www.armiarma.com
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

ISAIASEN PROFEZIA

 

I. KAP.

        1. Amosen seme, Isaiasen ikhuspena, Judaren eta Jerusalemen gainean, Judako errege Ozias, Joathan, Akaz eta Ezekiasen egunetan ikhusi duena.

        2. Zeruak, adi zazue; lurra, emak beharria; zeren Jainkoa baita mintzatu. Hazi eta altxatu ditut haurrak; hekiek aldiz nardatu dira nitaz.

        3. Idiak ezagutzen du bere jabea, eta astoak bere nausiaren heia: Israelek ordean ez nau ezagutu, eta ene populuak ez du aditzarik.

        4. Zorigaitz jendaki bekhatoreari, populu tzarkeriak thoilduari, iraulgi gaixtoari, ume galduei! Bazterrerat utzi dute Jauna, burhoztatu dute Israelgo saindua, atzetu dira gibelerat eginez.

        5. Gaurgero non joko zaituztet, legearen hausten berhatuz zihoztenak? Buru guziak hagoranduak, bihotz guziak eroriak dira.

        6. Oin-zolatik buru-kaskora, hekietan nihon ez da aurkhintza sasual bat; sarraski, uspel, zauri hantu, ez dira ez lothuak, ez erremedioz gantzutuak, ez olioz gozatuak.

        7. Zuen lurra mortu egina da, zuen hiriak suz erreak; arrotzek zuen aitzinean iresten dute zuen herria, eta desmasiatua izanen da hala-nola gerlateko xahupenean.

        8. Siongo alaba izanen da trebes utzia hala-nola mahastian etxola, konkonbre-alhorrean xolopioa, eta xahutzen hari den hiria bezala.

        9. Armadetako Jaunak utzi ez baleroku hazia, Sodoma bezala eta Gomorharen iduriko izanen ginen.

        10. Jaunaren hitza adi zazue, Sodomako buruzagiak; Gomorhako populua, beharriaz ardietsak gure Jainkoaren legea.

        11. Zer zait niri zuen bitimaketa? dio Jaunak. Bethea naiz; ez dut nahi zuen aharien holokaustarik, ez abereen bilgorrik, ez aratxeen odolik, ez-eta bildots eta akherrenik.

        12. Ene aitzinera ethorri zaretenean, nork halakorik galdatu izan du zuen eskuetarik, zuek ibiltzeko ene lorioetan?

        13. Gehiago ez eskaint sakrifizio alferrik; hatsgarri zait isentsua; ezin jasan detzazket ilhargi berri, larunbat eta bertze bestak; tzarkeriaz betheak dira zuen bilkhuak.

        14. Ene arimak hastiatu ditu zuen hilabetheko lehen egunak eta zuen besta-buruak; gaitzigarri zaizkit bilhakatu; lan izatu dut hekien jasaiten.

        15. Eta eskuak hedatuko ditutzuenean, zuen ganik bazterturen ditut begiak; eta othoizka hariko zaretenean, ez dut entzunen; ezen zuen eskuak odolez dira betheak.

        16. Garbi, xahu zaitezte; ene begien aitzinetik khen zazue zuen gogoeten tzarra; bara zaitezte gaixtoki ibiltzetik.

        17. Ikhasazue ongi egiten, bilha zazue zuzentasuna, ehoa dagoenari laguntza ekharrozue, umezurtzari zuzenbidea bihur, zaint alharguna.

        18. Eta gero zatozte, aria galda diazazute, dio Jaunak; eskarlata bezala balira ere zuen bekhatuak, elhurra bezala xurituko dira, eta purpura bezain gorri balira ere, ilea bezain xuri dira eginen.

        19. Nahi baduzue, entzuten banauzue, lurreko onez gozaturen zarete.

        20. Nahi ez baduzue, eta hasarrera tarritatzen banauzue, ezpatak iretsiren zaituztete; ezen Jaunaren ahoa da mintzatu.

        21. Nola da lilitxo egin hiri fidel, zuzentasunez bethea? Zuzenbidea han egotu da, orai aldiz gizon-hiltzaileak.

        22. Hire zilharra zephara bihurtua eta hire arnoa urarekin nahastekatua dun.

        23. Hire buruzagiak fedegabeak, ohoin-lagunak ditun; guziak emaitza-zale dira, sarien ondotik dabiltza. Umezurtzarentzat ez diote zuzenari bere bidea ematen, eta alhargunaren xuritzekoak ez du hekien aitzinera sarbiderik.

        24. Aria hortaz, dio armadetako Jainko Jaun, Israelgo hazkarrak: Baiki! sosegu emanen diot ene buruari ene etsaien gainean, asperturen naiz ene etsaiez.

        25. Eta zure gainera itzuliren dut eskua, eta zure zepha khenduren dut xahu-xahua egin arteo, eta edekiren dut zutan den ezteinu guzia.

        26. Eta zure juieak berriz jarriren ditut lehen ziren bezala, eta biltzarlariak beihala bezala; gero deithuko zare prestuaren hiria, hiri fidela.

        27. Juiamenduaz berrerosiko da Sion, eta zuzentasunak bihurraraziko du.

        28. Jainkoak batean lehertuko ditu gaixtaginak eta bekhatoreak, eta iraungiak izanen dira Jauna bazterrerat utzi dutenak.

        29. Ahalketara arthikiak izanen dira idolez, zeinei sakrifikatu baitute; eta ahalkez gorrituko zarete hautatu ditutzuen baratzeen ariaz;

        30. Hostoak erortzen zaizkon haritza bezala eta urik gabeko baratze bat iduri izaten zaretenean.

        31. Eta zuen indarra izanen da su duen arkola iduri; eta zuen lana, hala-nola phindar bat; eta biak batean errekei dira, eta nihor ez da izanen suaren hiltzeko.

 

II. KAP.

        1. Zer ikhusi zuen Isaiasek, Amosen semeak, Judaren eta Jerusalemen gainean.

        2. Eta azken egunetan, Jaunaren etxeko mendia mendien kaskoan izanen da xuxendua, eta mendixkez gorago helduko da, eta jendaiak hartara fharrastan ethorriko dira.

        3. Eta asko populu ethorriko dira, eta erranen dute: Zatozte eta igan gaitezen Jaunaren mendira eta Jakoben Jainkoaren etxera; eta irakhatsiren darozkigu bere bideak, eta haren bidexketan ibiliko gare; ezen Siondik ilkhiko da legea, eta Jerusalemdik Jaunaren hitza.

        4. Eta Jaunak juiaturen ditu jendaiak eta azurriaturen asko populu; eta beren ezpatetarik eginen dituzte goldeak eta beren lantzetarik segak; jendaiak jendaiaren kontra ez du altxaturen ezpata, eta ez dira gehiago guduka hariko.

        5. Jakoben etxea, zato, eta ibil gaitezen Jaunaren argitara.

        6. Alabainan, Jauna, hastandu duzu zure populua, Jakoben etxea, beihala bezala betheak direlakotz, eta Filistindarrek bezala asmaginak izan dituztelakotz eta ume arrotzei iratxiki baitira.

        7. Hekien lurra urhez eta zilharrez bethea da, eta hekien ontasuntzeak ez du ondarrik.

        8. Eta hekien lurra bethea da zaldiz eta ezin-khondatuzko orga-lasterrez, eta bethea da idolaz; adoratu dute beren eskuetako lana; beren erhiz egin izan dutena.

        9. Eta gizona gurtu, gizona aphaldu da; ez biozozu beraz barkha.

        10. Harrian sar zaitezte, zilhoetan lurraz gorde zaitezte Jaunaren hasarreari eta haren maiestatearen ospeari.

        11. Gizonaren begi goratiak aphalduak eta gizonen burgoitasuna beheititua izanen dira; Jauna aldiz egun hartan bakharrik izanen da goretsia;

        12. Ezen armadetako Jaunaren eguna ilkhitzera dihoa hanpurutsu, burgoi eta ozar guzien gainera, eta aphalduak izanen dira;

        13. Eta atheraturen da Libango zedro handi eta gora guzien gainera, eta Basango haritz guzien gainera,

        14. Eta mendi handi guzien gainera, eta mendixka gora guzien gainera,

        15. Eta dorre gora guzien gainera, eta harrasi gora guzien gainera,

        16. Eta Tharsiseko untzi guzien gainera, eta begiko eder diren gauza guzien gainera.

        17. Eta gizonen burgoitasuna beheititua izanen da, eta gizonen handigoa aphaldua izanen da, eta Jauna egun hartan bakharrik izanen da goretsia;

        18. Eta idolak arraseraino izanen dira xahutuak.

        19. Eta gizonak har-zilhoetan eta lurreko lezeetan sarthuko dira Jaunaren beldurraren eta haren ospeko maiestatearen ihes, jaikiko denean lurraren jotzera.

        20. Egun hartan gizonak bere ganik urrun arthikiren ditu bere zilharrezko idolak eta bere urhezko itxurak, sathor eta gau-ainhara, adoratzeko egin zituenak.

        21. Eta har-arteketan eta gerenda-zilhoetan sarthuko da Jaunaren beldurraren eta haren ospeko maiestatearen ihes, jaikiko denean lurraren jotzera.

        22. Bara zaitezte beraz gizonaren ganik, zeinak sudur-mizpiretan baita hatsa, ezen Guziz-Gora da bakharrik ahaldun.

 

III. KAP.

        1. Alabainan huna non Jaunak, armadetako Jaunak Jerusalemdik eta Judatik khenduko dituela ahala eta khabua, ogiaren indar guzia eta uraren indarra oro,

        2. Bihozduna eta gizon gerlaria, jugea eta profeta, aztia eta zaharra,

        3. Berrogoi eta hamar gizonen aitzindaria, eta begitharte ahalkesuneko gizona, eta kontseilu-emailea, eta etxeginetarik jakinena, eta legeko hitzetan argitua dena.

        4. Eta buruzagitzat emanen ditut haur batzu, eta emagizon batzu izanen dituzte nausi.

        5. Eta populua jauziko da, gizona gizonaren gainera, eta bakhotxa bere lagunaren kontra; haurrak jazarriko dio zaharrari, jende xeheak handiei;

        6. Ezen gizonak hartuko du bere anaia, bere aitaren sehia, erranez: Baduzu aldagarria, izan zaite gure buruzagi; aldiz asturugaitz huntan har zazu manamendua.

        7. Hunek ihardetsiko du egun hartan, dioelarik: Ez naiz medeatzeko gai, eta ene etxean ez da ez ogirik ez soinekorik; ez benezazue ezar populuko buruzagi.

        8. Alabainan Jerusaleme egozten da eta Juda erortzen, zeren hekien mihia eta asmuak Jaunaren kontra altxatu diren, haren maiestatearen hekien hasarrearazteko.

        9. Hekien begitharteko ahalkegabetasunak ihardetsi du hekientzat; Sodomak bezala oihu egin dute beren bekhatua eta ez dute gorde: zorigaitz hekien biziari! zeren gaizkia ordainez bihurtua baitzaiote.

        10. Errozute prestuari, ongi egin duelakotz, janen duela bere asmuen frututik.

        11. Zorigaitz gaixtaginari gaizkipean! ezen bere egintzen sana zaio emanen.

        12. Zerga-biltzaileek larrutu dute ene populua, eta emaztekiak zituzten nausi. Oi ene populua, dohatsu erraten zaituztenek, hekiek berek enganatzen zaituzte, eta zure aitzineko bidea dute urratzen.

        13. Juiatzeko jarria da Jauna, eta populuen juiatzera dihoa.

        14. Jauna juiamendutan sarthuko da bere populuko zaharrekin eta buruzagiekin; zuek ezen alhatu duzue mahastia, eta zuen etxeak, beharrari khendu puskaz betheak dira.

        15. Zertako derabilkazue oin-pean ene populua, eta uspelkatu ditutzue beharren begitharteak? dio Jaunak, armadetako Jainkoak.

