www.armiarma.com
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (I) - Testament Zaharra, 1. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEBITIKOA

 

I. KAP.

        1. Bada, Jaunak Moise deithu zuen, eta lekhukotasuneko tabernakletik mintzatu zitzaioen, erraten zioelarik:

        2. Mintza zaite Israelgo semeei eta errozute: Zuetarik norbaitek Jaunari eskainiko dioenean aziendetarik bitima bat, hori da idi edo ardietarik bitimak eskaintzean,

        3. Haren eskaintza holokausta balin bada eta abere gorrietarik, orotsa eta narriogabea eskainiko du lekhukotasuneko tabernakle-sartzean, bere alderat jabalarazteko Jauna:

        4. Eta eskua ezarriko du bitimaren buruaren gainean, eta onhesgarri izanen da, eta xahupenetan baliatuko dena.

        5. Eta aratxea Jaunaren aitzinean imolatuko du, eta Aaronen seme aphezek eskainiko dute haren odola, ixurtzen dutelarik tabernakle-sartzearen aitzinean den aldarearen inguruan.

        6. Eta bitimari larrua khendu ondoan, puskatuko dituzte haren menbroak.

        7. Eta sua ezarriko dute aldarean, lehenik egur meta xuxendu-eta;

        8. Eta gainean antolatzen dituztelarik ebakiak diren menbroak, erran nahi da burua, eta gibelari datxikoten guziak.

        9. Sabela eta zangoak urean garbiturik, aphezak erreko ditu aldare gainean, holokaustetan eta usain onetan Jaunari.

        10. Eskaintza azienda xurietarik balin bada, holokausta ardi edo ahuntzetarik, orotsa eta narriogabea hautatuko du eskaintzaileak.

        11. Eta Jaunaren aitzinean imolatuko du aldarearen sahets ipharrari dagoenean: eta Aaronen semeek ixuriko dute haren odola aldare gainean inguruan:

        12. Eta ebakiko dituzte menbroak, burua eta gibelari datxikotenak oro, eta ezarriko dituzte, sua azpitik izan behar duten egurren gainean:

        13. Bainan sabela eta zangoak urean garbituko dituzte. Aphezak, eskaini guziak erreko ditu aldarearen gainean holokaustetan eta usainik gozoenetan Jaunari.

        14. Bainan Jaunari egiten den holokaustaren eskaintza hegastinetarik balitz, ttorttoiletarik edo usokumetarik,

        15. Aphezak eskainiko du hura aldare ondoan, burua lephotik bihurturik, eta sakhiko urraduratik odola ixuriko du aldare bazterraren gainera.

        16. Paparoa eta hegatsak arthikiko ditu aldarearen sahetsera iguzki-sortzeko aldera, hautsak ixurtzen ohi diren lekhura.

        17. Hegalak trenkatuko ditu, eta bitima ez du ebakiko, ez-etare burdinazko tresnaz zathituko, eta erreko du aldarearen gainean, sua azpitik emanikako egurrarekin. Hori da holokausta bat eta eskaintza bat usainik gozoenekoa Jaunari.

 

II. KAP.

        1. Norbaitek Jaunari egiten dioenean sakrifizioaren eskaintza, ogi-irin zethabatua izanen da haren eskaintza: eta gainera ixuriko dio olioa eta isentsua emanen,

        2. Eta ekharriko diote Aaronen seme aphezei: haukietarik batek hartuko du ahurraren bethe irin eta oliotik, eta isentsu guzia, eta ezarriko du orhoitzapenetan erretzen aldarearen gainean, Jaunari gozoen zaioen usain bat bezala:

        3. Eta sakrifiziotik geldituko den gainerakoa, Aaronentzat eta bere semeentzat izanen da, sainduren saindu Jaunari eginikako eskaintzetarik.

        4. Bainan ogi-labean errezko sakrifizioa eskaintzen baduzu, izan behar da irin zethabatutik, erran nahi da ogi altxagarri gabeak, olioz bustiak, eta ophil airisak, olioz ferekatuak.

        5. Zarthaginan aphaindutik egiten baduzu zure eskaintza, izan beharko da irin zethabatutik olioan orhatua eta altxagarririk gabe,

        6. Poxikatuko duzu, eta gainera olioa ixuriko.

        7. Eta kriselatik heldu bada zure eskaintza, orobat izan beharko da irin zethabatutik eta olioz hezatua.

        8. Hura Jaunari ekharriko diozu eta emanen aphezari,

        9. Aphezak hura eskaini dukeenean, sakrifizioari khenduko dio orhoipeneko zathia, eta aldarearen gainean erreko du, Jaunari hainitz gozo zaioen usain bat bezala.

        10. Bainan gainerakoa izanen da Aaronentzat eta bere semeentzat, sainduren saindu Jaunari eginikako eskaintzatik.

        11. Jaunari ekhartzen zaizkoen eskaintza guziak, altxagarririk gabe izan beharko dira, eta ez da Jaunari sakrifiziotan erreko ez altxagarririk ez eta eztirik.

        12. Bakharrik, ekharriko dituzu hekietarikako pikainak eta emaitzak: bainan ez dira aldare gainean ezarriko erretzen usain gozotan.

        13. Edozein gauza ekhar dezazun sakrifiziora, patzez onthuko duzu, eta zure sakrifizioa ez duzu utziko zure Jaunarekilako batasuneko gatza gabe. Zure eskaintza guzietan ekharriko duzu gatza.

        14. Jaunari eskaintzen badiozu zure uzten pikaina, ogi-buru oraino onthuak ez direnetarik, suan xigortuko dituzu, ogia bezala xehatuko dituzu, eta hula eginen duzu zure pikainen eskaintza Jaunari:

        15. Olioa ixurtzen diozutelarik gainera, eta isentsua gainean ezartzen, zeren den Jaunaganako eskaintza.

        16. Aphezak erreko du, eskaintzaren orhoitzapenetan, ogi xehatutik eta oliotik zerbait bat, eta isentsu guzia.

 

III. KAP.

        1. Norbaitek bakezko bitimetarik eskaintza egiten badu, abelgorrietarik nahi badu erakharri, izan dadien orotsa edo urrixa, narriogabea ekharriko du Jaunaren aitzinera.

        2. Eta bere bitimari eskua ezarriko dio buruaren gainean, eta imolatuko du lekhutotasuneko tabernakleko sartzean, eta Aaronen seme aphezek odola ixuriko dute aldarearen inguruan.

        3. Eta Jaunari bakezko bitimatik eskaintza eginen diote gibel-erraiak estaltzen dituen bilgorraz, eta barneko gizen guziaz,

        4. Bi geltzurrinez, sahetsak estaltzen dituen gantzarekin, eta gibelaren sareaz geltzurrinekin.

        5. Eta hekiek holokaustetan erreko dituzte aldare gainean, egurrei azpitik su emanik, Jaunari gozoenik zaioen usaineko eskaintzetan.

        6. Egiten duen eskaintza azienda xurietarik balin bada eta bakezko bitima, ekhar dezan orotsa edo urrixa, narriogabea izan beharko da.

        7. Bildotsa eskaintzen badu Jaunaren aitzinean,

        8. Ezarriko du eskua bitimaren buruaren gainean zeina imolatua izanen baita lekhukotasuneko tabernakle-sartzean, eta Aaronen semeek haren odola ixuriko dute aldarearen inguruan.

        9. Eta bakezko bitimatik sakrifiziotan Jaunari eskainiko diozkate bilgorra eta buztana osorik,

        10. Geltzurrinekin, sabela eta gibelerraiak oro estaltzen dituen gizenarekin, bi geltzurrinak, sahetsak estaltzen dituen gantzarekin, eta gibelaren sarea geltzurrinekin.

        11. Eta aphezak hekiek erreko ditu, suaren eta Jaunaganako eskaintzaren mantenu.

        12. Eskaintza ahuntz bat balin bada, eta hura eskaintzen badio Jaunari,

        13. Eskua ezarriko du bitimaren buruaren gainean, eta imolatuko du lekhukotasuneko tabernakle-sartzean. Eta Aaronen semeek odola ixuriko dute aldarearen inguruan.

        14. Eta bitimatik, Jaunaren suaren mantenatzeko, harturen dituzte sabela estaltzen duen bilgorra eta gibel-errai guziak estaltzen dituena,

        15. Bi geltzurrinak hekien gainean sahetsetaraino den sarearekin, eta gibelaren gantza geltzurrinekin.

        16. Eta aphezak aldare gainean erreko ditu suaren eta usain gozoenaren mantenu. Urin guzia Jaunarena izanen da,

        17. Bethiko zuzen bat bezala gizamende guzietan eta zuen egoitza orotan: eta ez duzue batere janen ez odolik ez-etare urinik.

 

IV. KAP.

        1. Eta Jauna Moisi mintzatu zen, zioelarik:

        2. Errozute Israelgo semeei: Norbait jakingabez bekhatura erori bada, eta egin badu zerbait Jaunak egitea debekatu izan duenetarik:

        3. Baina, gantzutua izan den apheza balin bada eta hobendundu bada, populua hutsera erorrarazten duelarik; bere bekhatuarentzat aratxe narriogabeko bat eskainiko dio Jaunari:

        4. Eta hura erakharriko du lekhukotasuneko tabernakle-sartzera Jaunaren aitzinera, eta ezarriko dio eskua buruaren gainean, eta imolatuko du Jaunari.

        5. Halaber hartuko du aratxearen odoletik, eta eramanen du lekhukotasuneko tabernaklera.

        6. Eta erhia odolean busti ondoan, zazpitan hartaz ihinztadura eginen du Jaunaren aitzinean saindutegiko belaren parrean.

        7. Eta Jaunari hainitz gozo zaizkoen baltsamuetako aldare, lekhukotasuneko tabernaklean denaren adarretan ezarriko du odol hartarik: eta gainerako odol guzia ixuriko du holokaustetako aldarearen oinetan, tabernakle-sartzean.

        8. Eta bekhatuaren xahupeneko hartuko du aratxearen bilgorra, hala gibel-erraiak estaltzen dituena, nola barnean den guzia,

        9. Bi geltzurrinak eta hekien gainean den sarea sahetsetaraino, eta gibelaren bilgorra geltzurrinekin,

        10. Khentzen diren bezala aratxe bakezko bitimatik; eta erreko ditu holokaustetako aldarearen gainean.

        11. Bainan larrua eta haragi guziak, buru, zango, sabel, ongarri,

        12. Eta gainerako gorphutz guziarekin, eramanen ditu kanpetarik lekhu garbi batera, hautsak ixurtzen ohi diren tokira: eta su emanen diozute egur-zamaren gainean ezarririk, eta erreko dira hauts ixurien tokian.

        13. Ordean ezagutza eskasa Israelgo baldarna guziari gerthatu bazaio, eta Jaunaren manamenduaren kontrako zerbait jakingabez egin balin badu,

        14. Eta gero nabaditu badu bere bekhatua, bere bekhatuarentzat aratxe bat eskainiko du, eta hura erakharriko du tabernakle-sartzera,

        15. Eta populuaren arteko zaharrenek haren buruaren gainean ezarriko dute eskua Jaunaren aitzinean. Eta aratxea Jaunaren aitzinean imolaturik,

        16. Gantzutua izan den aphezak haren odoletik ekharriko du lekhukotasuneko tabernaklera,

        17. Eta erhia bustirik, zazpitan ihinztadura eginen du belaren parrean.

        18. Eta Jaunaren aitzinean lekhukotasuneko tabernaklean den aldarearen adarretan ezarriko du odol hartarik beretik: ordean odol gainerakoa ixuriko du lekhukotasuneko tabernakle-sartzean den holokaustetako aldarearen oinetan:

        19. Eta bilgor guzia hartuko du eta aldare gainean erreko:

        20. Aratxe hortaz ere egiten duelarik, bertzeaz aitzinean egin izan duena: eta aphezak othoitz egitearekin Israelgo semeentzat, eztituko da Jauna hekien alderat.

