheratu zuen itsaso Gorritik Israel, eta sarthu ziren Surreko mortuan; hirur egunez ibili ziren eremuan eta etzuten urik aurkhitzen.

        23. Eta ethorri ziren Marara, bainan etzezaketen edan Marako uretarik, kharatsak zirelakotz; horren gatik eman zioen lekhuari zihoakioen izena, deitzen zuelarik Mara, erran nahi baita kharastasuna.

        24. Eta populua marmaraz haritu zen Moisen kontra, zioelarik: Zer edanen dugu?

        25. Bainan Moisek oihu egin zioen Jaunari, zeinak erakhutsi baitzinen egur bat, eta hura urera arthiki zuenean, urak ezti bihurtu ziren. Han Jainkoak eman ziozkan manamendu eta erabaki batzuek, eta bere frogapenean ezarri,

        26. Erraten zioelarik: Zure Jainko Jaunaren boza entzuten baduzu, eta haren begietan zuzen dena egiten baduzu, eta haren manuak bethetzen badituzu, eta haren manamendu guziak begiratzen, ez dut zure gainera igorriko Egiptoari eman izan ditudan ahiduretarik batere; ezen ni naiz Jauna zure sendatzailea.

        27. Eta Israelgo semeak ethorri ziren Elimera, non baitziren hamabi ithurri, eta hirur hogoi eta hamar palmondo; eta kanpatu ziren uren aldean.

 

XVI. KAP.

        1. Eta Israelgo semeen ostea oro, Elimetik abiaturik, ethorri zen, Egiptoko lurretik atheratu eta bigarren hilabetheko hamabortzgarren eguneko, Sineko mortura, zeina baita Elimen eta Sinairen artean.

        2. Eta Israelgo semeen oste guzia erasian haritu zen eremuan Moisen eta Aaronen kontra.

        3. Eta Israelgo semeek erran izan zioten: Oxala hil izan bagina Jaunaren eskutik Egiptoko lurrean, jartzen ginenean haragizko duphinen aldean, eta ogiz asea ginduenean zertako erakharri gaituzue mortu huntara, guziak gosez hilaraztera?

        4. Bainan Jaunak erran zioen Moisi: Huna non erorraraziko darotzuedan nik ogia zerutik; populua ilkhi bedi, eta bil beza egunean eguneko dina; froga dezadan hea ene bidean dabilan, ala ez.

        5. Bainan seigarren egunean iduk bezate ekharriko dutena, eta hura izan bedi egun bakhotxean biltzen ohi zuten bezalako bia.

        6. Moisek eta Aaronek erran zioten Israelgo seme guziei: Gaur jakinen duzue Jaunak atheratu zaituztela Egiptoko lurretik.

        7. Eta bihar goizean ikhusiko duzue Jaunaren ospea; entzun du ezen zuen erasia haren kontra: gu ordean zer gare, gure kontra erasian hari zaiztezentzat?

        8. Eta Moisek erran zuen: Jaunak emanen darotzuete gaur haragia jatera, eta bihar goizean ogiz asea: hori zeren aditu baititu zuen erasiak, zeinetaz haren kontra marmaran haritu baitzarete: ezen, zer gare gu? zuen erasia ez da gure kontra, bainan bai Jaunaren kontra.

        9. Moisek erran ere zuen Aaroni: Errozu Israelgo semeen baldarna guziari: Hurbil zaizte Jaunaren aitzinera: ezen aditu du zuen erasia.

        10. Eta Aaron Israelgo semeen bilkhu guziari mintzo zelarik, begiratu zuten eremuko aldera: eta hara non agertu zen Jaunaren ospea hedoi batean.

        11. Bada Jauna mintzatu zen Moisi, erraten zioelarik:

        12. Aditu ditut Israelgo semeen erasiak: errozute: Gaur janen duzue haragia, eta bihar goizean aseko zarete ogiz: eta jakinen duzue ni naizela zuen Jainko Jauna.

        13. Bada, gerthatu zen arrats aphalean, kalla iganik, estali zituela kanpak: ihintza ere goizean hedatua zen kanpen inguruan.

        14. Eta estali izan zuenean lurraren axala, eremuan agertu zen bihi xehe bat, xurruan joa balitz bezala, izotza iduri lurraren gainean.

        15. Hori ikhusi zutenean, Israelgo semeek elkharri erran zuten: Manhu? erran nahi baita; Zer da hori? ezen etzakiten zer zen hura. Moisek erran zioten: Hori da ogia zuei Jaunak jateko eman darotzuetena.