        16. Eta Jaunak erran du: Siongo alabak zeren diren hantu, zeren buruak gorarik diren ibili, zeren begi kheinuka zabiltzan, zeren esku-zaflaka hari ziren, zeren haizatuki diren ibili, zeren aphainduz egin duten urhatsa,

        17. Jaunak khartzoilduren du Siongo alaben kaskoa, Jaunak biphilduko du hekien ilea.

        18. Egun hartan Jaunak khenduko diozkate oinetakoen edergailuak eta ilhargixkak,

        19. Gatheak, sareak, eskumuturrekoak eta burukoak,

        20. Ileetako eta zangarretako lokharriak, gathetto eta baltsamuntziak, eta beharrietakoak,

        21. Erreztunak eta belharraren gainera dilindan dituzten harri baliosak,

        22. Aldatzeko soinak, soingainekoak, belak eta orratzak,

        23. Mirailak, athorrak, xingolak eta kapak;

        24. Eta usain goxoaren orde, urrin tzarra izanen dute; eta hekien gerrikoaren orde, sokha bat; eta ile kuskuilatuen orde, khartzoiltasuna; eta bulhargainekoaren orde, zurdatza.

        25. Zuen gizonik ederrenak ere ezpataren azpira, eta hazkarrak guduan eroriko dira.

        26. Eta Siongo atheak auhen eta nigarretan egonen dira, eta Sion inkoniamendutan lurrean egonen da jarria.

 

IV. KAP.

        1. Eta egun hartan zazpi emaztekik gizon bat hartuko dute, diotelarik: Gure ogia janen dugu eta gure soinekoz estaliko gare; bakharrik zure izena gure gainera deithua izan bedi, khen darokuzu, gure laidoa.

        2. Egun hartan izanen dira, Jaunaren hazia ospe eta handiespenetan; lurreko fruitua goretsia; eta Israeldik salbatuak izan zirenak, bozkariotan.

        3. Eta Sionen gelditu direnak eta Jerusalemeko ondarrak saindu izanen dira deithuak, bizitzeko liburuan Jerusalemen iskribatuak diren guziak;

        4. Jaunak garbitu dukeenean Siongo alaben lohia, eta xahutu dukeenean Jerusalemen odola haren erditik zuzentasuneko izpirituaz eta kharrezko izpirituaz.

        5. Eta Jaunak Siongo mendiko lekhu orotan eta hura deithua izan den tokian, eginen ditu hedoi bat egunaz, eta gabaz khe bat eta su-garrezko argidura bat; ezen atde orotarik haren ospea gerizan izanen da.

        6. Eta tabernaklea izanen da itzalkari baten azpian egunazko beroaren kontra, eta segurean eta maldan xirimola eta uriaren kontra.

 

V. KAP.

        1. Kantatzera noha ene bihotzekoari ene kusiaren kantika bere mahastiari. Ene bihotzekoaren mahastia egina da bizkar gori batean.

        2. Eta berroz hertsi du, eta harriak khendu diozka, eta landare hautaz egin du; haren erdian dorre bat altxatu du eta lako bat egin; gero iguriki mahatsak onak athera zetzan, eta basak atheratu ditu.

        3. Orai beraz, oi Jerusalemdarrak eta Judako gizonak, juia zazue ene artean eta ene mahastiaren artean.

        4. Zer zen gehiago ene mahastiari egin behar nioenik eta egin ez diodanik? ez othe nuen igurikitzeko eman zetzan mahats onak, eta basak ekharri ditu?

        5. Eta orai erakhutsiren darotzuet zer eginen diodan ene mahastiari. Khenduko diot hesia, eta egonen da nahi duenak larru; urratuko diot harrasia eta egonen da heltzen denak oinka.

        6. Eta mortu eraginen dut; ez da izanen ez moztua, ez haitzurtua; lapharrak eta elhorriak iganen dira, eta hedoiei manaturen daroet ez diozoten gainera uririk egin.

        7. Armadetako Jaunaren mahastia, Israelen etxea da, eta Judako gizona iguriki dut haren ganik egitate zuzena, eta huna tzarkeria; iguriki dut zuzenbidea, eta huna deihadarrak.

        8. Zorigaitz hari zaretenei etxea etxeari uztartzen, landa landari eratxikitzen tokia eskastu arteo! Zuek bakharrik izan behar othe zarete lurraren erdian egoteko?

        9. Horiek ene beharrietara dira, dio armadetako Jaunak: Etxe elemenia hori ez bada mortu egiten...! etxe handi eta eder horiek ez badira nihor gabe gelditzen...!

        10. Ezen hamar golde mahastik emanen dute pegar bat arno; eta hogoi eta hamar gaitzeru hazik, hirur gaitzeru bihi.

        11. Zorigaitz goizetik hordikeriako jaikitzen, eta mozkortu arteo edaten arratseraino haritzen zaretenei!

        12. Non da gitarra, lira, atabala, xirola, arno, zuen barazkarietan baizik; eta ez duzue ikhusten Jaunaren lana, eta ez diozuete begiratzen haren eskuetako egintzei.

        13. Hargatik ene populua gathibu izan da eramana, ez duelakotz adimendurik izan; eta handi-mandiak gosez hil dira, eta jendea egarriz ihartu.

        14. Hargatik zabaldu du ifernuak bere barnea, eta neurririk gabe ideki bere ahoa; eta hazkarrak, eta populua, eta handiak eta ospedunak harat jautsiko dira.

        15. Eta makhurtu beharko da gizona, beheratua izanen da indarduna, eta aphalduak izanen dira handien begiak.

        16. Eta goretsia izanen da armadetako Jauna bere juiamenduaz, eta Jainko saindua saindu izanen da erakhutsia zuzenari emanen dioen bideaz.

        17. Eta bildotsak alhatuko dira nahi duten bezala; eta mortu hekiek, berriz gorituak, arrotzen izanen dira haztoki.

        18. Zorigaitz gaixtakeria hutsalkeriako lokharriekin, eta bekhatua orgetako hedeak bezala herrestatzen ditutzuenei!

        19. Zeinek erraten baituzue: Higi bedi, eta laster ethor bedi egin gogo duena, ikhus dezaguntzat; hurbil bedi, ethor bedi Israelgo sainduaren asmua, eta jakinen dugu zerika den.

        20. Zorigaitz gaizkia ongitzat eta ongia gaizkitzat deitzen, ilhunbeak argi orde ezartzen, khiretsa gozoarentzat eta gozoa khiretsarentzat hartzen ditutzuenei!

        21. Zorigaitz zeronen begietan zuhur eta zeronen idurira gurbil zaretenei!

        22. Zorigaitz arno edateko botheretsu eta hordikeriako hazkar zaretenei;

        23. Emaitzen ariaz gaixtagina garbi atheratzen eta prestuari bere zuzena khentzen diozuenei!

        24. Horren gatik, nola su-lamak iresten baitu lastoa eta garraren beroak erretzen, hala hekien erroa hauts bilhakaturen da, eta hekien ganikako hazia ilhaunak bezala izanen. Alabainan oin-pera arthiki dute armadetako Jaunaren legea, eta burhoztatu Israelgo sainduaren hitza.

        25. Aria hortaz Jaunaren hasarrea biztu da haren populuaren kontra; eta haren gainera hedatu du bere eskua, eta jo du; eta mendiak ikharatu dira, eta jende hilak lohia bezala plazen erdian gelditu dira. Horietan orotan haren hasarrea ez da jabaldu, bainan haren eskua hedatua da oraino.

        26. Eta goratuko du bandera urruneko jendaien begietara, eta bati xixtu eginen dio lurraren bertze bazterrera: eta huna non hau higitzen den eta laster egiten duen.

        27. Haren baithan ez da ez akhitzen, ez nekhatzen denik; ez da lohakharturen, ez du lorik eginen; ez du khenduren gerriko uhala, eta haren oinetakoen lokharria ez da trenkaturen.

        28. Haren geziak zorrotzak, haren arranbela guziak hedatuak dira; haren zaldien behatzak iduri du harria, haren arrodek phesiaren oldarra.

        29. Haren orroak iduri du lehoinarena; marruma eginen du lehoinkumeak bezala; eta gurguratuko du, eta harrapatua atxikiko du, eta tinkatuko, eta nihork ezin khenduko dio.

        30. Eta egun hartan Israelen gainera orroa eginen du, itsasoaren orroa iduri: begiratuko diogu lurrari; eta huna hesturako ilhunbeak, eta argia belztua da haren hedoiean.

 

VI. KAP.

        1. Ozias erregea hil den urthean, ikhusi dut Jauna jarlekhu gora-gora batean jarria, eta haren azpian ziren gauzek bethetzen zuten tenploa.

        2. Jarlekhuaren gainaldean xutik zauden serafinak: batek bazituen sei hegal, bertzeak bertze sei; bi hegalez itzaltzen zuten Jaunaren begithartea, eta bertze biez gerizatzen haren oinak, eta bertze biez hegaldakan zauden.

        3. Eta batak bertzeari oihu egiten zuten, eta erraten zuten: Saindu, saindu, saindua, armadetako Jainko Jauna; haren ospeaz lurra bethea da guzia.

        4. Eta oihu hortara, atheak gain-behera dardaratu dira, eta khez etxea bethe.

        5. Eta erran izan dut: Zorigaitz niri zeren ixilik naizen egon; zeren naizen gizon bat ezpainez lohia; eta ezpainak lohituak dituen populu baten erdian nago, eta armadetako errege Jauna ikhusi dut ene begiz.

        6. Eta serafinetarik bat hegaldatu da ene gana, eta eskuan zuen ikhatz gorri bat, aldaretik suhatsekin hartu zuena.

        7. Eta ukitu du ene ahoa eta erran: Huna non ikhatzak ukitu darozkitzun ezpainak, eta izanen dira zure gaizkia khendua eta zure bekhatua garbitua.

        8. Eta aditu dut Jauna erraten: Zein igorriren dut? nor goanen zaiku? Eta ihardetsi dut: Huna ni, bidal nezazu.

        9. Eta erran darot: Zoaz, eta errozu populu horri: Entzun zazue ongi, eta ez adi; ikhusazue begiz, eta ezagut ez.

        10. Itsu zazu populu horren bihotza, gor zatzu horren beharriak, eta hertsatzu horren begiak, beldurrez-eta ikhus dezaten horren begiek, entzun horren beharriek, adi horren bihotzak, eta bihur dadien, eta senda dezadan.

        11. Eta nik erran dut: Noiz arteo, Jauna? Eta ihardetsi du: Hiriak deboilatuak eta egoiliarrik gabe, etxeak gizon bat gabe, lurra mortu gelditu arteo.

        12. Jaunak urrunera haizaturen ditu gizonak, eta berhaturen da lurraren erdian utzia izan dena.

        13. Eta xahupena ethorriren da oraino haren gainera, eta hura Jaunaren gana bihurturen da, eta erakhuspenetan izanen da hala-nola tirrimintin-ondoa, hala-nola bere adarrak hedatzen dituen haritza; eta haren baithan gelditu ditakeena, hazi saindua izanen da.

 

VII. KAP.

        1. Judako errege Oziasen seme, Joathanen seme, Akazen egunetan, gerthatu zen Errasin Siriako errege, eta Phazee Erromeliaren semea, Israelgo errege, Jerusalemera igan zirela hiriaren gudukatzera, eta ezin hartu zuten.

        2. Eta Dabiden etxeari berria ekharri zaroten, erranez: Siria Efraimen gainean bermatu da. Eta erregeren bihotza eta populuarena ikharatu ziren, hala-nola oihanetako zuhaitzak dardaratzen baitira haizeak iharrosten dituenean.

        3. Eta Jaunak erran zaroen Isaiasi: Zu eta Jasub, seme gelditu zaitzuna, zohazte Akazen bidera, gaineko arraintegiko ixtun burura, bolazainaren landako bidean.

