www.armiarma.com
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (1)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa  

PARALIPOMENOEN BIGARREN LIBURUA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Salomon Dabiden semea bada, sendo gelditu zan bere erreñuan, eta bere Jaun Jaungoikoa zegoan berarekin, eta txit goratu zuen onek.

        2. Orduan Salomonek bildu zuen Israel guztia, tribunoak, eta zenturionak, eta agintariak, eta Israelko juez guztiak, eta familietako buruak.

        3. Eta joan zan talde guzti onekin Gabaongo goira, non zegoan, Moises Jaungoikoaren serbitzariak eremuan egin zuen Jaungoikoaren testamentuko tabernakuloa.

        4. Eta Dabidek eraman zuen Jaungoikoaren kutxa, prestatua zeukaion tokira, eta non jarria zeukaion tabernakulo bat, au da, Jerusalenera.

        5. Berebat Beseleel Urien, Hurren semearen semeak, egin izan zuen bronzezko aldarea, zegoan an Jaunaren tabernakuloaren aurrean, eta Salomon batzarre guztiarekin ara joan zan billatzera.

        6. Eta igo zan Salomon bronzezko aldarera, Jaunaren elkartasuneko tabernakuloaren aurrean, eta eskeñi zituen berean milla doañ.

        7. Eta ona emen non gau artan berean agertu zitzaion Jaungoikoa esaten zuela: Eskatu ezazu, nik zuri ematea nai dezuna.

        8. Eta Salomonek esan zion Jaungoikoari: Zuk egin dezu urrikaltasun andia nere aita Dabidekin, eta ni jarri nazu erregetzat bere lekuan.

        9. Orain bada, Jaun Jainkoa, kunplitu bedi, nere aita Dabidi eman ziñion itza, zeren zuk egin nazu, lurreko autsa bezela kontatu ezin lezakean erri andi bateko errege.

        10. Eman zazkidazu jakinduria eta argia, zure erri au ongi gobernatu dezadan, zeren nork diñaro gobernatu dezake zure erri au, izanik, dan bezela, ain andia?

        11. Orduan Jaungoikoak esan zion Salomoni: Au izan dan ezkero zure biotzeko gauzarik gogokoena, eta ez dituzun ezkero eskatu aberastasunak, ez atzienda, ez izen ospatsua, ez gorroto dizutenen eriotza, eztaere bizitza luzea, baizik eskatu dituzun ezkero jakinduria eta adiera, juzgatu al izateko nere erria, zeñaen gañean erregetzat jarri zaitudan.

        12. Jakinduria eta adiera emanak zazkizu, gañera emango dizkizut aberastasunak, eta atzienda, eta izen ospatsua, alako moduan non, ez zatzu izango zu berdintzekorik, ez zure aurretiko, ez zure ostetiko erregerikan batere.

        13. Itzuli zan bada Salomon Jerusalenera Gabaongo toki goratutik, testamentuko tabernakuloaren aurretik, eta erreñatu zuen Israelen gañean.

        14. Eta bildu zituen gurdiak, eta zaldizko jendea, eta iduki zituen milla, eta laureun gurdi, eta amabi milla gizon zaldizko, eta egonerazi zien gurdierrietan, eta erregearekin Jerusalenen.

        15. Eta erregeak egin zuen, urrea eta zillarra izan zitezela Jerusalenen arriak bezela, eta zedroak, kanpoetan txit ugari ernetzen diran pikoarrak bezela.

        16. Eta ekartzen ziozkaten zaldiak Egiptotik, eta Koatik erregearen tratalariak, zeñak joan oi ziran, eta erosten zituzten balio zutenean.

        17. Lau zaldizko taldea zillarrezko seireun siklotan, eta zaldi bat eun eta berrogeita amarrean: eta era berean erosten ziran Hetearren, eta Siriako erregeen erreñu guztietan.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Erabaki zuen bada Salomonek egitea Eliza Jaunaren izenari, eta jauregi bat beretzat.

        2. Eta jarri zituen irurogeita amar milla gizon eramatzeko zamak bizkarrean, eta larogei milla, arriak atera eta landutzeko mendietan, eta ipiñi ziezten iru milla, eta seirun begirale.

        3. Eta bialdu zituen mandatariak esatera Hiram Tiroko erregeari, Nere aita Dabidekin egin zenduen bezela, bialtzen ziñiozkala zedrozko zurak, bera bizi izan zan etxea egiteko;

        4. Nerekin ere ala egin ezazu, egin dizaiodan etxe bat nere Jaun eta Jainkoaren izenari, eta konsagratu dizaiodan inzensoa bere aurrean erretzeko, eta aromen kea zabaltzeko, eta bere aurrean beti agirian egon ditezen proposizioko ogiak, eta goizeko eta arratsaldeko holokaustoetarako, eta larunbatetan, eta illargiberrietan, eta gure Jaun Jainkoaren jai andietan betiko, Israeli agindua dagoan bezela.

        5. Zeren egin nai dedan etxea, izango da andia, zeren andia da gure Jaungoikoa jainko guztien gañean.

        6. Zeñ bada izango da, beraren diña dan etxe bat egiteko gai? Baldin zeruak, eta zeruen zeruak ezin badute kabitu, zeñ naiz ni, berari etxe bat egin al izateko? Baña ez det beste gauzatarako egiten, baizik eskeñtzeko bertan izensoa bere aurrean.

        7. Bialdu zadazu bada gizon trebe bat, ongi dakiana lanak egiten urrean, eta zillarrean, eta bronzean, eta burnian, purpuran, eskarlatan, eta jazintoan, eta jakin dezala moldeerak otallutzen, lanean ari dedin, Judeatik eta Jerusalendik, nere aita Dabidek aututa, artu ditudan, nere langille oiekin batean.

        8. Bialdu ere zazkidazu zedrozko, eta enebrozko eta pinuzko zurak, Libanotik; zeren badakit zure serbitzariak ongi dakitela ebakitzen Libanoko zurak, eta nere serbitzariak ariko dira lanean zureakin,

        9. Zura txit ugari ornitu dezadaten. Zeren egin nai dedan etxea izango da txit andia, eta ospetsua.

        10. Eta zurak ebakitzen dituzten langille zure serbitzariak jateko, nik emango dieztet ogei milla koro gari, beste anbat koro garagar, eta ogei milla metreta ardo, baitaere ogei milla sato olio.

