www.armiarma.com
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

 

EKLESIASTIKOA

 

EKLESIASTIKOAREN GAINEAN,

JESUS SIRAKEN SEMEAREN AITZIN-SOLASA

 

        Legeaz, profetez eta hekien ondotik ethorri direnez erakhutsia zaiku gauza hainitzen eta handien zuhurtzia, zeinetaz laudatu behar baita Israel bere irakhasmenaren eta zuhurtziaren ariaz; zeren ez-ezik behar baita argituak ziren mintzatu direnak, bainan arrotzak ere hekien bidez hizdun eder eta iskribau guziz jakintsun egin ditazkeelakotz. Ene aitaso Jesus, legearen, profeten eta gure arbasoek utzi izan darozkiguten bertze liburuen irakurtzeko arthari hainitz eman zen ondoan, berak ere nahi izan zuen iskribatu irakhasmenari eta zuhurtziari darontzoten hekietarik zerbait, argitzeko lehia dutenek, eta hekiez jakintsun eginik, geroago eta gehiago hekiei iritxik dezaten gogoa, eta gogor ditezen legearen araberako bizitze baten eramatera. Dei egiten darotzuet beraz begirunerekin ethortzeaz eta artha arduratsuenarekin irakurpenaren egiteaz; eta hutsak barkhatzeaz solas hainetan zeinetan ezagun baita hitzen antolamenduan eskas egiten dugula, zuhurtzia nolakoa den erakhustean. Alabainan hebrarazko hitzak eskasegi izaten dira, bertze mintzaia batera bihurtzen direnean. Hori ez da ordean huntan bakharrik; bainan oraino legeak berak, profetek eta bertze liburuek makhur handia badute bi mintzaietan irakurtzen direnean. Bada, Ptolomeo Eberjete erregearen egunetan, hogoi eta hemezortzigarren urthean, Egiptora heldu izan nintzen ondoan, eta asko urthe hartan han nindagoelarik, liburu hau aurkhitu nuen han utzia, ez irakhasmen ttipiko eta arbuiagarrikoa. Hargatik nik uste izan dut on eta premia zela zerbait artha eta lan ematea liburu hunen ezagutarazteko; eta hainitz beilatuz, denborarekin ekharri dut ene lana akhabantzara, eta liburu hau emateko heinera nahi direnei bermatu, eta ikhasi nahi dutenei zer astura hartu behar duten Jaunaren legearen araberako bizitzearen eramateko gogoa hartu dutenek.

 

I. KAP.

        1. Zuhurtzia Jainko Jauna ganikakoa da guzia; harekin izatu da bethitik, eta mendeak baino lehenagodanik bada.

        2. Nork khondatu ditu itsasoko legarra, uri-xortak eta mendeetako egunak? Nork neurtu ditu zeruaren goratasuna, lurraren zabaltasuna, lezearen barnatasuna?

        3. Nork ikhartu du Jainkoaren zuhurtasuna, zeina ororen aitzin baitabila?

        4. Zuhurtzia kreatua izan da oro baino lehen, eta gurbiltasunaren argia egundainotik da.

        5. Zuhurtziaren ithurria zeru gainetan Jainkoaren hitza da, eta bethiereko manamenduak dira haren bideak.

        6. Nori agertua izan zaio zuhurtziaren erroa, eta nork ezagutu du haren xothiltasuna?

        7. Nori agertua eta erakhutsia izan zaio zuhurtziaren urhatsa? Nork ardiesten ditu haren bide guziak?

        8. Baina bakharra da, Jainko guziz gora, ahalorotakoa, errege botheretsu eta ikharagarria, bere tronuan jarria, Jainko, guzien nausia.

        9. Harek kreatu du hura Izpiritu sainduaren baithan; harek ikhusi, khondatu eta neurtu du.

        10. Eta hedatu du bere egintza guzien gainera eta haragi ororen gainera, bere emanaren arabera, eta maite dutenei eman izan diote.

        11. Jaunaren beldurra da ospea, handiespena, bozkarioa eta goiheretasuneko khoroa.

        12. Jaunaren beldurrak arraituko du bihotza, eta emanen ditu bozkarioa, goiheretasuna eta egunen luzetasuna.

        13. Jaunaren beldur dena dohatsu izanen da bere azken egunetan, eta benedikatua hiltzeko egunean.

        14. Jainkoaren amodioa da zuhurtzia ohoragarria.

        15. Aldiz, zeinei-ere agertzen baitzaiote begietara, hainek maithatzen dute, haren egintza ederrak ikhusiz eta ezagutuz.

        16. Jaunaren beldurra da zuhurtziaren hastapena; gizon fidelekin amen sabelean kreatua da; emazteki hautetsiekin dabila; prestuen eta fidelen baithan ezagutzen da.

        17. Jaunaren beldurra da jakitatearen jainkotiartasuna.

        18. Jainkotiartasunak zaintzen eta ontzen du bihotza; ematen ditu gozotasuna eta bozkarioa.

        19. Jaunaren beldur denari ongi helduko zaio, eta benedikatua izanen da heriotzeko egunean.

        20. Jaunaren beldur izana, zuhurtziaren gaindidura, eta haren ganikako fruituen gaindidura da.

        21. Ematen dituen fruituez betheko du Jaunaren beldur denaren etxea eta bere aberastasunez haren selharuak.

        22. Jaunaren beldurra da zuhurtziaren khoroa; harek bethetzen du bakez eta salbamenduko fruituz.

        23. Harek ikhusi eta khondatu du zuhurtzia: bata eta bertzea dira, berriz, Jainkoaren dohainak.

        24. Zuhurtziak hedatzen ditu jakitatea eta gurbiltasunaren argia, eta goratzen du hura dadukatenen ospea.

        25. Jaunaren beldur izatea da zuhurtziaren erroa, eta iraupen handikoak dira haren adarrak.

        26. Zuhurtziaren eskuan dira adigarria eta jakitatearen jainkotiartasuna; aldiz bekhatoreei gaitzets zaiote zuhurtzia.

        27. Jaunaren beldurrak iraizten du bekhatua.

        28. Alabainan beldurrik gabe dena, prestutasunera ezin helduko da; ezik haren sepharen aiherra haren galgarri da.

        29. Jasankorrak igurikiko du mugaraino, eta bozkarioaren bihurpena gero izanen da.

        30. Adimendu onekoak bere baithan idukiko ditu bere solasak muga ethorri arteo, eta askoren ahoek aiphatuko dute haren adimendua.

        31. Bizi-moldearen irakhaspena zuhurtzian datza.

        32. Bekhatoreari aldiz gaitzets zaio Jainkoaren adoratzea.

        33. Ene haurra, zuhurtziaren lehiarik balin baduzu, begira zazu zuzentasuna, eta Jainkoak emanen darotzu hura;

        34. Ezen Jaunaren beldurra da zuhurtzia eta jakitatea; eta haren gogarako direnak,

        35. Sinhestea eta eztitasuna dira, eta ontasunez gaindituko da hekien jabe dena.

        36. Jaunaren beldurrari, ez izan sinhetsgogor, eta Jaunari ez hurbil bi aldetara dagoen bihotz batekin.

        37. Ez izan alegiakari gizonen aitzinean, eta ez behaztopa zure ezpainen bidez.

        38. Zaudezkiote erne, beldurrez-eta eror zaitezen eta zure arimari ekhar diozozun desohore,

        39. Eta Jainkoak nabari detzan zutan gordeak daudenak, eta sinagogaren erdian phorroska zaitzan;

        40. Zeren Jaunari hurbildu zitzaizkoen maltzurki, eta zure bihotza bethea den maulaz eta zimarkhuz.

 

II. KAP.

        1. Ene haurra, Jainkoaren zerbitzura hurbiltzean, zaude gogor zuzenbidean eta beldurrean, eta aphain zazu zure arima frogapenari buru egitera.

        2. Aphal zazu zure bihotza eta zaude iguri; makhur zazu zure beharria, ongi har zatzu adimenduzko solasak, eta ez basterka abia goibel-orduan.

        3. Jasan zatzu Jainkoaren luzamenduak; iratxik zakizkio Jainkoari, eta zaude iguri, azkenerat berha dadientzat zure bizia.

        4. Onhets zazu gerthatuko zaitzun guzia; oinhazean ez egin amor, eta jasankor zaude zure aphalmenduan;

        5. Zeren suan frogatzen baitira urhea eta zilharra, gizonak, berriz, aphalmenduko sutik iragaiten dira.

        6. Izan zazu Jainkoaren baithan sinheste, eta harek:, atheratuko zaitu; zuzen zazu zure bidea, eta idukazu haren baithan zure pheskiza; begira zazu haren beldurra, eta hartan zahar zaite.

        7. Jaunaren beldur zaretenak, zaudezte haren urrikalmenduaren iguri; eta haren ganik ez aldara, eror zaitezten beldurrez.

        8. Jaunaren beldur zaretenak, haren baithan izan zazue sinheste, eta zuen saria ez da galduko.

        9. Jaunaren beldur zaretenak, haren baithan idukazue zuen pheskiza, eta haren urrikalmendua ethorriko zaitzue bozkarioz bethetzera.

        10. Jaunaren beldur zaretenak, maitha zazue hura aita zuen bihotzak argituak izanen dira.

        11. Begira zazue, ene haurrak, gizonen osteei, eta jakizue Jaunaren baithan beren igurikitza izan dutenetarik nihor ez dela ahalketan gelditu.

        12. Ezik zein da haren manamenduetan gogor egon-eta, bazterrerat utzia izan denik? edo hari dei egin-eta, arbuiatu duenik?

        13. Alabainan Jainkoa ona eta urrikalmendutsua da; hesturako egunean barkhatzen ditu bekhatuak, eta hura egian bilhatzen duten guzien gerizatzailea da.

        14. Zorigaitz bihotz bikhunari, ezpain phozoatuei, esku gaizki-egileei aita lurrean bi bidez dabilan bekhatoreari!

        15. Zorigaitz bihotzez iritxikiak ez direnei, Jainkoa baithan sinesterik ez izan-eta, aria hortaz harek gerizatzen ez dituenei!

        16. Zorigaitz jasankortasuna galdu dutenei, bide zuzenak utzi-eta, makhurretara zeihertu direnei!

        17. Eta zer eginen dute, ikhartzen abiatuko denean Jauna?

        18. Jaunaren beldur direnek, ez dira haren hitzarentzat sinhetsgogor izanen; eta hura maite dutenek zainduko dute haren bidea.

        19. Jaunaren beldur direnek bilhatuko dituzte haren gogarako diren gauzak, eta hura maite dutenak haren legeaz izanen dira betheak.