        16. Hau da Jaunak manatzen darotzuen solasa: Batbederak bil beza hortarik jateko dina: gomor bat buru bakhotxeko, olhan dagoezinen jende arauka, hola altxatuko duzue.

        17. Eta Israelgo semeek hala egin zuten: eta bildu izan zuten, batzuek gehiago, eta bertzeek gutiago.

        18. Eta neurtu zuten gomorreko neurrian: eta gehiago bildu zuenak, etzuen gaindirik izatu: eta gutiago bildu zuenak, etzuen eskasik atzeman: bainan batbederak bildu zuen jaten ahal zuenaren arabera.

        19. Eta Moisek erran zioeten: Nihork ez beza huntarik utz behar goizeko.

        20. Etzuten aditu nahi izan, bainan batzuek atxiki zuten goiz arteo, eta abiatu zen harrez irakitzen, eta usteldu zen; eta Moise samurtu zitzaioten.

        21. Geroztik batbederak jan-ahala biltzen zuen goiz bakhotxean: eta iguzkia berotzearekin, urtzen zen.

        22. Bainan seigarren egunean biltzen zituzten jatekoak bikhunean, erran nahi da, bi gomor gizon bakhoxka: eta populuko aitzindari guziak ethorri ziren eta Moisi khondatu zioten.

        23. Hunek erran zioeten: Hori da Jaunak erran izan duena: Bihar larunbateko phausua Jaunari kontsekratua zaio; egiteko direnak, egizkitzue: eta erretzekoak, erre zatzue: eta gelditzen dena, bego goiz arteo.

        24. Eta egin zuten Moisek manatu bezala: eta etzen usteldu, eta etzen hartan harrik aurkhitu.

        25. Eta Moisek erran zuen: Jan zazue hori egun, zeren Jaunaren larunbata baita; egun ez da kanpoan aurkhituko.

        26. Bil zazue sei egunez: bainan zazpigarren egunean Jaunaren larunbata da; horren gatik ez da aurkhituko.

        27. Eta ethorri zen zazpigarren eguna, eta populutik biltzera ilkhi zirenek, aurkhitu etzuten.

        28. Bainan Jaunak erran zioen Moisi: Noiz arteo ez dituzue ene manamenduak eta ene legea begiratu nahiko?

        29. Ikhusazue nola Jaunak eman izan darotzuen larunbata, eta horren gatik seigarren egunean jatekoak ematen darozkitzuete bikhunean: norbera geldi bedi bere egoitzan, nihor ez bedi ilkhi bere lekhutik zazpigarren egunean.

        30. Eta populuak larunbata egin zuen zazpigarren egunean.

        31. Eta Israelgo etxeak janhari hura deithu zuen Mana: koriandraren hazi xuria bezalakoa zen, eta gostua zuen irin eztiarekin orhatuak bezala.

        32. Bada, Moisek erran zuen: Hau da Jaunak manatu izan duen solasa: Gomor bat manaz bethe zazu, eta begiratua izan bedi gerorat ethortzekoak diren gizaldietan; ezagut dezatentzat zer ogiz hazi zaituztedan mortuan, Egiptoko lurretik erakharriak izan zaretenean.

        33. Eta Moisek erran zioen Aaroni: Untzi bat har zazu, eta hartan mana ezar zazu, gomor batek atxik-ahala: eta Jaunaren aitzinean phausa zazu, ethorri behar diren zuen gizaldientzat begiratzeko,

        34. Jaunak Moisi manatu izan dioen bezala. Eta Aaronek hura tabernaklean ezarri zuen gerokotzat.

        35. Bada, Israelgo semeek manatik jan zuten berrogoi urthez, heldu arteo egonkidin zen lurrera: janhari hortaz hazi ziren Kanaango lurreko mugak ukitu arteo.

        36. Bada, gomorra ephiaren hamargarrena da.

 

XVII. KAP.

        1. Israelgo semeen oste guzia goan zen beraz Sineko mortutik, zoin bere andanetan, Jaunaren hitzaren arabera, eta kanpatu ziren Erraphidimen, non populuarentzat urik ez baitzen edateko.

        2. Populuak, Moisi jazarriz, erran zioen: Iguzu ura edatera. Moisek ihardetsi zioten: Zer jazartzen darotazue? zertako bilhatzen duzue Jauna?

        3. Egarriz egon zen beraz han populua ur-eskasa gatik, eta erasian haritu zen Moisen kontra, erraten zuelarik: Zertako ilkhiarazi gaituzu Egiptotik, egarriz hiltzeko eta, gure haurrak eta gure aziendak?