        4. Eta erranen diozu: Zaude ixilik; beldurrik ez izan, eta zure bihotza ez bedi ikhara khea darioten bi itxindi muthur horien gatik; Siriako errege Errasinen eta Erromeliaren semearen irakidura hasarreaz ez lotsa;

        5. Zeren zure kontra, zu galdu beharrez, batzarre egin duten Siriak, Efraimek eta Erromeliaren semeak, diotelarik:

        6. Igan gaitezen Judeara, jazar diozogun Akazi, hartaz nausi gaitezen, eta Judaren erdian Tabeelen semea ezar dezagun erregetzat.

        7. Hau dio Jainko Jaunak: Hekien asmua eroriko da, ez da holakorik izanen.

        8. Bainan Damas Sirian buruzagi eta Errasin Damasko buruzagi, hirur hogoi eta bortz urthe oraino eta Efraim ez da gehiago populu bat izanen.

        9. Eta Samaria izanen da Efraimen buruzagia, Erromeliaren semea Samariako buruzagia. Ez balin baduzue sinhesten, eroriko zarete.

        10. Eta Jauna Akazi mintzatu zitzaioen oraino, zioelarik:

        11. Zure Jainko Jaunari ezagutkari bat galda diozozu edo ifernu-zolan, edo zeru gainean.

        12. Eta Akazek ihardetsi zuen: Ez dut galdeginen, eta ez naiz hariko Jaunaren frogatzen.

        13. Eta Isaiasek erran zuen: Adi zazu beraz, Dabiden etxea: Guti othe zaitzu gizonei jasangaitz izatea, ezen ene Jainkoari ere jasangaitz zare?

        14. Horren gatik Jaunak ezagutkari bat emanen darotzu berak: Birjina bat amatuko eta seme batez erdiko da, eta haurra deithuko da Emanuel.

        15. Burraz eta eztiz haziko da, jakin dezan tzarraren hastantzen eta onaren berezten;

        16. Ezen tzarraren hastantzen eta onaren hautatzen haurrak jakin dezan baino lehen, zuk higuintzen duzun lurra utzia izanen da bere bi erregeez.

        17. Jaunak zure gainera, eta zure populuaren gainera, eta zure aitaren etxearen gainera Asiriarren erregearekin erakharriren ditu egun batzu nolakorik ethorri ez baita Efraim Juda ganik berezi den egunetarik hunat.

        18. Eta egun hartan izanen da, Jaunak xixtu eginen diotela Egiptoko hibaien bertze buruan den uliari, eta Asurren lurrean den erleari.

        19. Eta ethorriko dira, eta guziak baratuko haranetako erreketan, eta harpeetan, eta zuhamuxka guzietan, eta zilho orotan.

        20. Eta egun hartan Jaunak, hibaiaz haindian direnen eta Asiriarren erregeren eskuz, maileguzko bizar-nabala batez bezala murrizturen ditu burua, oinetako ileak eta bizar guzia.

        21. Eta egun hartan izanen da, gizon batek haziko dituela behi bat eta bi ardi:

        22. Eta esnearen nasaitusunaren ariaz, burraz biziko da; ezen lurraren erdian gelditu ditazkeen guziek burra eta eztia janen dute.

        23. Eta egun hartan izanen da, mila aihen-ondo mila zilharrezkorentzat izatu ziren toki guziak elhorri eta laphar izanen direla.

        24. Han gezi, arranbelekin sarthuko dira; ezen lurra oro, laphar eta elhorri izanen da.

        25. Eta mendi, jorraiaz jorratuak izanen diren guzietara, ez da hurbilduko elhorri eta laphar beldurrik; eta izanen dira idien alhapidetzat eta arthaldeek oinkatzeko.

 

VIII. KAP.

        1. Eta Jaunak erran zarotan: Har zazu liburu handi bat, eta hartan iskriba zazu gizonek dakiten arara: Eraman laster buluzkinak, bil berehala harrapakina.

        2. Eta hartu ditut lekhuko zinak, Urias apheza eta Zakarias Barakiaren semea.

        3. Eta hurbildu natzaio profetesari, eta amatu da, eta seme batez erdi. Eta Jaunak erran darot: Haurrari izentzat emozu: Laster egik buluzkinen hartzera, higi harrapakinaren biltzera;

        4. Ezen haurrak bere ait-amen deitzen jakin dezan baino lehen, indarra khendua izanen da Damasetik eta Samariatik, buluzkinak eramanak Asiriarren erregeren aitzinean.

        5. Eta Jauna mintzatu zait oraino dioelarik:

        6. Zeren populu horrek arbuiatu dituen Siloeko urak, ixil-ixila dihoazenak, eta nahiago izan dituen hartu Errafin eta Erromeliaren semea,

        7. Horien gatik huna non Jaunak erakharriko dituen horren gainera, Asiriarren erregea eta haren armada guzia, hala-nola hibai bateko urketa gaitz eta muthiria, zeina igaiten baita hegi guzien gainera, eta fharrastaka baitoha haren bazter guzien gainetik.

        8. Eta Judea gaindi goanen da oro estaliz, eta iragaitean ura lephoraino ekharriz; eta bere hegalak hedaturen ditu zure lurraren zabaltasunaren bethe, oi Emanuel.

        9. Bil zaitezte, populuak, eta garhaituak izanen zarete; urruneko lur guziak, adi zazue, hazkar zaitezte eta garhaituak izanen zarete; har zatzue soinera harmak, eta garhaituak izanen zarete;

        10. Asmuak egizkitzue, eta ezeztatuak izanen dira; errazue hitz bat, eta ez da eginen; zeren gurekin baita Jainkoa;

        11. Ezen huna zer erran darotan Jaunak, bere esku hazkarraz banindaduka bezala irakhatsi darot ez nindadien goan populu horren bideaz, zioelarik:

        12. Ez bezazue erran: Zinhartzea! Alabainan populu horrek derabilzkan elhe guziak dira zinhartze bat. Zerk-ere izitzen baitu hori, ez izan beldur beraz joa, eta ez lotsa.

        13. Armadetako Jaunari bakharrik bihur diozozue saindutasuneko aithorra; hura bakharrik izan bedi zuen lotsagarri, eta bakharrik zuen lazgarri.

        14. Eta hura zuentzat izanen da sainduesgarri; aldiz Israelgo bi etxeentzat, behaztopa-harri eta trebuka-harri; eta Jerusalemen daudenentzat, arte bat eta hekien xahugarri.

        15. Eta hekietarik asko behaztopatuko, eta eroriko, eta phorroskatuko dira; eta artean sarthuko, eta atzemanak izanen dira.

        16. Loth zazu ene errana, eta ene legea zigilatua idukazu ene dizipuluetan.

        17. Eta nik igurikiren dut Jauna, bere begithartea Jakoben etxeari gordetzen dioena, eta egonen naiz haren begira.

        18. Huna ni eta ene haurrak, Jaunak eman darozkidanak, izan gaitezen, Siongo mendian dagoen armadetako Jaunaren manuz, ezagutkari eta sendagaila batzu Israelen.

        19. Eta errana izanen zaitzuenean: Argi zaitezte pithon eta aztietan, zeinek gurguriatzen baitute beren aztikerietan: Populu bakhotxak ez othe du bere Jainkoari galdatzen bizidunentzat hilen ganik?

        20. Zoazte hobeki legera eta lekhukotasunera. Ez badira solas horren arabera mintzatzen, ez da hekientzat izanen goizeko argia.

        21. Eta hura iraganen da handik; eta jendea eroriko da, eta goseteak hartuko du; eta gosetean, sephak hartuko du; eta madarikaturen ditu bere erregea eta bere Jainkoa; eta begiak emanen ditu goiti,

        22. Eta begiratuko du lurrera, eta huna atsekabe eta ilhunbeak, erkhidurak eta hesturak, eta gau beltza orotan, eta ezin itzuriko da bere hesturari.

 

IX. KAP.

        1. Abiaduratik, arinduak dira Zabulonen lurra eta Nefthaliren lurra, eta azkenerat dorphetua da itsasoko bidea, Jordanez haindian, jendaien Galileakoa.

        2. Ilhunbeetan zabilan populuak argi handi bat ikhusi du: herioaren itzaleko ephaitzetan egoten zirenei atheratu zaiote argi bat.

        3. Berhatu duzu populua; eta handitu ez duzu bozkarioa. Zure aitzinean dira bozturen, uztan boztuko direnak, hala-nola bozkarioz baitira jauzten garhailariak, harrapakina eginik bereztean buluzkinak.

        4. Alabainan hautsi ditutzu populua lehertzen zuen uztarria, eta haren bizkarra larrutzen zuen azotea, eta zerga-biltzailearen makhila, hala-nola Madianen egunean.

        5. Ezen bortxakako eta tarrapata batean egin harrapakina eta odolez khutsatu soinekoa, erretzera arthikiak eta suaren bazka izanen dira;

        6. Ezen haur bat sorthu zaiku, eta seme bat emana izan zaiku; eta buruzagitasuna haren sorbalden gainean jarria izan da; eta deithua izanen da, Ederresgarria, Kontseilaria, Jainkoa, Hazkarra, dathorren mendearen Aita, bakezko Buruzagia.

        7. Haren jauntasuna hedaturen da, eta bakeak akhabantzarik izanen ez du; Dabiden tronuan eta haren erreinuaren gainean da jarriren, hura finka eta hazkar dezan zuzentasunean eta zuzenbidean ordutik eta bethi guziraino: armadetako Jaunaren kharrak eginen du hori.

        8. Jaunak hitza igorri dio Jakobi, eta Israelen baithan bethe izan da.

        9. Eta jakinen dute Efraimgo populu guziak eta Samariako egoiliarrek, zeinek baitiote beren bihotzeko buruiope eta hanpuruskerian:

        10. Erori dira adrailuak; bainan harri pikatuz eginen ditugu etxeak; sikomorak ebaki dituzte, bainan zedroak emanen ditugu ordain.

        11. Eta Jaunak populu horren gainera jaikaraziren ditu Errafinen etsaiak, eta tarrapatan erakarriren ditu haren etsaiak,

        12. Siriarrak iguzki-haizetik eta Filistindarrak mendebaletik; eta aho betheka iretsiren dute Israel. Horiek orok ez dute jabaldu Jaunaren hasarrea, bainan hedatua da oraino haren eskua.

        13. Eta populua, jotzen zuenaren gana ez da bihurtu; eta armadetako Jauna ez dute bilhatu.

        14. Eta Jaunak Israeldik egun batez ebakiren ditu burua eta buztana; manupekoa eta aitzindaria.

        15. Zahar eta ohoratzeko dena, hura da burua; eta profeta gezur-irakhaslea, hura da buztana.

        16. Eta populu hura dohatsu derratenak, enganatzaile batzu izanen dira; eta dohatsu aiphatuak, hondatuak izanen dira.

        17. Hargatik Jauna ez da arraituren Israelgo gazteriaren gainean; eta urrikalduren etzaiote hango umezurtz, alhargunei; zeren diren oro alegiakari tzar batzu, eta zorokeriarik baizen ez derasatelakotz aho guziek. Horiek orok ez dute jabaldu, Jaunaren hasarrea, bainan oraino hedatua dago haren eskua.

        18. Alabainan tzarkeria sua bezala da biztu, laharrak eta elhorriak iretsiren ditu; eta oihana barna oro errez goanen da, eta xirimolaka igorriren du khea.

        19. Armadetako Jaunaren hasarrera, ikharaturen da lurra, eta populua izanen da suaren puska iduri: gizonak ez du guphidetsiren bere anaia.

        20. Eta eskuinerat eginen du, eta gosez egonen da; eta ezkerrean janen du, eta ez da aseko; bakhotxak iretsiko du bere besoko haragia; Manasek Efraim, Efraimek Manase, eta biek Juda.