        21. Aphez-handiak gero kanpetarik atheratuko du aratxea, eta lehenbizikoa bezala erreko du, zeren den baldarnaren bekhatuarentzateko bitima.

        22. Aitzindari batek bekhatu egin badu, eta Jaunaren legeak debekatzen duenetarik zerbait egin badu jakingabean,

        23. Eta gero nabaditu badu bere bekhatua, bitima bat eskainiko dio Jaunari, akher narriogabe bat, ahuntz arthaldetik harturik.

        24. Eta eskua buruaren gainean ezarriko dio: eta imolatu dukeenean, holokaustak Jaunaren aitzinean hiltzen ohi diren tokian, zeren den bekhatuarentzatekoa,

        25. Aphezak erhia bustiko du bekhatuarentzateko bitimaren odolean, ukitzen dituelarik holokaustetako aldarearen adarrak, eta gainerakoa ixurtzen aldarearen oinetan.

        26. Bainan aldare gainean erreko du bilgorra, bakezko bitimetan egiten ohi den bezala: eta aphezak othoitz eginen du aitzindariarentzat eta haren bekhatuarentzat, eta barkhatuko zaio.

        27. Ordean populuaren arteko norbaitek bekhatu egiten badu jakingabez, eta hobenduntzen bada Jaunaren legeak debekatzen dituenetarik zerbait eginez,

        28. Eta bere bekhatua ezagutu balin badu, ahuntz narriogabe bat eskainiko du,

        29. Eta bekhatuarentzateko bitimaren buruaren gainean ezarriko du eskua, eta hura hilen du holokaustetako lekhuan.

        30. Eta aphezak odoletik hartuko du bere erhian: eta holokaustetako aldarearen adarrak ukitzen dituelarik, gainerakoa aldarearen oinetan ixuriko du.

        31. Eta bilgor guzia khendurik, bakezko bitimei khentzen ohi zaioten bezala, hura erreko dio Jaunari usain gozotan: eta hobendunarentzat othoitz eginen du, eta barkhatuko zaio hobena.

        32. Bainan azienda xurietarik eskaintzen balin badu bekhatuarentzateko bitima, ardi narriogabe bat ekharriko du,

        33. Eskua ezarriko dio buruaren gainean, eta imolatuko du holokaustetako bitimak hiltzen ohi diren tokian,

        34. Eta aphezak bere erhiaz hartuko du haren odoletik, eta holokaustetako aldarearen adarrak ukitzen dituelarik, gainerakoa aldarearen oinetan ixuriko du.

        35. Bilgor guzia ere hartzen duelarik, bakezko bitimatzat imolatzen diren aharien bilgorra hartzen ohi den bezala, aldare gainean erreko dio Jaunari usain gozotan: eta othoitz eginen du hobendunarentzat eta haren bekhatuarentzat, eta barkhatuko zaio.

 

V. KAP.

        1. Nork-ere bekhatu egin baituke gizon bat zin egiten entzunik, eta lekhuko izatu bada edo ikhustez, edo jakinez, eta ez badu lekhukotasun eman izan, jasanen du bere tzarkeria.

        2. Nork-ere ukitu baituke zerbait lohirik, edo azienda ihiziak hilikakoa, edo bere baitharik hila, edo zernahi bertze zierpe; ahantzia ere balu bere lohidura, hobendun da eta hutsera eroria.

        3. Eta ukitu badu gizonaren lohi zerbait, likhisten ohi duten lohikeria edozeintarik, eta behin ez oharturik, gero ezagutu badu, hobenaren azpian eman da.

        4. Nork-ere zin egin baituke eta bere ahoz agindu zerbait onik, edo tzarrik, eginen duela, eta bere agintza bere hitzaz eta zinaz gogortu badu, eta ahantzirik, gero ohartu bada bere hutsari,

        5. Penitentzia egin beza bere bekhatuarentzat:

        6. Eta bere arthaldeetarik eskaint antxu bat edo ahuntz bat; eta aphezak othoitz eginen du harentzat eta haren bekhatuarentzat:

        7. Bainan aziendaren eskaintzeko ahalik ez badu, Jaunari eskaint betza bi ttorttoila edo bi usokume, bat bere bekhatuarentzat, eta bertzea holokaustetan.

        8. Eta emanen diozki aphezari, zeinak lehenbizikoa eskaintzean bekhatuarentzat, burua hegaletako aldera bihurtuko baitio, lephoari datxikoen bezala eta arras hautsi gabe.

        9. Eta aldarearen sahetsa bustiko du haren odolaz: eta gainerako guzia ixuriko du aldarearen oinetara, zeren bekhatuarentzat den.

        10. Bertzea ordean holokaustetan erreko du, ohitza den bezala: eta aphezak othoitz eginen du harentzat eta haren bekhatuarentzat, eta barkhatuko zaio.

        11. Ez badetzazke eskeint bi ttorttoila edo bi usokume, bere bekhatuarentzat eskainiko du irin zethabatua, ephi baten hamargarrena: ez du hartan ezarriko oliorik ez-etare gainean isentsurik, zeren den bekhatuarentzat.

        12. Eta hura emanen dio aphezari, zeinak ahurtara bat harturik, erreko baitu aldare gainean eskaintzailearen orhoitzapenetan.

        13. Eta harentzat othoitz egiten duelarik eta garbitzen duelarik, gainerakoa beretzat izanen du saritako.

        14. Eta Jauna oraino mintzatu zitzaioen Moisi, erraten zioelarik:

        15. Nork-ere Jaunari kontsekratuak zaizkoen zeremonietan oharkabez hutseginik bekhatu eginen baitu, bere hobenarentzat eskainiko du arthaldetako ahari bat narriogabea, bi sikloren baliokoa, saindutegiko phisura;

        16. Eta onthuko du ekharri duen bidegabea, eta ezarriko du bortzgarren bat gehiago, ematen dioelarik aphezari, zeinak, aharia eskeintzean, othoitz eginen baitu harentzat, eta barkhatuko zaio.

        17. Norbaitek jakingabean bekhatu egiten badu, Jaunaren legeak debekatzen dituenetarik zerbait eginez, eta hobendunak ezagutzen badu bere bekhatua,

        18. Aphezari erakharriko dio arthaldetako ahari bat narriogabea, hobenaren prezamenaren heinekoa: aphezak harentzat othoitz eginen du, zeren jakingabez huts egin duen; eta barkhatuko zaio,

        19. Oharkabeko hutsa egin dioelakotz Jaunari.

 

VI. KAP.

        1. Jauna berriz ere Moisi mintzatu zitzaioen, zioelarik:

        2. Nork-ere bekhatu egin baituke, eta Jauna erdeinatuz, bere lagunari ukhatu baitioke zaintzera fidatua izan zaioen gauza, edo bortxaz zerbait khendu baituke, edo amarruz atzeman,

        3. Edo gauza galdua khausitu baituke, eta ukhatzean zina gainera egin baituke, eta egin baituke bertze zerbait gauza, zeinetan gizonak bekhatutan erortzen ohi baitira,

        4. Gaizkia frogatu-eta, bihurtuko ditu

        5. Maulaz ardietsi nahi izan dituen guziak, osorik, eta bortzgarren bat gehiago jabeari, zeinari bidegabea ekharri izan baitio.

        6. Bada, bere bekhatuarentzat arthaldetik eskainiko du ahari narriogabe bat, eta hura emanen dio aphezari, gaizkiaren prezamenaren eta neurriaren arabera.

        7. Aphezak Jaunaren aitzinean othoitz eginen du harentzat, eta barkhatuko zaizko egin dituen gaizkiak.

        8. Eta Jauna mintzatu izan zitzaioen oraino Moisi, erraten zioelarik:

        9. Manamendu hau egiozute Aaroni eta bere semeei: Huna holokaustako legea: gau guzian goizalderaino holokausta erretzen egonen da aldarean: eta aldare beretik izanen da sua.

        10. Aphezak jauntziko ditu athorra eta liho-harizko galtzak: hartuko ditu, suak, oro erre ondoan, utzi dituen hautsak; eta aldarearen sahetsean ezarri dituenean,

        11. Erauntziko ditu lehenbiziko soinekoak, eta bertze batzuek jauntzirik, kanpetarik hautsak atheratuko ditu, eta toki arras garbi batean errearaziko ditu azken phindarreraino.

        12. Bainan aldarean khaldan egonen da bethi sua, zeina haziko baitu aphezak, egun guziz goizetan egurrak emanez; eta holokausta ezarririk, gainean erreko du bitima bakezkoen bilgorra.

        13. Hori da bethi iraunen duen sua, behinere aldarean iraungitzera utziko ez dena.

        14. Huna Aaronen semeek Jaunaren aitzinean eta aldarearen aitzinean eskainiko dituzten sakrifizioetako eta libazionetako legea:

        15. Aphezak olioz bustia den irin zethabatutik ahur bat hartuko du, eta irinaren gainean den isentsu guzia; eta hura aldare gainean erreko du, Jaunari usain gozoeneko zaioen orhoitzapen bat bezala:

        16. Ordean gainerako irina, Aaronek bere semeekin janen du altxagarririk gabe; eta hura janen du lekhu sainduan, tabernakleko lorioan.

        17. Altxagarririk ez da ezarriko, zeren hartarik pharte isentsu bezala Jaunari eskaintzen baitzaio. Sainduren saindu izanen da, bekhatuarentzat eta hobenarentzateko bitima bezala.

        18. Aaronen odoleko gizonkiek bakharrik hartarik janen dute. Hori lege bat Jaunaren fakrifizioen gainean bethikoa izanen da zuen ondoregoa guzian. Hortan khutsatuko dena sainduetsiko da.

        19. Jauna oraino-ere Moisi mintzatu zitzaioen, erraten zioelarik:

        20. Hau da Aaronek eta bere semeek Jaunari eskaini behar diotena beren gantzu-egunean. Bethiereko sakrifiziotan eskainiko dute irin zethabatutik ephi baten hamargarrena, erdia goizean eta erdia arratsean,

        21. Olioz bustirik zarthaginan frigitua izanen da. Eta hura berorik usain gozoenetan Jaunari eskainiko dio

        22. Aphezak, zeina zuzenbidean bere aitaren ondoko jarria baita; eta guzia erreko du aldare gainean.

        23. Ezen suak oso-osoa iretsi behar du aphezen sakrifizioa, eta nihork ez du hartarik janen.

        24. Gero Jauna Moisi mintzatu zitzaioen, zioelarik:

        25. Errozute Aaroni eta bere semeei: Hau da bekhatuarentzateko bitimako legea: Jaunaren aitzinean imolatua izanen da, holokausta eskaintzen den tokian. Sainduren saindu da.

        26. Eskeintzen duen aphezak, hura janen du lekhu sainduan, tabernakleko lorioan.

        27. Haren haragiak ukituko dituena sainduetsiko da. Haren odoletik zortak jauzten balira soineko baten gainera, lekhu sainduan xahutua izanen da.

        28. Haren erretzeko erabili den lurrezko untzia hautsia izanen da; untzia kobrezkoa balin bada, thorratua izanen da eta urez garbitua.

        29. Aphez odoleko gizonki guziek haren haragietarik janen dute, zeren sainduren saindu baita.

        30. Ezen bekhatuarentzat hiltzen den bitima, zeinaren odola lekhukotasuneko tabernaklera eramaten baita, saindutegian egitekotzat xahupena, ez da jana izanen, bainan bai suaz ahitua.