        20. Jaunaren beldur direnek aphainduko dituzte beren bihotzak, aita haren aitzinean saindutuko dituzte beren arimak.

        21. Jaunaren beldur direnek zainduko dituzte haren manamenduak, eta ihardukiko dute harek begira diozoten orduraino,

        22. Diotelarik: Penitentzia egiten ez badugu, Jaunaren eskuetara eroriko gare, eta ez gizonenetara.

        23. Alabainan haren handitasunaren arabera da haren baithan haren urrikalmendua.

 

III. KAP.

        1. Zuhurtziaren haurrak dira prestuen baldarna; eta hekien jendakia, ethorkortasunez eta amodioz bethea da.

        2. Haurrak, adi zazue aitaren errana, eta egizue salbatuko zareten bezala.

        3. Alabainan Jainkoak nahi du haurrek ohora dezaten aita, eta manatu du amak esku izan dezan hekien gainean.

        4. Jainkoa maite duenak othoitz eginen dio bere bekhatuentzat, eta begiratuko da hekietarik, eta entzuna izanen da bere othoitz jarraikian.

        5. Diru biltzen hari dena bezala da bere aria ohoratzen duena.

        6. Bere aita ohoratzen duenak bere haurretan aurkhituko du bozkario, eta entzuna izanen da othoitz eginen duen egunean.

        7. Luzez biziko da bere aitaren ohoratzaile dena, eta bere amaren gozagarri izanen da aitari ethordun dena.

        8. Jaunaren beldur denak ohoratzen ditu burhasoak, eta nausi batzu bezala zerbitzatuko ditu bere biziaren emaileak.

        9. Zure aita ohora zazu hitzaz, egintzaz eta jasankortasun osoaz;

        10. Haren benedizionea jauts dadien zure gainera, eta azkeneraino iraun dezan.

        11. Aitaren benedizioneak gogortzen ditu haurren etxeak; aldiz amaren madarizioneak asentuetarik jauzarazten ditu.

        12. Ez bezedi ospa zure aitaren desohorean, ezen haren ahalkea ez da zuretzat ospe.

        13. Alabainan gizonaren ospea aitaren ohoretik dator, eta aitaren desohorea semearentzat desohore da.

        14. Ene haurra, bere zahartzean lagunt zazu zure aita, eta ez biozozu bere bizian atsekaberik eman.

        15. Eta adimendua ttipitu bazaio, jasan zazu, eta ez arbuia zure indarrean; ezen aitaren alderako karitatea ez da ahantzia izanen.

        16. Alabainan ongia bihurtua izanen zaitzu amaren jasangaiztasunaren ordainez;

        17. Zuzentasunean altxatua izanen da zure etxea, eta hesturako egunean zutaz orhoitzapen izanen da; eta zure bekhatuak urthuko dira, hala-nola horma egun ederrean.

        18. Zein lelo tzarrekoa den bere aita trebes uzten duena! Eta Jainkoaz madarikatua da bere ama uhertzen duena.

        19. Ene haurra, eztitasunean egizkitzu zure eginkari guziak; eta gizonen arteko ospeaz bertzalde, hekien amodioa izanen duzu.

        20. Zenbatenaz handiago baitzare, hanbatenaz orotan aphalago jar zaite; eta Jainkoaren baithan grazia aurkhituren duzu;

        21. Zeren Jainkoaren ahala da bakharrik handi, eta aphalez da ohoratua.

        22. Ez bilha zutaz goragoko gauzak, eta borthitzagokoak ez ikhar; bainan Jainkoak manatu darotzuna erabil zazu bethi gogoan, eta etzaramatzala haren obra gehienen ikhartzeko lehiak;

        23. Ezen gordeak direnak, zure begiz ikhusteko premiarik ez duzu.

        24. Ez ibil asko gauza alferren ikhartzen, eta Jainkoaren asko obra ezagutu beharrez.

        25. Alabainan gizonen ezagutzaz goragoko hainitz gauza agertuak dira zure aitzinean.

        26. Asko gizon ere izan dira beren ustekeriez enganatuak, eta beren adimendu herbalak hutsalkerian iduki ditu.

        27. Bihotz gogorrak asturugaitzak izanen ditu azkenean; eta galmenta maite duena, hartan galduko da.

        28. Bi bidetarik dabilan bihotza ez da ongi atherako, eta bihotzez galdua dena hekietan behaztopatuko da.

        29. Bihotz tzarra oinhazez josia izanen da, eta bekhatorea giroago eta gehiago bekhatuan sarthuko da.

        30. Hanpurutsuen bildumarentzat sendatzerik izanen ez da; ezen bekhatuaren gandoak erroak eginen ditu hekien baithan, eta ez dira ohartuko.

        31. Zuhurraren bihotza bere zuhurtziatik da ezagun, eta prestuaren beharriak zuhurtzia entzunen du lehia handienarekin.

        32. Bihotz zuhur eta adimendutsua bekhatutik begiratuko da, eta bere eginkarietan ongi helduko da.

        33. Sua khaldan denean urak hiltzen du, eta amoinak bekhatuari ihardesten dio.

        34. Eta begira dagokio Jainko, ongiaren sariztatzailea; gerorat orhoitzen da hartaz, eta karitate-egileak habe bat aurkhituren du eroriko den orduan.

 

IV. KAP.

        1. Ene haurra, amoinarik gabe ez utz beharra, eta haren ganik bertze aldera ez itzul begiak.

        2. Ez arbuia gosez dagoena, eta ez minth beharra bere gabetasunean.

        3. Atsekaberik ez eman beharraren bihotzari, eta hesturan dagoenari ematea ez luza.

        4. Ez arbuia atsekabetan denaren othoitza, eta beharraren ganik ez aldara begithartea.

        5. Beharraren ganik ez aldara begithartea, sepha har dezan beldurrez, eta ez utz galdegileak gibeletik zure madarikatzera;

        6. Ezik bere arimako uherduran madarikatzen zaituenaren burhoa izanen da entzuna; haina entzunen du hura egin duenak.

        7. Beharren bilkhuan xehe egin zaite; zaharraren aitzinean aphal zazu zure arima, eta handiaren aitzinean beheiti zazu zure burua.

        8. Beharrari nardatu gabe makhur diozozu zure beharria, bihur zor diozuna, eta bakezko solasak eztitasunekin ihardets.

        9. Hanpurutsuaren eskutik athera zazu bidegabea jasaiten duena, eta ez ekhar zure ariman kharmindurarik.

        10. Juiatzean, umezurtzentzat izan zaite urrikalmendutsu aita bat bezala, eta hekien amarentzat senhar orde.

        11. Eta zu izanen zare Guziz-Goraren seme ethordun bat bezala, eta urrikalduko zaitzu ama bat baino gehiago.

        12. Zuhurtziak bere haurrei ematen diote bizitzeko hatsa; bere gerizara hartzen ditu hura bilhatzen dutenak, eta aitzinean badohakiote zuzentasunaren bidean.

        13. Hura maite duenak maite du bizia, eta harentzat atzarriak daudezenek gozatuko dute haren bakea.

        14. Haren jabe direnak bizia izanen dute primantzetan; eta hura sarthuko den lekhua, Jainkoak benedikatuko du.

        15. hura zerbitzatzen dutenak ethorkor dira sainduaren alderat, eta Jainkoak maite ditu hura maite dutenak.

        16. Hura entzuten duenak jendaiak juiatuko ditu, eta hari begiratuko dioena gerthu egonen da.

        17. Hari bere sinhestea emanen dioenak hura primantzaz izanen du, eta hainaren umeak hartaz gozatuko dira.

        18. Alabainan zuhurtzia frogapenean hainarekin dabila, eta lehenbizikoetan hautatzen du.

        19. Haren gainera erakharriko ditu beldurra, ikhara eta frogapena, eta estiratuko du bere irakhaspeneko estiran, froga dezan arteo bere gogoetetan, eta sinheste izan dezan haren arimaren gainean.

        20. Eta hazkartuko du, bide zuzen bat eginen du haren ganat, eta bozkarioz betheko du.

        21. Eta agertuko diozka bere baithan gordeak daduzkan gauzak, eta haren gainera bilduko ditu jakitatea eta zuzenaren ezagutza.

        22. Baldin ordean zeihertzen bada, utziko du eta arthikiko bere etsaiaren eskura.

        23. Ene haurra, guphidets zazu denbora eta bazterrerat egiozu gaizkiari.

        24. Zure arimaren gatik ez izan ahalke egiaren errateko;

        25. Ezen bada ahalkea bekhatua dakharrena, eta bada ospe eta esker dakharrena.

        26. Zure buruaren kontra ez begira nor-nor-den, eta zure arimaren kaltetan gezurrik ez egin.

        27. Ez guphidets zure laguna gaizkira erori denean;

        28. Eta ez iduk solasa salbagarri ditakeen orduan. Ez gorde zure zuhurtasuna egoki denean;

        29. Ezen ageri da zuhurtzia mihian; adimendua, jakitatea eta argitasuna gizon adimendutsuaren elheetan, eta gothortasuna zuzenbidezko eginkarietan.

        30. Ez gezurta niholaz-ere solas egiatia, eta zure jakitategabetik ethorri gezurraz ahalka zaite.

        31. Ez izan ahalke zure bekhatuen aithortzeko, eta ez jar bekhatura eramanen zaituen gizonaren meneko.

        32. Ahaldunari bekhoz bekho ez egon gogorretik eta ez hari indarka hibaiaren oldarrari buruz.

        33. Zuzenaren alde guduka zaite zure arimaren ariaz, eta heriotzeraino jazar zazu zuzenaren alde; eta Jainkoak gudukatuko ditu zure etsaiak zure ariaz.

        34. Ez izan mintzatzeko zalhu, eta laneko hutsal eta nagi.

        35. Ez izan zure etxean lehoina iduri, sehiak kalika erabiliz eta azpikoak zaphan idukiz.

        36. Zure eskua ez bedi izan zabaldua hartzeko eta hertsia emateko.

 

V. KAP.

        1. Ez ezar zure sinhestea ontasun gaizki bilduetan, eta ez erran: Badut ene dira bizitzeko; ezen etzaitzu deusere baliatuko asperkundeko eta gaztiguko egunean.

        2. Ez jarraik zure indarrean zure bihotzeko lehiei,

        3. Eta ez erran: Ene ahalaren handia! edo: Nork duke ene gainean eskudantzia ene egintzen ariaz? Ezen Jainko aspertzaileak asperkunde atheratuko du.

        4. Ez erran: Bekhatu egin dut, eta zer kalte gerthatu zait? Ezen Guziz-Gora bihurtzaile luzakorra da.

        5. Ez izan beldurrik gabe bekhatu barkhatuaren gainean, eta ez berha bekhatua bekhatuaren gainera.

        6. Eta ez erran: Jaunaren urrikalkortasuna handia da; urrikalduko da ene bekhatuen osteari.

        7. Alabainan urrikalmendua eta hasarrea laster hurbiltzen dira haren ganik, eta bekhatoreen gainera begira dago haren hasarrea.

