www.armiarma.com
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jarritako bertsoak
Pello Errota
1879-1919, 1963

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Jarritako bertsoak, Pello Errota (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1963

 

 

aurrekoa hurrengoa

III. BERTSO BERRIAK
ARANTZAZUKO
ALEGRANZAN JARRIYAK

 

Gure Arantzazuko

bidaje ederrari

bertso berri batzuek

nai nizkake jarri;

graziya eskatubaz

Ama Birjiñari,

pasadizua zuzen

esan al baledi.

 

Ama Birjiña beti

estadu gozuan,

persona serbitzeko

premiko kasuan;

enteratuko zala

nere abisuan,

argatikan asi naiz

konfiantza osuan.

 

Maiatzian genduen

peregrinaziyua,

ogei ta amarrerako

zan kondiziyua;

Birjiñari egiteko

adoraziyua,

badegula uste det

obligaziyua.

 

Sei t'erdiyetan giñan

goizian atera,

Larraul da Asteasu

guztiyak batera;

Arantzazuko Amari

gusto ematera,

nola portatu zagun

nua esatera.

 

Birian asi zuen

errosariyua,

gauza baliyosua

eta seriyua;

argatikan Birjiñak

zigun amoriyua,

au zan gure okerren

erremediyua.

 

Zortziyetan trenian

Billabonan sartu,

Zumarraga ortara

ondo allegatu;

andi abiatu ta

zan deskarrillatu,

batek ere ez degu

guk miñikan artu.

 

Geren belarriyakin

gaude aditubak,

kuadrillan bagiñala

ilda ta eritubak;

ori esan-azi du

ezin sufritubak,

danok gera orduban

sano gelditubak.

 

Bere plantxatik trena

orduan zan kendu,

Ama Birjiñak bertan

milagrua egin du;

ondo begiratuta

klaro ezagun du,

zein bizirik gelditu

ez balu lagundu?

 

Fogonerua trenatik

egin zan erori,

amalau oiñ aidian

gutxienez ori;

matxurarik etzaio

azaldu berari,

graziyak eman leizkake

Ama Birjiñari.

 

Trena okertu zanian

ango karraxiya,

saltoka bazijuan

sasoiko guziya;

estimatutzen zuen

nork bere biziya,

orduban azaldu zan

Birjiñan graziya.

 

Billabonan billetiak

zeñek beretzako,

guk artu giñituen

Brinkolara arteko;

kasua izandu zan

len ateratzeko,

berroi ta bosna zentimo

badegu artzeko.

 

Abiso bat bialdu

guk konpañiyari,

artzeko degun piska

kobra al baledi;

gauza aldrebesa danik

ez deritzat ori,

gero limosna egin

Ama Birjiñari.

 

Trena okertu eta

izan ziran lanak,

gero otsegin zuen

Erretore jaunak:

oñez juango giñala

animoso danak,

lagunduko zuela

Arantzako Amak.

 

Telleriarten artu

degu giyariya,

mendiz abiatu ta

beriala ebiya;

bustiagatik ere

gure alegriya,

ikusteko pozian

Birjiña Mariya.

 

Aiuntamentu jauna,

alkate ta guzi,

sekretariyua ere

zan oiekin nasi;

konpañiyan etzuen

ematen itxusi,

ejemplo egokiya

dute erakutsi.

 

Gogotsu asi gera

gu mendi aldera,

promesa kunplitubaz

al zan aurrera;

anparoan genduben

Birjiña Ama bera,

izugarri ederki

allegatu gera.

 

Don Tomas Eguibar da

parroko guria,

Arantzako Amari

badiyo fedia;

ark erakutsi digu

argana bidia,

ondo gobernatu du

bere artaldia.

 

Don Mariano Miqueo

beste parrokua,

arrekin etorri zan

jende Larraulkua;

obra onetan entero

aurrera dijua,

ezagun du dala orrek

fede onekua.

 

Asteasu ta Larraul

unitu alkarrena,

beste lau erritatik

bildu ziran gugana;

Tolosa ta Alkiza,

Zirzurkil da Aduna,

ez degu penarikan

alkarrekin juna.

 

Juanda zerbait artu,

elizara korri,

predikatutzen asi

zan Aita Alberdi;

laguntza eskatzen ziyon

Ama Birjiñari,

danori eman dizku

graziyak ugari.

 

Konpesiyuak egin

txit modu onian,

komuniyo jenerala

biyaramonian;

fedia indartu nai

guk alegiñian,

sobra gutxi daukagu

gaurko egunian.

 

Askok ukatzen degu

Jesusen legia,

serbitu naiago da

etsai traidoria;

ortatik ez da gero

zerura bidia,

pentsatu nola pasa

eternidadia.

 

San Franziskoren seme

beneragarriyak,

Ama ori adoratzen

an daude jarriyak;

lagundutzen diyela

beraren argiyak,

zeruban sar ditzala

Birjiña garbiyak.

 

Zu zerade Ama bat

biyotz onekua,

doaia eman didazu

eskatutakua;

kontentuz arkitzen da

Pello errotakua,

biba Ama Birjiña

Arantzazukua.

 

aurrekoa hurrengoa