 

VII. KAP.

        1. Halaber hau da hobenarentzateko bitimako legea, sainduren saindu baita.

        2. Hortakotzat, holokausta imolatzen den lekhuan hila izanen da hobenarentzateko bitima ere: haren odola ixuria izanen da aldarearen inguruan.

        3. Hartarik eskainiko dira buztana eta gibel-erraiak estaltzen dituen bilgorra,

        4. Bi geltzurrinak eta sahetsen ondoan den gantza, eta gibelaren sarea geltzurrinekin.

        5. Eta aphezak aldare gainean erreko ditu: hori da Jaunaganako isentsua hobenarentzat.

        6. Aphez odoleko gizonki guziek lekhu sainduan janen dute haragi horietarik, sainduren saindu direlakotz.

        7. Bitima bekhatuarentzat eskaintzen den bezala, orobat eskainia izanen da hobenarentzat: bi bitimentzat lege bera izanen da: bitima izanen da eskaintzen duen aphezarentzat.

        8. Holokaustako bitima eskaintzen duen aphezak izanen du haren larrua.

        9. Eta irinezko sakrifizio guziak, labean eta kriselan erretzen direnak edo zarthaginan xuxentzen, eskaintzen dituen aphezarentzat izanen dira.

        10. Izan ditezen olioz bustiak, edo idorrak, Aaronen seme guzien artean bardinki phartituak izanen dira.

        11. Hau da Jaunari eskaintzen zaizkoen bakezko bitimen legea:

        12. Esker-onezko eskaintza balin bada, eskainiko dira ogi altxagarrigabeak olioz bustiak, eta ophil airisak olioz gantzutuak, eta irin zethabatua errerik, eta kauserak olioarekin orhatuak;

        13. Eta ogi altxatuak ere, esker-onezko bitima, bakezko sakrifiziotzat imolatzen denarekin:

        14. Hekietarik bat Jaunari pikaintzat eskainiko zaio, eta bitimaren odola ixurtzen duen aphezarentzat izanen da.

        15. Egun berean janen dira bitimaren haragiak, eta hekietarik ez da biharamun goiz arteo batere geldituko.

        16. Norbaitek botuz edo bere oldetara bitima bat eskaintzen badu, hura ere egun berean janen da: bainan biharamuneko gelditzen bada zerbait, jatea haizu da;

        17. Bainan hirugarren egunean khausitzen den guzia, suaz ahitua izanen da.

        18. Norbaitek bakezko bitimaren haragietarik hirugarren egunean jaten badu, eskaintza alfer bilhakatuko da, eta eskaintzaileari etzaio baliatuko: bainan aitzitik, holako jakiaz lohitu dena, lege haustez hobendun izanen da.

        19. Lohi den zerbait ukituko duen haragia, ez da jana izanen, bainan bai suaz ahitua: xahu denak janen du bakezko bitimatik.

        20. Nork-ere, khutsatua delarik janen baitu Jaunari eskainia den bakezko bitimatik, xahutua izanen da bere populuaren artetik.

        21. Gizon edo aberearen lohia edo khutsa dezakeen zerbait ukiturik, halere horrelako haragietarik janen duena, bere populuaren artetik xahutua izanen da.

        22. Eta Jauna Moisi mintzatu zitzaioen, zioelarik:

        23. Errozute Israelgo semeei: Ez duzue janen ardiaren, idiaren eta ahuntzaren bilgorretik.

        24. Bertze asko gauzetako erabiliren duzue hilikiaren edo ihiziak atzeman duen aziendaren bilgorra.

        25. Jaunari usain gozotan eskaini behar zaioen bilgorretik janen duena, bere populuaren artetik xahutua izanen da.

        26. Halaber abereen odoletik, nahiz hegastinenetik, nahiz aziendenetik, ez duzue jateko harturen.

        27. Nork-ere odola janen baitu, bere populuaren artetik xahutua izanen da.

        28. Eta Jauna Moisi mintzatu zitzaioen, zioelarik:

        29. Mintza zaite Israelgo semeei, erraten diozutelarik: Jaunari bakezko bitima eskainiko duenak, hanbatekin eskaint beza sakrifizioa ere, erran nahi da, hartako libazioneak.

        30. Eskuetan idukiko ditu bilgorra eta bulhar-artea: eta biak eskainiz, Jaunari kontsekratu dituenean, emanen diozka aphezari,

        31. Zeinak erreko baitu bilgorra aldare gainean: bainan bulhar-artea izanen da Aaronen eta bere semeentzat.

        32. Bakezko bitimen eskuineko sorbalda ere, pikain bezala, aphezari eroriko zaio.

        33. Aaronen semeetarik, odola eta bilgorra eskaini dituenak, sorbalda eskuina ere bere pharte izanen du.

        34. Ezen hartu ditut Israelgo semeen ganik, hekien bakezko bitimetarik, ene aitzinean altxatzen den bulhar-artea, eta ebakitzen den sorbalda, eta Aaron aphezari eta haren semeei eman ditut, bethi iraunen duen lege batez Israelgo populu guzia baithan.

        35. Hori da Jaunaren zeremonietan Aaronen eta bere semeen gantzupeneko zuzena, Moisek erakharri zituen egunetik apheztasuneko eginbideak bethe zetzatentzat:

        36. Eta hori da Jaunak manatu duena emana izan zakioten Israelgo semeez ondokoen ondoko bethiko lege baten bidez.

        37. Horrelakoa da bekhatuarentzateko eta hobenarentzateko holokaustako eta sakrifizioko legea, eta kontsekrationekoa, eta bakezko bitimetakoa,

        38. Jaunak Moisi eman izan dioena Sinaiko mendian, Israelgo semeei gaztiatu zioetenean, Jaunari egin ziotzaten beren eskaintzak Sinaiko mortuan.

 

VIII. KAP.

        1. Jauna Moisi mintzatu zitzaioen, erraten zielarik:

        2. Har zatzu Aaron bere semeekin, hekien soinekoak eta gantzutzeko olioa, bekhatuarentzateko aratxea, bi ahari eta saskia airisekin,

        3. Eta baldarna guzia bilaraziko duzu tabernakle-sartzera.

        4. Moisek egin zuen Jaunak manatu bezala. Eta tabernakleko athe aitzinera bilarazirik oste guzia,

        5. Erran zuen: Hau da Jaunak egitea manatu duena.

        6. Eta ordu berean erakharri zituen Aaron eta haren semeak. Eta hekiek garbitu ondoan,

        7. Aphez-handiari jauntzi zioen liho-harizko athorra, gerrikoaz tinkatzen zuelarik eta jaunzten zioelarik athorra gorrimorea; eta soinera eman zioen soingainekoa,

        8. Eta lokharriaz tinkatzen zuelarik, lothu zioen bulharretakoari zeinaren gainean iskribatuak baitziren hitz haukiek: Irakhaspena eta Egia.

        9. Burukoa ere ezarri zioen buruan, eta hartan, belharraren gainean urhezko xafla izen sainduaz kontsekratua, Jaunak berari manatu zioen bezala.

        10. Eta hartu zuen gantzutzeko olioa, eta hartaz ferekatu zuen tabernaklea eta hartako tresneria guzia.

        11. Eta aldarea sainduestean, zazpi aldiz ihinztatu ondoan, gantzutu zituen hura eta hartako tresna guziak; eta garbitzeko untzia bere azpikoarekin olioz sainduetsi zuen.

        12. Aaron gantzutu eta kontsekratu zuen olioa ixuriz haren buruaren gainera.

        13. Haren semeak ere erakharririk, jauntzi ziozkaten liho-harizko athorrak, eta errikoak ezarri, eta burukoak jauntzi, Jaunak manatu izan zuen bezala.

        14. Gero bekhatuarentzat eskaini zuen aratxe bat: eta Aaronek eta haren semeek eskuak ezarri ondoan aratxearen buruaren gainean,

        15. Moisek imolatu zuen hura, odola biltzen zuelarik; eta erhia bustirik, aldareko adarrak inguruan ukitu zituen; eta aldarea xahu eginik eta sainduetsirik, haren oinetara ixuri zuen odol gainerakoa.

        16. Eta gibel-erraiak estaltzen zituen bilgorra, eta gibelaren sarea, eta bi geltzurrinak beren gizenarekin, erre zituen aldare gainean:

        17. Aratxea, bere larru, haragi eta gorotzarekin, erretzen zuelarik kanpetarik kanpoan, Jaunak manatu izan zuen bezala.

        18. Ahari bat ere holokaustetan eskaini zuen: Aaronek eta bere semeek haren buruaren gainean eskuak ezarri ondoan,

        19. Moisek hura imolatu zuen, eta haren odola aldarearen inguruan ixuri.

        20. Eta aharia bera puskaturik, haren burua, menbroak eta bilgorra suan erre zituen,

        21. Lehenik sabela eta zangoak garbiturik; eta ahari guzia batean erre zuen aldare gainean, zeren zen holokausta bat, Jaunari usainik gozoenekoa, Jaunak manatu izan zioen bezala.

        22. Bigarren aharia eskaini zuen aphezen kontsekrazioneko: Aaronek eta bere semeek eskuak ezarri zituzten haren buruaren gainean:

        23. Hura imolatu ondoan, Moisek, odoletik harturik, ukitu zituen Aaronen eskuineko beharri-gingilaren mokoa, esku eskuineko erhi pototsa, eta orobat zangokoa.

        24. Aaronen semeak ere aitzinera erakharri zituen; eta ahari imolatuaren odolarekin ukitu ziotzaten ondoan batbederari eskuineko beharri-gingilaren mokoa, eskuineko esku eta zangoko erhi pototsak, ixuri zuen gainerako odola aldarearen inguruan:

        25. Bainan berez ezarri zituen buztana, sabela estaltzen duen bilgor guzia, eta gibelaren sarea, eta bi geltzurrinak beren gizenarekin eta eskuineko sorbalda.

        26. Eta Jaunaren aitzinean zen airisetako saskitik harturik ogi altxagarrigabeko bat, olioz bustirikako kausera bat, eta ophil bat, ezarri zituen bilgorren eta eskuineko sorbaldaren gainean,

        27. Guziak batean ematen zituelarik Aaroni eta bere semeei, zeinek gero altxatu baitzituzten Jaunaren aitzinean.

        28. Moisek hartu zituen berriz hekien eskuetarik eta holokaustetako aldarean erre, zeren hura baitzen kontsekrazioneko eskaintza, sakrifizioko usain gozoa Jaunari.

        29. Eta Jaunaren aitzinean altxatzen zuelarik kontsekrazioneko aharitik bulhar-artea, bere phartetzat hartu zuen, Jaunak manatu izan zioen bezala.

        30. Gero harturik gantzugarria eta aldare gainean zen odola, ihinztadura egin zuen Aaronen eta bere soinekoen gainera, haren semeen eta beren soinekoen gainera.

        31. Eta sainduetsi zituenean beren soinekoetan, manatu zioten, erraten ziotelarik: Erre zatzue haragiak tabernakleko athe aitzinean, eta hor jan zatzue: saskian ezarriak diren kontsekrazioneko ogiak ere jan zatzue, Jaunak niri manatu izan darotan bezala, zioelarik: Aaronek eta bere semeek janen dituzte hekiek:

        32. Bainan haragitik eta ogietarik geldituko den gainerako guzia, suaz ahitua izanen da.

        33. Halaber tabernakleko sartzetik etzarete zazpi egunez ilkhiren, zuen kontsekrazioneko ephea betheko den eguna arteo: ezen zazpi egunez osatzen da kontsekrazionea,

        34. Oraietan egin den bezala, sakrifizioko zeremonien bethetzekotzat.

        35. Gau eta egun tabernaklean egonen zarete, Jaunaren manamenduak begiratuz, beldurrez-eta hil zaitezten: ezen hola izan zait niri manatua.