        4. Bainan Moisek oihu egin zioen Jaunari, erraten zuelarik: Zer eginen diot populu huni? oraino aphur bat gehiago, eta harrikatuko nau.

        5. Eta Jaunak erran zioen Moisi: Zoazi populuaren aitzinean, eta har zatzu zurekin Israelgo zaharretarik: eskuan har zazu ibaiaren jotzeko erabili duzun zigorra, eta zoazi.

        6. Hara non izanen naizen ni han zure aitzinean, Horebeko harriaren gainean: eta harria joko duzu, eta hartarik ura jauziko da, populuak edatekotzat. Moisek hola egin zuen Israelgo zaharren aitzinean.

        7. Eta toki hura deithu zuen Froga-lekhu, Israelgo semeen jazargoa gatik, eta zeren Jauna bilhatu zuten erraten zutelarik: Gu baithan othe da Jauna, ala ez?

        8. Bada, Amalek ethorri zen, eta gudu ematen zioen Israeli Erraphidimen.

        9. Eta Moisek erran zioen Josueri: Hauta zatzu gizonak; eta atheraturik, guduka zaite Amaleken kontra: bihar ni egonen naiz mendixka-bizkarrean, Jaunaren zigorra eskuan.

        10. Josuek egin zuen Moisek errana, eta Amaleken kontra gudu egin zuen: bainan Moise, eta Aaron eta Hur igan ziren mendixkaren bizkarrera.

        11. Eta Moisek eskuak altxatzen zituenean, Israelek garhaizia zaraman: ordean aphur bat beheititzen zituenean, Amalek nausitzen zen.

        12. Bainan Moisen eskuak phisatuak ziren: Aaronek eta Hurrek harturik beraz harri bat, haren azpian ezarri zuten, eta jarri zen gainean: eta biek bi aldeetarik eskuak idukitzen ziozkaten. Eta hala gerthatu zen haren eskuak etzirela nekhatu iguzki sartzea arteo.

        13. Eta Josuek ihes ezarri zuen Amalek, eta ezpataren ahoan haren populua.

        14. Eta Jaunak erran zioen Moisi: Orhoitgarri iskribuz eman zazu hau liburu batean, eta adiaraz zozu Josueri: ezen Amaleken otsa ezeztatuko dut zeruaren-pean.

        15. Eta Moisek aldare bat altxatu zuen: eta haren izena eman zuen, Jauna ene gorespena, zioelarik:

        16. Zeren Jaunaren eskua tronutik eta Jaunaren gerla mendetik mendera Amaleken kontra izanen baitira.

 

XVIII. KAP.

        1. Jethrok, Madiango aphez eta Moisen aitaginarrebak, aditu zituenean Jainkoak Moisentzat eta Israel bere populuarentzat egin izan zituen guziak, eta Jaunak nola atheratu zuen Israel Egiptotik:

        2. Hartu zuen Sefora, Moisen emaztea, gibelerat senharrak igorria izan zena,

        3. Eta haren bi semeak, zeinetarik bat Jersam deithua izan baitzen, aitak erraten zuelarik: Arrotz izatu naiz atze-lurrean;

        4. Eta bertzea Eliezer, Moisek erran baitzuen: Ene aitaren Jainkoa izatu da ene laguntzaile, eta itzuri nau Faraonen ezpatari.

        5. Jethro, Moisen aitaginarreba, ethorri zen beraz haren seme eta emaztearekin, Moisen gana mortura, non kanpatua baitzen Jainkoaren mendiaren ondoan.

        6. Eta gaztiatu erraten zuelarik: Ni Jethro, zure aitaginarreba, heldu natzaitzu zure emaztearekin eta bere bi semeak harekin.

        7. Moise, bere aitaginarrebari bidera atheraturik, gurthu zitzaioen eta besarkatu zuen: eta elkharri eman zioten agurra bakezko solasekin. Eta olhan sarthu zirenean,

        8. Moisek bere aitaginarrebari khondatu ziozkan Jainkoak Israelen gatik egin ziozkaten guziak Faraoni eta Egiptoarrei: eta bidean izan zuten nekhe guzia; eta nola libratu zituen Jaunak.

        9. Jethro boztu zen Jaunak Israeli egin ziotzan ongi guziez, haren itzurtzeko Egiptoarren eskuari.

        10. Eta erran zuen: Benedikatua Jauna zuek Egiptoarren eskuetarik eta Faraonen eskutik atheratu zaituztena, eta bere populua Egiptoaren eskudantziari itzuri duena.

        11. Jauna handia dela bertze jainko guzien gainean ezagutu dut orai, Egiptoarrek hanpurutsuki jazarri ziotenetik Israelgo semeei.