        11. Eta Hiram Tiroko erregeak Salomoni bialdu zion txartelean, esaten zuen onela: Jaunak bere erria maitatu duelako, argatik egin du zuk erreñatu dezazula bere gañean;

        12. Eta gañera esaten zuen: Bedeikatua Israelko Jaun Jaungoiko, zerua eta lurra egin zituena, zeñak eman dion Dabidi seme jakintsu, aditu, zentzuti, eta zur bat, egin zezan Eliza bat Jaunarentzat, eta jauregi bat beretzat.

        13. Bialtzen dizut bada gizon aditu eta txit jakintsu bat, zeñ dan Hiram, nere aita bezela honratzen dedana,

        14. Dango alabaetatiko andre baten semea, zeñaen aita izan zan Tiroarra, lanean dakiana urrean, eta zillarrean, bronzean, eta burnian, eta marmolean, eta zuretan, eta orobat purpuran, eta jazintoan, eta lino fiñean, eta eskarlatan, eta dakiana egiten otallu lan guztia, eta txit trebea asmatzen lan guztirako bear dana, eta egongo da zure langilleakin, eta zure aita nere jaun Dabidenakin.

        15. Bialdu ezazu bada, ene jauna, zure serbitzarientzat, eskeñi dezun garia, eta garagarra, eta olioa, eta ardoa.

        16. Bada guk ebakieraziko ditugu bear dituzun Libanoko zur guztiak, eta elkarri itsatsiko dieztegu zurdietan, eramateko itsasoz Joppera, eta zure kontura geldituko da, andikan Jerusalenera eramatea.

        17. Onenbesterekin Salomonek kontatuerazi zituen, Israelko lurrean zeuden gizon konbertitu berri guztiak, bere aita Dabidek artuerazi zuen listatik aurrera, eta arkitu zan zirala eun eta berrogeita amairu milla, eta seireun.

        18. Eta oietatik irurogeita amar milla berezitu zituen, sorbalda gañean kargak ekartzeko, eta larogei milla mendietan arriak atera, eta lantzeko, eta jarri zituen iru milla eta seireun jendearen lanen begirale.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Eta asi zan Salomon, Jaunaren etxea egiten Jerusalenen Moriako mendian, zeñ erakutsia izan zitzaion bere aita Dabidi, Dabidek prestatua zeukan tokian, Ornan Jebustarraren larrañean.

        2. Eta eman zion asiera etxeari bigarren illean; berak erreñatzen zuenetik laugarren urtean.

        3. Eta oiek dira, Salomonek Jaungoikoaren etxea egiteko jarri zituen zimenduak: luzeera zan irurogei besokoa anziñako neurrian; zabalera ogei besokoa.

        4. Eta aurkez zegoan elizpeak zeuzkan luzeeran, elizaren zabalerako neurriaren araura, ogei beso; altuera berriz zan eun eta ogei besokoa, eta urre txit fiñez estalierazi zuen barrendiko aldetik.

        5. Elizaren zati nagusia ere estali zuen abetozko zurezko olakin; josten zituela iltzeakin alde guztietatik urre txit garbizko plantxak, eta otallutuerazi zituen bertan palmak, eta katetxoak bezelako batzuek, itsatsiak batzuek besteakin.

        6. Eta marmol balio guziz andikozko arriakin arlosatu zuen elizako oruea txit ederki.

        7. Eta zan txit garbia urrea, zeñaren plantxakin estalierazi zituen eliza eta bere abeak, eta pillarrak, eta pareteak, eta ateak. Paretetan otallutuerazi zituen kerubiñak.

        8. Berebat, egin zuen Santuen Santuaren tokia, zeñaen luzeera zan ogei besokoa, elizaren zabalera bezela, eta orobat zabalera ogei besokoa; eta estali zuen urrezko plantxa, seireun talentu bezelatsu pisatzen zutenakin.

        9. Eginerazi ere zituen urrezko iltzeak, zeñaetatik bakoitzak pisatzen zituen berrogeita amar siklo, eta tellatuko goiaspillatuak ere urrez estali zituen.

        10. Baitaere Santuen Santuaren etxean egin zituen kerubinen bi irudi otalluzko, zeñak ere urrez estali zituen.

        11. Kerubinen egoak zabaltzen ziran ogei besoan, alako moduan non, ego batek zeuzkan bost beso, eta elizako paretari ukitzen zion, eta besteak, zeñak ere zituen bost beso, ukitzen zion beste kerubinaren egoari.

        12. Orobat beste kerubinaren egoak zeuzkan bost beso, eta paretari ukitzen zion; eta beronen beste ego, bost besokoak ukitzen zion beste kerubinaren egoari.

        13. Kerubin bataren eta bestearen egoak bada zeuden zabalduak, eta luzetzen ziran ogei besoan; berak berriz zeuden zutik zuzen, eta beren arpegiak kanpoko etxerontz itzuliak.

        14. Egin ere zuen jazintozko, purpurazko, eskarlatazko, eta lino txit fiñezko estalki bat, eta bordatuerazi zituen berean kerubinak.

        15. Baitaere elizako ateen aurrean bi abearri, zeuzkatenak alturan ogeita amabost beso, eta beren erpiñak ziran bost besokoak.

        16. Egin ere zituen katetxo batzuek, santuariokoak bezelakoak, zeñak jarri zituen abearrien erpiñen gañean, baita eun mingrana, zeñak jarri zituen kateetxoen (sic) artean.

        17. Eta ipiñi zituen abearri oiek elizako atarian, bata ezkerrera eta bestea eskuiera, eta eskuiean zegoanari deitu zion Jakin, eta ezkerrekoari Booz.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Egin ere zuen bronzezko aldare bat, ogei beso luzeerakoa, ogei beso zabalerakoa, eta ogei beso altuerakoa.

        2. Baitaere bronze urtuzko itsaso bat, ertz batetik bestera ogei besokoa, biribilla inguruan. Bost beso zeuzkan altueran, eta ogeita amar besoko kordoitxo batek jira egiten zion bere inguruari.

        3. Eta bere azpian zeuden idien irudiak, eta amar besoan kanpoko aldetik otalluera batzuek, zeñak jarririk errenkada bitan, jira egiten zuten itsasoaren zabalenetik. Eta idiak ziran bronze urtuzkoak.

        4. Eta itsasoa bera zegoan jarria amabi idien gañean, zeñatatik iruk begiratutzen zuten ifarrerontz, eta beste iruk sartalderontz, beste iruk egoerontz, eta gañerako beste iruak sortalderontz, zeukatela gañean itsasoa, zeñaen pisua zetorren beren gañera; idien atze aldeak berriz zeuden barrenerontz itsasoaren azpian.