        8. Ez berant Jaunaren gana bihurtzera, eta ez luza egunetik egunera;

        9. Ezen terrepentean jautsiko zaitzu haren hasarrea, eta galduko zaitu asperkundeko egunean.

        10. Ez izan arduratsu aberastasun gaizki bilduez; alabainan etzaizkitzu baliatuko gaztigu eta asperkundetako egunean.

        11. Ez ibil haize guziekin eta ez goan bide oroz; ezen hola mihi bikhunetik ezagutzen da bekhatorea.

        12. Gogor zaude Jaunaren bidean, zure adimenduko zintasunean eta jakitatean, eta bakezko eta zuzentasuneko hitza darraizula.

        13. Ezti zaude solasaren entzutera, ardiets dezazun, eta zuhurki jakin dezazun egiaz ihardesten.

        14. Ardietsi baduzu, ihardets diozozu zure lagunari, bertzelaz eskua ezar zazu ahoaren gainean, beldurrez-eta elhe zoro zerbaitetan atzemana izan zadien eta ahalketan ezarria.

        15. Ohorea eta leloa darraizkio zuhurraren solasari; aldiz zoroaren mihia haren galgarri da.

        16. Ez bezedi elheketari deithua izan, ez-eta zure mihitik atzemana, ez-etare ahalketan ezarria.

        17. Alabainan ahalkea eta urrikia dira ohoinarentzat, eta lelorik tzarrena mihi bikhunarentzat; elheketariarentzat, berriz, higuintza, etsaigoa eta laidoa.

        18. Xumearen eta handiaren, bientzat bardin emozu zuzenari bere bidea.

 

VI. KAP.

        1. Adiskide behar-bidean, ez bilhaka zure lagunaren etsai; ezen gaixtaginak bere zathitzat izanen ditu irain, laidoak, hala-nola bekhatore bekhaizti eta bi mihitako guziek.

        2. Etzaitezela zure arimako gogoan altxa zezena iduri, beldurrez-eta zure zorokeriak hauts dezan zure indarra,

        3. Jan detzan zure hostoak eta xahu zure fruituak, eta utz zaitzan egur ihar bat mortuan bezala;

        4. Ezen arima gaixtoak galduko du bere jabea, bozkariagarri arthikiko diote bere etsaiei, eta bilduko du gaixtaginen zortera.

        5. Solas eztiak berhatzen ditu adiskideak eta ematzen etsaiak, eta gizon prestuaren baithan mihi gozoak indar badu.

        6. han zazu adiskide baketiar hainitz, eta miletarik bat kontseilu hartzeko.

        7. Adiskide bat balin baduzu, frogara izan zazu, eta ez errexki har haren baithan sinheste;

        8. Ezen halakoa adiskide da orduaren arabera, eta ez da adiskide egonen ordu gaitzean.

        9. Halakoa adiskide da, zeina etsaigora baita itzultzen; eta halakoa adiskide da, zeinak agertuko baititu gaitzirizko, irain, aharrak.

        10. Halakoa adiskide da mahaineko lagun, eta ez da adiskide egonen beharreko egunean.

        11. Adiskidea aldatu gabe egoten bada, khide bat bezala izanen duzu, eta zure etxekoen heraberik gabe eginen du.

        12. Baldin zure alderat jauskor bada eta itzultzen bada zure aitzinetik, adiskidantza mamia eta ona izanen duzu.

        13. Aldara zaite zure etsayetarik, eta atzarria zaude zure adiskideen gainean.

        14. Adiskide zine, geriza hazkarra da; hura aurkhitu duenak, balio handitako gauza bat atzeman du.

        15. Deus ez da hurbiltzekorik adiskide zinari; eta urhea eta zilharra ez dira gai haren zintasunaren onari erkhatzeko.

        16. Adiskide zine, bizia eta ezin-hiltasuna ematen duen errekitua da; eta Jainkoaren beldur direnek atzemanen dute hura.

        17. Jainkoaren beldurra duenak, hala-ber izanen du adiskidantza ona, zeren haren idurikoa izanen baita haren adiskidea.

        18. Ene haurra, gaztedanik har zazu irakhasmena, eta zuhurtasuna ardietsiren duzu ileak zuri dakizkitzun arteo.

        19. Hurbil zakizkio iraultzen eta eraiten hari dena bezala, eta igurikatzu haren fruitu onak.

        20. Hariko zare haren lan aphurrean, eta laster janen duzu harek eman fruituetarik.

        21. Zein latza den zuhurtzia gizon makhurrentzat! Zoroa ez da harekin egonen.

        22. Hekientzat izanen da frogapenetan harriaren hazta bezala, eta ez dute luzatuko haren egoztera.

        23. Alabainan zuhurtzia, jakitatearen izena ekhartzen duen bezala, ez da gehienentzat ageri; bainan ezagutzen dutenen baithan badago Jainkoaren aitzinera heldu arteo.

        24. Adi zazu, haurra, onhetsazu adimenduzko kontseilua, eta ez arbuia ene errana.

        25. Ezar zazu zure oina haren estekan eta zure lephoa haren gathean.

        26. Makhur diozozu zure sorbalda eta soin gainean eraman zazu, eta ez unha haren lokharrietan.

        27. Bihotz oroz hurbil zakizkio, eta eginahal guziaz begira zatzu haren bideak.

        28. Bilha zazu, eta agertuko zaitzu; eta behin haren jabe eginez geroz, ez utz gehiago;

        29. Ezen azkenekotz hartan aurkhituren duzu phausua, eta zuretzat bozkariotara bihurturen da.

        30. Eta zuretzat haren estekak izanen dira geriza hazkar eta asentu sendo bat bezala; eta haren gathea, ospezko jauntzi bat bezala;

        31. Ezen haren baithan edertasun bat bada bizia ematen duena, eta haren estekak dira lokharri sendagarriak.

        32. Ospezko soineko bat bezala jauntziko duzu, eta bozkariozko khoro bat bezala ezarriko duzu buruan.

        33. Ene haurra, atzarria egoten bazaizkit, argituko zare; eta aphaintzen baduzu zure arima, izanen zare zuhur.

        34. Beharria ekhartzen baduzu, irakhasmena hartuko duzu; eta entzutea maite izaten baduzu, zuhur izanen zare.

        35. Zaude zahar umoen bilkhuan, eta bihotzez iratxik zakizkio hekien zuhurtasunari, entzun ahal detzatzun Jainkoaz diotena, eta gal ez detzatzun hekien erran ederrak.

        36. Ikhusten baduzu adimendutako gizon bat, zoazkio goizetik, eta zure oinak ardura zapha beza haren athelasa.

        37. Jainkoaren legean idukatzu zure gogoetak, eta haren manamenduetan izan zaite guziz jarraikia; eta berak emanen darotzu behar den bihotza, eta emana izanen zaitzu zuhurtziaren gutizia.

 

VII. KAP.

        1. Ez egin gaizkirik, eta gaitzak etzaitu atzemanen.

        2. Gibela zaite gaixtagina ganik, eta gaizkia urrunduko da zure ganik.

        3. Ene haurra, ez erain gaizkia bidegabearen hildoan, eta hura ez duzu zazpikhun uztatuko.

        4. Ez galda Jaunari buruzagigoa, ez-eta erregeri ohorezko alkhia.

        5. Jainkoaren aitzinean ez egin zure buruaren garbi atheratzera, zeren berak ezagutzen baitu zure bihotza; eta ez abia erregeren aitzinean zuhur agertu beharrez.

        6. Ez ibil juie bilhakatu nahiz, tzarkerien hausteko indarraren jabe ez bazare, beldurrez-eta lotsaraz zaitzan ahaldunaren begitharteak, eta behaztopagailu bat eman diozozun zure zuzentasunari.

        7. Ez hutsegin hiriko ostearen alderat, eta ez sar populuaren erdira.

        8. Bekhatua ez tinka bi koropiloz; ezen bakharraren gatik ere etzare gaztigurik gabe goanen.

        9. Ez izan bihotzez ilhaun.

        10. Ez guphidets othoitz eta karitate egitea.

        11. Ez erran: Jaunak begiratuko dio ene emaitzen araldeari; eta nik eskainiz Jainko guziz gorari, onhetsiko ditu ene emaitzak.

        12. Ez trufa gizonaz bihotza uherrik duenean; ezik aphaltzen eta goratzen duena bada, Jainko ororen ikhuslea.

        13. Ez iraul gezurrik zure anaiaren kontra, eta halakorik orobat ez egin zure adiskidearen kontra.

        14. Berautzu gezurrez gezur ibiltzetik; ezen aztura hori ez da ona.

        15. Ez izan elhetsu zaharren bilkhuan, eta hitzak ez errepika zure othoitzean.

        16. Ez higuint lan nekhatuak eta Guziz-Gorak kreatu duen lur-lana.

        17. Ez ezar zure burua gizon barraiatuen araldeko.

        18. Orhoit zaite hasarreaz, ez baitu beranduko.

        19. Handizki aphal zazu zure izpiritua; zeren gaixtaginaren haragiarentzateko asperkundea, sua eta harrak izanen baitira.

        20. Ez hutsegin zure adiskidearen alderat, diru ematea luzatzen duelakotz, eta urhearen gatik ez arbuia zure anaia xitezkoa.

        21. Emazte adimendutsu eta on, Jaunaren beldurrean izan duzunaren ganik berautzu gibela, ezik haren ahalkekortasunaren eskerra urhearen garai da.

        22. Ez gaizki erabil zinki lanean hari den sehia, ez-eta bere bizia ematen darotzun sarizalea.

        23. Zure bizia bezain maite izan zazu sehi zuhurra; libertateaz etzazula gabe, eta ez utz erromes.

        24. Baditutzu aziendak? artha zatzu; eta zuretzat on badira, ez utz etxetik.

        25. Baditutzu semeak? irakhats zatzu ongi, eta haurretik amor eragin diozozute.

        26. Baditutzu alabak? zain zatzu hekien gorphutzak garbi, eta ez biozozuete erakhuts begithartea irrikoi.

        27. Ezkontzaz emazu zure alaba, eta lan handi bat egin dukezu; eta adimendutako gizonari emozu.

        28. Zure gogoaren araberako emaztea balin baduzu, etzazula iraiz; eta higuingarrian ez har sinhesterik. Zure bihotz oroz

        29. Ohora zazu zure aita, eta ez ahantz zure amaren intzirak.

        30. Orhoit zaite hekiek gabe etzinaiztela sorthua, eta bihur diozozuete hala-nola zuri egin baitarotzute.

        31. Zure bihotz guziaz izan zaite Jainkoaren beldur, eta saindu iduk zatzu haren aphezak.

        32. Zure ahal oroz maitha zazu egin zaituena, eta bazterrerat ez utz haren ministroak.

        33. Zure arima guziaz ohora zazu Jainkoa; ohore emozute aphezei, eta xahu zaite bitimen sorbaldak eskainiz.

        34. Pikainetarik eta xahupeneko bitimetarik, manatua zaitzun bezala, emozute beren zathia, eta zure totalkeriatik garbi zaite gutiekin.