        36. Eta Aaronek eta bere semeek egin zituzten Jaunak Moisen ahoz erran zituen guziak.

 

IX. KAP.

        1. Bada, zortzigarren eguna ethorri-eta, Moisek deithu zituen Aaron eta haren semeak eta Israelgo zaharrenak, eta Aaroni erran zioen:

        2. Arthaldetik aratxe bat har zazu bekhatuarentzat, eta ahari bat holokaustako, biak narriogabeak, eta Jaunaren aitzinean eskain zatzu.

        3. Eta errozute Israelgo semeei: Har zatzue akher bat bekhatuarentzat, eta urtheko aratxe eta bildots bat, eta narriogabeak, holokaustako,

        4. Idi bat eta ahari bat bakezko bitimatzat: eta hekiek imola zatzue Jaunaren aitzinean, sakrifizio bakhotxean eskaintzen duzuelarik irin zethabatua olioz bustia: zuei ezen egun agertuko zaitzue Jauna.

        5. Moisek manatu guziak erakharri zituzten beraz tabernakle-sartzera: eta oste guzia han xutik zagoelarik,

        6. Moisek erran zuen: Hau da Jaunak manatu duena: egizue eta agertuko zaitzue haren gloria.

        7. Eta erran zioen Aaroni: Hurbil zaite aldareari, eta imola zazu zure bekhatuarentzat: holokausta eskain zazu, eta othoitz egizu zuretzat eta populuarentzat; eta hil dukezunean populuaren bitima, othoitz egizu harentzat, Jaunak manatu izan duen bezala.

        8. Berehala aldarera hurbildurik, Aaronek aratxe bat imolatu zuen bere bekhatuarentzat:

        9. Bere semeek haren odola aitzinera eman zioten; hartan erhia bustiz ukitu zituen aldarearen adarrak, eta gainerakoa ixuri aldarearen oinetan.

        10. Eta bilgorra eta geltzurrinak eta gibelaren sarea, bekhatuarentzat direnak, erre zituen aldare gainean, Jaunak Moisi manatu izan zioen bezala.

        11. Bainan haragiak eta larrua kanpez haindian suan ahiarazi zituen.

        12. Gero imolatu zuen holokaustako bitima; eta bere semeek aitzinera eman zioten haren odola, zeina ixuri baitzuen aldarearen inguruan.

        13. Bitima bera ere pusketan ezarririk, buruarekin eta menbro bakhotxarekin aitzinera eman ziozkaten, eta guziak aldare gainean suan erre zituen,

        14. Lehenik urean garbitu ondoan sabela eta zangoak.

        15. Eta populuaren bekhatuarentzat akher bat hil izan zuen, eta aldarearen xahupena egin ondoan,

        16. Holokausta eskaini zuen,

        17. Iratxikitzen zituelarik libazione orobat eskaintzen direnak, eta hekiek erretzen zituelarik aldare gainean, goizeko holokaustako zeremoniez bertzalde.

        18. Eta imolatu zituen idia eta aharia, populuaren bakezko bitimak; eta bere semeek aitzinera eman zioten odola, zeina ixuri baitzuen aldarearen gainean inguru guzian.

        19. Idiaren bilgorra ordean, eta ahariaren buztana, eta geltzurrinak beren gizenekin, eta gibelaren sarea,

        20. Ezarri zituzten bitimen bulharren gainean: eta bilgorrak erre izan zirenean aldare gainean,

        21. Aaronek berezi zituen hekien bulharrak eta eskuineko sorbaldak, Jaunaren aitzinean altxatzen zituelarik, Moisek manatu izan zuen bezala;

        22. Eta populuaren alderat hedaturik eskua, benedikatu zuen. Eta horrela bekhatuarentzateko bitimen eta holokausten, eta bakezko bitimen eskaintzeak eginik, jautsi izan zen.

        23. Orduan Moise eta Aaron lekhukotasuneko tabernaklean sarthurik, eta gero ilkhirik, benedikatu zuten populua. Eta Jaunaren ospea oste guziari agertu zen;

        24. Eta hara non su bat jauzi zen Jauna ganik, eta iretsi zituen aldare gainean ziren holokausta eta bilgorrak. Populuak hori ikhusi zuenean, ahuspez eroririk, goretsi zuen Jauna.

 

X. KAP.

        1. Eta Aaronen seme Nadabek eta Abiuk isentsuntziak harturik, ezarri zuten hekietan sua, eta haren gainean isentsua, Jaunaren aitzinean eskaintzen zutelarik su atzea: hori zen manatua izan etzitzaiotena.

        2. Eta Jauna ganik su bat ilkhirik, iretsi zituen, eta hil ziren Jaunaren aitzinean.

        3. Eta Moisek erran zioen Aaroni: Hau da Jaunak errana: Sainduetsia izanen naiz niri hurbiltzen direnen baithan, eta goretsia izanen naiz populu guziaren aitzinean. Hori aditzearekin, Aaron ixildu zen.

        4. Bada, Moisek deithurik, Aaronen osaba Ozielen semeak, Misael eta Elisaphan, erran zioten: Zoazte eta har zatzue zuen anaiak tabernaklearen aitzinetik, eta eraman zatzue kanpez haindira.

        5. Eta berehala goanik, hartu zituzten lurrean hilak zaudezinak, beren liho athorrak soinean, eta manatu bezala arthiki zituzten kanpora.

        6. Orduan Moisek erran zioten Aaroni eta haren seme Eleazarri eta Ithamarri: Begira zaitezte burukoen khentzetik, eta etzatzuela zuen soinekoak phorroka, beldurrez-eta hil zaitezten, eta baldarna guziaren gainera jauz dadien Jaunaren hasarrea. Zuen anaiek eta Israelen etxe guziak deithora bezate Jaunak sorrarazi duen su-khalda.

        7. Zuek ordean tabernakletik ez betzaizte athera, bertzenaz xahutuak izanen zarete: ezen gainean duzue gantzudura sainduko olioa. Haukiek oro egin zituzten Moisen manuaren arabera.

        8. Aaroni halaber erran zioen Jaunak:

        9. Arnorik, ez-eta hordi dezakeen bertze edaririk ez duzue edanen, ez zuk ez-eta zure semeek, lekhukotasuneko taberneklean sarthuko zaretenean, hil etzaiztezentzat: zeren hori baita manamendu bat bethi iraunen duena zuen ondorego guzientzat,

        10. Jakin dezazuen ezagutzen zer den saindu, eta zer profano, zer den lohi, eta zer xahu;

        11. Eta Israelgo semeei irakhats diotzotzueten ene lege guziak, Jaunak Moisen arartekoz hekiei emanak.

        12. Eta Moisek erran zioten Aaroni eta haren seme Eleazar eta Ithamar, gelditu zirenei: Har zazue Jaunari egin eskaintzatik gelditu den sakrifizioaren ondarra, eta jan zazue altxagarririk gabe aldare-ondoan, zeren den sainduren saindu.

        13. Bada, lekhu sainduan janen duzue, zeren zuri eta zure semeei emana izan baitzaitzue Jaunari eginikako eskaintzetarik, niri manatua izan zaitan bezala.

        14. Eskainia izan den bulhar-artea ere, eta berezia den sorbalda, tokirik xahuenean janen ditutzue, zuk eta zure semeek, eta zure alabek zurekin. Zuretzat ezen eta zure haurrentzat bazterrerat ezarriak izan dira Israelgo semeen bitima bakezkoetarik;

        15. Zeren sorbalda, bulharra eta bilgorra aldarean erretzen direnak, Jaunaren aitzinean altxatu baitituzte, eta zureak eta zure semeenak baitira, bethiko lege batez, Jaunak manatu izan duen bezala.

        16. Bizkitartean, Moisek bilhatzean bekhatuarentzat eskainia izan zen akherra, kiskailia khausitu zuen; eta samurtu zitzaioten Eleazarri eta Ithamarri, Aaronen seme gelditu zirenei, eta erran zioten:

        17. Zertako ez duzue jan lekhu sainduan bekhatuarentzateko bitima, sainduren saindu dena, eta emana izan zaitzuena jasan dezazuentzat populuaren gaizkia, eta harentzat othoitz egin dezazuen Jaunaren aitzinean,

        18. Guziz ez denaz geroztik bitima horren odoletik ekharri saindutegira, eta hori jan izan behar baitzinduten lekhu sainduan, niri manatua izan zaitan bezala?

        19. Aaronek ihardetsi zuen: Bekhatuarentzateko bitima eta holokausta egun Jaunaren aitzinean eskainiak izan dira; bainan ikhusten duzuna gerthatu zait niri: nola jan nezakeen hori, edo nola zeremonietan Jaunari atsegin egin nezokeen ene bihotzeko beltztasunarekin?

        20. Hori entzutearekin, Moisek onhetsi zuen solasa.

 

XI. KAP.

        1. Moisi eta Aaroni mintzatu zen Jauna, zioelarik:

        2. Errozute Israelgo semeei: Lurreko abere guzietarik hautxek dira jan behar ditutzuenak.

        3. Lau hatzetako abereetarik janen ditutzue hatzeko behatza urratua dutenak eta ausnarrean haritzen direnak.

        4. Ordean ausnarrezaletarik, behatza duena bainan ez urratua, hala nola kamelua eta gainerakoak, ez duzue hura janen, eta lohien arteko idukiren duzue.

        5. Sagarroia, ausnarrezalea delarik behatza urratua ez duena, lohia da.

        6. Erbia ere bai: ezen ausnarrezalea da, bainan ez du behatza urratua.

        7. Eta urdea, behatz urratuarekin delarik, ez da ausnarrezalea.

        8. Abere horien haragietarik ez duzue janen, eta ez duzue horien hilikia ukituko, zeren lohi diren zuentzat.

        9. Haukiek dira urean sortzen direnak eta jatea sori direnak: hegalak eta ezkatak dituzten guziak, nahiz itsasoan, nahiz hibaietan eta ur-maeletan, janen ditutzue.

        10. Bainan urean dabiltzan eta bizi direnetan, hegalik eta ezkatarik ez dituztenak, hatszat iduki

        11. Eta higuintzetan izan behar ditutzue: ez duzue janen hekien haragietarik, eta hekien hilikiari bazter eginen diozuete.

        12. Uretan hegal eta ezkata gabe diren guziak lohi izanen dira.

        13. Hegastinetan, haukiek dira jan behar ez ditutzuenak eta ihes egin behar diozuetenak: arranoa, grifoina eta itsas-arranoa;

        14. Mirua eta saia, eta beren motakoak;

        15. Bele mota guziak;

        16. Ostruka, huntza, maloina, astorea eta beren motakoak;

        17. Huntz oihularia, puianta eta ibisa;

        18. Zina, pelikanoa eta porfiriona;

        19. Amiamokoa, karadriona eta beren motakoak, basoilarra ere eta gau-ainhara;

        20. Hegaldaka eta hanbatean lau hatzen gainean ibiltzen diren guziak hats izanen zaizkitzue.

        21. Ordean lau hatzen gainean dabilana, bainan gibeleko zangarrak luzeagoak dituelarik hekiekin lurraren gainean jauzika ibiltzen dena

        22. Jaten ahal duzue, hala nola brukoa, atakoa, ophiomakoa eta xartala, zein bere motaren arabera.

        23. Bainan hegaldaka dabiltzanetan, lau hatz baizik ez dituztenak hats izanen zaizkitzue.

        24. Eta edozein hekien hilikia ukituko duena, khutsatuko da eta lohi egonen arrats arteo:

        25. Eta hekien hilikitik zerbaiten erabiltzeko premian izan baledi, garbituko ditu bere soinekoak, eta lohi izanen da iguzkia sarthu arteo.