        5. Eta itsasoaren lodiera zan arra baten neurrikoa, eta bere ertza zan kopa baten, edo azuzena idiki baten ertza bezelakoa, eta iru milla metreta kabitzen zituen.

        6. Egin ere zituen amar kontxa, eta jarri zituen bost eskuiean, eta bost ezkerrean, beretan garbitu zezaten, holokaustoan eskeñi bear zan guztia, eta apezak itsasoan garbitzen ziran.

        7. Berebat egin zituen amar kandelero urrezko, aginduta zegoan irudiaren araura, eta ipiñi zituen elizan, bost eskuiean, eta bost ezkerrean.

        8. Baita amar mai ere, eta jarri zituen elizan, bost eskuiean, eta bost ezkerrean, baitaere urrezko eun edanontzi.

        9. Egin ere zituen apaizen ataria, eta elizpe andia, eta ateak elizpean, zeñak bronzez estali zituen.

        10. Eta jarri zuen itsasoa eskuieko aldean, sortalderontz begiratzen duenaren egoerontz.

        11. Baitaere egin zituen Hiramek pertzak, eta iruortzak, eta txarroak. Eta bukatu zituen, Jaungoikoaren elizan egiteko erregeak agindu zituen obra guztiak.

        12. Au da, abe biak beren arpaindeta eta erpiñakin, eta mallak bezelako batzuek, alako mañarekin non elkartzen zituzten arpaindeten gañeko erpiñak.

        13. Berdin lareun granada eta bi malla, alako eran non, granaden bi errenkada biltzen zitzaiozkaten, arpaindetak, eta abeen erpiñak estalitzen zituzten mallaetatik bakoitzari.

        14. Egin ere zituen ondopeak eta kontxak, zeñak jarri zituen ondopeen gañean,

        15. Itsaso bat, eta amabi idi itsasoaren azpian,

        16. Eta pertzak, eta iruortzak eta txarroak. Ontzi guztiak egin ziozkan Salomoni bere aita Hiramek Jaunaren etxerako kobre txit garbizkoak.

        17. Erregeak agindu zuen urtu zitezela Jordango erriberan, lur gredatsu batean, Sokoth eta Saredatharen artean.

        18. Ontzi taldea zan kontatu ezin zezakeana, alako moduan non, etziekien iñork zenbat bronze gaztatu zan.

        19. Eta Salomonek egin zituen Jaungoikoaren etxeko ontzi guzti oiek, eta urrezko aldarea, eta maieak, zeñaen gañean jartzen ziran proposizioko ogiak.

        20. Berebat kandeleroak beren metxeroakin urre txit garbizkoak, argi egin zezaten orakuloaren aurrean, elizlegeen araura;

        21. Eta lora apaingarri batzuek, eta metxeroak, eta kurrikatxoak urrezkoak. Guztia egin zan urrerik garbienarekin.

        22. Lurrinkaien brasontzitxoak ere, eta inzensonarioak, eta edontziak, eta motrairutxoak urre txit garbizkoak. Eta zizelatuerazi zituen barrendiko elizako ateak, au da, Santuen Santuarenak, eta elizako ateak ziran urrezkoak kanpotik. Onela bukatu ziran Salomonek Jaunaren etxean egin zituen obrak.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Salomonek bada ekarrierazi eta gordeerazi zuen Jaungoikoaren etxeko gordelekuetan, bere aita Dabidek eskeñi zuen guztia: zillarra, eta urrea, eta ontzi guztiak.

        2. Onen ondoren bildu zituen Israelko zarrak, eta tribuetako prinzipe guztiak, eta Israelko semeen familietako buru guztiak, Jerusalenen, eramateko Jaunaren testamentuko kutxa, Dabiden erri, beste izen batez, Siondik.

        3. Israelko gizon guztiak bada etorri ziran erregeagana zazpigarren illaren egun andian.

        4. Eta etorririk Israelko zar guztiak, Lebitak eraman zuten kutxa.

        5. Eta sartu zuten barrunen, tabernakuloko apaingarri guztiarekin. Eta apaizak Lebitakin batean eraman zituzten, tabernakuloan zeuden santuarioko ontziak.

        6. Eta Salomon erregeak, eta Israelko batzarre guztiak, eta kutxaren aurrean bildu ziran guztiak, eskeñtzen zituzten ari, eta idi illak zenbatu ezin zezakean adiñan, ain zan andia abere illen taldea.

        7. Eta apaizak sartu zuten Jaunaren elkartasuneko kutxa bere tokian, au da, tenploko orakuloan, Santuen Santuan, kerubinen egoen azpian,

        8. Alako moduan non, kerubinak zabaltzen zituzten beren egoak, kutxa ipiñia izan zan tokiaren gañean, eta estaltzen zituzten kutxa bera, eta bere agak.

        9. Baña nola kutxa eramaten zan agak, ziran zerbait luzeagoak, agertzen ziran orakuloen aurrean, baña zerbait kanpora zegoanak ezin ikusi litzakean. Eta an egon da kutxa gaurko eguneraño.

        10. Eta etzegoan beste gauzarik kutxan. Moisesek Horeben ipiñi zituen ol biak baizik, Jaunak eman zienean legea Israelko semeai beren irteeran Ejiptotik.

        11. Eta apaizak atera ziranean santuariotik (zeren an arkitu al ziran guztiak izan ziran santutuak; denbora artan etzeundelako oraindik beren artean partituak beren elizkizunetarako txanda, eta egiteko erak).

        12. Ala Lebitak, nola kantariak, au da, Asafen agindura zeudenak, eta Emanenera zeudenak, eta Idithunenera zeudenak, beren semeak eta anaiak, lino txit fiñezko soñekoakin jantziak, jotzen zituzten zinbaloak, eta salterioak eta zitarak, jarririk zutik aldarean sortaldean, eta berakin eun eta ogei apaiz, tronpetak jotzen zituztenak.