        21. Horiek orok ez dute jabaldu Jaunaren hasarrea, eta hedatua dago oraino haren eskua.

 

X. KAP.

        1. Zorigaitz lege gaixto egileei eta zuzen kontrako gauzak iskribatzatzen dituztenei,

        2. Beharren zaphatzeko juiamenduan, bortxa egiteko ene populuko jende xeheari, alhargunak beren puskatzat nahiz eta umezurtzak larrutu beharrez

        3. Zer eginen duzue, Jauna ikhustera eta ondikoak urrundik ethorriko zaizkitzuenean? Nori eginen diozue hel, eta non utziko duzue zuen ospea,

        4. Burdinen azpian makhurtuak ez izateko, eta hilak izan direnekin ez erortzeko? Horiekin ororekin Jaunaren hasarrea ez da jabaldua, bainan hedatua da oraino haren eskua.

        5. Zorigaitz Asurri! Hura da ene sepharen zigorra eta makhila; haren eskuan da ene asperra.

        6. Jendaia maltzur baten gana bidaliren dut; ene hasarrean ikhusten dudan populu baten kontra mezuturen dut, eraman detzan buluzkinak, bil dezan harrapakina, eta jendaia hura oin-petara arthik dezan karriketako lohia bezala.

        7. Harek ordean, ez holakorik burutan, ez horrelako asmurik bihotzean ez du izanen; bainan haren bihotza xahutzera, eta jendaia ez gutiren hiltzera baizik ez da hariko.

        8. Erranen du ezik:

        9. Ene aitzindariak ez othe dira hanbatean errege batzu? Ez othe da ene-peko nola Karkamis, hala Kalano; nola Arphad, hala Emath? Samaria ez othe Damas bezala?

        10. Nola ene eskuak atzeman baititu idolen erresumak, hala eramanen ditu Jerusalemdik, eta Samariatik hango jainkomoldeak.

        11. Samariari eta haren idolei egin diotedana, ez othe diotet eginen Jerusalemeri eta haren jainkomoldeei?

        12. Bainan Jaunak bere egitekoak akhabatu ditukeenean Siongo mendian eta Jerusalemen, hau izanen da: Asurgo erregeren bihotz hantuaren fruitua ikhusiren dut; ethorriren naiz haren begi harroen buruiopearen gainera;

        13. Erran du ezen: Ene besoaren indarraz egin dut; ene zuhurtziaz argitu naiz; populuen artetik khendu ditut mugak; larrutu ditut hekien buruzagiak; eta gora jartzen zirenak, ene ahalaz beheiti herrestatu ditut.

        14. Ene eskuak populuen indarra atzeman du xori ohantze bat bezala; eta nola biltzen baitira nonbait utziak diren arroltzeak, hala bildu dut nik batera lurra oro; eta nihor ez da izan hegal bat higitu, ahoa ideki, heiagora bat egin duenik.

        15. Haizkora handitzen othe da hartaz ebakitzen hari denaren kontra, edo zerra altxatzen othe da hura erabiltzen duenaren kontra? Orobat laiteke baldin zigorra jaikitzen balitz hura altxatzen duenaren kontra, edo makhila jaikitzen balitz, nahiz ez den egur bat baizik.

        16. Hargatik Jaunak, armadetako Jainkoak ihardura igorriren du Asurren gorietara; eta haren ospearen azpian biztuko da su bat suko garra bezala erretzen hariko dena.

        17. Eta su hartan izanen da Israelgo argia, eta garrean Israelgo saindua; eta sutan jarriko eta iretsiak izanen dira egun batez Asurren elhorriak eta laharrak.

        18. Eta haren oihaneko eta haren Karmeleko ospea, arimatik hezurretaraino iretsia izanen da, eta bera ikhara gorrian ihes ibiliko.

        19. Eta haren oihaneko egur-ondarrak, beren gutiaren gatik khondaturen dira, eta haur batek iskribatuko ditu.

        20. Eta gerthatuko da egun hartan, Israeldik gelditu eta Jakoben etxetik itzuri direnek ez dutela bermatzerat eginen beren joilearen gainean, bainan zinki bermaturen direla Jaunaren, Israelgo sainduaren gainean.

        21. Ondarrak bihurturen dira, Jakoben ondarrak, diot, Jainko hazkarra gana.

        22. Ezen baldin zure populua, oi Israel, itsasoko legarra bezala balitz ere, hartako ondarrak dira bihurturen; eta ondar guti harek jabalduren du Jainkoaren justizia.

        23. Alabainan Jaunak, armadetako Jainkoak lurraren erdian eginen du xahupen eta gutitze handi bat.

        24. Horren gatik hau dio armadetako Jainko Jaunak: Ene populu Sionen zaudezena, ez izan Asurren beldur; zaharoaz joko zaitu, eta Egiptoko bidean bere makhila altxatuko du zure gainera.

        25. Oraino aphur bat, oraino guti bat, eta ene gaitzidurak eta ene sephak gaindi eginen dute haren gaixtakerien gainera.

        26. Armadetako Jaunak haren gainera altxaturen du azotea, hala-nola Madiani egin izan baitzaroen Orebeke harrian, eta bere zaharo hura altxaturen du Egiptoko bidean, beihala itsasoaren gainera egin zuen bezala.

        27. Eta hau gerthaturen da egun hartan: Asurren hazta khendua izanen da zure sorbaldetarik, eta haren uztarria zure lephotik, eta uztarria ustelduren da oliorik gabe.

        28. Aiathera ethorriren da, Magronen iraganen da, Makmasen utziko ditu bere puskak.

        29. Laster iraganen dira; Gaba da gure jartokia: harritu da Errama; Gabaath Saulena ihesari eman da.

        30. Galimgo alaba, egizan marruma; atzar, Laisa, eta hi, Anathoth gaixoa.

        31. Medemenak ihesari jo du: Gabimdarrak, egizue bihotzez.

        32. Eguna da oraino Nobera heltzeko: dardaraturen du bere eskua Siongo alabaren mendiaren eta Jerusalemgo munhoaren gainera.

        33. Bainan Jaunak, armadetako Jainkoak puskaturen du lurrezko untzia lazturaren erdian; larria izanen da arraildua, handia aphaldua.

        34. Haizkoraz ebakiak izanen dira oihan beltzak, eta Liban eroriko da bere zuhaitz luzeekin.

 

XI. KAP.

        1. Jeferen errotik ilkhiren da gando bat, eta haren errotik altxaturen da lore bat.

        2. Eta haren gainean phausaturen da Jaunaren izpiritua, zuhurtziazko eta adigarrizko izpiritua, kontseiluzko eta indarrezko izpiritua, jakitatezko eta jainkotiartasunezko izpiritua;

        3. Eta Jaunaren beldurrezko izpirituak betheko du. Ez du juiatuko begien ikhusiaren arabera, ez-eta jazarriko beharrien adituaren arabera;

        4. Bainan zuzenbidean juiatuko ditu beharrak, eta zuzentasunean jazarriko du lurreko gaixoen alde; eta bere ahoko zigorraz joko du lurra, eta bere ezpainetako hatsaz hilen du gaixtagina.

        5. Zuzentasuna izanen da haren gerruntze eta fedea haren gerriko.

        6. Otsoa egonen da bildotsarekin; lehoinabarra pittikarekin etzanen da; aratxea, lehoina eta ardia elkharrekin egonen dira, eta haur batek eraginen daroete.

        7. Aratxea eta hartza batean alhatuko dira; hekien umeak elkharrekin etzanen dira, eta lehoinak idiak bezala janen du lastoa.

        8. Bulharretik lekhora haurra dostatuko da aspikaren zilhoaren gainean, eta higuindua denak bere eskua ezarriko du basilikaren harpean.

        9. Zierpe horiek ez dute dainurik eginen ez-eta hilen ene mendi saindu guzian, zeren Jaunaren jakitateaz bethea baita lurra, itsasoko urek estaltzen duten bezala.

        10. Egun hartan, jendaiek errekeituren dute Jeferen gandoa; zeina populuen ezagutkari, gora egonen baita, eta ospetsu izanen da haren hobia.

        11. Eta egun hartan hau gerthatuko da: Jaunak bigarren aldiko hedaturen du bere eskua gozatzekotzat bere populuaren ondarra, itzuria Asiriarrei, Egiptoari, Phetrosi, Ethiopiari, Elami, Senaarri, Emathi eta itsasoko irlei.

        12. Eta ezagutkari bat altxaturen du jendaien erdian, eta bilduren ditu Israelgo ihesliarrak, eta lurraren lau izkinetarik elkharganaturen ditu Judatik barraiatuak zirenak.

        13. Eta Efraimen bekhaizgoa khendua izanen da, eta Judaren etsaiak galduak izanen dira; eta Efraim ez da Judaren bekhaitz izanen, eta Juda ez da Efraimen kontra gudukatuko.

        14. Itsasoz hegaldaka joko dute Filistindarren gainera, batean larrutuko dituzte iguzki-aldeko umeak; Idumeak eta Moab-herriak ezagutuko dute hekien manamendua, eta Amonen umeek amor eginen daroete.

        15. Jaunak deboilaturen du Egiptoko itsasoaren mihia, eta altxaturen du bere eskua hibaiaren gainera bere hatsaren indarrean, eta joko du bere zazpi erreketan, haletan non oinetakoekin iraganen baita hartan gaindi.

        16. Eta ene populu ondar Asiriarrei itzuriarentzat bide bat izanen da, hala-nola izatu baitzen Israelentzat Egiptoko lurretik igan zen egun hartan.

 

XII. KAP.

        1. Eta erranen duzu orduan: Aithor bihurturen darotzut, Jauna, zeren hasarre izatu baitzare ene kontra, eta aldaratu da zure sepha, eta eman darotazu sosegu.

        2. Huna non Jainkoa den ene salbatzaile; fede zabalean ibiliko naiz eta ez naiz beldur izanen; zeren Jauna baita ene indarra eta ene ospea, eta hura ilkhi baita ene salbatzera.

        3. Salbatzailearen ithurrietarik bozkarioz atheraturen ditutzue urak;

        4. Eta egun hartan erranen duzue: Jaunari aithor bihur eta haren izenari dei egin diozozue; populuetan ezagutaraz zatzue haren egintzak; orhoit bekizue haren izena zeinen den handia.

        5. Kanta zazue Jauna, zeren dituen egin sendagailak; lur guzian heda zazue hori.

        6. Gorets eta lauda zazu, oi Siongo etxea; zeren handiak, Israelgo sainduak zure erdian duen egoitza berea.

 

XIII. KAP.

        1. Babilonaren desmasia, Isaiasek, Amosen semeak ikhusia.

        2. Mendi hedoitsuaren gainean gora zazue ezagutkaria; altxa zazue mintzoa, gora eskua, eta atheetan sar beitez aitzindariak.

        3. Manatu ditut ene sainduetsiak, eta ene sephan deithu ditut ene hazkarrak, bozkarioz ene ospean jauzten direnak.

        4. Mendietan ageri da ostearen haroa, populu-murruen burrunba iduri: hori da erregeen eta jendaia bilduen harramantza. Armadetako Jaunak manatu ditu gerlako gizonak,

        5. Urrungo lurretarik, ortziaren bertze burutik heldu direnak. Huna Jauna eta haren hasarrearen tresnak, lur guziaren xahutzerat abian.

        6. Marruma egizue; ezen hurbil da Jaunaren eguna; heldu da, desmasia Jauna ganik bezala.

        7. Hargatik beso guziak erkhituren dira, gizonaren bihotza iharturen

        8. Eta xehaturen da. Minez eta oinhazez bihurrikaturen dira; kuintaz egonen dira, erditzen dena iduri; bat bertzeari harritua geldituren da eta hekien begitharteek iduriko dute xigortuak.

        9. Huna non dathorren Jaunaren eguna, egun gogor, asper, sepha, hasarrez bethea, lurraren mortu egitera, eta gaixtaginen handik herraustera.

        10. Ezen zeruko izarrek eta hekien dirdirak ez dute emanen beren argia; iguzkia sorthu orduko ilhunduren da, eta ilhargiak ez du argituren bere distiraduraz.