        26. Edozein abere, hatzean behatza duena, bainan urratugabea, eta ausnarrean haritzen ez dena, lohi izanen da; eta hura ukitzen duena khutsatuko da.

        27. Lau hatzen gainean dabiltzan abere guzien arteko, eskuen gainean ibiltzen dena, lohi izanen da; haren hilikia ukituko duena khutsatua izanen da arrats arteo.

        28. Halako hilikirik erabiliko duenak, soinekoak garbituko ditu, eta arrats arteo lohi izanen da, zeren halako abere guziak zuentzat lohi izanen baitira.

        29. Lurraren gainean dabiltzan abereetan hautxek ere lohitzat idukiko ditutzue; anjerejerra, sagua eta krokodila, zein bere motaren arabera.

        30. Armiarma-sagua, kameleoina, estelioa, muskerra eta sathorra:

        31. Horiek oro lohiak dira. Horien hilikia ukituko duena, arrats arteo lohi izanen da:

        32. Eta horien hilikitik edozein gauzetara zerbait eror badadi, khutsatua izanen da, nahiz zurezko untzi, nahiz soineko, larru edo marrega: eta zerbait lanetan erabiltzen diren untziak, urean garbituko dira, eta lohi izanen dira arrats arteo; eta gero xahu eginak izanen dira.

        33. Bainan lurrezko untzia zeinetara holakorik zerbait eroriko baita, khutsatuko da, eta horren gatik hausteko da.

        34. Halako untzitik zure jatekora urik erortzen bada, jatekoa lohi izanen da; eta halako untziko edari guzia, lohi izanen da,

        35. Eta hiliki hekietarik zerbait erortzen bada, ukitua lohituko du: nahiz su-untziak, nahiz duphinak, lohi izanen dira, eta hautsiko dira.

        36. Bainan ithurriak, urtegiak eta urbildegi guziak xahu izanen dira. Erran hilikia ukituko duena izanen da lohi.

        37. Hekietarik zerbait erortzen bada haziaren gainera, ez du khutsatuko.

        38. Bainan norbaitek hazia urez busti badu, eta gero hilikiz ukitua bada, ordutik khutsatua da.

        39. Jatea zilhegi zaitzuen abereetarik bat bere baitarik hiltzen bada, haren hilikia ukituko duena, arratseraino lohi izanen da.

        40. Hartarik janen edo ekharriko duenak, soinekoak garbituko ditu, eta arrats arteo lohi izanen da.

        41. Lurrean herrestaka dabilan guzia, hats izanen da, eta ez da jateko harturen.

        42. Ez duzue janen lau hatzetako eta gehiagoko abere bulharraren gainean dabilana, edo lurrean herrestatzen dena, zeren-eta hats baita.

        43. Etzatzuela notha zuen arimak, eta etzazuela hekietarik batere uki, lohi izan etzaiztezentzat.

        44. Ezen ni naiz zuen Jainko Jauna: saindu izan zaitezte, zeren saindu naizen ni. Etzatzuela khutsa zuen arimak lurraren gainean higitzen diren zierpeez.

        45. Ni naiz ezen Jauna Egiptoko lurretik atheratu zaituztedana, zuen Jainkoa izan nadientzat. Saindu izan behar duzue, saindu naizelakotz ni.

        46. Hau da legea, azienda, hegastin, urean dabiltzan eta lurrean herrestatzen diren abere mota guzien gainekoa,

        47. Ezagut dezazuentzat zer den xahu eta zer lohi, eta jakin dezazuen zer behar duzuen jan eta zer utzi.

 

XII. KAP.

        1. Moisi berriz ere Jauna mintzatu zitzaioen hunela:

        2. Mintza zaite Israelgo semeei, eta hau errozute: Emazteki, izorra gerthatu ondoan, muthikokiaz erdiko dena, lohi izanen da zazpi egunez, bere hilabethetako berezgoaren egunetan bezala.

        3. Haurra zortzigarren egunean ingurebakiko da.

        4. Bera ordean hogoi eta hamahirur egunez egonen da bere xahupeneko odolean. Ez du deusere saindu denik ukituko, eta ez da saindutegian sarthuren bere xahupeneko egunak bethe arteo.

        5. Bainan nexka batez erdi bada, lohi izanen da bi astez, bere odol-galtzetan ohi den bezala, eta hirur hogoi eta sei egunez egonen da bere xahupeneko odolean.

        6. Eta bere xahupeneko egunak bethe dituenean semearentzat, edo alabarentzat, urtheko bildots bat holokaustetako ekharriko du, eta usokume edo ttorttoila bat, bekhatuarentzat, lekhukotasuneko tabernakle-sartzera, eta emanen diozka aphezari;

        7. Eta hunek eskainiko ditu Jaunaren aitzinean, eta haren bekhatuarentzat othoitz eginen du, eta hola xahutuko da bere odol ixurtzetik. Hori da muthikokiaz edo nexkaz erditzen denaren legea.

        8. Eta ez badu khausitzen eta ez badezake eskeint bildotsa, hartuko ditu bi ttorttoila edo bi usokume, bat holokaustetako, eta bertzea bekhatuarentzat; aphezak harentzat eginen du othoitz, eta hola xahutuko da.

 

XIII. KAP.

        1. Gero Jauna mintzatu zen Moisi eta Aaroni, erraten ziotelarik:

        2. Gizona, zeinari larruan eta haragian atheratuko baitzaio kara mudazkorik edo bixikarik, edo zerbait argidura bezalatsukorik, erran nahi da legen-zauria, eramana izanen da Aaron aphezaren aitzinera edo haren semeetarik baten gana.

        3. Hunek ikhusten duenean legena larruan, eta ileak zurira mudatuak, eta legenaren itxura den tokia sarthuagoa dela larrua baino eta bertze haragia baino, lehenaren zauria da, eta aphezaren erabakitik gizona lagunetarik berezia izanen da.

        4. Bainan zuritasun argi hura larruan bada, eta bertze haragia baino sarthuagoa ez bada, eta ileak leheneko karan badaude, aphezak gizona zazpi egunez hertsia idukiko du,

        5. Eta zazpigarren egunean begiratuko dio: eta baldin legena ez bada gehiago handitu, eta ez baditu larruan aitzineko neurriak iragan, berriz bertze zazpi egunez hertsiko du.

        6. Eta zazpigarren egunean begiratuko dio: eta legena ilhunago bada, eta ez bada larruan hedatu, xahutuko du gizona, zeren zaragarra baita: gizonak garbituko ditu bere soinekoak, eta xahu izanen da.

        7. Baldin aphezak ikhusia izan ondoan, eta xahu atheratua, legena berriz hedatzen balitz, gizona aphezaren gana bihurtua izanen da,

        8. Eta lohitzat atheratua izanen da.

        9. Legenaren zauria gizon baten baithan gerthatzen balin bada, haina aphezaren gana erakharriko da,

        10. Eta hunek ikhusiko du. Eta larrua zuritua denean, eta ileen itxura mudatua, eta haragi bizia ere ageri,

        11. Legena zaharkitua eta larruari jota dela erabakiko da. Horren gatik aphezak lohitzat atheratuko du gizona, eta ez du hertsiko, zeren haren lohitasuna agerikoa baita.

        12. Bainan legena barraiatuz hostatzen bada, burutik zangoetaraino, begiek ikhus ahal detzazketen guziak estaltzen baditu,

        13. Aphezak begiratuko dio, eta erabakiko du legenik xahuena duela, guzia zuritu duelakotz, eta hortako xahu izanen da.

        14. Bainan haragi bizia agertuko zaioenean,

        15. Orduan aphezaren erabakitik lohi atheratuko da, eta lohien arteko idukia izanen da; ezen haragi biziarekin nahastekatzen den legena, lohi da.

        16. Baldin berriz zurira bihurtzen bada, eta gizona osoki estaltzen badu,

        17. Aphezak begiratuko dio, eta xahutzat atheratuko du.

        18. Baldin norbaiti haragian edo larruan zauri bat sorthu bazaio eta sendatu,

        19. Eta zauri-lekhuan agertzen bada orbain bat zuria edo gorrastkara, gizona aphezaren gana erakharriko da.

        20. Hunek ikhusiko duenean legenaren tokia bertze haragia baino sarthuagoa, eta ileak zurituak, haina lohitzat atheratuko du; ezen legenaren zauria ilkhi da orbainean.

        21. Ileak leheneko kara balin badu eta orbaina uhersko, eta inguruko haragia baino ez bada sarthuagoa, aphezak gizona hertsiko du zazpi egunez.

        22. Eta berhatzen bada, legena dela erabakiko du.

        23. Bainan bere lekhuan baratzen bada, zauriaren orbaina da, eta gizona xahu izanen da.

        24. Bainan suz errerik sendatu diren haragiak eta larruak orbaina zuri edo uher badute,

        25. Aphezak begiratuko dio, eta zurira bihurtu bada, eta haren lekhua larru gainerakoa baino sarthuagoa; lohitzat atheratuko du gizona, zeren legenaren zauria orbainean sorthu baita.

        26. Ileen kara hala-hala egon bada, eta zauria ez bada gainerako haragia baino sarthuagoa, eta legenaren ithura gobela balin bada, aphezak gizona hertsiko du zazpi egunez,

        27. Eta zazpigarren egunean begiratuko dio: legena barraiatu bada larruan, gizona lohitzat atheratuko du.

        28. Bainan zuritasuna bere lekhuan egon bada garbia izan gabe, erretzapeneko zauria da: eta horren gatik gizona xahutzat atheratuko da, zeren orbaina erredurarena baita.

        29. Gizona edo emaztekia, zeinari buruan edo bizarrean hazi baitzaio legena, ikhusiak izanen dira aphezaz.

        30. Eta lekhua sarthuagoa bada bertze haragia baino, ilea horasta eta ohi baino meharragoa, aphezak hainak lohitzat atheratuko ditu, zeren legena burukoa eta bizarrekoa baita.

        31. Bainan ikhusten badu plaparen tokia inguruko haragiarekin bardinean dela eta ilea beltz, gizona hertsiko du zazpi egunez,

        32. Eta zazpigarren egunean begiratuko dio. Baldin plapa hedatu ez bada, eta ilea bere karako badago, eta zauriaren tokia bertze haragiarekin bardin,

        33. Gizona murriztuko dute lekhat plaparen tokian, eta bertze zazpi egunez hertsia izanen da.

        34. Baldin zazpigarren egunean ikhusten bada zauria bere lekhuan egon dela, eta ez dela bertze haragia baino sarthuagoa, aphezak xahu atheratuko du, eta xahu izanen da bere soinekoak garbitu ondoan.

        35. Bainan xahutu-eta, plapa hedatzen bada oraino larruan,

        36. Ez du gehiago bilhatuko hea ilea horitu denez, zeren den ageriki lohia.

        37. Bada, plapa baratu bada, eta ileak beltz badira, ezagut beza gizona sendatua dela, eta ausarki xahutzat athera beza.

        38. Gizon edo emazteki, larruan zuria agertzen zaioenari,

        39. Aphezak begiratuko zuritasun ubelak argitzen duela larruan khausitzen badu, jakin beza ez dela legena, bainan plapa zuri bat, eta gizona xahua dela.