        35. Jaunari eskain diozotzu zure bitimen sorbaldak, sainduespeneko sakrifizioa eta gauza sainduetsien pikainak.

        36. Beharrari heda diozozu zure eskua, osa ditezen jabalpeneko sakrifizioa eta zure eskaintza.

        37. Emaitzak esker du bizi diren guzien aitzinean, eta hilari eskerra ez debeka.

        38. Ez hutsegin nigarrez daudezenei gozakari ekhartzea, eta ibil zaite auhenetan direnekin.

        39. Eri-ikhustera ez izan nagi; ezen horrela finkatuko zare karitatean.

        40. Zure egintza orotan orhoit zaite zure azken egunaz, eta ez duzu behinere bekhaturik eginen.

 

VIII. KAP.

        1. Ez izan hauzirik gizon ahal handikoarekin, haren eskuetara eror zaitezen beldurrez.

        2. Ez aharra gizon aberatsarekin, hauzi eman dezazun beldurrez;

        3. Ezen urheak eta zilharrak asko galdu dituzte, heltzen dira erregeen bihotzeraino eta itzulikarazten dute.

        4. Ez aharra gizon mihitsuarekin, eta egurra ez meta haren suan.

        5. Ez iharduk gizon ikhasigabearekin, beldurrez-eta gaizki mintza dadien zure haurrez.

        6. Ez arbuia bekhatutik aldaratzen den gizona, eta hari ez erran gaizkirik; orhoit zaite guziak gaztiguaren meneko garela.

        7. Gizona ez erdeina bere zaharrean; alabainan gutarikakoak dira zahartzen.

        8. Ez boz hil delakotz zure etsaia, dakizunean hilen garela guziak eta ez dugula nahi irribide bilhakatu.

        9. Ez erdeina zahar eta zuhurren solasa, eta hekien erranetan alha zaite;

        10. Ezen hekien ganik ikhasiko duzu zuhurtzia eta irakhasmenaren aditza, eta handien zerbitzatzen estakururik gabe.

        11. Ez bekitzu itzur zaharren solasak; ezen berek aitzinekoetarik ikhasia dute;

        12. Alabainan hekien ganik ikhasiko duzu adimendua, eta behar den orduan ihardesten.

        13. Ez khalda bekhatoreen ikhatzak, hekiei gaizkika hariz, beldurrez-eta bekhatore hekien garrak erre zaitzan zerorri.

        14. Ez abia ozarrari buruz, ez dadien jar zelataria zure ahoari bezala.

        15. Maileguz ez eman zu baino gehiago denari: eman baduzu galdutzat idui kazu.

        16. Ez sar berme zure indarraz gorago; sarthu bazare, bihurtu behar bazindu bezala egizu gogoeta.

        17. Ez har ustekeriarik juiearen kontra, zeren zuzenaren arabera erabakitzen baitu.

        18. Bidean ez ibil gizon oldarkorrarekin; beldurrez-eta zure gainera erorraraz detzan beraren asturugaitzak; ezen hura bere oldetara ibiliko da, eta harekin batean haren zorokeriaz galduko zare.

        19. Gizon hasarrekorrarekin ez abia liskarrik, eta ez goan mortua barna oldarkorrarekin; zeren ezdeus bezala baita haren aitzinean odola, eta laguntzabiderik ez dukezun tokian sakhituren zaitu.

        20. Ergelekin ez egin batzarrerik; alabainan ezin maithatuko dute beren oldeko gauzarik baizen.

        21. Arrotzaren aitzinean ez iduk biltzarrik; ezen ez dakizu zer atheratuko duen gero.

        22. Edozeini ez ager zure bihotza, beldurrez-eta itxura ederra egin-eta, gaizki mintza dadien zutaz.

 

IX. KAP.

        1. Ez har bekhaizgorik zure sahetseko emazteari, beldurrez-eta zure gainean erakhuts dezan zure ganik ikhasiko duen maltzurkeria gaixtoa.

        2. Ez eman emazteari zure gainean nausitasunik, beldurrez-eta bere detzan zure eskuak, eta geldi zaitezen ahalkearen azpian.

        3. Ez begira askoz zale den emaztekiari, haren sareetara eror zaitezen beldurrez.

        4. Ez izan jarraikitasunik ema-dantzariarekin, eta etzazula entzun, haren eragindurak gal zaitzan beldurrez.

        5. Ez begira neskatxari, haren edertasuna zure behaztopagarri izan dadien beldurrez.

        6. Ez eman niholaz-ere lilitxoei zure bihotza, beldurrez-eta gal zaitezten zu eta zure izateak.

        7. Hiriko karriketan ez begira inguru guziei, eta ez ibil plaza zaphatzen.

        8. Begithartea aldara zazu emazteki aphaindua ganik, eta ez egon begiraka atzearen edertasunari.

        9. Emaztekiaren edertasunak asko galdu ditu, eta hartarik zalekeria sua bezala khaldatzen da.

        10. Edozein emazteki lilitxo dena, lohia bezala bidean oinkatua izanen da.

        11. Asko, bertzeen emazteen edertasunari miretsiak egonik, Jainkoaz iraiziak izan dira; ezen hekiekilako solasak suak bezala erretzen du.

        12. Bertze baten emaztearekin ez jar batere, eta ez egon harekin ukhondoaren gainera bermatua.

        13. Arnoan harekin ez eraunts, beldurrez-eta zure bihotza haren alderat itzul dadien, eta zure odolak erorraraz zaitzan galpenera.

        14. Ez utz adiskide zaharra, ezen berria ez da haren iduriko izanen.

        15. Adiskide berria da arno berria bezala; zahar bedi, eta gozoki edanen duzu.

        16. Bekhatorearen ospeaz eta aberastasunez ez izan bekhaitz, ezen ez dakizu nolakoa izanen den haren eragozpena.

        17. Ez bedi zure gogarako izan gaixtaginen bidegabekeria, dakizularik gaixtagina ez dela hil arteo Jainkoaren gogarako izanen.

        18. Zaude urrun hiltzeko ahala duen gizonaren ganik, eta heriotzearen beldurkunderik ez duzu erabiliko.

        19. Hurbiltzen bazare haren gana, berautzu zerbait egin, beldurrez-eta khen dezazun bizia.

        20. Jakizu herioarekin baltsan zarela, zeren arteen erdira sarthu zaren eta maltzurren harmen gainean zabiltzalakotz.

        21. Zure ernetasun guziarekin begira zaite zure aldeko lagunaren ganik, eta egitekoak egizkitzu gizon zuhur eta umoekin.

        22. Gizon prestuak izan zatzu barazkaltiartzat, eta Jaunaren beldur izateaz egizu ospe.

        23. Jainkoaz izan bedi zure gogoko alhadura, eta Guziz-Goraren manamenduez zure solas guziak.

        24. Ofizialeak, beren eskuetako lanak laudatuko ditu; populuaren buruzagia, bere solasen zuhurtasunak; eta zaharra, bere hitzaren usna onak.

        25. Gizon mihitsua ikharagarri izanen da bere hirian, eta ozarra bere hitzetan higuingarri.


X. KAP.

        1. Juie zuhurrak juiatuko du bere populua, eta gizon umoaren buruzagigoa gothor egonen da.

        2. Nolakoa populuaren juiea, halakoak haren ministroak; nolakoa hiriko buruzagia, halakoak han daudezenak ere.

        3. Errege zoroak galduko du bere populua, eta kargudunen adimenduak egoiliarrez betheko ditu hiriak.

        4. Jainkoaren eskuan da lurreko ahala, eta lurraren gainera behar den orduan eraikiko du buruzagi ona.

        5. Jainkoaren eskuan da gizonaren zoriona, eta iskribaua inguratzen du hari dagokioen ohoreaz.

        6. Ez orhoit lagunak egin irain guziez, eta irainezko egitaterik ez egin batere.

        7. Hanpurustasuna Jainkoaren eta gizonen aitzinean higuingarri da, eta jendaien tzarkeria hatsgarri.

        8. Nausitasuna jendaia batetik bertzera eramaten da, bidegabekeria, gaizki, irain, eta asko moldetako zimarkhuen gatik.

        9. Deus ez da jaramana baino hatsgarriagorik. Nolaz hanpurusten dira lurra eta hautsa?

        10. Deus ez da tzarragorik diruaren maithatzea baino; ezen jaramanak arima salkizun daduka; zeren bizi delarik gabetu baitu bere bihotzaz.

        11. Nausitasun guziak iraupen laburreko. Eritasun luzeak unhatzen du midikua.

        12. Midikuak hausten du eritasun xumea: hala-hala errege bat egun bizi eta bihar hila da.

        13. Eta gizona hilen denean sugeak, abereak eta harrak izanen ditu primantzatzat.

        14. Gizonaren hanpurustasunaren hastapena da Jainkoaz arnegatzea;

        15. Zeren bere egilearen ganik urrundu baita haren bihotza; hanpurustasuna delakotz bekhatu guzien hastapena: hura berekin duena betheko da madarizionez, eta harek xahutuko du azkenean.

        16. Hargatik laidoz Jaunak estali ditu gaixtaginen bilkhuak, eta bethikotz xahutu ditu.

        17. Jainkoak uzkaili ditu buruzagi hanpurutsuen alkhiak, eta emeak jarrarazi ditu hekien orde.

        18. Jainkoak iharrarazi ditu jendaia hanpurutsuen erroak, eta jendaia beretarik jautsgura zirenak goratu izan ditu.

        19. Jaunak hondatu ditu jendaien lurrak, eta erroraino xahutu ditu jendaiak.

        20. Iharrarazi ditu batzu eta galdu; eta hekien orhoitzapena suntsiarazi du lurretik.

        21. Jainkoak ezeztatu du hanpurutsuen orhoitzapena, eta irautera utzi du bihotzez jautsgura zirenen orhoitzapena.

        22. Hanpurustasuna ez da gizonarekin izan sorthua, ez-eta jauzkortasuna emaztekiarekin.

        23. Jainkoaren beldur diren gizonen iraulgia ohoratua izanen da, eta desohoratua Jaunaren manamenduez axolarik ez dutenena.

        24. Bere anaien buruzagi dena ohoretan da hekien artean; eta Jaunaren beldur direnak, eder izanen dira haren begietan.

        25. Aberatsen, ohoredunen eta beharren ospea, Jainkoaren beldurra da.

        26. Berautzu aphalestetik gizon prestu beharra, eta gorestetik gaixto aberatsa.

        27. Handi, juie, ahaldunak ohoretan dira, eta Jainkoaren beldur dena baino handiagorik ez da.

        28. Gizon libroek gathibu adimendutsua serbitzatuko dute; gizon umo eta argituak ez du marmaratuko kridantzatuko dutenean, eta ikhasigabea ez da ohoretan izanen.