        13. Ala bada guztiak batean kantatzen zutela tronpetakin, eta bozakin, eta zinbaloakin, eta organuakin eta soñulari mota askorekin, eta altxatzen zituztela gora bozak, urrutitikan aditzen zan otsa; eta asi ziranean kantatzen, eta esaten: Bedeikatu ezazute Jauna, zeren ona dan, zeren bere urrikaltasuna betikoa dan. Odei batez bete zan Jaungoikoaren etxea,

        14. Alako moduan, non, apaizak ezin egon al ziran, ezta ari beren lanetan illuntasunagatik. Zeren Jaunaren gloriak bete zuen Jaungoikoaren etxea.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Orduan Salomonek esan zuen, Jaunak eskeñi zuen illuntasunean biziko zala,

        2. Eta nik egin diot etxe bat bere izenari, an beti bizi zedin.

        3. Eta erregeak itzuli zuen bere arpegia, eta bedeikatu zuen Israelko talde guztia (zeren talde guztia zegoan zutik zur, eta adi) eta esan zuen:

        4. Bedeikatua izan dedilla Israelko Jaun Jaungoiko, kunplitu duena, nere aita Dabidi eskeñi ziona, esaten zuela:

        5. Nere erria Ejiptotik atera nuen egunetik, ez nuen autu erririk batere Israelko tribu guztietatik, non egin zizaion etxe bat nere izenari; eta ez nuen ere autu beste gizonik batere, gobernatu zezan Israel nere erria.

        6. Baizik autu nuen Jerusalen, berean egon zedin nere izena, eta autu nuen Dabid, ipintzeko Israel nere erriaren gañean.

        7. Eta izanik nere aita Dabiden borondatea, egitea etxea Israelko Jaun Jainkoaren izenari,

        8. Jaunak esan zion: idukitzean zuk borondate ori, egiteko etxea nere izenari, egiaz ongi egin dezu, zure guraria ona izan da.

        9. Baña etzera zu izango etxea egingo dezuna, baizik zure semea, zeñ aterako dan zure erraietatik, berak egingo dio etxea nere izenari.

        10. Jaunak bada kunplitu du, eman zuen itza: eta ni jarri naiz nere aita Dabiden lekuan, eta eseri naiz Israelko tronuaren gañean, Jaunak esan zuen bezela, eta egin diot etxea Israelko Jaun Jaungoikoaren izenari,

        11. Eta bertan jarri det kutxa, zeñaen barrenen dagoan, Israelko semeakin Jaunak egin zuen elkartasuna.

        12. Jarri zan bada zutik Jaunaren aldarearen aurrean, Israelko jende talde guztiaren aurkez, eta zabaldu zituen bere eskuak.

        13. Zeren Salomonek egin zuen bronzezko oñpeko bat, eta jarri zuen atariaren erdian, zeñak zeuzkan bost beso luzeeran, eta bost beso zabaleran, eta iru beso altueran, eta jarri zan zutik bere gañean, eta belaunikaturik gero Israelko jende talde guztiari begira, eta eskuak zerurontz altxaturik,

        14. Esan zuen: Israelko Jaun Jainkoa, ez dago zure antzeko Jainkorik zeruan ez lurrean, gordetzen dituzuna elkartasuna eta errukia zure serbitzariakin, zure bideai beren biotz guztitik jarraitzen diezteenakin,

        15. Kunplitu diozkazuna zure serbitzari, nere aita Dabidi, eman ziñiozkan itz guztiak, zeren itzez eskeñi ziñiona, obraz egin dezu, gaur erakusten dan bezela.

        16. Orain bada Israelko Jaun Jainkoa, kunplitu zaiozu nere aita Dabid zure serbitzariari itz egin ziñion guztia, esaten zenduela: Ez da faltatuko zure jatorrikorik, zeñ eseri nere aurrean Israelko tronuaren gañean, zure semeak ibiltzen badira zure bideetatik, eta gordetzen badute nere legea, zuk egin dezun bezela nere aurrean.

        17. Eta orain Israelko Jaun Jainkoa, sendotu bedi zure serbitzari Dabidi eman ziñion itza.

        18. Sinistu bai ote lezake Jaungoikoa bizi dala gizonakin lurraren gañean? Baldin zeruak, eta zeruen zeruak ezin kabitu bazaituzte, zenbat gutxiago, nik egin dedan etxe onek?

        19. Baña onetarako bakarrik izan da egiña, zuk ene Jaun Jainkoa, itzuli ditzazun begiak zure serbitzariaren otoitzera, eta bere eskarietara, eta aditu ditzazun zure serbitzariak zure aurrean egiten dituen erreguak:

        20. Iduki ditzazun idikiak zure begiak gau ta egun etxe onen gañean, zure izenari ots egingo zizaiola eskeñi zenduen tokiaren gañean,

        21. Eta aditu zenezan, zure serbitzariak bertan egiten dizun otoiza, eta entzun ditzazun zure serbitzariaren, eta Israel zure erriaren erreguak. Toki onetan erregututzen dizun guztiari, aditu zaiozu zure bizilekutik, au da, zeruetatik, eta erakutsi zatzakio beraa.

        22. Baldin norbaitek bekatu egingo balu bere projimuaren kontra, eta etorriko balitza juramentu egiteko garrarekin bere kontra, eta lotuko balitza madarikazioarekin aldarearen aurrean etxe onetan,

        23. Zuk adituko diozu zerutik, eta egingo diezu justizia zure serbitzariai, erorierazitzen diozula gaiztoaren buruaren gañera, beraren gaiztakeriari berari, eta bengatzen zatzakiola justoari, eta ordañtzen dezula bere justiziaren araura.

        24. Baldin Israelko zure erria izango balitza bere etsaiak garaitua (zeren bekatu egingo du zure kontra) eta konbertiturik, penitenzia egingo balute, eta ots egingo baliote zure izenari, eta orazio egingo balute toki onetan;

        25. Zuk adituko dituzu zerutik, eta barkatuko diozu Israel zure erriari bere bekatua, eta itzuliko dituzu, berai eta bere gurasoai eman ziñien lurrera.

        26. Baldin itxirik zerua ez balu euririk egingo erriaren bekatuak gatik, eta erregutuko balizute toki onetan, eta aitortzen dutela zure izena, konbertituko balira beren bekatuetatik, atsekabetzen dituzunean,

        27. Aditu itzatzu, Jauna, zerutik, eta barkatu itzatzu zure serbitzarien, eta Israel zure erriaren bekatuak; eta erakutsi zaiezu bide ona, zeñatatik joan bear duten: eta eman zaiozu euria lur bati, zeñaen jabetasuna eman ziñion zure erriari.

        28. Etorriko baldin balitza gero lurrera gosetea, edo izurritea; gorriña, eta erdoia, edo langosta, edo beldarra, edo etsaiak arrasatu ezkero kanpoak, idukiko balituzte setiatuak erriko ateak, edo beste edozeñ naigabe, edo gaitzek estutuko balituzte,

        29. Israel zure erriko edozeñek, ezaguturik bere naigabe eta gaitzak, erregutuko balizu, eta altxatuko balitu zugana bere eskuak etxe onetan,

        30. Zuk adituko dezu zerutik, zure bizileku goratu orretatik, eta beraa erakutsiko zatzakio, ordañtzen dezula bakoitza diña danaren araura, eta bere biotzean ikusten dezun bezela (bada zuk bakarrik ezagutzen dituzu gizonen biotzak)

        31. Zure beldur izan ditezen eta ibilli ditezen zure bideetatik, beren gurasoai eman ziñien lurraren gañean bizi diran egun guztietan.