        40. Gizona, zeinari ileak burutik erortzen baitzaizko, khartzoil da eta xahu:

        41. Eta belharretik erortzen bazaizko ileak, aitzinez khartzoil da eta xahu.

        42. Bainan khartzoildu tokian, aitzinean edo gibelean, plapa zuri edo horirik sorthu bada,

        43. Aphezak ikhusi-eta, eikirik gabe erabakiko du legena dela, toki khartzoilduan sorthua.

        44. Beraz legenak joa, eta aphezaren erabakiz berezia den nor-nahik,

        45. Soinekoak urratuak idukiko ditu, burua has, begithartea soinekoaz itzalia, eta oihuz egonen da khutsatua eta lohi dela.

        46. Legentsu eta lohi izanen den ephe guzian, egonen da bakharrik kanpetarik kanpo.

        47. Soineko ilezko edo lihozkoa legena duena

        48. Irazkian eta forraduran, edo larruzkoa bada, edo larrukiz egina den zerbait,

        49. Plapa zuriaz edo gorrastaz thonatua bada, plapa hura legentzat ekharria izanen da, eta aphezari erakhutsiko zaio.

        50. Hunek, begiratu-eta, zazpi egunez hertsiko du.

        51. Eta zazpigarren egunean berriz begiraturik, berhatu dela atzematen badu, dirauen legena da, soinekoa khutsatua dela erabakiko du, eta thonekin kausitu diren gauza guziak ere bai;

        52. Eta horren gatik suan erreko dira.

        53. Ikhusten badu thona ez dela berhatu,

        54. Manatuko du, eta garbituko dute legena duen gauza, eta aphezak hura bertze zazpi egunez hertsiko du.

        55. Eta ikhusten duenean leheneko itxura ez dela bihurtu, nahiz legena ez den berhatu, lohitzat erabakiko du, eta suan erreko, legena jarri delakotz soinekoaren axalean, edo barnera ere sarthu.

        56. Bainan soinekoa garbitu ondoan legenaren tokia ilhunago bada, ebakiko du puska eta gainetakotik bereziko.

        57. Geroago agertzen bazaio, aitzinean thonatuak etziren lekhuetan, legen ezbaieko dabilan bat, suan erre behar da.

        58. Legena gelditu bada, urean xurituko dira berriz garbi direnak, eta xahu izanen dira.

        59. Hori da legenaren legea soineko ilezkoetan eta lihozkoetan, oihalean eta forraduran, eta larruzko puska guzietan, nola behar diren xahu edo lohitzat atheratu.

 

XIV. KAP.

        1. Eta Jauna Moisi mintzatu zen, zioelarik:

        2. Huna legentsuaren legea xahutzat atheratzekotan denean: Aphezaren aitzinera erakharriko da:

        3. Hunek, kanpetarik ilkhirik, atzematen duenean legena sendatua dela,

        4. Xahupenetan denari manatuko dio bere buruarentzat eskeint ditzan bizirik bi etxe-xori zeinetarik jatea zilhegi baita, zedro zurkia, eskarlatakia eta hisopoa.

        5. Manatuko du etxe-xorietarik bat imolatua izan dadien lurrezko untzian, ur bizien gainean:

        6. Eta bertzea, bizirik dena, zedrokiarekin, eskarlatarekin eta hisopoarekin, imolatua izan den etxe-xoriaren odolean bustiko du.

        7. Odol hartaz zazpi aldiz ihinztatuko du xahutzekotan dena, legez xahutua izan dadientzat: eta bertze etxe-xoria bizirik utziko du goatera, bazterretan hegaldaka ibil dadientzat.

        8. Eta gizonak garbitu ditukeenean bere soinekoak, bere gorphutzeko ile guziak murriztuko ditu, eta urez garbituko da: eta xahutua sarthuko da kanpetan, egoten delarik halabadere zazpi egunez bere olhatik kanpo,

        9. Eta zazpigarren egunean murriztuko ditu buruko ileak, bizarra, bephuruak eta gorphutz guziko ileak. Eta berriz garbiturik soinekoak eta gorphutza,

        10. Zortzigarren egunean hartuko ditu bi bildots narriogabeak, urtheko antxu nothagabe bat, eta irin zethabatutik hirur hamarren sakrifiziokotzat, olioz bustirik, eta bertzalde laurden bat olio.

        11. Gero aphezak xahutzen duelarik gizona, horiekin guziekin ezarri dukeenean Jaunaren aitzinean lekhukotasuneko tabernakle-sartzean,

        12. Bildots bat hartuko du eta hobenarentzat eskeiniko laurden olioarekin: eta guziak Jaunaren aitzinean eskaini ondoan,

        13. Bildotsa imolatuko du, bekhatuarentzateko bitima eta holokausta imolatzen ohi diren tokian, erran nahi da lekhu sainduan. Ezen nola bekhatuarentzateko bitima, hala hobenarentzatekoa aphezarena da: sainduren saindu da.

        14. Eta aphezak hobenarentzat imolatua den bitimaren odoletik harturik, hartarik ezarriko du xahutzen hari denaren eskuineko beharri-gingilaren mokoan, eta eskuineko eskukuko eta zangoko erhi pototsetan:

        15. Eta laurden oliotik ere ixuriko du bere ezkerreko eskura,

        16. Eta eskuineko erhia bustiko du olioan, eta zazpitan eginen du ihinztadura Jaunaren aitzinean;

        17. Eta ezkerreko eskuan gelditu den olioa ixuriko du xahutzen hari denaren eskuineko beharri-gingilaren mokora eta eskuineko eskuko eta zangoko erhi pototsetara, eta bekhatuarentzat ixuria den odolaren gainera,

        18. Eta gizonari buru gainera.

        19. Harentzat othoitz eginen du Jaunaren aitzinean, eta bekhatuarentzateko sakrifizioa eginen du: orduan imolatuko du holokausta,

        20. Eta hura ezarriko du aldare gainean bere libazioneekin, eta gizona behar-den-bezala xahutua ditake.

        21. Bainan beharra balin bada, eta erran direnak ezin badetzazke atzeman, hobenarentzat hartuko du bildots bat eskaintzetako, aphezak harentzat othoitz egin dezan, eta hamargarren bat irin zethabatu, eta laurden bat olio,

        22. Eta bi ttorttoila edo bi usokume, zeinetarik bat bekhatuarentzat eta bertzea holokausteuko:

        23. Eta xahupeneko zortzigarren egunean aphezari eskeiniko diozka lekhukotasuneko tabernakle-sartzean, Jaunaren aitzinean.

        24. Aphezak bildotsa hobenarentzat hartzen duelarik, eta olio laurdena, batean altxatuko ditu;

        25. Eta bildotsa imolaturik, haren odoletik ezarriko du xahutzen denaren eskuineko beharri-gingilako mokoan eskuineko esku eta zangoko erhi pototsetan:

        26. Bere esku ezkerrean emanen du oliotik,

        27. Hartan esku eskuineko erhia bustiz, zazpitan ihinztadura eginen du Jaunaren aitzinean;

        28. Eta ukituko ditu xahutzen hari denaren eskuineko beharri-gingilako mokoa eta eskuineko esku eta zangoko erhi pototsak, hobenarentzat ixuria izan den odolaz bustiak izatu diren tokian;

        29. Eta esku ezkerrean gelditu zaioen gainerako olioa, xahutua denari buru gainera ixuriko dio, Jauna haren alderat begithartez jar dadientzat.

        30. Eta eskeiniko du ttorttoila edo usokumea,

        31. Bat hobenarentzat eta bertzea holokaustetan bere libazioneekin.

        32. Bere xahupenekotzat behar dituen guziak ezin izan detzazkeenaren sakrifizioa hori da.

        33. Jauna oraino ere Moisi eta Aaroni mintzatu zitzaioeten hunela:

        34. Sarthu zaiztekeenean Kanaango lurrean, zeina gozatzera emanen baitarotzuet, legenarekilako etxerik balin bada,

        35. Etxearen jabea aphezari goanen zaio eta erranen dio: Iduritzen zait ene etxean badela legenaren zauria bezalako bat.

        36. Orduan aphezak manatuko du athera detzaten etxeko puska guziak, bera barnera sar dadien baino lehen eta ikhus dezan hea legentsua denez, beldurrez-eta etxeko gauzak oro lohi bilhaka ditezen. Eta gero sarthuko da etxeko legenaren ikhustera.

        37. Eta ikhusten dituenean hango harrasietan errekaguneak bezala ubelduraz edo gorrastduraz itsustuak, eta gainerako azala baino sarthuagoak,

        38. Etxetik ilkhiko da, eta berehala hertsiko du zazpi egunentzat.

        39. Zazpigarren egunean itzulirik, begiratuko dio: legena berhatu dela atzematen badu,

        40. Manatuko du athera detzaten legendun harriak, eta hiritik kanpoan arthik detzaten lekhu lohi batera;

        41. Etxea bera kharrakatua izan dedin barnetik inguruka, eta kharrakaduratik heldu den herrautsa arthikia izan dedin hiriz kanpoan lekhu lohi batera,

        42. Eta bertze harri batzuek ezar detzaten khenduen orde, eta bertze buztin batez zartatua izan dadien etxea.

        43. Bainan harriak eta kharrakak khendu ondoan, eta etxea buztin berriz zartatu-eta,

        44. Aphezak sarthurik ikhusten badu legena bihurtua, eta harrasiak zaflaka plapatuak, legen dirauena da, eta etxea lohia.

        45. Etxe hura arthikiko da berehala lurrera, eta hartako harriak, zurak eta phorroska guziak hiriz kanpoan lekhu lohi batera arthikiko dira.

        46. Etxe hura hertsia dagoenean, barnera sarthuko dena, lohi izanen da arrats arteo;

        47. Eta han lo eginen duenak, eta zerbait janen, garbituko ditu bere soinekoak.

        48. Aphezak sartzean ikhusten badu legena ez dela etxean berhatu, berritan zartatua izan denaz geroztik, sasualdutzat xahutuko du:

        49. Eta xahupenaren egiteko harturen ditu bi etxe-xori, zedro zura, eskarlata eta hisopoa;

        50. Eta etxe-xori bat imolaturik lurrezko untzian ur bizien gainean,

        51. Hartuko ditu zedro zura, hisopoa, eskarlata eta etxe-xori bizia, eta oro bustiko ditu etxe-xori imolatuaren odolean eta ur bizietan, eta zazpi aldiz ihinztatuko du etxea,

        52. Eta hura xahutuko du hala etxe-xoriaren odolaz nola ur biziez, eta etxe-xori biziaz, eta zedro zuraz, eta hisopoaz eta eskarlataz.

        53. Eta utzi duenean etxe-xoria kanpoan libroki hegaldatzera, othoitz eginen du etxearentzat, zeina legez xahutua izanen baititake.

        54. Hori da legenaren eta gaitz gaixto guzien gaineko legea,

        55. Eta soinetakoetako eta etxeetako legenarena,

        56. Orbainena eta jauzten diren uderrena, plapa argitzen dutenena, eta asko kara moten mudantzena;

        57. Jakin ahal izan dadientzat noiz den gauza bat edo xahu, edo lohi.

 

XV. KAP.

        1. Jauna berriz Moisi eta Aaroni mintzatu zen hunela:

        2. Mintza zaizte Israelgo semeei, eta errozuete: Hazi jaria jasaiten duen gizona, lohi izanen da.

        3. Eta ezagutuko da gaitz hori baduela, noizetare zorne urrindu bat lothuko baita noiznahiden haren haragiari eta bethi berhatuko.

        4. Ohe guziak zeinetan lo egin baituke eta jarri den tokia ere lohi izanen dira.

        5. Haren ohea ukituko duen gizonak, bere soinekoak xurituko ditu; eta bere burua urean garbitu-eta, arratseraino lohi egonen da.