        29. Ez bezaite hant lana egitean, eta ez bara hesturako orduan.

        30. Lanean hari eta orotaz nasaizian dena hobea da ezenetz espantuz eta ogi eskasez dagoena.

        31. Ene semea, emetasunean begira zazu zure arima, eta ohore emozu merezi duenaren arabera.

        32. Bere arimaren kontra bekhatu egiten duena, nork atheratuko du prestutzat? eta nork ohoratuko du, bere arima desohoratzen duena?

        33. Beharra ospatua da bere zuhurtasunaz eta Jaunarentzat duen beldurraz, eta bada gizona bere ontasunen gatik ohoratzen dena.

        34. Aldiz bere behartasunean ospatua dena, zenbat ez lizate gehiago aberastasunean! Eta ontasunaren gatik ospetan dena erromestasunaren beldur izan bedi.

 

XI. KAP.

        1. Zuhurtziak goraturen du beheratua denaren burua, eta handien erdian jarraraziko du haina.

        2. Ez lauda gizona bere edertasuna gatik, ez-eta erdeina itxura txarra gatik.

        3. Erlea xumetto da hegaldunen artean, eta haren ontasuna da gozotasunez lehenbizikoa.

        4. Ez espanta zure jauntziaz eta ez hant ohore duzun egunean; zeren Guziz-Goraren lanak baitira bakharrik espantagarri eta ospagarri eta dira gordeak eta ikhusigabeak.

        5. Asko errege jarri izan dira tronuan, eta nihork ustegabekoak erabili du diadema.

        6. Asko botheretsu hestura gogorraren azpira erori izan dira, eta ospetsu zirenak arthikiak izan dira bertzeen eskuetara.

        7. Bilhatu baino lehen, ez nihori baiarik eratxik; eta bilhatu zaitekeenean, zuzenki azurria.

        8. Aditu baino lehen, ez hitzik ihardets; eta solasaren erdian, ez abia mintzatzen.

        9. Mengoa etzaitzun gauzaz ez erabil borrokarik, eta ez jar bekhatoreekin juiatzen.

        10. Ene semea, ez sar egiteko hainitzetan; eta aberats bazare, hutsetik etzare izanen garbi, ezen baldin ondotik bazabiltza, ez duzu atzemanen, eta aitzinean bazabiltza, etzare itzuriko.

        11. Bada gizon gaixto zinkhurinatsua, lanarekin borroka eta herresaka hari dena, eta hariago eta gutiago gorituko da.

        12. Bada gizon iraungia, deusere biltzen ez duena, indargabea, eta beharra nasai duena.

        13. Eta Jainkoaren begiak begitharte egin dio; altxatu du bere beheramendutik, eta goratu du haren burua; eta asko miretsi dira haren baithan, eta ohore bihurtu diote Jainkoari.

        14. On, gaitzak, bizia eta heriotzea, behartasuna eta aberastasuna, oro Jainkoa ganikakoak dira.

        15. Zuhurtzia eta irakhasmena, eta legearen jakitatea Jainkoa baithan dira; maithakundea eta ongien bidea haren beraren baithan.

        16. Malhurra eta ilhunbeak bekhatoreekin kreatuak izan dira; gaizkian bozten direnak, berriz, gaizkian dira zaharturen.

        17. Jainkoaren dohainak irauten du prestuen baithan, eta haren eragindurak bethiko zoriona dakhar.

        18. Bada xuhurki hariz aberasten dena; eta saritik hau du beretzat,

        19. Erraten duena: Atzeman dut enetzat phausua, eta orai bakharrik janen dut ene onetarik.

        20. Eta ez daki denbora badohala, herioa hurbiltzen hari dela, oro bertzeei utziko dituela, eta hilen dela.

        21. Zaude zure patuan, hartaz izan beitez zure solasak, eta zuretzateko manamenduak bethez zahar zaite.

        22. Ez bara bekhatoreen egitateetan; bainan zure sinhestea Jainkoa baithan idukazu, eta zaude zure tokian.

        23. Alabainan errex zaio Jainkoaren begiari, bat-batean aberastea gizon beharra.

        24. Jainkoaren benedizionea lehiaz dago prestuaren sariztatzera, eta hunen egintzek laster dakharte fruitu.

        25. Ez erran: Zertako grina? eta zer on atheratuko dut hortarik?

        26. Ez erran: Banaiz ene dira, eta zer gaitz ethor dakiket hortarik?

        27. Onen egunean ez egon gaitzez orhoitu gabe, eta gaitzera egunean ez izan onez ahanzkor;

        28. Zeren Jainkoari errex baitzaio, batbederari hiltzeko egunean bihurtzea bere bideen arabera.

        29. Oren bat gaitzek ahantzarazten ditu atseginik handienak eta gizona akhabatzearekin agortzen dira haren egitateak.

        30. Gizonik ez lauda hil baino lehen, zeren bere semeetarik ezagun baita gizona.

        31. Zure etxean ez sarraraz edozein gizon, zeren zimarkutsuak asko arte baitu;

        32. Ezen nolako hatsa arthikitzen baitute barne usaindua dutenek; nola epherra kaiolara eta basahuntza sarera biltzen baitira; halakoa ere da hanpurutsuen bihotza, eta halakoa bere lagunaren erortzeari begira dagoena.

        33. Alabainan onak gaitzera bihurtuz, zelatan dago, eta nothatzen ditu eginkari hautenak.

        34. Phindar bakharretik handitzen da sua, zimarkhutsu batetarik handitzen da odol-ixurtzea; eta gizon gaixtoa odolari dago zelatan.

        35. Begira zaite izurriduna ganik, ezen gaizki obratzen hari da; arbuioa bethikotzat zure gainera bil dezan beldurrez.

        36. Arrotza zure baithara onhets zazu, eta harek nahasmenduan eragotziko, eta zerorren ontasunetarik khenduko zaitu.

 

XII. KAP.

        1. Ongia egiten baduzu, jakizu nori egiten diozun, eta esker handitan izanen dira zure ongiak.

        2. Ongia egiozu prestuari, eta sari handia atzemanen duzu, eta haren ganik ez balin bada, segurki Jainkoa ganik.

        3. Onik ez da alabainan gaizkian jarraikia denarentzat eta amoina egiten ez duenarentzat; zeren-eta Guziz-Gorak gaitzirizkotan baitaduzka bekhatoreak, eta urrikitzen direnei urrikaltzen baita.

        4. Emozu bihotz bera duenari, eta ez lagunt bekhatorea; eta beren saria gaixtaginei eta bekhatoreei bihurtuko diote, asperkundeko egunekotzat hekiek zaintzen dituenak.

        5. Emozu prestuari eta laguntzarik ez egin bekhatoreari.

        6. Aphalari egiozu ongia, eta ez eman gaixtaginari; hari ez utz ogirik ematera, haletan zu baino ahaldunago izan dadien beldurrez;

        7. Gaitzak ezik bikhun aurkhituko ditutzu hari eginen diozkatzun ongi guzietan; zeren-eta Guziz-Gorak gaitzirizkotan baititu bekhatoreak, eta gaixtaginei asperkunde bihurtuko baitiote.

        8. Zorionean, adiskidea ez da ezagun; eta zorigaitzean, etsaia ez da gordeko.

        9. Gizona zorionean, haren etsaiak ilhunduran; eta haren zorigaitzean, adiskidea da ageri.

        10. Behinere zure etsaia baithan sinhesterik ez har; ezen herdoilak kobrea bezala, jaten hari du bere tzartasunak.

        11. Eta guzia aphaldua, burua beheiti baloha ere, zaude erne, eta begira zaite haren ganik.

        12. Ez bezazu zure aldean ezar, eta ez bedi jar zure eskuinean, beldurrez-eta zure tokira itzulirik, bilha dezan zure jarlekhuaren hartzea, eta azkenean ezagut detzatzun ene hitzak, eta loth dakizun ene solasen mina.

        13. Nor urrikalduko da sugeak asiki duen xarmatzaileari, eta basabereetara hurbiltzen diren guziei? eta hala-hala da gizon gaixtoarekin uztartzen dena, eta haren bekhatuetan birundatua da.

        14. Oren bat egonen da zurekin; bainan erortzera egiten baduzu, etzaitu jasanen.

        15. Etsaiak eztitasuna derabilka ezpainetan; eta bere bihotzean zilhora zure arthikitzeko asmuak derabilzka.

        16. Etsaiak nigarra derabila bere begietan; eta artea atzeman ahal badeza, ezin aseko da zure odolez;

        17. Eta asturugaitzik gerthatzen bazaitzu, han lehenbizikorik hura atzemanen duzu.

        18. Etsaiak nigarrez derabila begietan, eta laguntza emateko itxuran, lurra zilhatuko darotzu oin-pean.

        19. Dardaratuko du burua, esku-zaflaka hariko da, eta asko elhe barraiatuz begithartea aldatuko du.

 

XIII. KAP.

        1. Bikhea ukituko duenak hartuko du haren khutsua; eta hanpuruthuarekin ihardukiko duenak hanpurustasuna soineratuko du.

        2. Bera baino handiagoarekin ihardukitzen duenak karga bat hartzen du bizkarrera. Eta ez izan zu baino aberatsagoaren lagunkhide.

        3. Zer ihardukimendu izan dezakete duphinak eta eltzeak? ezen koskatuko direnean, eltzea hautsiko da.

        4. Aberatsak bidegabea egin, eta larderiaka dabila; beharra aldiz, bidegabe jasanik, ixil dago.

        5. Ematen baduzu, hartuko zaitu; deusere ez duzunean, bazterrerat utziko zaitu.

        6. Ontasun balin baduzu, zurekin jarriko da mahainean, eta larrutuko zaitu; eta bera ez da zutaz khexu izanen.

        7. Premia bazaizkio, enganatuko zaitu, eta irria hortzetan, irrits emanen darotzu, solas onak emanez, eta erranen darotzu: Zeren beharra duzu?

        8. Bere barazkariekin xahutuko zaitu, eta bi edo hirur aldiz ahituko ditu zure ahalak; azkenean zutaz irri eginen du; eta gero ikhusten zaituenean, utziko zaitu eta burua dardaratuko du zure alderat.

        9. Jainkoari aphal zakizkio eta zaude haren eskuari iguri.

        10. Berautzu enganaturik zorokerian aphaltzetik.

        11. Ez aphal izan zure zuhurtasunean, beldurrez-eta zorokerian aphaldurik enganatua izan zaitezen.

        12. Handiagoak deitzen bazaitu, gibelerat egizu; ezen aria hortaz gehiago deithuko zaitu.

        13. Ez izan nabarmen, behaztopa beldurrez; eta ez jar haren ganik urrun, etzaitezen ahantzia geldi.

        14. Khidez khide harekin mintzatzen ez bara; sinhesterik ez eman haren elhe luzeei; ezen bere solas guzien artetik zure haztatzen hariko da; eta irria hortzetan, galdeginen darozkitzu gordeak daduzkatzun gauzak.