        11. Eta ethorriren naiz ikhartzera lurreko gaizkiak, eta gaixtaginen kontra, hekien tzarkeriak, eta baraturen dut legegabekoen hanpuruskeria, eta aphalduren dut hazkarren ozartasuna.

        12. Gizona bakhanago izanen da urhea baino, urhe garbiena baino.

        13. Hortaz gehiago, iharrosiren dut zerua; eta lurra bere tokitik aldaraturen da, armadetako Jaunaren gaitzidura gatik, eta haren hasarrearen irakidurako egunaren ariaz.

        14. Eta Babilona izanen da orkhatz ume ihes dihoana iduri, eta ardia bezala; eta biltzeko nihor ez da izanen; batbederak bere herritarretara eginen du, bakhotxa bere lurrera ihes goanen da.

        15. Atzeman guzia hila izanen da; eta ethortzera gerthaturen dena ezpataren azpira eroriko da.

        16. Begien aitzinean phorroskaturen diozkate beren haurrak; biluziren diozkate etxeak, eta bortxaturen emazteak.

        17. Huna non hekien gainera eraikiren ditudan Mediarrak, zeinek ez baitute zilharrik bilhatuko, ez-eta urherik nahiko;

        18. Bainan geziz hilen dituzte haurttoak, eta sabelean hazten hari direnei ez dira urrikalduko, eta hekien begiak haurrik ez du guphidetsiko.

        19. Eta Babilona, erresumen arteko erregina ospetsu hura, Kaldearren hanpurustasuneko lilia, xahutua izanen da, Jaunak Sodoma eta Gomorha urratu zituen bezala.

        20. Menderen mende ez du egoiliarrik izanen; Arabiarrak ere ez ditu han jarriko bere larru-olak, eta artzainak ez dira han phausatuko.

        21. Bainan basabereek izanen dute han beren phausa-lekhua; eta erainsugez betheko dira hango etxeak; eta ostrukek izanen dute han beren egoitza; basakherrek eginen dute han jauzi;

        22. Eta huntzek hango jauregietan elkharri uhuria eginen dute, eta fedenak egonen dira linburkeriako tenploetan.

 

XIV. KAP.

        1. Babilonaren ordua ethorri hurran da, eta ez dira urrun haren egunak; ezen Jakobi urrikalduren zaio Jauna, eta Israeldik bereziren ditu oraino bere hautuzkoak, eta phausaraziren ditu beren lurrean; arrotza hekiei batuko eta Jakoben etxeari iritxikiko da.

        2. Eta populuek hartuko eta beren tokira erakharriko dituzte; eta Israelen etxeak izanen ditu hekiek muthil eta neskatotzat Jaunaren lurrean; bere atzemaileak izanen ditu gathibutzat; eta bere nausiak, azpiko.

        3. Eta hau gerthatuko da egun hartan, Jainkoak phausua eman darokezunean zure nekhe, zaphadura eta gathibutasun gogor aitzinean jasan ditutzunetarik:

        4. Babilonako erregeren kontra hartuko duzu parabola hau, eta erranen duzu: Nola gelditu da zaphatzailea? nola baratu da zerga?

        5. Jaunak hautsi ditu gaixtaginen makhila, nausi zabiltzanen zigorra,

        6. Populuak bere aiherrean jotzen zituena ezin-sendatuzko zauriaz, jendaiak bere errabian azpikotzen zituena, eta gogorki jazartzen ziotena.

        7. Lur guzia phausuan jarri eta ixildu da; goiheretu eta bozkarioz jauzi da,

        8. Izaiak ere eta Libango zedroak boztu hire gainean dituk, diotelarik: Hi lokhartu haizenaz geroztik, nihor ez duk igaiten gare ebakitzera.

        9. Ifernu-beherea builan jarri duk hire heltzeari, eraiki darozkik diganteak. Lurreko errege guziak, jendaietako buruzagiak oro jaiki dituk beren tronuetarik.

        10. Orok ihardetsiko eta erranen daie: Eta hi ere sakhitua izan haiz gu bezala, gure iduriko egina haiz hi ere.

        11. Ifernuetara arthikia izan duk hire hanpuruskeria, lurrerat erori duk hire hilikia; harrak izanen dituk ohetzat, eta zizariak estalgi.

        12. Nola erori haiz zerutik, Luzifer, goizetan goizik ilkhitzen hintzena? Erori haiz lurrera, jendaien zaurtzailea?

        13. Hi, hire bihotzean erraten huena: Iganen naiz zerura, altxaturen dut ene tronua Jainkoaren izarrez gorago, jarriko naiz lekhukotasuneko mendiaren gainean, ipharraren aldean;

        14. Iganen naiz hedoi gorenen gainera, izanen naiz Guziz-Goraren iduriko;

        15. Ororen gatik arthikia izanen haiz ifernura, phutzu beherera.

        16. Ikhusiko hautenek, hire aldera makhurtuz, begiratuko daie, eta erranen die: Hau othe da lurra nahasi eta erresumak khordokatu dituen gizon hura;

        17. Lurra mortu egin eta hiriak herraustu dituena, bere gathibuei presondegia ideki ez diotena.

        18. Jendaietako errege guziak ospetan lohakhartu dira eta bakhotxa bere azken etxean da.

        19. Hi ordean, hire hobitik urrun arthikia izatu haiz, deusetako ez den onbor bat bezala, lohiz zikhindua, eta nahas-mahas ezpataz hilak izan eta putzu-zolara jautsi direnekin, hiliki usteldu bat iduri.

        20. Lagunkhidetasunik ez duk izanen, ez-eta hekiekin ere hobian; ezen hire lurra xahutu eta hire populua hil duk: gaixtaginen hazia ez da luzez aiphaturen.

        21. Heriotzeko aphain zatzue haren haurrak beren aiten tzarkeria gatik: ez dira altxaturen, lurra ez dute ondoregoz izanen, mundu gaina ez dute hiriz estaliren.

        22. Eta ni jaikiko natzaiote gainera, dio armadetako Jaunak; ezeztaturen ditut Babilonaren izena eta hango ondar, hazi, iraulgiak, dio armadetako Jaunak.

        23. Eta sagarroiaten aztaparraren-peko ezarriren dut, eta ur-aintzira bilhakaraziren dut, eta erhaztaturen dut erhatzaz fharrastatuz, dio armadetako Jaunak.

        24. Armadetako Jaunak zin egin izan du, erranez: Bai! nik burutan hartua hala izanen da; eta nik nola gogoan iragan,

        25. Hala gerthaturen da. Ene lurrean herrausturen baitut Asiriarra, eta oinkaturen dut ene mendietan; eta haren ustarria khenduko dut Israelgo umeen gainetik, eta haukien sorbaldetarik egotzia izanen da haren dorphetasuna.

        26. Horra lur guziaren gainean hartu dudan xedea, eta huna populu guzien gainera ene eskua hedatua.

        27. Armadetako Jaunak hartu du ezen xede hori, eta nor da hutsalaraziko duena? Hedatu du eskua, eta nork aldaraturen du?

        28. Errege Akaz hil den urthean egina izan da profezia hau:

        29. Filistin-herria, ez sar guzia bozkariotan, zeren den hautsia zafratzen hinduenaren zigorra; ezik sugearen errotik ilkhiren duk basilika, eta haren umeek iretsiren ditiztek xoriak.

        30. Eta beharren haur lehenak haziak izanen, eta beharrak grina gabe phausaturen dituk; eta goseteaz hilaraziren diat hire erroa, eta xahuturen ditiat hire ondarrak.

        31. Athea, egizak orrobia; hiria, egizan deihadar; Filistin-herria herraustua da guzia; ezen ipharretik ethorriren da khea, eta nihor ezin itzuriko da haren armadari.

        32. Eta zer izanen zaiote ihardetsia populuaren berriak ekharriko dituztenei? Jaunak egin dituela Siongo asentuak, eta haren beraren baithan haren populuak idukiren duela bere pheskiza.

 

XV. KAP.

        1. Moaben desmasia. Gabaz xahutua izan da Ar Moabena, eta ixildu da; gabaz eragotzia izan da Moaben harrasia, eta ixildu da.

        2. Etxea eta Dibon-munhoetara igan dira, Naboren eta Medabaren gainean deithoratzeko. Moabek egin du marraska; haren baithan, buru guziak larrutuak, bizar guziak murriztuak dira.

        3. Zakhuak soinean dabiltza hango karriketan; hango hegaztegi gainetan eta plazetan, marruma nigarretara jausten da.

        4. Hefebonek eta Elealek eginen dute heiagora, Jasaraino ageri da hekien marraska. Moaben gerlariak hortaz egonen dira orrobiaka, eta haren arimak bere buruari eginen dio orrobia.

        5. Ene bihotza oihuz dago Moabi; ihes doha Segorreraino, hirur urthetako miga hartaraino; Luitheko patarra nigarrez igaiten du, eta Oronaimgo bidean arthikitzen ditu atsekabezko marraskak.

        6. Mortu eginen dira Nemrimgo urak, zeren ihartu baita belharra, iraungi sorhoa, hil berdagailu guzia.

        7. Hekien tzarkeriaren handitasunaren arabera da, hekien gaztigua ere; Sahatsetako errekaraino eramanak izanen dira.

        8. Heiagorak egin du Moaben mugen ingurua; haren orrobia heldu izan da Galimeraino, haren marraska Elimgo putzuraino.

        9. Dibongo urak odolez betheak dira; ezen igorriren dut Dibonen gainera gehiagokorik; lehoin bat Moabeko ihesliarrei eta lur hartako ondarrei.

 

XVI. KAP.

        1. Jauna, bidal zazu bildots lurreko nausia, mortuko harritik, Siongo alabaren mendira.

        2. Eta hau izanen da: Nola ihes dihoan xoria eta ohantzetik hegaldatzen diren umeak, hala izanen dira Moabeko alabak Arnongo iragaitzan.

        3. Moab, har zak kontseilu, biltzar egik; gaua bezala ezar zak hire itzala eguerditan; itzuri direnak gorde zatzik, eta ez sal iheska dabiltzanak.

        4. Ene ihesliarrak hire baithan egonen dituk. Moab, izan hadi hekien gordegailu xahutzailearen aitzinetik; herrautsa iraungi, gaixtagina ezeztatu eta lurraren oinkatzailea suntsitu da.

        5. Eta aphainduko da tronu bat urrikalmenduan, eta haren gainean jarriren da zintasunean Dabiden olhan errege bat, juie ernea, zuzenbidea bilhatuko eta zuzena laster bihurtuko duena.

        6. Nabaritu dugu Moaben hanpurustasuna; hainitz da hanpurutsua; haren hanpuruskeria, haren burgoikeria eta haren hisia handiagoak dira haren indarra baino.

        7. Hargatik Moabek Moabi eginen dio orrobia; orrobiaz egonen da guzia: adrailu errezko harrasien gainean bozten direnei errozuete nolakoak izanen diren hekien zauriak.

        8. Ezen Hefebongo hiripeak mortu bilhakatuak dira, eta jendaietako buruzagiek ebaki dute Sabamako mahastia: hartako aihenak Jazerteraino helduak dira, mortuan barraiatuak dira; hartako gandoak utziak izan dira, iragan dute itsasoa.

        9. Hargatik Jazerrekin nigarretan deithoratuko dut Sabamako mahastia; ene nigarrez mainhaturen zaituztet, Hefebon eta Eleale, zeren zuen mahasti eta uzten gainera atheratu baita oinkatzaileen izkola.

        10. Jauzi, bozkarioak iraiziko dira Karmeldik; bozkario, jauzirik ez da mahastietan izanen; mahatsa lehertzen ohi zuenak ez du lakoan arnorik oinkaturen: oinkatzaileei khendu diotet oihua.

        11. Hargatik ene barneak Moaben gainean adiaraziko ditu gitarraren krinkak bezala, eta ene bihotzak deithoraturen du adrailu errezko harrasia.