        6. Hura jarri den tokian jarriko denak ere bere soinekoak xurituko ditu; eta urez garbitu ondoan, arratseraino lohi izanen da.

        7. Haren haragia ukitu duenak, xurituko ditu bere soinekoak; eta urez garbitu ondoan, arratseraino lohi izanen da.

        8. Horrelako gizonak ahogozoa arthiki badu xahu denaren gainera, hunek xurituko ditu bere soinekoak; eta urean garbitu ondoan, arratseraino lohi izanen da.

        9. Harbalda zeinaren gainean jarriko baita, lohi izanen da.

        10. Eta hazi jaria duen gizonaren azpian gerthatu ditakeen guzia, arratseraino lohi izanen da. Halakorik zerbait erabili duenak xurituko ditu bere soinekoak; eta urean garbitu den ondoan, arratseraino lohi izanen da.

        11. Hola denak, eskuak garbitu gabe ukitzen badu norbait, hunek xurituko ditu bere soinekoak; eta urean garbitu-eta, arrats arteo lohi izanen da.

        12. Ukituko duen lurrezko untzia, hautsiko da; zurezkoa bada ordean, urez garbituko da.

        13. Horrelako gaitza duena sasualtzen bada, bere xahupenetik zazpi egunen buruan, bere soinekoak eta gorphutz guzia ur bizietan garbiturik, xahu izanen da.

        14. Bainan zortzigarren egunean hartuko ditu bi ttorttoila edo bi usokume, eta Jaunaren aitzinera ethorriko da lekhukotasuneko tabernakle-sartzera eta hekiek emanen diozka aphezari,

        15. Zeinak imolatuko baitu bat bekhatuarentzat, eta bertzea holokaustetan; eta harentzat othoitz eginen du Jaunaren aitzinean, xahu dedintzat bere hazi jariatik.

        16. Gizonak zeinari hazia ilkhiko baitzaio emaztearekilako eginbidean, bere gorphutz guzia urean garbituko du, eta arrats arteo lohi izanen da.

        17. Bere soinekoa eta orduan zuen larrua urez garbituko ditu eta lohi izanen dira arrats arteo.

        18. Emaztekia, zeinarekin erabili baita, urean garbituko da, eta lohi izanen da arrats arteo.

        19. Emaztekia, hilabethe-buruan bere odol jaustearekin dena, berezia izanen da zazpi egunez.

        20. Hura ukituko duena lohi izanen da arratseraino.

        21. Eta lo egin duen tokia eta jarri izan den lekhua bere berezpeneko zazpi egunetan, lohi izanen dira.

        22. Haren ohea ukitu dukeenak, xurituko ditu bere soinekoak, eta bere burua urean garbiturik, arratseraino lohi izanen da.

        23. Hura jarri den alkhia ukitu duenak xurituko ditu bere soinekoak; eta bere burua urean garbitu ondoan khutsatua izanen da arratseraino.

        24. Hari, bere astagaitzetako orduan, hurbildu izan zaioen gizona, zazpi egunez lohi izanen da; eta lo egiteko hartuko duen etzauntza khutsatua da.

        25. Emaztekia, zeinak asko egunez odol jaustea jasaiten baitu astagaitzetako ordutik kanpo, edo zeinari astagaitzen ondotik odol aria ezbaitzaio gelditzen, gaitz hori jasaiteko dueno lohi izanen da, astagaitzak balitu bezala.

        26. Harek lo eginikako etzauntza eta jarri izan den alkhia, khutsatuak dira.

        27. Eta hekietarik ukitu duenak xurituko ditu bere soinekoak; eta bere burua urean garbitu ondoan lohi izanen da arrats arteo.

        28. Odola baratu balitz eta jaustetik gelditu, emaztekiak bere xahupeneko hondatuko ditu zazpi egun,

        29. Eta zortzigarren egunean bere buruarentzat ekharriko diozka aphezari bi ttorttoila edo bi usokume lekhukotasuneko tabernakle-sartzera.

        30. Aphezak bat imolatuko du bekhatuarentzat eta bertzea holokaustetan, eta Jaunaren aitzinean othoitz eginen du harentzat eta haren jauste lohiarentzat.

        31. Irakhatsiren diozuete beraz Israelgo semeei begira ditezen lohikeriatik eta beren likhiskerietan hiltzetik, khutsatu duketenean ene tabernakle zuen artean dena.

        32. Hori da legea hazi jaria dutenentzat, edo emaztekiarekin khutsatzen direnentzat,

        33. Eta astagaitzetako orduan berezten den emaztekiarentzat, edo odol jaria jarraikia duenarentzat, eta harekin lo egin duen gizonarentzat.

 

XVI. KAP.

        1. Jauna mintzatu izan zitzaioen Moisi, Aaronen bi semeen heriotzearen ondoan, su arrotza eskaintzen zutelarik hilak izan zirenean:

        2. Eta manamendu egin zioen, erraten zioelarik: Errozu zure anaia Aaroni, edozein orduz ez dedin sar saindutegian, zeina baita belaren barneko aldean, arkha estaltzen duen propiziatorioaren aitzinean, beldurrez-eta hil dadien (ezen lanho batean agertuko naiz oraklearen gainean),

        3. Ez baditu lehenik egiten hautxek: aratxe bat eskainiko du bekhatuarentzat, eta ahari bat holokaustetan.

        4. Liho-harizko athorra jauntziko du, ahalkesun direnak galtzekin estaliko ditu, liho-harizko gerrikoaz tinkatuko da, burukoa ezarriko du buruan, ezen soineko horiek sainduak dira: xahutu den ondoan, jauntziko ditu guziak.

        5. Israelgo semeen balderna guzia ganik hartuko ditu bi akher bekhatuarentzat eta ahari bat holokaustetako.

        6. Eta aharia eskaini dukeenean, eta othoitz egin beretzat eta bere etxearentzat,

        7. Bi akherrak jarraraziko ditu Jaunaren aitzinean lekhukotasuneko tabernakle-sartzean;

        8. Eta hekien gainera zortea atheraturik, bat Jaunarentzat izateko eta bertzea akher bidalkintzat.

        9. Zeinere zorteak Jaunari atheratuko baitio, eta hura imolatuko du bekhatuarentzat;

        10. Zeinere atheratuko baita akher bidalkintzat, eta hura bizirik ezarriko du Jaunaren aitzinean, haren gainera ixurtzeko bere othoitzak, eta gero mortura igortzeko.

        11. Horiek behar-bezala egin ondoan, eskainiko du aratxea; eta beretzat eta bere etxearentzat othoitz egiten duelarik, imolatuko du hura;

        12. Eta isentsuntzia harturik, aldareko ikhatzez bethe ondoan, eskuan hartuko ditu isentsutako xuxenduak diren baltsamuak, eta belaz barnera saindutegira sarthuko da;

        13. Baltsamuak suaren gainean ezarririk, hekien lanhoak eta hatsak estal dezan lekhukotasunaren gainean den oraklea, eta hil eztadien bera.

        14. Halaber hartuko du aratxearen odoletik eta erhiaz zazpi aldiz ihinztadura eginen du propiziatorioaren parrean iguzki-sorthaldera.

        15. Eta akherra hil dukeenean populuaren bekhatuarentzat, haren odola eramanen du belaren barneko aldera, aratxearen odolarentzat manatua izan den bezala, ihinztaduraren egiteko oraklearen aitzinean,

        16. Eta saindutegiaren xahutzeko Israelgo semeen likhiskerietarik, hekien lege-hauspenetarik eta bekhatu guzietarik. Molde berean eginen du lekhukotasuneko tabernaklearentzat, zeina hekien artean, hekien egoitzako likhiskerien erdian jarria baita.

        17. Nihorrere tabernaklean izan ez bedi, aphez handia saindutegian sartzen denean othoitz egitera beretzat eta bere etxearentzat eta Israelgo balderna guziarentzat, hura ilkhi arteo.

        18. Eta atheratuko denean Jaunaren aitzinean den aldarera, othoitz egin beza beretzat; eta harturik aratxearen eta akherraren odola, inguruan ixur beza aldareko adarren gainera;

        19. Eta erhiaz zazpitan ihinztadura egiten duelarik, saindutegia xahutuko du eta saindutuko Israelgo semeen likhiskerietarik.

        20. Saindutegiaren, tabernaklearen eta aldarearen xahupena egin ondoan, orduan eskaint beza bizi den akherra.

        21. Eta bi eskuak emanik haren buruaren gainera, aithor betza Israelgo semeen gaixtakeria, hoben eta bekhatu guziak; eta oro haren buruaren gainera deitzen dituelarik, igor beza mortura, hartako berezia den gizon batez.

        22. Eta akherrak hekien gaixtakeria guziak eraman ditukeenean basa lekhuetan barna, eta mortuan utzia izan den ondoan,

        23. Aaron bihurtuko da lekhukotasuneko tabernaklera, eta aitzinean saindutegian sartzerakoan jauntzi zituen soinekoak erauntzirik, eta han utzirik,

        24. Bere burua garbituko du lekhu sainduan, eta bere soinekoak jauntziko ditu. Eta ilkhirik bere holokausta eta populuarena eskaini ondoan, othoitz eginen du hala beretzat nola populuarentzat;

        25. Eta bekhatuentzat eskainia den bilgorra erreko du aldare gainean.

        26. Eta akher bidalkinaren eramaten izatu denak, bere soinekoak eta gorphutza urean garbituko ditu, eta hala sarthuko da kanpetara.

        27. Bekhatuarentzat imolatuak izan diren aratxea eta akherra, zeinen odola saindutegira eramana izan baita xahupenaren egiteko, kanpetarik kanporat eramanak izanen dira eta suan erreak beren larru, haragi eta gorotzarekin:

        28. Eta edozeinek erre detzan hekiek, bere soinekoak eta gorphutza urean garbituko ditu, eta hala sarthuko da kanpetara.

        29. Eta hori izanen da zuentzat lege bethikotzat. Zazpigarren hilabethean, hilabethek hamargarren egunean, atsekabeari emanen ditutzue zuen arimak, eta lanik den-gutiena ez duzue eginen, ez herrikoak, ez eta-zuen artean dabilan arrotzak.

        30. Egun hartan izanen da zuen xahupena, eta zuen garbitzea zuen bekhatu guzietarik: Jaunaren aitzinean xahutuko zarete.

        31. Ezen phausuko larunbata da; eta zuen buruak atsekabetan ezarriko ditutzue bethiko erlijionezko legez.

        32. Xahupen hori eginen du gantzutua izan den aphezak, eta zeinaren eskuak kontsekratuak izan baitira apheztasuneko eginbideen bethetzeko bere aitaren orde: eta jauntziko ditu liho-harizko athorra eta soineko sainduak,

        33. Eta xahutuko ditu sainduteggia, lekhukotasuneko tabernaklea eta aldarea, eta aphezak ere eta populu guzia.

        34. Eta hori izanen zaitzue bethiko lege bat, urthean behin othoitz egin dezazuentzat Israelgo semeentzat eta hekien bekhatu guzientzat. Moisek egin zuen beraz Jaunak manatu bezala.

 

XVII. KAP.

        1. Eta Jauna mintzatu zen Moisi, erraten zioelarik:

        2. Mintza zaite Aaroni eta bere semeei, eta Israelgo seme guziei, eta errozute: Hau da Jaunak manatu duena, dioelarik:

        3. Israelgo etxeko edozein gizonek idi bat, ardi bat edo ahuntz bat hiltzen badu kanpen barnean edo kanpoko aldean,

        4. Eta bere eskaintza ez badu ekhartzen tabernakle-sartzera, odolez hobendun da: nola odola ixuri balu, hala galduko da bere populuaren erditik.