        32. Berebat etorriko balitza toki urrutietatik arrotzen bat, Israel zure errikoa ez dana, aditu duelako zeñ andia dan zure izena, zeñ sendoa zure eskua, eta zeñ zabala zure besoa, eta adoratuko bazindu toki onetan,

        33. Zuk adituko dezu zerutik, zure bizileku txit sendotik, eta emango diozkazu arrotzari eskatzen dizkizun gauza guztiak, zure izena izan dedin lurreko erri guztiak ezagutua, Israel zure erriak egiten duen bezela, eta ezagutu dezaten zure izenari ots egiten zaiola, egin dedan etxe onetan.

        34. Aterako balitza gudara zure erria bere etsaien kontra, zuk bialtzen dezun bidetik, eta adoratuko bazindute itzulirik toki auganontz, zeñean dagoan autu zenduen erri au, eta zure izenari egin diodan etxea,

        35. Zuk adituko dituzu zerutik beren eskari, eta erreguak, eta bengatuko zatzaie.

        36. Eta baldin bekatu egingo balute zure kontra (zeren ez dago gizonik, bekatu egiten ez duenik) eta aserretuko baziña beren kontra, eta jarriko baziñitu beren etsaien eskuetan, eta eramango balituzte katibu toki urrutikoren batera, edo aldean dagoanera,

        37. Eta katibu eramanak diran errian konbertituko balira biotzez, eta penitenzia egingo balute, eta beren katiberioko lurrean barka eskatuko balizute esaten dutela: Bekatu egin degu, gaizki egin degu, bidegabeak izan dira gure obrak,

        38. Eta biurtuko balirade zugana beren biotz guztitik, eta beren anima guztitik, eramanak izan diran beren katiberioko lurrean, eta adoratuko bazindute itzulirik beren gurasoai eman ziñien beren lurreko, eta zuk autu zenduen erriko, eta nik zure izenari egin nion etxeko biderontz.

        39. Zuk adituko dituzu zerutik, au da, zure bizileku sendotik, beren erreguak, eta jarriko zera beren alde, eta barkatuko diozu zure erriari, bekataria bederik.

        40. Zu zeran ezkero nere Jaungoikoa, erregututzen dizut, arren, iduki ditzatzula idikiak zure begiak, eta zur zure belarriak, toki onetan egingo zazkizun erregetara.

        41. Orain bada, o Jaun Jainkoa, jaiki zaite, eta atoz zure atsedenera, zu eta zure sendotasuneko kutxa, zure apaizak ikusi bezate berakgan zure laguntasuna, o Jaun Jainkoa, eta zure santuak poztu bediz zure mesedeetan.

        42. Jaun Jainkoa, ez ezazu arren apartatu zure arpegia, zure igortzi onegandik, oroitu zaite zure serbitzari Dabiden urrikaltasunakin.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Salomonek bukatu zituenean bere erreguak, jetxi zan sua zerutik, zeñak iretsi zituen holokaustoak, eta biktimak; eta Jaunaren anditasunak bete zuen etxea.

        2. Eta apaizak ezin ziran sartu Jaunaren elizan, zergatik eze Jaunaren anditasunak bete zuen Jaunaren eliza.

        3. Eta Israelko seme guztiak ere ikusten zuten nola jetxitzen zan sua zerutik, eta Jaunaren gloria etxearen gañean, eta auzpezturik arpekiak lurreraño arlosazko bearen gañean, adoratu eta bedeikatu zuten Jauna, zeren ona dan, zeren bere urrikaltasuna betikoa dan.

        4. Eta erregeak eta erri guztiak, abereak il, eta eskeñtzen zituzten Jaunaren aurrean.

        5. Salomon erregeak eskeñi zituen doañean ogeitabi milla idi, eta eun eta ogei milla txikiro. Onela zelebratu zuen erregeak erri guztiarekin Jaungoikoaren etxearen dedikazioa.

        6. Apaizak ari ziran arretaz beren lanetan, eta Lebitak soñuakin batean, kantatzen zituzten, Dabid erregeak Jauna alabatzeko jarri zituen salmoak, esaten zutela: Zeren bere errukia betikoa dan. Oiek kantatzen zituzten Dabiden himnoak beren soñuakin batean; eta apaizak beren aurkez jotzen zituzten tronpetak; eta Israel guztia zegoan zutik.

        7. Santutu ere zuen Salomonek apaizen atariaren erdia, Jaunaren elizaren aurkez; an eskeñi zituelako holokaustoak, eta doañ paketsuen gantza. Egin zuen bronzezko aldarea etzalako gai anbeste holokausto, eta eskeñtzarentzat, eta doañ paketsuen gantzarentzat.

        8. Zelebratu zuen orduan Salomonek beste zazpi egunean tabernakuloen jai andia, eta berarekin Israel guztiak, jendetza txit andia bilduta, Emathko sarreratik Egiptoko errekaraño.

        9. Eta zortzigarren egunean izan zan jende talde guztiaren jai andia, zazpi egunean izan zalako aldarearen dedikaziokoa, eta beste zazpi egunean tabernakuloen jaia.

        10. Eta onenbesterekin zazpigarren illaren ogeita irugarren egunean, bialdu zuen jende guztia beren etxeetara pozik eta gozotasunez beterik, Jaungoikoak egin ziezten mesedeakgatik Dabidi eta Salomoni, eta Israel bere erriari.

        11. Eta Salomonek bukatu zituen Jaunaren etxea, eta erregearen etxea, eta bere biotzean erabaki zuen guztia, egitea Jaunaren etxean, eta bere etxean, eta doatsua izan zan.

        12. Eta Jauna gauaz agertu zitzaion, eta esan zion: Aditu det zure erregua, eta autu det toki au eskeñtzako etxetzat.

        13. Itxiko baldin banu nik zerua, eta ez balu euririk egingo, eta agindu eta esango banio langostari iretsi dezala lurra; izurritea nere errira bialduko banu,

        14. Eta nere erriak, zeñaren gañera ots egin zaion nere izenari, konbertiturik barka eskatuko balit, eta egingo balu alegiña ni biguñtzeko, bere bizitza gaiztoaren penitenzia egiten duela; nik ere zerutik adituko det, eta barkatuko diozkat bere bekatuak, eta libratuko det gaitzetatik bere erria.