        15. Haren bihotz gogorrak idukiko ditu zure hitzak, eta ez darozkitzu guphidetsiko gaizkia eta burdinak.

        16. Goaita zuri! Atxikatzu zure beharriak erne; zeren galtzeko zoriarekin baitzabiltza.

        17. Haren solasak aditzean, berriz, ametsetan bezala ikhusatzu, eta zaude atzarririk.

        18. Zure bizi guzian maitha zazu Jainkoa, eta zure salbamendurako dei egiozu.

        19. Abere guziek beren idurikoak maite dituzte; gizon guziek ere orobat berak bezalakoak.

        20. Haragia bere idurikoari iratxikitzen da, eta gizona bera bezalakoarekin erkhidetzen.

        21. Otsoak noizbait iharduk baleza bildotsarekin, orobat gaixtaginak prestuarekin.

        22. Zer ihardukimen gizon sainduak duke zakhur batekin? edo zer khidetasun aberatsak beharrarekin?

        23. Basastoa mortuan lehoinaren puska; eta hala-hala beharrak aberatsen bazka.

        24. Nola jautsguratasuna hatsgarri baitzaio hanpurutsuari, hala gizon beharra aberatsei zaiote gaitzesgarri.

        25. Aberatsa khordokan, gogortzen dute bere adiskideek; aphala, berriz, erortzera dohanean, bere ezagunek berek anbiltzen dute.

        26. Aberats enganatuari asko laguntzaile; hanpuruskeriak erran baditu, badu edertzaile.

        27. Aphala enganatua da, eta bertzalde gaizkiak entzuten ditu; zuhurki mintzatzen bada, ez dute aditu nahi.

        28. Aberatsa mintza, eta guziak ixil, eta haren hitza zeruetaraino altxatzen dute.

        29. Beharra mintzatu, eta erraten dute: Nor da hori? eta behaztopatzen bada, anbilduko dute.

        30. Ontasunak on dira, kontzientzian bekhaturik ez duenarentzat; behartasuna guziz gaitz den bezala gaixtaginaren ahoan.

        31. Bihotzak gizonari aldatzen dio begithartea, edo onerat, edo gaixtorat.

        32. Lan izanen duzu eta nekhez khausituko bihotz onaren hatza eta begitharte ona.

 

XIV. KAP.

        1. Dohatsu gizona hitzaz bere ahotik erori ez dena, eta bere bekhatuaren erredurak khexatzen ez duena!

        2. Dohatsu arimako goibeldurarik ez duena, eta bere pheskizaz gabetua ez dena!

        3. Gizon dirukoi eta atxikiak deusetako ez du ontasuna, eta gizon bekhaiztiak zertako du urhea?

        4. Bere gogo guziz aberastasun metatzen zuzen-kontra hari direnak bertzeentzat biltzen du, eta bertze bat dostatuko da haren ontasunetan.

        5. Bere buruarentzat gaixto dena, bertze norentzat on izanen da? eta ez du bere ontasunetan gozorik hartuko.

        6. Deus ez da tzarragorik bere sabelari bekhaizten dena baino, eta hori da haren tzarkeriaren gaztigua.

        7. Ongia egiten badu, jakin eta nahi gabe egiten du; eta azkenean agertzen du bere tzartasuna.

        8. Bekhaiztiak tzarra du begia; bazterrerat ematen du begithartea, eta arbuiatzen bere arima.

        9. Ezin-asezkoa da dirukoiaren begia bere lehia tzarrean; ez da aseko bere arima iharraraziz ahi dezan arteo.

        10. Begi gaixtoa gaizkirat dago; jaramana ez da ogiz aseko, bainan bere mahainean eskasian eta ilhun egonen da.

        11. Ene haurra, zerbaiten jabe bazare, egiozu zure buruari ongi, eta Jainkoari eskain zatzu egokiak.

        12. Orhoit zaite herioa ez dela berankor, eta hobirateko erabakia agertua izan zaitzula; ezen mundu hunen erabakia da, heriotzez hilen dela.

        13. Hil aitzinean egiozu zure adiskideari ongia, eta zure indarren arabera hedatuz, beharrari emozu.

        14. Ez khen zure buruari egun oneko gozoak, eta emaitza oneko puskak ez utz galtzera.

        15. Ez othe diozkatzute bertzeei utziko zure nekhe eta lanen fruituak zortean zathitzera?

        16. Eman eta har zazu, eta zure arima saindu zazu.

        17. Hil baino lehen egizkitzu saindutasuneko eginkariak, ezik hilen herrian ez da jateko khausitzeko mengoarik.

        18. Haragi guziak xirphiltzen dira belharra bezala eta zuhaitz berdean muskiltzen den hostoa iduri.

        19. Batzu sortzen eta bertzeak erortzen dira; orobat da haragiaren eta odolaren iraulgia; bat akhaba, bertzea sor.

        20. Edozein lan ustelkizun azkenekotz iraungiko da, eta haren egilea harekin goanen da.

        21. Egintza ona, ontzat atheratuko da; eta egin duenak hartan izanen du ohore.

        22. Dohatsu gizona zuhurtasunean bizitzen dena, eta gogoa bere zuzentasunean alhatzen duena, eta bere baithan orhoitzen dena Jainkoa dagokoela begira!

        23. Jainkoaren bideez bere bihotzean ihardukitzen duena, eta haren gauza gordeetan aditzen dena; zuhurtziari jarraikitzen dena, hatzen ondotik dihoana iduri, eta haren bideetan gelditzen dena;

        24. Haren leihoetarik begira, eta atheetan aditzen dagoena;

        25. Haren etxearen aldean phausatzen dena; eta haren harrasietan hesaul bat sarthurik, bere etxola haren sahetsean eginen duena; eta hainaren onak behin-bethiko phausuan egonen dira haren etxolan.

        26. Bere haurrak ezarriko ditu haren gerizan, eta bere egonen da haren hegalen azpian.

        27. Haren gerizaren azpian berotik maldatua izanen da, eta haren ospean phausu hartuko du.

 

XV. KAP.

        1. Jainkoaren beldur denak eginen du ongia; eta zuzentasunaren jabe denak aurkhituko du zuhurtzia.

        2. Eta bidera hainari ethorriko zaio ama ohoratu bat iduri, eta hura hartuko du neskatxa batek senharra bezala.

        3. Biziko eta adimenduko ogiaz haziko du; zuhurtzia salbagarriaren uraz edaranen du; haren baithan gogortuko da, eta hura ez da khordokatuko.

        4. Eta zuhurtziak atxikiko du, eta hura ez da ahalketara eroriko; eta zuhurtziak altxatuko du bere lagunen baithan.

        5. Ahoa baldarnaren erdian idekiko dio; zuhurtziazko eta adimenduzko izpirituz betheko du; eta ozpezko soina jauntziko dio.

        6. Bozkarioa eta goiheretasuna metatuko ditu haren gainean, eta bethiereko izen baten ondore eginen du.

        7. Gizon zoroek ez dute zuhurtzia atzemanen, eta adimendutakoak bidera goanen zaizko; zoroek ez dute ikhusiko; urrun dago ezen hanpuruskeria eta zimarkhutarik.

        8. Gizon gezurtiak ez dira hartaz orhoituko, eta egiatiak harekin khausituko dira, eta ongi goanen dira Jainkoaren aitzinera hel ditezen arteo.

        9. Bekhatorearen ahoan laudorioa ez da eder;

        10. Zeren Jainkoa ganik heldu baita zuhurtzia. Alabainan zuhurtziaren aldean dago Jainkoarentzateko laudorioa, eta nasai izanen da fidel denaren ahoan eta hari ororen nausiak emanen dio.

        11. Ez erran: Jainkoaren gatik ez da zuhurtzia enekin; ezen Jainkoak higuin duena zuk ez egin.

        12. Ez erran: Jainkoak makhurrarazi nau; ezen gizon tzarrak ez dira harentzat premia.

        13. Jainkoak gaitzets du errebelamendu hatsgarria, zeina haren beldur direnentzat ez baita maithagarri izanen.

        14. Jainkoak hastapenetik egin izan zuen gizona, eta utzi zuen egitera iduritzen zitzaioenaren arabera.

        15. Bertzalde eman ziozkan lege eta manamenduak.

        16. Baldin bethi nahi baduzu egin haren gogarako dena eta manamenduak begiratu, hekiek zainduko zaituzte.

        17. Aitzinean ezarri darozkitzut ura eta sua: nahi duzunera heda zazu eskua.

        18. Bizia eta herioa, ongia eta gaizkia, gizonaren aitzinean dira; haren gogarako dena mana izanen zaio.

        19. Alabainan Jainkoaren zuhurtzia nihonerekoa da, eta ahalez hazkar da, oro geldiarterik gabe ikhusten dituelarik.

        20. Jaunaren begiak daude haren beldur direnen gainean, eta ezagutzen ditu gizonaren egintza guziak.

        21. Nihori ez dio manatu gaizkiaren egitea, eta nihori ez dio eman bekhatuaren egiteko eskua;

        22. Ezen haur fede-ukhatu eta ezdeusetako batzuen osteaz ez da lehiatsu.

 

XVI. KAP.

        1. Zure haur tzarrak berhatzen badira ere, ez bozkariorik har hekien baithan; atseginik ez har hekietan, Jainkoaren beldurra hekietan ez bada.

        2. Ez izan sinhesterik hekien bizian, eta ez begira hekien lanei.

        3. Alabainan bat hobe da Jainkoaren beldur dena, ezenetz mila haur tzar;

        4. Eta hobe da haurrik gabe hiltzea, haur tzarrak uztea baino.

        5. Gizon umo bakhar batek sortherria betheko du egoiliarrez, mortu eginen dira gaixtaginen eremuak.

        6. Ene begiak asko holako ikhusi izan du, eta oraino handiagorik ene beharriak entzun.

        7. Gaixtaginen baldarnan khaldatuko da sua, eta jendaki sinhestegabean khaldatuko da sepha.

        8. Beihalako diganteek ez dute beren bekhatuentzat othoitz egin; beren indarrean zuten sinheste, eta xahutuak izan dira.

        9. Jainkoak ez du guphidetsi izan Lot arrotz zagoen tokia, eta gaitzetsi izan ditu hango egoiliarrak beren solasetako hanpurukeria gatik.

        10. Etzaiote urrikaldu; eta, bere bekhatuetan hantzen zen jendaia hura oro galdu izan du;

        11. Eta hala-hala sei ehun mila oinezko, beren bihotzeko gogortasunean elkharretara bildu zirenak; eta bat, bertzeak bezala burugogor izatu balitz, sendagaila zitakeen bizirik athera balitz;

        12. Ezen harekin dira urrikalmendua eta hasarrea; ahaldun da barkhatzeko, eta badaki hasarrearen hedatzen.

        13. Nolakoa haren urrikalmendua, halakoa haren gaztigua; gizona bere eginen arabera juiatzen du.

        14. Gaixtagina bere harrapakerian ez da itzuriko; eta urrikalmendu hartzen duenaren jasankortasunak bere saria ez du berantetsiko.