        5. Horren gatik Israelgo semeek aphezari erakharri behar diozkate kanpoan hiltzen dituzten bitimak, Jaunari kontsekratuak izan ditezentzat lekhukotasuneko tabernaklearen sartzean, eta bakezko bitima hekiek imola detzoten Jaunari.

        6. Eta aphezak ixuriko du odola Jaunaren aldarearen gainean, lekhukotasuneko tabernaklearen sartzean, eta bilgorra erreko du, Jaunari gozo zaioen usainetan:

        7. Eta ez dituzte batere gehiago beren bitimak imolatuko debruei, zeinekin lohitu izan baitira lege hau bethi guzian begiratuko dute berek eta beren ondokoek.

        8. Eta erranen diozute oraino: Israelgo etxeko edo zuen artean dabiltzan arrotzetarik edozeinek holokausta bat edo bitima bat eskaintzen badu,

        9. Eta hura lekhukotasuneko tabernaklearen sartzera erakhartzen ez badu, Jaunari eskainia izan dadientzat, bere populatik galduko da.

        10. Israelgo etxetik edozeinek, edo hekien artean dabiltzan arrotzetarik norbaitek odola jaten badu, ene begithartea baratuko dut haren kontra, eta hura xahutuko dut ene populutik,

        11. Ezen haragiaren bizia odolean da: eta odola eman izan darotzuet hartaz aldare gainean ardiets dezazuen zuen arimen xahupena, eta balia dadientzat zuen arimei sakrifizio xahugarritzat.

        12. Horren gatik erran diotet Israelgo semeei: Ez zuetarik, ez zuen artean dabiltzan arrotzetarik nihork ez beza jan odola.

        13. Israelgo semeetarik eta zuen artean dabiltzan arrotzetarik zenbaitek ihizin edo sarean atzematen badu jatea zilhegi den abere edo xori bat, haren odola ixur eta lurrez estal beza.

        14. Ezen edozein haragiren bizia odolean da: horren gatik erran diotet Israelgo semeei: Nolanahiko haragiaren odola janen ez duzue, zeren haragiaren bizia odolean baita; eta hartarik janen duena hilen da.

        15. Herrikorik edo arrotzetarik nihork jaten badu abere bera hila edo ihiziak atzemana, urean garbituko ditu bere soinekoak eta bere burua, eta khutsatua izanen da arrats arteo, eta hola eginen da xahu.

        16. Bere soinekoak eta gorphutza garbitzen ez baditu, jasanen du bere gaixtakeria.

 

XVIII. KAP.

        1. Jauna Moisi mintzatu zen, erraten zioelarik:

        2. Mintza zaite Israelgo semeei, eta errozute: Ni naiz zuen Jainko Jauna:

        3. Ez duzue eginen ez zuek egon zareten Egiptoko lurreko azturen arabera, ez-etare zuek sarraraztera nohan Kanaan-herrikoen arabera, etzarete hekien legeei jarraikiren.

        4. Ene erabakien arabera eginen duzue, eta begiratuko ditutzue ene manamenduak; hekien arabera ibiliren zaizte. Ni naiz zuen Jainko Jauna.

        5. Begira zatzue ene legeak eta erabakiak: hekien arabera egiten duen gizona, hekien bidez biziko da. Ni naiz Jauna.

        6. Gizona etzaio hurbilduko bere odoleko emakume hurkoari, haren baithako ahalkeriazko alderdien agertzera. Ni naiz Jauna.

        7. Ez dituzu agertuko zure aita baithan eta ama baithan ahalkesun direnak: ama, ama duzu; ez diozu ahalkea emanen.

        8. Ez dituzu agertuko zure aitaren emaztea baithako ahalkesun direnak; ezen zure aitari ahalkea ematea laiteke.

        9. Aitaganikako edo amaganikako zure arreba, etxean edo kanpoan sorthua denari ahalkatzeko alderdiak ez diozkatzu agertuko.

        10. Zure semearen alaba baithan edo zure alabaganikako alaban ez duzu ahalkatzekorik agertuko, zeren zure ahalkea bailitake.

        11. Ez diozu ahalkea agertuko zure aitaren emazteak zure aitari eman dioen alabari, ezen zure arreba da.

        12. Ez diozu ahalkea agertuko zure aitaren arrebari, ezen zure aitaren haragia da.

        13. Ez diozu ahalkea agertuko zure amaren ahizpari, alabainan zure amaren haragia da.

        14. Ez diozu ahalkea agertuko zure aitaren anaiari, eta etzare hurbilduko haren emazteari, zeinaren ahaidegoan sorthua baitzare.

        15. Ez duzu agertuko zure erreinaren ahalkea, zeren zure semearen emaztea baita, eta ez duzu agertuko haren baithan itsusi dena.

        16. Ez diozu ahalkea agertuko zure anaiaren emazteari, zeren zure anaiaren ahalkea bailitake.

        17. Ez diozute ahalkea agertuko zure emazteari eta haren alabari: ez dituzu hartuko ez zure semearen alaba, ez zure alabaren alaba, hekien baithan ahalkesun direnen agertzeko, zeren zure emaztearen haragia baitira, eta horrelako hurbiltzeak odoleko khutsatzeak baitira.

        18. Ez duzu zure emaztearen ahizpa haren ohaidetasunetan hartuko, eta hura bizi delarik ahizparen baithan ahalkea ez duzu agertuko.

        19. Astagaitzekin den emaztekiari etzare hurbilduko, eta ez duzu agertuko haren lohitasuna.

        20. Etzare zure lagunaren emazteari hurbilduko, eta ez duzu harekin nahaskeria likhitsik eginen.

        21. Zure umetarik ez duzu emanen Moloken idolari kontsekratzeko, eta ez duzu Jainkoaren izena lizunduko. Ni naiz Jauna.

        22. Etzare gizonkiari hurbilduko emaztekiari bezala, zeren-eta izigarrikeria bat baita.

        23. Etzare aziendari hurbilduko, ez-eta harekin khutsatuko. Emaztekia ez da aberearen azpian jarriko, ez harekin baltsaturen, zeren tzarkeria gaitza baita.

        24. Etzarete lohituko zuen aitzinean eragotziren ditudan jendaki guziak khutsatuak diren itsuskerietan,

        25. Eta zeinetaz lizundu baita lurra. Neronek begietsiko ditut hekien tzarkeriak, lurrak berak iraiz ditzan bere egoiliarrak.

        26. Begira zatzue ene legeak eta erabakiak, eta horrelako izigarrikeriarik ez bezazue egin ez herrikoek ez zuen tokietan dabiltzan kanpotarrek.

        27. Alabainan zuen aitzinean izatu diren lurreko egoiliarrek egin izan dituzte gaitzesgarrikeria horiek oro, eta lurra lohitu dute.

        28. Berautzue beraz, halakorik egiten baduzue, zuen aitzinean izatu den jendakia bezala zuek ere orobat iraiz zetzazten.

        29. Horrelako izigarrikeriarik eginen duena, galdua izanen da bere populuaren erditik.

        30. Begira zatzue ene manamenduak. Berautzue egin zuen aitzinean izatu direnek egin dutena; ez betzaizte halakoz khutsa. Ni naiz zuen Jainko Jauna.

 

XIX. KAP.

        1. Jauna Moisi mintzatu zen hunela:

        2. Mintza zaite Israelgo semeen balderna osoari, eta errozute: Saindu izan zaizte, zeren saindu bainaiz ni zuen Jainko Jauna.

        3. Batbederak ekhar beza ait-amen beldurra. Begira zazue ene larunbata. Ni naiz zuen Jainko Jauna.

        4. Berautzue jainkordetara bihurtzetik, eta jainko urthurik ez bezazue egin. Ni naiz zuen Jainko Jauna.

        5. Jaunari, jabalgarri izan dakizuentzat, imolatzen badiozue bakezko bitimarik,

        6. Imolatu egunean eta biharamunean janen duzue, eta erreko duzue suan hirugarren egunekotzat gelditu guzia.

        7. Hartarik nihork jaten badu bi egunen buruan, lohi izanen da eta inpiokeriaz hobendun;

        8. Eta jasanen du bere gaizkia, zeren lizundu duen Jaunaren saindua, eta galduko da bere populutik.

        9. Zure bazterrean uzta egiten duzunean, ez duzu murriztuko lurraren azaleraino, eta gelditzen diren burukak ez dituzu bilduko.

        10. Zure mahastian ere erortzen diren molkhoak eta bihikak ez dituzu bilduko, bainan beharrei eta arrotzei hartzera utziko diozkatzute. Ni naiz zuen Jainko Jauna.

        11. Ez duzu ohorgorik eginen. Ez duzu gezurrik erranen, eta nork bere laguna ez du enganatuko.

        12. Ez duzu ene izenean gezurrez zin eginen, eta ez duzu lizunduko zure Jainkoaren izena. Ni naiz Jauna.

        13. Zure lagunari laidorik ez diozu eginen, eta ez duzu zure indarraren azpian ehoa idukiko. Saritako langilearen lana ez da zure baithan biharamun goiza arteo sari gabe egonen.

        14. Etzare gorraz gaizki mintzatuko, eta ez duzu itsuaren bidean behaztopagailurik ezarriren: bainan izanen duzu zure Jainko Jaunaren beldurra, zeren ni bainaiz Jauna.

        15. Gaizkia ez duzu eginen, eta ez duzu erabakiko zuzenari bidegabe eginez. Etzare begiratuko behartasunari, eta etzare aberatsari begithartez jarriko. Zure lagunari emanen diozu zuzenbideko erabakia.

        16. Etzare populuan izanen ez aitzinetik jazarle, ez gibeletik jale. Etzare oldartuko zure lagunaren biziari. Jauna ni naiz.

        17. Zure anaiari ez diozu zure bihotzean gaitzirizkorik ekharriko, bainan agerian erranen diotzotzu zure erraitekoak, ez dezazuntzat haren gainetik bekhatu egin.

        18. Ez duzu aspertzea bilhatuko, eta etzare orhoituren zure herritarren ganikako irainaz. Zure adiskidea maithatuko duzu zure burua bezala. Ni naiz Jauna.

        19. Begira zatzu ene legeak. Zure azienda ez duzu estalaraziko bertze mota batetako abereaz. Ez duzu asko haziz erainen zure landa. Ez duzu jauntziko bi hari motetarik ehoa den soinekoa.

        20. Gizona etzaten bada emaztekiarekin eta harekin baltsatzen, emaztekia gathibu bada eta heldua, eta bizkitartean ez oraino dirutan berrerosia, ez eta libro utzia; azotatuak izanen dira biak, eta ez dira hilen, zeren emaztekia gathibu baitzen.

        21. Bainan bere hobenarentzat ahari bat eskainiko dio Jaunari lekhukotasuneko tabernaklearen sartzean.

        22. Aphezak othoitz eginen du harentzat eta haren bekhatuarentzat Jaunaren aitzinean, eta Jauna jabalduko zaio, eta bere bekhatua barkhatua izanen zaio.

        23. Agindu lurrean sarthuak izanen zaretenean, han landatzen baditutzue fruitutako zuhamuak, ninikak ebakiko diozkatzuete; ethortzen diren fruituak lohi izanen zaizkitzuete, eta ez duzue hekietarik janen.

        24. Bainan laugarren urthean hekien fruitu guziak Jaunaren ospetan kontsekratuko dira.

        25. Eta bortzgarren urthean, ekhartzen dutena bildurik, janen dituzue hekien fruituak. Ni naiz zuen Jainko Jauna.

        26. Ez duzue deus janen odo