        15. Eta nere begiak egongo dira idikiak, eta nere belarriak zurrak, toki onetan erregututzen duenaren otoitzera.

        16. Zeren toki au autu, eta santutu det, nere izena egon dedin an betiko, eta nere begiak, eta nere biotza egon ditezen josiak bere gañean denpora guztian.

        17. Zu ere, ibilliko baziña nere aurrean, zure aita Dabid ibilli zan bezela, eta egingo bazeneza nik agindu dizudan guztia, eta gordeko baziñitu nere aginteak, eta legeak,

        18. Jasoko det zure erreñuko tronua, zure aita Dabidi eskeñi diodan bezela, esaten dedala: Ez da faltatuko beñere zure jatorrian, Israelko Prinzipe izango dan gizonik.

        19. Baña baldin bizkarrak itzuliko baziñizkidate, eta jarri dizkizutedan nere legeak, eta nere aginteak utziko baziñituzke, eta joango baziñate jainko arrotzak serbitzera, eta adoratuko baziñituzke,

        20. Aterako zaituztet eman nizuten nere lurretik, eta nere izenari konsagratu diodan etxe au, botako det nere aurretik, eta egingo det izan dedilla jende guztien ipuia, eta erakutsia.

        21. Eta iragotzen diran guztiak, etxe oni farra ejingo diote, eta arrituak esango dute: Zergatik au egin dio Jaunak erri oni, eta etxe oni?

        22. Eta erantzungo diete: Utzi zutelako beren gurasoen Jaun Jaungoiko, atera zituena Egiptoko lurretik, eta artu dituztelako jainko arrotzak, eta adoratu, eta elizkizunak egin dieztelako. Argatik etorri dira beren gañera gaitz guzti oiek.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Eta iragorik ogei urte Salomonek Jaunaren etxea, eta bere etxea egin zituen ezkero,

        2. Egin zituen, Hiramek Salomoni eman ziozkan erriak, eta Israelko semeai beretan bizituerazi zien.

        3. Joan ere zan Emath Subakora, eta artu zuen.

        4. Eta berritu zuen Palmira eremuan, eta Emathko lurrean beste erri sendo batzuek.

        5. Berebat berritu zituen Bethoron goikoa, eta Bethoron bekoa, erri murrutuak, zituztenak ateak, eta morrolloak, eta sarrallak,

        6. Baita Balaath ere, baita Salomonenak izan ziran erririk sendoen guztiak, eta gurdien erri guztiak, eta zaldizko jendearen erriak. Egin zuen Salomonek nai eta irudidetu zuen guztia, ala Jerusalenen, nola Libanon, eta berak agintzen zuen guztian.

        7. Hetearretatik, eta Amortarretatik, eta Fereztarretatik, eta Hebearretatik, eta Jebustarretatik gelditu zan jende guztia;

        8. Eta Israeltarrak biziarekin utzi zituztenen semeak eta jatorrikoak, Salomonek egin zituen kotiztari gaurko eguneraño.

        9. Baña Israelko semeak etzituen jarri erregearen lanetan, zeren berak ziran gizon gerrariak, eta lenbiziko agintariak, eta gurdidiaren eta zaldidiaren gidariak.

        10. Salomon erregearen ejerzituko agintari guztiak izan ziran berreun eta berrogeita amar, zeñak erakusten zioten erriari.

        11. Eta Faraonen alabari iragoerazi zion Dabiden etxetik, egin zion etxera. Zeren erregeak esan zuen: Ez da biziko nere emaztea, Dabid Israelko erregearen etxean, zeren santutua izan dan, bada bertan sartu da Jaunaren kutxa.

        12. Orduan Salomonek eskeñi ziozkan holokaustoak Jaunari, atariaren aurrean egin zuen Jaunaren aldarearen gañean.

        13. Egun guztietan egin zitezen eskeñtzak Moisesen aginduaren araura, larunbatetan, neomenietan, eta urteko iru jai andietan, au da, Azimoen jai andian, Astean jai andian, eta Tabernakuloen jai andian.

        14. Eta jarri zituen, bere aita Dabiden erabakien araura, apaizen eginkizunak beren lanetan, eta Lebitak egin bear zutena, kantatzen zutenean, eta apaizen aurrean serbitzen zutenean, egun bakoitzeko elizlegeen araura, eta ate bakoitzean egon bear ziran atezaiak, zeren ala agindu zuen Dabid Jaungoikoaren gizonak.

        15. Eta etziran atera erregearen agintetatik, ala apaizak nola Lebitak, agindua izan zaioten guztian, eta tesoroak gordetzearen gañean.

        16. Salomonek iduki zituen lendanaz prestatuak gastu guztiak, Jaunaren etxeko zimenduak jarri zituen egunetik, bukatu zuen arteko eguneraño.

        17. Orduan joan zan Salomon Asiongaberrera, eta Ailathera, itsaso gorriaren erriberara, zeñ dagoan Edomgo lurrean.

        18. Eta Hiram erregeak bialdu ziozkan bere serbitzarien bitartez ontziak, eta itsasgizon itsasoan adituak, eta joan ziran Salomonen serbitzariakin Ofirrera, eta andik eraman zituzten lareun eta berrogeita amar talentu urre, eta ekarri ziozkaten Salomon erregeari.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Sabako erregiña, aditurik onek ere Salomonen ospea, etorri zan Jerusalenera probatzera Salomon galde nasiakin, zekarzkiela berarekin aberastasun andiak, eta gamelu zamatuak aromaz, urre txit ugariz, eta arri baliotsuz. Eta allegatu zanean Salomonen aurrera, ipiñi ziozkan, bere biotzean zeuzkan galde nasi eta gaitz guztiak.

        2. Eta Salomonek azaldu zuen, erregiñak ipiñi zion gauza illun guztia, eta ezerere etzan gelditu argitu gabe,

        3. Ikusiirik bada Sabako erregiñak Salomonen jakinduria, eta egin zuen etxea;

        4. Eta bere maieko jakiak, eta bere jauregikoen bizilekuak, eta zeñ ederki serbitzen zuten bere morroiak; eta beren soñekoak, eta koperuak eta beren jantziak, eta Jaunaren etxean eskeñtzen zituen abere illak, gelditu zan arriturik, eta beregandik irtenda bezela.