        15. Urrikalpenezko egitate guziek batbederari eginen diote tokia, haren eginkariek merezitu arabera, eta haren erromeriako umatasunaren arabera.

        16. Ez erran: Jainkoaki gordeko natzaio, eta zeru gainetik nor orhoituko da nitaz?

        17. Populu handi hartan ez naiz ezagutua izanen; ezen erre arima zer da hainbertze kreaturen erdian?

        18. Hara non zerua eta zeruetako zerua, eta lezea, eta lurra oro, eta hekietan direnak, ikharan jarriko diren haren aitzinean;

        19. Mendi, mendixkak eta lurraren erroak lazturaz khordokatuko dira, Jainkoak begiratuko diotenean.

        20. Eta horien guzien erdian gizonaren bihotza zoratua dago; bainan Jainkoak ezagutzen ditu bihotz guziak.

        21. Nor da ordean haren bideak eta gizonaren begiak ezin-ikhusizko phesia ezagutuko dituena?

        22. Ezen haren obra hainitz gordeak dira; bainan nork erran haren zuzentasunezko egintzak? edo nork jasan hekiek? Alabainan barzuen ganik urrun da erabakia, eta guzien ikharpena akhabantzan izanen da.

        23. bihotza ttipitzen zaionak ezdeuskeriako gogoetak ditu, eta gizon umotasunik gabeak eta makhurrean dabilanak erhokeriazko gogoetak.

        24. Ene haurra, entzun nezazu; ikhasazu zure adimenduaren argitzen, eta ene solasei erne zaude zure bihotzean.

        25. Zuzenki emanen darotzut irakhaspena, eta bermatuko naiz zuhurtzia nolakoa den zuri erratera: eta ene solasei zaude zure bihotzean erne; nik izpirituko zuzentasunean erraten darozkitzut Jainkoak, hastetik bere egintzetan ezarri dituen indarrak, eta zintasunean ezagutarazten darotzut haren jakitatea.

        26. Jainkoak bere zuhurtzian antolatu ditu hastetik bere obrak, eta egin dituen ordutik berezi ditu hekietako aurkhintzak eta hekien hastapenak zein bere motaren arabera.

        27. Esleitu diotzate beren lanak bethikotzat; eta ez dira ez gosetu, ez nekhatu, ez baratu beren lanetarik.

        28. Bakhotxak ez du bere aldekoa hertsatuko mendeen mendetaraino.

        29. Ez izan Jaunaren hitzari sinhetsgogor.

        30. Gero Jainkoak lurrera begiratu du, eta bere onez bethe.

        31. Eta abere bizidun guziak ilkhiarazi ditu lurraren gainera eta berriz haren beraren barnera bihurtuko dira.

 

XVII. KAP.

        1. Jainkoak lurretik kreatu du gizona, eta bere idurira egin izan du.

        2. Eta berriz lurretara bihurrarazi du, eta bere araberako indarraz jauntzi du.

        3. Eman diozka hunenbertzeko egunketa bat eta muga, eta lurrean diren guzien gainean nausitasuna eman dio.

        4. Haren larderia ezarri du haragidun guzien baithan, eta gizona jarri da abere eta hegastinen nausi.

        5. Jainkoak lagun bat kreatu dio bere izatetik bera iduria; eman diozkate ezagutza, mihia, begiak, beharriak, bihotza, hekien bidez asmu egiteko; eta adigarriaren argiz bethe ditu.

        6. Hekietan kreatu du izpirituaren jakintasuna, hekien bihotza bethe du adimenduz, eta on-gaitzak erakhutsi diozkate.

        7. Bere begia ezarri du hekien bihotzen gainean hekiei erakhusteko bere egintzen handitasuna,

        8. Orok batean lauda zezaten haren izen saindua, hari ospe bihur bere sendagailez eta goraki aithor haren egintza handiak.

        9. Gainerako eman diote bizitzeko moldea eta biziaren legeaz premu egin ditu.

        10. Hekiekin egin du bethikotzat batasun, eta irakhatsi diozkate zuzenbidea eta bere erabakiak.

        11. Eta hekien begiak ikhusi ditu haren ospeko sendagailak, eta hekien beharriek izan dute haren mintzoaren aditzeko ohorea, eta harek erran izan dioete: Berautzue gaizki orotarik.

        12. Eta manatu ditu zein bere lagunaren arthaz.

        13. Hekien bideak haren aitzinean dira bethi; ez dira haren begiei gordeak.

        14. Jendaki bakhotxari buruko ezarri dio hotsemaile bat.

        15. Eta Israel egina izan da Jainkoaren zathi ageria.

        16. Eta hekien egintza guziak iguzkia bezala Jainkoaren aitzinean dira: eta haren begiak aldaratu gabe hekien bideei begira daude.

        17. Hekien tzartasunak ez ditu itzali Jainkoaren legeak, eta haren aitzinean dira hekien tzarkeria guziak.

        18. Gizonaren amoina zigilu bat bezala da Jainkoaren baithan, eta gizonak egin ongiaren eskerra zainduko du begi-ninia bezala.

        19. Eta azkenean Jainkoa jaikiko da, bakhotxari bere buruaren gainera emanen dio bere saria eta luphera bihurraraziko ditu gaixtaginak.

        20. Bainan urrikitan direnei zabaltzen diote zuzentasuneko bidea; gogortzen ditu ezin ihardukiz khordokan direnak, eta esleitu diote egia haren zathitzat.

        21. Bihur zaite jauna gana, eta utzatzu zure bekhatuak.

        22. Oithoitz egizu Jaunaren aitzinean eta guti zatzu behaztopabideak.

        23. Jauna gana bihur zaite; urrun zaite tzarkerietarik, eta minki gaitzets zazu hatsgarri dena.

        24. Ezagut zatzu zuzenbidea eta Jainkoaren erabakiak, zaude ezarria izan zaren bezala eta ez utz Jainko guziz goraren othoiztea.

        25. Mende sainduko alderat egizu, bizi direnekin eta Jainkoari aithor ematen diotenekin.

        26. Ez egon gaixtaginen makhurretan, hil aitzinean aithor bihur zazu. Deusere ez balitz bezala galtzen da hilen ganikako aithorra.

        27. Bizi zarelarik aithor bihur zazu, bizi eta sasual zarelarik bihur zazu, lauda Jainkoa eta ospe bihur haren urrikalpenez.

        28. Zeinen diren handiak haren urrikalmendua, eta barkhamendua haren ganat bihurtzen direnentzat

        29. Alabainan oro ez ditezke gizonen baithan izan, zeren gizasemea ez baita herioaren garai eta maltzurkeriaren ezdeustasunean lakhet baita.

        30. Zer da iguzkia baino argiagorik? eta-bada iraungiko da. Haragiak eta odolak asmatzen dutena baino zer da tzarragorik? eta hura jazarria izanen zaiote.

        31. Iguzkiak begiratzen dio zeru goretako indarrari, eta gizona ez da hauts eta lur baizik.

 

XVIII. KAP.

        1. Egundainotik bizi denak guziak batean kreatu ditu; Jainkoa bakharrik izaten da zuzentzat ezagutua, eta ezin-garhaituzko errege egonen da bethiren bethi.

        2. Nor daite gai haren egintzen errateko?

        3. Nork ezen ikharturen ditu harek egin sendagailak?

        4. Nork, berriz, ezagutaraziko du haren handitasunaren ahala? edo nor abiatuko da haren urrikalmenduaren erraten?

        5. Ez ditazke ez guti, ez berha, ez ardiets Jainkoaren sendagailak.

        6. Noiz-ere gizonak akhabatu baituke, orduan hasiko da; eta noiz-ere gelditu baititake, balditua egonen da.

        7. Zer da gizona eta zer da haren ahala? zer ongiz, edo zer gaizkiz da gai?

        8. Gizonen bizia, luzeena harturik ere, ehun urthetakoa da; hekien urthe aphurrak bethiko mendearen egunean hartuak dira hala-nola itsasoko ur-xorta bat, hala nola legar-izpi bat.

        9. Horren gatik Jainkoa igurikor da gizonen alderat, eta hekien gainera ixurtzen du bere urrikalmendua.

        10. Ikhusten du hekien bihotzen sendokeria gaixtoa dela, eta ezagutzen du hekien izpirituko deboiladura tzarra dela.

        11. Hargatik hekien baithan bethetzen du bere urrikalkortasuna eta erakhusten diote zuzenaren bidea.

        12. Gizonaren urrikalkortasuna, haren lagunaren gainera hedatzen da; Jainkoarena ordean haragi ororen gainera.

        13. Harek badu urrikalmendua, irakhasten eta kridantzatzen du, hala-nola artzainak bere arthaldea.

        14. Urrikari ditu haren urrikalmenduko irakhaspena hartzen dutenak, eta haren erabakien azpian lehiatuz jartzen direnak.

        15. Ene haurra, egiten duzun ongiarekin erantzuna ez nahasteka, eta zerbait ematen duzunean ez eratxik hitz gaixtoen atsekabea.

        16. Ihintzak ez othe du berria ematzen? hala-hala hitz gozoa emaitza baino hobea da.

        17. Solas hura ez othe da eman den onaren garai? bainan bat eta bertzea gizon prestuarekin dira.

        18. Zoroak saminki erantzuten du, eta ikhasigabearen emaitzak zitzorrarazten ditu begiak.

        19. Juiatu baino lehen, zuzentasuna aphain zazu zure baithan; eta mintzatu baino lehen, jakitatea bil zazu.

        20. Gaitzak jo baino lehen, sendakariaz zerbitza zaite; juiatu baino lehen, argi zazu zure burua, eta Jainkoaren aitzinean aurkhituko duzu begitharte.

        21. Gaitzak jo baino lehen, aphal zazu zure burua, eta eritasuneko orduan erakhutsazu zure bihurpena.

        22. Deusek-ere ez bezaitza traba othoitz egitetik bethi, eta ez izan herabe hil arteo zuzenbidean ibiltzeko; zeren Jaunaren sariak bethi guzian iraunen baitu.

        23. Othoitzaren aitzinetik aphain zazu zure arima, eta ez izan Jainkoaren frogatzen dabilan gizona iduri.

        24. Orhoit zaite azken eguneko hasarreaz eta orduaz zeintan batbederari emanen baitzaio bere bizitzearen araberako saria.