        12. Eta hau gerthaturen da: ezagun izanen denean Moab nekhatu dela bere lekhu goretan, othoitz egitera sarthuren da bere saindutegietara; eta baliaturen ez da.

        13. Horra Jaunak Moabi aspalditik erran izan daroen hitza.

        14. Eta orai Jauna mintzatu da, dioelarik: Sarizaleak urthe-burua berezia duen bezala, hirur urthuren buruan Moaben ospea khendua izanen da haren populu handiaren gainetik, eta geldituren da aphur eta ttipi, eta ez da berhaturen.

 

XVII. KAP.

        1. Damasen desmasia. Huna non Damas gelditzera dihoan hiri izatetik; eta harri deseginezko munthoin bat izanen da.

        2. Aroergo hiriak arthaldeei utziak izanen dira, eta haukiek han phausatuko dira, eta nihork ez ditu izituko.

        3. Laguntza gibelatuko da Efraimdik eta erreinua Dantastik; eta Siriako ondarrez izanen da Israelgo umeen ospeaz bezala, dio armadetako Jaunak.

        4. Eta hau gerthatuko da egun hartan: Jakoben ospea gobelduren da, eta haren haragiko gizena urthuren.

        5. Eta izanen da, uzta-ondoan ondar-biltzailea iduri, eta haren eskuak bilduko ditu burukak; eta izanen da hala-nola Erraphaimgo haranean burukaketa dabilana;

        6. Eta Israelen geldituko da molkho bakharra mahastian bezala, eta olibak biltzean bi edo hirur oliba adar baten mokoan, edo lau edo bortz ondoaren kaskoan gelditu direnak iduri, dio Israelgo Jainko Jaunak.

        7. Egun hartan, gizona gurthuko da bere egilearen aitzinean, eta haren begiek begiratuko diote Israelgo sainduari.

        8. Eta ez da gehiago gurthuren bere eskuz egin zituen aldareen aitzinean, eta ez diote begiratuko bere besoz eginikako luku eta tenploei.

        9. Egun hartan, haren indarra egiten zuten hiriak utziak izanen dira, hala-nola izan baitziren utziak golde-nabarrak eta uztak Israelgo semeen aitzinean, eta mortu geldituko zare.

        10. Zeren duzun ahantzi Jainko zure salbatzailea, eta orhoitu etzaren zure laguntzaile hazkarraz; hori gatik landaturen ditutzu landare ederrak, eta erainen hazi arrotza.

        11. Eta landatu ondoan, zure landareak basak izanen dira; goizetik loratuko da zure hazia, eta gozatu behar duzun egunean, galdua da uzta, eta bihotzmin handia izanen duzu.

        12. Zorigaitz populuketa gaitzaren osteari, orroaz dagoen itsasoa iduri duenari! Zorigaitz gizon elemenia horri, zeinaren harramantzak iduri baitu urketa gaitz baten burrunba!

        13. Populuek harrabots eginen dute, bazterretara gaindika dihoazen uharren harrabotsa iduri eta Jaunak larderiatuko ditu, eta urrun ihes eginen dute, eta eramanak izanen dira hala-nola mendietako herrautsa haizearen aitzinean, hala-nola xirimola phesiaren aitzinean.

        14. Arratsean, huna zer buila! Goizeko, iraungi du. Hori da gure desmasiatzaileen zathia, gure larrutzaileen zortea.

 

XVIII. KAP.

        1. Zorigaitz lurrari, hegalez harrabots egiten duenari, zeina Ethiopiako ibaiaz haindian baita,

        2. Zeinak igortzen baititu bidalkinak itsasuz, eta uren gainean ihizko untzitan! Zoazte, aingeru zalhuak, ethendua eta erdiratua den jendaki baten gana; populu ikharagarri baten garna, hura baino lazgarriagorik ez baita; iguri dagoen eta oinkatua den jendaia baten gana, zeinaren ibaiek larrutu baitute haren lurra.

        3. Munduko egoiliar, lurrean zaudezten guziak, ezagutkaria altxatua izanen denean mendien gainean, ikhusiren duzue, eta entzunen turutaren durrundak;

        4. Zeren hau baiterrat Jaunak: Phausaturen naiz, eta ene lekhuan begira egonen, eguerdiko argi zoharra iduri, eta ihintzezko lanhoa uztaroan bezala.

        5. Alabainan aroa baino lehen loratu da mahats guzia; zirthoinduko da, eta ez onduko; pudak ebakiren ditu aihenak; eta utzi dituzkeenak, moztuak eta arthikiak izanen dira.

        6. Eta mahastia egonen da mendietako hegastinentzat utzia, eta batean lurreko basabereentzat; eta uda guzian han egonen dira ihiziak, eta neguan lurreko basabereak oro.

        7. Orduan, armadetako Jaunari emaitza bat ekharria izanen zaio ethendua eta erdiratua den populuaz; populu ikharagarriaz, zeina baino lazgarriagorik ez baita; jendaia iguri dagoen, iguri eta oinkatua dagoenaz, zeinaren ibaiek larrutu baitute haren lurra; ekharria izanen da Siongo mendira, armadetako Jaunaren izena deithua den tokira.

 

XIX. KAP.

        1. Egiptoaren desmasia. Huna non Jauna iganen den hedoi arin baten gainera, eta Egiptoan sarthuko da, eta Egiptoko jainkomoldeak ikharatuko dira haren aitzinean, eta Egiptoaren bihotza urthuko da haren barnean.

        2. Eta jauzaraziko ditut Egiptoarrak Egiptoarren kontra; eta gizona gudukaturen da bere anaiaren kontra, eta gizona bere adiskidearen kontra, hiria hiriaren kontra, erresuma erresumaren kontra.

        3. Eta Egiptoaren izpiritua nahasiko da haren baithan eta galaraziko dut haren asmua; eta galdeka hariko dira beren jainkorde, beren azti, pithon eta asmaginei.

        4. Eta nausi gogorren eskura arthikiren dut Egiptoa ; eta errege muthiria izanen dute nausi, dio armadetako Jainko Jaunak.

        5. Agorturen da itsasotik ura, eta hibaia idor eta leihor bilhakaturen da.

        6. Eta hibaiak ezeztaturen dira; ttipituko eta idortuko dira antaperetako errekak; khanabera eta ihiak ihartuko dira;

        7. Eta hibaiaren erreka, ithurburuan hasirik, agerian geldituko da, eta eraintzetako ixtun guziak idortuko, agortuko eta ezeztatuko dira.

        8. Kuintaz egonen dira arrantzariak, eta nigarrez hibaira amua arthikitzen zuten guziak, eta sareak uren gainean hedatzen zituzten guziak erkhituko dira.

        9. Lihoa lantzen dutenak, xarrantxari eta ehaileak, ahalketan eroriko dira.

        10. Urztatzeko errekak ahituko, eta arrain atzemateko zilho-egileak etsian izanen dira.

        11. Zoroak dira Taniseko buruzagiak: Faraonen kontseilari zuhurrek adimendugabeko kontseilu bat eman dute. Nola erraten ahal diozue Faraoni: Zuhurren semeak, beihalako erregeen semeak gare gu?

        12. Non dira orai hire zuhurrak? erran eta ezagutaraz biazatek zer gogo duen armadetako Jaunak Egiptoaren gainean.

        13. Erhotu dira Taniseko buruzagiak ilhaundu dira Memphistar aitzindariak enganatu dute Egiptoa, hango populuen izkina-harria.

        14. Jaunak hekien erdian hedatu du zoramenduzko izpiritua; Egiptoa makhur igorri dute bere egintza guzietan, hala-nola andarka dihoan hordia eta goiti egiten duena.

        15. Eta Egiptoak ez du jakinen zer egin, ez ttipiak, ez handiak, ez aitzindariak, ez manupekoak.

        16. Egun hartan Egiptoa izanen da emaztekia iduri; harrituko da eta izituko armadetako Jaunak eskua iharrostean, ezen berak iharrosiko du haren gainera.

        17. Eta Judako lurra izanen da Egiptoaren lazgarri; hartaz orhoituko diren guziak laztuko dira, armadetako Jainkoak haren gainean hartu duen xedearen aitzinean.

        18. Egun hartan, Egiptoko lurrean izanen dira bortz hiri Kanaango hizkuntzan mintzatuko direnak, eta armadetako Jaunaz zin eginen dutenak. Bat deithuko da Iguzki-hiri.

        19. Egun hartan, Egiptoko lurraren erdian izanen da Jaunaren aldare bat, eta hango mugaren ondoan Jaunaren orhoitgailu bat.

        20. Hura izanen da Egiptoko lurrean Jaunaren ezagutkari eta lekhukotasun; ezen hestutzailearen aitzinetik Jaunari deihadar eginen diote, eta Jaunak igorriko diote salbatzaile eta gudukatzaile bat libratuko dituena.

        21. Eta Egiptoaz ezagutua izanen da Jauna, eta Egiptoarrek Jauna ezagutuko dute egun hartan; eta ohoratuko dute, bitimak eta emaitzak eskainiz; eta botuak Jaunari eginen eta bihurtuko diozkate.

        22. Jaunak Egiptoa joko du zauri batez, zeina berak sendatuko baitu; eta Egiptoarrak itzuliko dira Jaunaren gana, eta Jauna jabalduko zatzaiote eta sendaturen ditu.

        23. Egun hartan, bide bat izanen da Egiptotik Asiriarren gana, eta Asiriarra sarthuko da Egipton, eta Egiptoarra Asirian; eta Egiptoarrek zerbitzatuko dute Asur.

        24. Egun hartan, Israel hirugarrentzat izanen da Egiptoarrarekin eta Asiriarrarekin: benedizionea izanen da lurraren erdian,

        25. Zeina benedikatu baitu armadetako Jaunak, erranez: Benedikatua izan bedi Egiptoko ene populua, eta Asiriarra ene eskuetako lana; bainan Israel da ene primantza.

 

XX. KAP.

        1. Thartan Azoten sarthu zen urthean, Sargon Asiriarren erregek bidalirik, Azot gudukatu eta hartu zuenean;

        2. Ordu hartan, Amosen seme Isaiasi mintzatu zitzaioen Jauna, zioelarik: Zoaz eta soinetik khen zazu zure zakhua, eta zangoetarik zure oinetakoak. Eta hala egin zuen, eta goan zen buluzik eta oinetakorik gabe.

        3. Eta erran, aroen Jaunak: Isaias ene zerbitzaria buluzik eta oinetakorik gabe ibili den bezala, hirur urtherentzat izanen baita ezagutkaritan eta sendagailetan Egiptoaren eta Ethiopiaren gainean;

        4. Hala Asiriarren erregek aitzinean eramanen du Egiptoarra gathibu eta Ethiopiarra bere lekhuetarik, zahar-gazteak buluzik eta oinetakorik gabe, gibeleko aldea ageri Egiptoaren laidotan.

        5. Eta izituak izanen eta ahalkatuko dira Ethiopiaz beren pheskizaz, eta Egiptoaz beren gogoko ospeaz.

        6. Eta irla hartako egoiliarrak erranen du egun hartan: Horra horiek ziren gure pheskiza, zeinen gana laguntza eske ihes egin baitugu Asiriarren erregeren aitzinetik: eta nola itzuriko ditukegu gure buruak?

 

XXI. KAP.

        1. Mortuko itsasoaren desmasia. Hegoatik xirimolak heldu diren bezala, heldu da mortutik, lur izigarri batetarik.

        2. Ikhuspen gogorra izan zait igorria. Sinhetsgogor dena, tzarki dabila; eta demasiatzaile dena, bere lanean hari da. Igan hadi, Elam; Mediarra, sethia: itho ditut heren auhenak.

        3. Hargatik oinhazez bethe dira ene gibel-erraiak; hesturak naduka, hestura erditzen hari denarena bezalakoak; aditzearekin erori, ikhustearekin nahasi naiz.