        5. Eta esan zion erregeari: Egia da nere errian aditu nuena zure bertute eta zure jakinduriaren gañean.

        6. Ez nien sinisterik ematen kontzatzen zidatenai alik eta nerau etorri naizan artean, eta ikusi dedan artean nere begiakin, eta arkitu det egitez, ozta kontatu didatela zure jakinduriaren erdia, andiagoak dira zure bertuteak beren ospea baño.

        7. Zorionekoak zure jendeak, eta zorionekoak zure morroiak, zure aurrean denbora guztian daudenak, eta aditzen dutenak zure jakinduria.

        8. Bedeikatua izan dedilla zure Jaun Jainkoa, nai izan zinduena jarri bere tronuaren gañean, zure Jaun Jainkoaren erregetzat. Nola Jaungoikoak maitatzen duen Israel, eta nai duen beti iraun dezala, argatik jarri zaitu bere erregetzat, gobernatu dezazun, eta egin justizia.

        9. Eta eman ziozkan erregeari eun eta ogei talentu urre, eta aroma txit asko, eta arri txit baliosoak. Etzan iñoiz izan alako aromarik, Sabako erregiñak Salomon erregeari eman ziozkanak bezelakorik.

        10. Eta Hiramen serbitzariak Salomonen serbitzariakin ekarri ere zuten urrea Ofirtik, eta Thinoko zurak, eta arri txit baliotsuak.

        11. Eta Thinoko zur oiekin agindu zuen erregeak ekiteko Jaunaren etxeko, eta erregearen etxeko eskallerak, eta zitarak eta salterioak kantarientzat, etzan beñere ikusi Judako lurrean alako zurik.

        12. Eta Salomon erregeak eman zion Sabako erregiñari nai izan zuen, eta eskatu zuen guztia, eta berak ekarri zuen baño asko geiago, zeñ itzulirik joan zan bere errira bere serbitzariakin.

        13. Eta Salomoni urteoro ekartzen zien urreak, pisatzen zituen seireun eta irurogeita sei talentu,

        14. Kontuan sartu gabe ekartzen ziotena erreñu askotako mandatariak, eta merkatariak, eta Arabiako errege guztiak, eta Salomoni urrea eta zillarra ekartzen zien probinzietako agintariak.

        15. Egin ere zituen Salomon erregeak berreun pika urrezko, seireun siklo pisatzen zituztenak, bada au zan pika bakoitzari ipintzen zitzaiona.

        16. Eta berebat irureun ezkutu urrezko, irureun siklo urrezkoak, zeñakin estaltzen zan ezkutu bakoitza, eta erregeak jarri zituen, Basoko jauregian zegoan armategian.

        17. Egin ere zuen erregeak marfillezko tronu andi bat, eta urre txit garbiz estali zuen.

        18. Baitaere sei malla, zeñaetatik igotzen zan tronura, eta urrezko oinpeko bat, eta bi beso, alde bakoitzetik bat, eta bi leoi, zeñak zeuden besoen aldean.

        19. Gañera amabi leoitxo, zeudenak sei mallen gañean, alde batetik eta bestetik. Etzan beste erreñutan onelako tronurik.

        20. Orobat erregearen maieko maiontzi guztiak ziran urrezkoak, eta Libanoko basoko jauregiko maiontziak ere ziran urre txit garbizkoak, zeren zillarrak denbora artan deus etzuen balio.

        21. Zeren erregearen ontziak iru urtetik iru urtera joan oi ziran Tharsisera Hiramen serbitzariakin, eta ekartzen zituzten andik urrea, eta zillarra, eta marfilla, eta tximuak, eta antzarrak.

        22. Salomonek bada iduki zuen, lurreko errege guztiak baño aberastasun, eta gloria geiago.

        23. Eta lurreko errege guztiak ikusi nai zuten Salomonen arpegia, aditzeko, Jaungoikoak bere biotzean ipiñi zuen jakinduria.

        24. Eta eramaten ziozkaten doañak urte guztietan, zillarrezko eta urrezko ontziak, eta soñekoak, eta armak, eta aromak, zaldiak, eta mandoak.

        25. Iduki ere zituen Salomonek berrogei milla zaldi abere estalpeetan, eta amabi milla gurdi, eta amabi milla zaldizko, eta ipiñi zituen gurdien errietan, eta Jerusalenen, non zegoan erregea.

        26. Iduki ere zuen agintaritza errege guztien gañean, Eufrates ibaietik Filistintarren lurreraño, eta Egiptoko mugetaraño.

        27. Eta egin zuen, zillarra izan zedilla Jerusalenen, arria bezin ugaria, eta ain ugari zegoan zedroa, nola kanpoetan azitzen dan pikoarra.

        28. Eta ekartzen ziozkaten zaldiak Egiptotik, eta probinzia guztietatik.

        29. Salomonen gañerako egiteak, ala lendabizikoak, nola atzenekoak, eskribatuak daude Nathan profetaren liburuetan, eta Ahias silontarrarenetan, baitaere Addoren ikusketan, zeñak profetizatu zuen Jeroboam, Nabathen semearen kontra.

        30. Salomonek erreñatu zuen Jerusalenen Israel guztiaren gañean berrogei urtean.

        31. Eta joan zan atsedetera bere gurasoakin, eta obiatu zuten Dabiden errian, eta Roboam bere semeak erreñatu zuen bere lekuan.

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Eta Roboam joan zan Sikemera, zeren Israel guztia bildu zan an bera errege egiteko.

        2. Aditurik au Jeroboam Nabathen seme, Ejipton zegoanak, (bada ara iges egin zuen Salomongandik) bereala itzuli zan.

        3. Eta ots egin zioten, eta etorri zan Israel guztiarekin, eta itz egin zioten Roboami, esaten zutela:

        4. Zure aitak iduki ginduen mendean uztarri txit astun batekin, gobernatu gaitzatzu, zure aitak baño biguñago, zeñak ipiñi zigun mendetasuna zan txit pisua, eta arindu zaguzu piska bat zama, eta izango gera zure serbitzariak.

        5. Berak esan zien: itzuli zaitezte nigana emendik iru egunera. Eta erria joanik,

        6. Iduki zuen batzarrea, Salomon bere aita bizi zanean oni laguntzen zien zarrakin, eta esan zien: Zer konseju ematen didazute, erriari erantzuteko?

        7. Zeñak esan zioten: Erri onek eskatzen duena egiten badezu, eta biguñtzen badituzu itz gozoakin, beti zure serbitzariak izango dira.