        12. Beraz Jethrok, Moisen aitaginarrebak, Jainkoari eskaini ziozkan holokaustak eta bitimak: eta Aaron eta Israelgo zaharrak ethorri ziren harekin ogiaren jatera Jainkoaren aitzinean.

        13. Bada, biharamunean Moise jarri zen juiatzeko populua, zeina goizetik-arrats Moisen aitzinean baitzen.

        14. Aitaginarrebak ikhusi zuenean hori, erran nahi da populua baithan egiten zituen guziak, erran zioen: Zer hari zare hola populuan? zertako jartzen zare bakharrik eta populu guzia goizetik-arrats begira dago?

        15. Moisek ihardetsi zioen: Populua ene gana heldu da Jainkoaren erabakiaren galdez.

        16. Eta makhur zerbait gerthatzen zaioetenean, ethortzen zaizkit beren artean erabak dezotedantzat, eta irakhats detzotedan Jaunaren manamenduak eta haren legeak.

        17. Bainan Jethrok erran zioen: Etzare ongi hari.

        18. Lan eragabean akhitzen zarete zu eta zurekin den populu hau: egiteko hori zure indarrez goitikoa da, bakharrik ezin jasanen duzu.

        19. Bainan entzun zatzu ene solasak eta kontseiluak, eta Jainkoa zurekin izanen da. Zu izan zakizko populuari Jainkoari dagozkioten gauzetan, Jaunari eramateko haren galdeak:

        20. Eta irakhats zotzu populuari zeremoniak eta ohore emateko moldea, eta bidea zeina-barna sarthu behar baitira, eta egin behar dituzten lanak.

        21. Bainan populu guzitik berez zatzu gizon larderiakoak eta Jainkoaren beldur direnak, zeinen baithan aurkhituko baita zintasuna; eta jaramankeria higuin izanen dutenak: eta hekietarik jar zatzu buruzagi, batzuek mila gizonen, bertze batzuek ehunen, bertze batzuek berrogoi eta hamarren, eta bertzeak hamarren.

        22. Hekiek juia bezate populua ordu oroz: bainan egiteko handirik balin bada, ekharriko dituzte zu gana, eta berek ttipiagoak xoilki juiatuko dituzte: eta karga zathiturik bertzeetara, arinagoa izanen da zuretzat.

        23. Hori egiten baduzu, Jainkoaren manamendua betheko duzu eta haren manuei ihardetsiko ahal diozute: eta populu hau guzia bakearekin itzuliko da bere lekhuetara.

        24. Horiek aditurik, Moisek egin zituen Jethrok bururatu ziozkan guziak.

        25. Eta Israel guzitik hautaturik gizon larderiadunak, jarri zituen populuaren buruzagi, mila gizonen, ehunen, berrogoi eta hamarren, eta hamarren gaineko.

        26. Haukiek edozein orduz juiatzen zuten jendea: bainan egiteko handienak ekhartzen zituzten Moisen gana, bakharrik errexenak erabakitzen zituztelarik.

        27. Gero Moisek utzi zuen bere aitaginarreba, zeina bihurturik goan baitzen bere lurrera.

 

XIX. KAP.

        1. Israel Egiptoko lurretik ilkhi ondoko hirugarren hilabethean, egun berean ethorri ziren Sinaiko mortura.

        2. Ezen Erraphidimetik abiaturik eta Sinaiko morturaino heldurik, kanpatu ziren toki hartan berean, eta Israelek olhak jarri zituen mendiaren parrean.

        3. Moise ordean igan zen Jainkoa gana, eta Jaunak deithu zuen menditik, eta erran zioen: Hau erranen diozu Jakoben etxeari, eta huntaz jakintsun eginen dituzu Israelgo semeak:

        4. Zerorrek ikhusi duzue zer egin diotedan Egiptoarrei, nola ekharri zaituztedan arrano hegalen gainean, eta ene gana bildu.

        5. Baldin beraz entzuten baduzue ene boza, eta begiratzen enekilako patua, izanen zarete enetzat populu guzien artetikako mozkin bat bezala: alabainan lurra enea da oro.

        6. Eta izanen zarete enetzat aphez-erresuma bat bezala, eta jendaki saindu bat; horiek dira hitzak Israelgo semeei erranen ditutzunak.

        7. Moise ethorri zen, eta bilarazirik populuko zaharrenak adinez, aitzinera eman ziozkaten Jaunak manatu solas guziak.

        8. Eta populu guziak batean ihardetsi zuen: Eginen ditugu Jaunak erranak oro. Eta Moisek Jaunari bihurtu ziozkanean populuaren hitzak,

        9. Jaunak erran zioen: Huna, ethortzera nihoakizu hedoi batez itzalirik, populuak entzun nezan zuri mintzatzen; eta bethi-guzian sinheste eman dezazun. Moisek beraz Jaunari ekharri ziozkan populuaren hitzak.