        25. Behartasunaz orhoit zaite nasaiziako egunean eta noharroinaren beharrez aberastasuneko egunean.

        26. Goizetik arratsera aroa aldatzen da, eta horiek oro tupustean egiten dira Jainkoaren begietan.

        27. Gizon zuhurra bethi beldurrean dago, eta bekhatuetako egunean begiratuko da nagitasunetik.

        28. Gizon xothilak ezagutzen du zuhurtzia, eta aithor bihurtzen dio hura aurkhitzen duenari.

        29. Gizon adimentutakoak beren hitzetan, zuhurki dabiltza berak; badute egiaren eta zuzenaren aditza, eta uria bezala ixurtzen dituzte erran-zaharrak eta erabakiak.

        30. Ez goan zure zalekerien ondotik, eta bazterrerat egizu zure nahikundetik.

        31. Zure arimako lehiak bethetzen baditutzu, zure burua eginen duzu zure etsaien bozgarri.

        32. Ez izan lakhet osteen erdian, ez-etare bilkhu ttipietan; ezen hutsa ardurakoa da hekietan.

        33. Ez eror behartasunera lukurutan mailegatuz, zarpan ez duzunean deusere; ezen hori zure biziaz bekhaitz izatea lizate.

 

XIX. KAP.

        1. Langile edalea ez da aberastuko, eta gauza ttipietan ezaxolatua dena, emeki emeki beharrera eroriko da.

        2. Arnoak eta emaztekiek behaztoparazten dituzte zuhurrak eta hobenduntzen adimendutako gizonak.

        3. Lilitxoei josten dena zabartuko da; ustelduraren eta haren puska bilhakatuko da; erakhutsia izanen da irakaskari handi bat bezala, eta haren arima khendua izanen da bizidunen liburutik.

        4. Sinhesbera dena, bihotz arinekoa da, eta beheitituko da; eta bere biziaren kontra bekhatu egiten duena, ergel batentzat idukia izanen da.

        5. Tzarkeriak bozten duena, desohoratua izanen da; kridantza higuin duenari laburtuko zaio bizia, eta elheketa higuin duenak ithoko du maltzurkeria.

        6. Bere arimaren kontra bekhatu egiten duenari urrikituko zaio; eta maltzurkerian lakhet dena, desohoratua izanen da.

        7. Ez errepika hitz gaixto eta gaitzigarria, eta etzaitzu bidegaberik ethorriko.

        8. Ez erran barnean duzuna ez adiskideari, ez etsaiari; eta balin baduzu hoben zerbait, ez ager;

        9. Ezen hainak entzunen eta begiz idukiko zaitu; eta zure hutsaren itsutzeko alegia egiten duelarik, gaitzirizkotan hartuko zaitu, eta hola jazarriko darotzu bethi.

        10. Entzun duzu hitz bat zure lagunaren kontra? itho bedi zure baithan, gogoari emanik etzaituela leherraraziko.

        11. Aditu elheaz ergela berehala erditzen da, hala-nola haur-minetan emaztekiak intzirak ezin iduk baitetzazke.

        12. Gizonaren ixterrean sarthua den gezia nola, zoroaren bihotzean elhea hala.

        13. Kridantza zazu zure adiskidea, beldurrez-eta ez duen entzun zer derasaten, eta erran dezan: Ez dut egin; edo egin balin badu, ez dadien bihur berriz egitera.

        14. Kridantza zazu zure laguna iratxikitzen dioten elheaz, zeren ez baitu erran beharbada; eta erran badu, ez dezan errepika.

        15. Kridantza zazu adiskidea; ezen maiz gerthatzen da hutsa.

        16. Ez sinhets elhe guziak; bada mihitik hutsegiten duena, bainan ez arimatik.

        17. Nor da alabainan mihitik hutsik egiten ez duena? Kridantza zazu laguna, larderiatu aitzinean.

        18. Eta Guziz-Goraren beldurrari emozu bide, zeren Jainkoaren beldurra baita zuhurtzia osoa; eta dauntza zuhurtzia huntan Jainkoaren beldur izatea, eta zuhurtzia osoan legearen bethetzea.

        19. Gaizkiaren egiteko jakitatea ez da zuhurtasuna, eta gaixtaginen umotasuna ez da adimendua.

        20. Bada tzartasun bat, gaitzespena bere baithan dadukana; eta zorokeria bada, zeina baita zuhurtzia eskas bat.

        21. Gizon zuhurtziaz xume, eta adimenduz eskas dena Jainkoaren beldurrarekin, hobea da ezenetz adimenduz nasai dena eta Guziz-Goraren legea hausten duena.

        22. Bada antze bat segura, eta bide gaixtokoa,

        23. Eta bada solas zina atheratzen duena egiaz mintzatuz. Bada gizona bere burua maltzurki beheratzen duena, eta zeinaren barnea zimarkhuz bethea baita.

        24. Bada beheramendu handirekin soberetaraino aphaltzen dena; eta bada begithartea beheititzen duena, eta gauza ezjakinari ez-ikhusiarena egiten dioena.

        25. Eta bere kalipu eskasak ez badu bekhatu egitera uzten, eginen du gaizkia, gaizki egiteko artea atzematen badu.

        26. Begira ezagun da gizona, eta bekhoz bekhotik ezagutzen da adimenduduna.

        27. Gorphutzeko jauntziak, hortzetako irriak, ibiltzeak erakhusten dute zer den gizona.

        28. Mokhorraren hasarrean bada gezurrezko kridantza bat, eta bada ustekeria bat, zeina ez baita ontzat ezagutua; eta bada gizona ixilik dagoena, eta hura umoa da.

 

XX. KAP.

        1. Zenbatez ez da hobe kridantzatzea, ezenetz hasarre gelditzea eta debekatzea barkhamendu eskatzetik hutsa aithortzen duena

        2. Ebakiaren lehia tzarrak gal balezo neskatxari lorea,

        3. Hala-hala egiten du bidegabezko juiamendua gaixtoki bihurtzen duenak.

        4. Zein on den urrikiaren erakhustea kridantzatua denean! Ezik hola berariazko bekhatuari itzurtzen zare.

        5. Bada gizon ixila, zuhur aurkhitua dena; eta bada higuingarria bere elhastre ahalkegabearen ariaz.

        6. Bada ixilik dagoena, solaseko aditzarik ez izanez; eta bada ixilik dagoena, jakinez noiz den ordu ona.

        7. Zuhurra hein bat egonen da ixilik; ergela ordean eta umogabea ez dira orduari begiratuko.

        8. Elhe hainitz derabilanak dainu eginen dio bere arimari, eta zuzenik gabe eskudantzia hartzoilea gaitzirizkotan eroriko da.

        9. Legegabeko gizona aitzinaz dihoa gaizkian, eta bere asmuak kaltetara bihurtzen zaizko.

        10. Bada emate bat deusetako ez dena, eta bertze bat bietan sariztatuko dena.

        11. Bada ospea gatikako beheramendua, eta bada aphaltasunaren bidez goratzen duena burua.

        12. Bada asko gauza merke berrerosten duena, eta hekiek zazpitan bihurtzen dituena.

        13. Zuhurrak solasean bere burua maithagarri eginen du; aldiz zoroaren eskerra urmariatuko da.

        14. Zoroak emana ez duzu deusetako izanen; ezen haren begiak zazpikhunak dira.

        15. Gauza guti emanen du eta iroi hainitz eginen; eta haren ahoa idekitzea, su-hartze bat da.

        16. Hulakoak egun ematen du maileguz, eta bihar galdatzen: higuingarria da holako gizona.

        17. Ergelak ez du izanen adiskiderik, ez-eta haren ongiek eskerrik;

        18. Ezen haren ogia jaten dutenek mihi gezurtia dute. Zenbatetan eta zenbatek irriz jokhatuko duten!

        19. Ez du alabainan adimendu zuzenarekin ematen iduki behar zukeena, eta orobat iduki behar etzukeena.

        20. Mihi gezurtiaren erorikoa da galtzadaren gainera erortzen den gizona iduri; hala-hala gaixtaginak eroriko dira laster.

        21. Gizon morrokoa da khondera alfer bat gizon ikhasigabeen ahoan izaten ohi den bezala.

        22. Ergelaren ahotik solas zuhurra ez da ongi hartzen, zeren ez baitu bere orduan erraten.

        23. Bada gizona bekhatutik begiratzen dena ahal eskasez, eta phausuan tirriatuko dena.

        24. Bada ahalkearen ariaz bere arima galtzen duena, eta gizon umogabe baten gatik galduko du; nor-nor-den begiratzen duelakotz, galduko du bere burua.

        25. Bada bere adiskideari ahalkearen ariaz agintzen duena eta hura etsaitzat irabazten du urrurik.

        26. Gezurra gizonaren baithan laido itsusia da, eta usu da gizon makhurren ahoan.

        27. Bethi gezurrez mintzo den gizona baino hobe da ohoina; bainan galpena izanen da bien primantza.

        28. Gizon gezurtien bizia ohoregabea da; eta beren ahalkeria, baratu gabe jarraikitzen zaiote.

        29. Zuhurrak bere buruari on ekhartzen dio bere solasez, eta gizon umoa handien gogarako izanen da.

        30. Bere lurra lantzen duenak goratuko du bihi murrua, eta zuzenari bere bidea ematen dioenak bere burua du goratuko; aldiz handien gogarako denak tzarkeriari ihes eginen dio.

        31. Dohain, emaitzek itsutzen dituzte juieen begiak; eta mututzen balira bezala, ahoan bazterrerat demate gaztigua.

        32. Zuhurtzia gordea eta ikhusten ez den dirutzea, zertako dira on bata eta bertzea?

        33. Bere antzegabetasuna gordetzen duenak gehiago du balio ezenetz bere zuhurtasuna gordetzen duen gizonak.

 

XXI. KAP.

        1. Ene haurra, egin duzu bekhatu? ez abia berriz; bainan othoitz egizu lehenekoentzat, izan dakizkitzun barkhatuak.

        2. Bekhatuari ihes-egiozu sugeari bezala; eta hurbiltzen bazaizkio, harrapatuko zaitu.

        3. Haren hortzak dira lehoinaren hortzak iduri; gizonen arimak hiltzen dituzte.

        4. Bekhatua da ezpata bi aldeetarik zorroztua; harek egin sakhientzat sendatzerik ez da.

        5. Larderia, irainek urmariatuko dituzte ontasunak, eta hanpuruzkeriak urtharaziko du etxerik aberatsena; hola xahutuko da hanpurutsuaren ontasuna.

        6. Beharraren ahotikako othoitza Jainkoaren beharrietaraino helduko da, eta justizia ethorriko zaio laster.

        7. Kridantza higuin duena bekhatorearen hatzen gainean dabila; eta Jainkoaren beldur dena bere baithan sarthuko da.

        8. Botheretsua urrunera ezagun da bere mihi ausartetik, eta zuhurrak badaki haren ganik itzurtzen.

        9. Bertzeen gostuz bere etxea egiten duenak iduri du neguan bere harriak biltzen dit