        4. Ahitu da ene bihotza, ilhunbeek harritu naute; Babilona, ene maitea, egina da ene harrigarri.

        5. Ezar zak mahaina, atalaitik begira zak jaten eta edaten hari direnei. Jaiki, aitzindariak; loth erredolari.

        6. Ezen hau erran darot Jaunak: Zoaz, eta ezar zazu atalari bat; ez zer-nahi ikhus dezan, ethor bedi erratera.

        7. Eta ikhusi du bi gizonekilako orga-laster bat; bat zen asto baten gainean, eta bertzea kamelu baten bizkarrean; eta artharekin eta atzarriki begira egotu zen.

        8. Eta lehoinak bezala oihu egin zuen: Ni naiz Jaunaren atalaiaren gainean, bethi xutik egunaz; eta ene goaitean nago ni, gau guziz.

        9. Huna non ethorri den bi zalditako orga-lasterrari eragiten zaroen gizon hura, eta ihardetsi, eta erran du: Erori da, erori Babilona, eta haren jainkomolde guziak phorroskatuak dira lurrean.

        10. Ene bihi joa, ene larraineko hibia, erran darotzut armadetako Jauna ganik, Israelen Jainkoa ganik aditu dudana.

        11. Dumaren desmasia. Seirdik oihu egiten darotade: Zaina, zer berri gauaz? zaina, zer berri gauaz?

        12. Zainak erran du: Ethorri da goiza, heldu da arratsa; bilhatzen bazarete, bilha ongi; itzul zaitezte, zatozte.

        13. Arabian desmasia. Ilhuntzean lo eginen duzue oihanean, Dedanimgo bidexketan.

        14. Hegoaldeko lurrean egoten zaretenak, egarri denari kiderat atheratuz ekharrezozue ura; ogiarekin zoazkiote ihesliarrari bidera.

        15. Alabainan ihes egin dute ezpaten aitzinetik, dixidatzen zituenaren ezpataren aitzinetik, arranbela hedatuaren aitzinetik, gudu gogorraren aitzinetik.

        16. Alabainan hau erran darot Jaunak: Oraino urthe bat, sehiaren urthea bezala neurtua, eta Zedarren ospea oro khendua izanen da.

        17. Eta Zedarren semeen arteko arranbelari hazkarren ondarrak ere gutituak izanen dira; ezen mintzatu da Jauna, Israelgo Jainkoa.

 

XXII. KAP.

        1. Ikhuspeneko haranaren desmasia. Zer dun hik ere, hegaztegietara guzia igaiteko?

        2. Hiri oihuz eta jendez bethea, hiri bozkariotsua: hire hilak, ez ditun ezpataz hilak, ez ditun gerlan hil.

        3. Hire buruzagi guziek batean ihesegin diten; gogorki estekatuak izan ditun; atzemanak izan diren guziak, elkharrekin estekatuak eta urrun eramanak izan ditun.

        4. Hargatik erran dut: Gibela zaitezte ni ganik, ixuriko ditut nigar minak; ez abia niri sosegu eman beharrez ene populuko alabaren xahupenaren gainean.

        5. Hau da ezen hiltzeketako, eta oinkapenetako, eta nigarretako eguna, Ikhuspeneko haranera armadetako Jainko Jaunak igorria, urratzen duelarik harrasia eta ikharagarri agertzen mendi gainean.

        6. Eta Elamek hartu du gezi-untzia, zaldizkoaren orga-lasterra, eta erredolak biluzi du harrasia.

        7. Eta hire haran hautak orga-lalerrez izanen dira betheak, eta hire athean jarriko ditun zaldizkoak.

        8. Agertua izanen da Judaren geriza, eta egun hartan ikhusiren duzu harmategia, oihaneko etxea.

        9. Ikhusiren ditutzue Dabiden hiriko urradurak zenbat diren uso; eta bilduren ditutzue behereko arraintegiko urak.

        10. Eta khondatuko ditutzue Jerusalemgo etxeak, eta etxe urratzen hariko zarete harrasiaren hazkartzeko.

        11. Eta osin bat eginen duzue bi harrasiren artean, arraintegi zaharraren ondoan; eta hura egin zuenaren gainera ez duzue begirik emanen, eta haren egilea urrundik ere ez duzue ikhusiko.

        12. Egun hartan armadetako Jainko Jaunak bere populua deithuko du nigar-deithoreetara, ileen murriztera eta zakhuaren jaunztera.

        13. Eta huna bozkario eta jauziak, aratxe eta ahari hiltzeak, haragi jateak eta arno edateak. Jan eta edan dezagun, ezen hilen gare bihar.

        14. Eta armadetako Jaunaren mintzoa agertu da ene beharrietara: Barkhatzen badarotzuet tzarkeria hori hil zaitezten arteo, dio armadetako Jainko Jaunak.

        15. Hau dio armadetako Jainko Jaunak: Zoaz, sar zaite tabernaklean egoten dena gana, Sobna gana, zeina tenploaz baita kargutua, eta erranen diozu:

        16. Zer hari zare hemen, edo nor bezala zare hemen, zuk hemen egin baituzu zuretzat hobi bat, lekhu goran artharekin hargindu baituzu orhoitgailu bat, eta harrian hobi bat zuretzat?

        17. Huna non Jaunak eramanaziren zaituen, oilar bat eramaten den bezala, eta eramanen zaitu hala-nola aldagarri bat.

        18. Hesturaz khoroaturen du, zure burua; pilota bat bezala arthikiren zaitu lur zabal eta hedatu batera; han hilen zare, eta han akhabaturen dira zure ospearen leloak, oi gizon zure Jaunaren etxeko laidoa.

        19. Zauden tokitik iraiziren zaitut eta zure kargutik khenduko.

        20. Eta hau izanen da egun hartan, deithuko baitut ene zerbitzari Eliazim, Helziasen semea.

        21. Eta jauntziren diot zure soinekoa, eta hazkarturen dut zure gerrikoaz, eta haren eskuetan ezarriko dut zure ahala; eta aita bat bezala izanen da Jerusalemgo egoiliarrentzat eta Judaren etxearentzat.

        22. Eta haren soingainean ezarriren dut Dabiden etxeko gakhoa; eta idekiren du, eta nihork ezin hertsiko; eta hertsiren du, eta nihork ezin idekiko.

        23. Eta ziri bat bezala sarthuren dut hura toki segurean, eta bere aitaren etxearentzat izanen da ospezko tronu bat bezala.

        24. Eta haren gainean ezarriko dute haren aitaren etxeko ospe guzia, eta hartarik dilindan untzi mota guziak, untzi ttipiak oro, edateko untzietarik musikako tresnetaraino.

        25. Halako egun batez, dio armadetako Jaunak, toki segurean sarthua izan zen ziria, atheratua izanen da, eta hautsiko da, eta eroriko; eta hartarik dilindan zirenak xahuturen dira, zeren Jauna mintzatu baita.

 

XXIII. KAP.

        1. Tirren desmasia. Orrobiaz abia zaitezte, itsasoko untziak, zeren lekhua zeintarik heldu ohi baitziren untziak xahutua baita: Zethimgo lurretik ethorri zaiote berria.

        2. Ixil zaitezte, irlan zaudeztenak: Sidoneko tratulariak itsasoa iraganez ethortzen ziren hire bethetzera.

        3. Tirrentzat ziren Nilak bere ur handiekin sorrarazten zituen haziak, eta hibaieko uzten fruituak; Tir bilhakatua zen jendaki guzien merkhatua.

        4. Ahalkez urth hadi, Sidon; mintzatu da ezen itsasoa, itsasoko indarra, dioelarik: Ez naiz erdi, eta ez dut haurrik egin; ez dut hazi ez muthil, ez neskatxarik.

        5. Deithore minetan egonen dira Egipton, adituko dituztenean Tirreko berriak.

        6. Iragan zatzue itsasoak, egizue orrobia, irlan egoten zaretenek.

        7. Ez othe da hori zuen hiri hura, zeinak bertze orduz beihalako bere egunez espantu baitzuen? Orai bere oinek urrun eramanen dute arrotz bizitzera.

        8. Nork atheratu du asmu hori Tirren gainean, zeina baitzen beihala khorodun, zeinetako tratulariak printze baitziren, eta merkatariak lurreko handi?

        9. Armadetako Jaunak egin du asmu hori eragoztekotzat ospedun guzien hanpurustasuna, eta laidotara arthikitzeko lurreko handi-mandiak.

        10. Zoaz zure lurretik hibaia iragaiten den bezala, oi itsasoaren alaba; ez duzu gehiago gerrikorik.

        11. Jaunak itsasoaren gainera hedatu du bere eskua, iharrosi ditu erresumak; Kanaanen kontra eman ditu manuak, zathikatzeko hango hazkarrak.

        12. Eta erran du: Sidonen alaba, neskatxa desohoratua, ez dun gehiago hire buruaz espanturik erabiliko; jaikirik iragan zan itsasoa Zethimeraino; han ere ez dun hiretzat izanen phausurik.

        13. Horra Kaldearren lurra; ez da izatu holako populurik; Asurrek arthiki zituen horgo asentuak; gathibu eraman dituzte horgo hazkarrak, jauzarazi dituzte horgo etxeak, eta bere lurrera dute eragotzi.

        14. Orrobia egizue, itsasoko untziak, zeren xahutua baita zuen indarra.

        15. Eta hau izanen da egun hartan: Ahantzia izanen haiz, oi Tir, hirur hogoi eta hamar urthez, errege baten egunak neurtuak diren bezala; aldiz hirur hogoi eta hamar urtheren buruan, Tirrenzat izanen du lilitxoaren kantua bezalako bat.

        16. Har zan gitarra, egizan hiriko ingurua, lilitxo ahanzterat utzia; kanta zan ongi, errepika kantua, hitaz orhoit dadien norbait.

        17. Eta hau izanen da hirur hogoi eta hamar urtheren buruan: Jauna ethorriren da Tirren ikhustera, eta bere irabazietara bihurraraziko du; eta Tir berritan linburturen da ororen aitzinean lurreko erresuma guziekin.

        18. Eta haren tratu, irabaziak Jaunari izanen zaizko sainduetsiak; ez dira begiratuak eta zainduak izanen; zeren haren tratua izanen baita Jaunaren aitzinean egoten direnentzat, jan dezaten ase arteo, eta jauntzia izan dezaten azken zahartzeraino.

 

XXIV. KAP.

        1. Huna non Jaunak xahutuko duen lurra, eta buluziko du, eta gainazpikatuko du, eta barraiatuko ditu hango egoiliarrak.

        2. Eta nola izanen baita populua, hala apheza; nola muthila, hala nausia; nola neskatoa, hala etxekandrea; nola erostea, hala saltzailea; nola maileguz hartzailea, hala emailea; nola gibelerat galdatzen duena, hala zor duena.

        3. Xahupenez xahutua izanen da lurra, eta harrapakerian larrutua; hori da ezen Jaunak atheratu duen hitza.

        4. Lurra nigarretan da; iraungi, erkhitu da; iraungi da mundua, erkhitu da lurreko populuaren goratasuna.

        5. Eta lurra izurriztatua da hartan daudezenez; zeren hautsi baitituzte legeak, zuzena aldatu, urratu bethiereko patua.

        6. Hargatik madarizioneak iretsiko du lurra, eta bekhatuan pulunpatuko dira hartan daudezenak; hargatik zoratuko dira hura lantzen dutenak, eta geldituko da gizon guti.

        7. Mahatsa nigarrez dago; mahastia erkhitua da; bihotzez bozten ziren guziak auhenetan daude.

        8. Baratu da atabalen harrabotsa, gelditu bozten zirenen oihua, ixildu gitarraren ots gozoa.

        9. Ez dute gehiago kantuz edanen arnorik; edaria kharats izanen da edanen dutenentzat.

        10. Herraustua da ergelkerietako hiria; hertsiak daude etxeak oro, eta nihor ez da sartzen.

        11. Arnoaren gainean kuinta izanen da karriketan; galdu da bozkario guzia; arraizia goan da lurretik.

        12. Hirian gelditu da bakhartasuna, zorigaitzak joko ditu atheak;

        13. Ezen lurraren erdian, populuaren erdian geldituko direnak izanen dira hala-nola oliba bakharrak, ondoa bildu ondoan geldituak, hala-nola mahats gutiak, biltzea akhabatu den ondokoak.