        10. Jaunak erran zioen: Zoazi populuaren gana, eta sainduets zatzu egun eta bihar, eta xuri betzate beren soinekoak,

        11. Eta xuxenduak izan beitez hirugarren eguneko: ezen hirugarren egunean jautsiko da Jauna populu guziaren aitzinean Sinaiko mendiaren gainera.

        12. Eta populuari zedarriak ezarriko diozkatzu inguruan, eta erranen diozu: Begira zaizte igaitetik mendira, eta ukitzetik hango mugarriak: mendia ukitzen duen edozein heriotzez hilen da.

        13. Baina ez du eskuak ukiko, bainan izanen da harrika lehertua, edo geziz zilhatua: izan dadien edo aberea, edo gizona, ez da biziko. Turuta jotzen abiatzen denean, orduan iganen dira mendira.

        14. Eta Moise menditik jautsi zen populuaren gana, eta sainduetsi zuen. Eta beren soinekoak xuritu zituztenean,

        15. Moisek erran zioten: Zaudezte xuxenduak hirugarren egunerako, eta etzaiteztela hurbil zuen emazteei.

        16. Eta jadanik hirugarren eguna ethorri zen, eta goiza argitu, eta huna non ihurtzuriak abiatu ziren burrunbaz, eta simistak dirdiratzen, eta mendia hedoirik lodienaz estaltzen, eta turutak durrundatzen zuen muthiriki: eta kanpetan zen populua ikharatu zen.

        17. Eta Moisek kanpa-lekhutik ilkhiarazi zituenean Jainkoaren aitzinera, baratu ziren mendiaren oinean.

        18. Sinaiko mendia guzia khetan zagoen, zeren gainera jautsi baitzen Jauna su batean, eta hartarik khea igaiten baitzen labetik bezala: eta mendi guzia ikharagarria zen.

        19. Eta turutaren durrunda emeki-emeki handituz zihoan eta urrunago helduz: Moise mintzatzen zen, eta Jaunak ihardesten zioen.

        20. Eta Jauna jautsi zen Sinaiko mendira, mendi-bizkarrera berera, eta Moise deithu zuen hartako kaskora. Igan zenean,

        21. Jaunak erran zioen: Jauts zaite, eta mana zazu populuak, zedarrien iragaitera ez dezan egin Jaunaren ikhusteko, beldurrez-eta hekietarik oste handia gal dadien.

        22. Jaunari hurbiltzen diren aphezak ere sainduets beitez, Jaunak jo detzan beldurrez.

        23. Eta Moisek erran zioen Jaunari: Jendea ezin iganen da Sinaiko mendira, ezen zure hitzaz lekhukotasun egina da, eta manatu duzu, diozularik: Ezar zatzu zedarriak mendiaren inguruan, eta sainduets zazu hura.

        24. Jaunak ihardetsi zioen: Zoazi, jauts zaite; igan zaite gero zu, eta Aaron zurekin; bainan aphezek eta populuak zedarriak iragan ez betzate, eta ez beitez igan Jauna gana, hil ez detzan beldurrez.

        25. Eta Moise jautsi zen populua gana, eta oro erran zioizkien.

 

XX. KAP.

        1. Eta Jaunak atxiki zituen solas haukiek guziak.

        2. Ni naiz hire Jainko Jauna, Egiptoko lurretik, gathibutasuneko etxetik ilkhi hautana.

        3. Ez duk izanen Jainko atzerik ene aitzinean.

        4. Ez duk eginen eskuzko jainkorik, ez-etare itxurarik zeru gainean diren gauzenik, ez lurraren gainean direnenik, ez uretan luphean direnenik.

        5. Ez dituk hekiek adoratuko, ez-etare zerbitzatuko: ni naiz hire Jainko Jaun hazkarra, bekhaizkorra, aiten gaixtaginkeria bilhatzen dudana semeetan, ni gaitzirizkotan nadukatenen hirugarren eta laugarren belhauneko haurretan;

        6. Eta miletan ondokoen-ondoko miserikordia egiten dudana ni maithatzen nautenei eta ene manamenduak begiratzen dituztenei.

        7. Ez duk alferki erabiliko hire Jainko Jaunaren izena: Jaunak ezen ez du hobengabe idukiko haren izena gauza hutsetan erabiliko duena.

        8. Orhoit