        14. Hekiek altxaturen dute boza eta kantaturen dituzte laudorioak; Jauna goretsia izanen denean, irrintzinaka joko dute itsasotik.

        15. Hargatik ospa zazue Jauna zuen zuhurtasunaz; gorets zazue itsasoko irletan Israelgo Jainko Jaunaren izena.

        16. Lurraren bertze burutik entzun ditut laudorioak, prestuaren ospea. Eta erran dut: Ene segretua enetzat, ene segretua enetzat. Zorigaitz niri! Legea dute gaixtoki hautsi, lege-hausleek bezala hautsi dute.

        17. Laztura, zilhoa eta artea hiretzat, lurrean hagoena.

        18. Eta hau gerthaturen da: beldurraren lotsaz ihes-goailea zilhora eroriko da; eta zilhotik itzuriko dena, artean izanen da atzemana; zeren zeru goretarik idekiak baitira ur-jauziak eta iharrosiak izanen baitira lurraren asentuak.

        19. Lurra joka izanen da urratua, lurra karraskaka izanen da lehertua, lurra dardaraka izanen da iharrosia.

        20. Lurra hordia bezala andarka khordokan ibiliko da; eta khendua izanen da, gau batentzat hedatzen den olha iduri; eta bere tzarkeriak lehertuko du; eroriko da, eta ez du jaikitzera eginen.

        21. Eta hau izanen da: Egun hartan Jauna agertuko da zeruko armadaren ikhustera hergoretan, eta lurreko errege lurrean direnen ikhustera.

        22. Eta moltzo batera putzuan izanen dira bilduak, eta han presondegian hertsiak; eta asko egunen buruan ikhartuak izanen dira.

        23. Eta ilhargia ahalkez gorrituko eta urthuko da, armadetako Jauna errege jarriko denean Sionen eta Jerusalemen, eta ospatua izanen denean bere zaharren aitzinean.

 

XXV. KAP.

        1. Jauna, ene Jainkoa zare zu; goretsiren zaitut, eta aithor bihurturen diot zure izenari; zeren ditutzun egin sendagailak, aspaldidanikako asmu zinak. Halabiz.

        2. Alabainan hiritik egin duzu hobi bat, hiri hazkarretik harri murru bat; erabaki duzu arrotzen egon-lekhua ez dadien gehiago izan hiri, ez-eta menderen mendetan berritua.

        3. Horren gatik laudaturen zaitu populu hazkarrak, eta zure beldur izanen da jendaki hazkarren hiria;

        4. Zeren egin zaren beharraren indar, noharroinaren indar haren hesturako orduan, haren pheskiza phesiako mugan, itzala berotean, ezen hazkarren hatsak iduri du harrasi bat jotzen duen phesia.

        5. Beroak egarriaz bezala, heziko duzu arrotzen oldarra; eta iharraraziko duzu hazkarren gandoa, hedoi erretzen duen baten azpian beroaz bezala.

        6. Eta armadetako Jaunak mendi haren gainean populu guziei eginen diote barazkari gozo bat, arnozko besta bat, haragi gori eta gizen, arno iragazizko besta bat.

        7. Eta mendi hartan trenkaturen du populu guzien gainera estekatua den gathea, eta jendaia guzien gainera irazkia den sarea.

        8. Herioa bulkhaturen du behin-bethiko; Jainko Jaunak nigarra khenduko du begitharte guzietarik, lur guzitik khenduko du bere populuaren laidoa; ezen Jauna da mintzatu.

        9. Eta egun hartan erranen du haren populuak: Huna gure Jainko hura; iguriki dugu, eta salbaturen gaitu; hau da gure Jaun hura; iguriki dugu, eta bozturen eta jauziko gare hunen ganikako salbamenduan;

        10. Ezen mendi haren gainean phausaturen da Jaunaren eskua; eta haren azpian lehertua izanen da Moab, lastoa orgen azpian xehatzen den bezala.

        11. Eta haren azpitik hedaturen ditu eskuak, igerikariak erikatzeko hedatzen dituen bezala; Jaunak aphalduren du haren ospea, bere eskuetan purtzupilatuz bezala.

        12. Eta hire harrasi goretako hazkargailuak eroriko dituk; arthikiak eta lurrerat eragotziak izanen dituk herraustuak izan arteo.

 

XXVI. KAP.

        1. Kantika hau egun hartan Judako lurrean izanen da kantatua: Sion da gure indarreko hiria; salbatzailea jarriren da hartan harrasi eta harrasi-aitzineko.

        2. Zabal zatzue atheak, eta sar bedi jendaki zuzen, egiaren begiralea.

        3. Goan da errebelamendu zaharra; begiraturen duzu bakea; bakea, Jauna, zeren dugun zure baithan iduki pheskiza gurea.

        4. Jauna baithan ezarri duzue bethikotzat zuen igurikitza, Jainko Jaun hazkarraren baithan bethi guziko;

        5. Zeren aphalduko baititu gora zaudenak; beheitituko baitu hiri hanpurutsua; aphalduko du lurreraino, jautsaraziko du herrautseraino.

        6. Azpian erabiliko du oinak, beharraren oinak, noharroinen zangoak.

        7. Prestuaren bidexka zuzena da; zuzena da ibiltzeko prestuaren bidea.

        8. Eta zure manamenduetako bidexketan iguriki zaitugu, Jauna; gure arimako lehian zauden zure izena eta zure orhoitzapena.

        9. Gau guzian zure lehiaz egotu da ene arima; eta oraino ene izpirituaz eta ene bihotz guziaz goizetik zure ganat egonen naiz atzarria. Zure erabakiak lurrean betheko ditutzunean, munduan daudezenek ikhasiren dute zuzentasuna.

        10. Urrikal gatzaizkion gaixtaginari; ez du ikhasiko zuzentasuna: sainduen lurrean egin ditu tzarkeriak, eta ez du ikhusiko Jaunaren ospea.

        11. Jauna, altxa bedi zure eskua, eta ez bezate ikhus: ikhus bezate populu bekhaiztiek, eta ahalkez urth beitez; eta suak irets betza zure etsaiak.

        12. Jauna, emanen darokuzu bakea, ezen zuk egin darozkigutzu gure egintza guziak.

        13. Jauna, gure Jainkoa, zutaz bertze nausirik izatu da gure gainean: zure izenaz bakharrik orhoit begaitez zu baithan.

        14. Hiltzen direnak ez beitez bizi, diganteak ez beitez bizira bihur: horren gatik ethorri zaizkiote ikhustera, eta phorroskatu ditutzu, eta ezeztatu duzu hekiezko orhoitzapen guzia.

        15. Ongi egin diozu, Jauna, populu huni, ongi egin diozu: ospe bihurtua izan othe zaitzu? Urrundu ditutzu hunen lurreko muga guziak.

        16. Jauna, beren hesturan bilhatu zaituzte; hesturako auhenetan ezagutaraziko diozute zure irakhaspena.

        17. Nola izorra den emaztekia, heiagoraka baitago oinhazeen erdian, erditzeko ordua hurbildu zaionean; hala gare, Jauna, zure aitzinean bilhakatuak.

        18. Ernaldu eta erdi bezala gare, eta haizea ilkhi da gu gatik; lurrean ez dugu salbamenduzko fruiturik atheratu; hargatik ez dira erori lur huntako egoiliarrak.

        19. Zuk hilak biziko dira; ene hilak bizturen dira. Atzar zaitezte eta laudorioak kanta zatzue, herrautsean egoten zaretenak; ezen argizko ihintza da, Jauna, zure ihintza, eta xahutuko duzu diganteen lurra.

        20. Zoaz, ene populua, sar zaite zure geletan; atheak hertsatzu zure gainera; zaude aphur bat gorderik, gaitzidura iragan dadien arteo.

        21. Ezen huna non bere tokitik ilkhitzera dohan Jauna, ikhartzeko lurrean dagoenak haren kontra egin tzarkeria; eta lurrak agertuko du gainera ixuri dioten odola, eta ez ditu gehiago estaliko hartan gorde dituzten hilak.

 

XXVII. KAP.

        1. Egun hartan Jauna bere ezpata gogor, handi eta hazkarrarekin ethorriko da Lebiathanen gainera, suge hagaren gainera, Lebiathanen gainera, suge karabilkatsuaren gainera; eta hilen du itsasoan den balea.

        2. Egun hartan arno oneko mahastiak kantaturen ditu Jaunaren laudorioak.

        3. Ni naiz Jauna, hura zaintzen dudana; maiz urztatuko dut; beldurrezeta bidegaberik egin diozoten, zaintzen dut gau eta egun.

        4. Sepharik ez da ene baithan: nor abiatuko da elhorria eta lapharra bezala ene sistatzen? Oinen azpian ibiliko dut eta hanbatekin su emanen diot.

        5. Ala hobeki idukiren du ene indarra? Bakea egin beza enekin, bakea enekin egin beza.

        6. Jakobi oldar egitera heldu direnen gatik, Israel loratuko da eta aldaskatuko, eta haren haziaz betheko dute lurraren gaina.

        7. Jainkoak jo othe du hura etsaiak jotzen zuen bezala? edo Israel hila izan othe da, hari hilka hari zitzaioena bezala?

        8. Zutaz iraizia izan denean, Jauna, neurriz bere hobenen arabera juiatu duzu. Bere sepha gogorraren eztitzera hari zen Jauna, su gehienik zuen orduan ere.

        9. Horreletan aria hortaz Jakoben etxeari barkhatua izanen zaio bere bekhatua; eta hori guzia izanen da haren bekhatuaren khentzeko, aldareko harri guziak ezarriko dituenean herrausten den harria bezala xehakaturik, lukuak eta tenploak lurrerat arthikiak izanen direnean.

        10. Alabainan hiri hazkarra urratua izanen da, hiri ederra utzia eta mortu bezala igorria izanen da; han alhatuko eta han etzanen da ergia, eta janen du hango muskila.

        11. Agorteak xahutuko ditu hango uztak; emaztekiak ethorriko dira haren argitzera; ezen hango populua ez da zuhurra; hargatik hura egin duena etzaio urrikalduren, eta hura jarri duenak ez dio barkhaturen.

        12. Eta hau gerthatuko da: egun hartan Jaunak joko du hibaiaren errekatik Egiptoko uharreraino, eta zuek, Israelgo semeak, bat-banazka bilduak izanen zarete.

        13. Eta hau gerthatuko da: egun hartan turuta handiak durrundaturen du, eta Asiriarren lurrean galduak zirenak eta Egiptoko lurrera iraiziak zirenak ethorriko dira, eta adoratuko dute Jauna mendi sainduan Jerusalemen.

 

XXVIII. KAP.

        1. Zorigaitz hanpuruskeriako khoroari, Efraimgo hordiei, lore erortzen denari, zeina baita hekien bozkariozko sendagaila! Zorigaitz haran goriaren buruan egoten, eta arnoak khordokan erabiltzen dituenei!

        2. Huna Jaun botheretsu eta hazkarra; iduri du harri abarraren oldarra, xirimola phorroskatzailea; iduri du bazterrak hartzen eta eremu zabaletara gaindika hedatzen diren uhar gaitzen oldarra.

        3. Efraimgo hordien hanpuruskeriazko khoroa oin-pean ostikatua izanen da.

        4. Eta lore erortzen dena, zeina baita haran goriaren buruan dagoenaren bozkariozko sendagaila, izanen da hala-nola fruitu ontzen dena udazkeneko zohitasuna baino lehen; ikhusiko duenak, eskura hartu orduko, iretsiren du.

        5. Egun hartan armadetako Jauna izanen da ospezko khoro bat eta bozkario