        8. Baña berak utzi zuen zarren konsejua, eta asi zan tratatzen, berarekin azi ziran, eta berarekin ibilli oi ziran lagun gazteakin.

        9. Eta esan zien: Zer deritzazute? Edo zer erantzun bear diot erri oni, etorri zadan oni, esatera: Arindu zaguzu, zure aitak gure gañean ipiñi zuen uztarri pisua?

        10. Berak berriz erantzun zioten gazteak bezela, eta gozotasunetan aziak bezela, eta esan zioten: Erri orri, zeñak esan dizun: Zure aitak ipiñi zigun uztarri pisu bat, zuk arindu zaguzu; onela itz egingo diozu, eta emango diozu erantzuera au: Nere beatzik txikiena gizenago da, nere aitaren bizkarrak baño.

        11. Nere aitak ipiñi zuen, zuen gañean uztarri pisu bat, nik ipiñiko dizutet pisu andiagoa. Nere aitak azotatu zinduzten zigorrakin, nik berriz azotatuko zaituztet lupu-ualakin.

        12. Jeroboam bada etorri zan erri guztiarekin Roboamgana irugarren egunean, berak agindu zien bezela.

        13. Eta erregeak, utzirik zarren konsejua, erantzun zien gogortasunarekin.

        14. Eta itz egin gazteen iritziaren araura: Nere aitak ipiñi zizuten gañean uztarri pisu bat, eta nik pisuago egingo det. Nere aitak azotatu zinduzten zigorrakin, nik azotatuko zaituztet lupu ugalakin.

        15. Eta etzion eman erriari erreguz eskatzen zuena, zeren Jaungoikoaren borondatea zan, kunplitu zedilla, Jeroboam Nabathen semeari, Ahias Silontarraren aoz eman zion itza.

        16. Eta erri guztiak, erregearen erantzuera garratza gatik, onela itz egin zion: Ez degu guk zer ikusirikan Dabiden etxearekin; ezta deusik zer itxedon Isairen semeagandik. Itzuli zaite, o Israel, zure bizilekuetara, eta zuk Roboam Dabiden semea, gobernatu ezazu zure etxea. Eta itzuli zan Israel bere bizilekuetara.

        17. Eta erreñatu zuen Roboamek, Judako errietan bizi ziran Israelko semeen gañean.

        18. Eta erregeak bialdu zion Roboami Aduramera kotizbiltzalleen agintaria, eta Israelko semeak arrika egin zioten, eta il zan, eta Roboam erregea agudo igo zan gurdira, eta iges egin zuen Jerusalenera.

        19. Eta berezitu zan Israel Dabiden etxegandik gaurko eguneraño.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Etorri zan bada Roboam Jerusalenera, eta bildu zituen Judako, eta Benjamingo etxeetako guztiak, eun eta larogei milla gizon autuak eta gerrarakoak, Israelen kontra gudatu, eta bere mendera erakartzeko.

        2. Baña Jaunak itz egin zion Semeias Jaungoikoaren gizonari, esaten zuela:

        3. Itz egin zaiozu Roboam Salomonen seme Judako erregeari, eta Judan eta Benjaminen dagoan Israel guztiari.

        4. Oiek esaten ditu Jaunak: Etzerate igoko, eta etzerate ere gudatuko zuen anaien kontra. Itzuli bedi bakoitza bere etxera, zeren nere borondatez egiña izan da au. Berak aditu zutenean Jaunaren itza, biurtu ziran, eta etziran joan Jeroboamen kontra.

        5. Eta Roboam bizi izan zan Jerusalenen, eta egin zituen erri murrutuak Judan.

        6. Eta murrutu zituen Belen, eta Etan, eta Thekue,

        7. Baitaere Bethsur, eta Soko, eta Odolam,

        8. Berebat Jeth, eta Maresa, eta Zif.

        9. Eta gañera Aduram, eta Lakis, eta Azeka,

        10. Baita Saraa, eta Aialon, eta Hebron ere, zeñak zeuden Judan eta Benjaminen, erri txit sendoak.

        11. Eta murruz inguratuta, jarri zituen beretan agintariak gobernatzeko, eta bazka ornien azokak, au da, olioarena, eta ardoarena.

        12. Eta erri bakoitzean egin zuen ezkutuen eta piken armatoki bat, eta alegin andiak egin zituen erri aiek sendotzeko, eta erreñatu zuen Juda eta Benjaminen gañean.

        13. Eta Israel guztian zeuden apaiz eta Lebitak etorri ziran beragana, bizi ziran toki guztietatik,

        14. Utziten zituztela beren usetako bizilekuak, eta beren ondasunak, eta iragotzen zirala Judara eta Jerusalenera, zeren Jeroboamek eta bere semeak bota zituzten, ari etzitezen Jaunaren apaiztzako lanetan.

        15. Eta berak egin zituen goietako apaizak, eta demonioenak, eta egin zituen txalenak.

        16. Eta berebat Israelko tribu guztietatik, erabaki zuten guztiak beren biotzetan Israelko Jaun Jainkoa billatzea, etorri ziran Jerusalenera eskeñtzera beren doañak, beren gurasoen Jaun Jainkoaren aurrean.

        17. Eta murrutu zuten Judako erreñua, eta sendotu zuten Roboam Salomonen semearen erregetza iru urtean, zeren bakarrik iru urtean ibilli ziran Dabid eta Salomonen bideetatik.

        18. Eta Roboam ezkondu zan Mahalath, Jerimothen, Dabiden semearen alabarekin, baitaere Abihail Eliaben Isairen semearen alabarekin,

        19. Zeñagandik iduki zituen semeak Jehus, eta Somorias, eta Zoom.

        20. Onen ondoren ezkondu ere zan Maaka Absolonen alabarekin, zeñak egin ziozkan Abia, eta Ethai, eta Ziza, eta Salomith.

        21. Roboamek berriz maitatu zuen Maaka Absalonen alaba, bere emazte, eta emazte azpiko guztiak baño geiago, zeren artu zituen emezortzi emazte, eta irurogei emazte azpiko, eta izan zituen ogeita zortzi seme, eta irurogei alaba.

        22. Eta Abia Maakaren semea jarri zuen bere anaia guztien buru eta prinzipetzat, zeren errege egiteko asmoak zituen,

        23. Zeren zan bere seme guzietatik jakintsuena eta sendoena, eta onetarako barreatu zituen oiek Judako, eta Benjamingo inguru guztietan, eta erri murrutu guztietan, eta eman zien janaria ugari, eta billatu ziezten emakume asko.

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Eta Roboamek, sendotu eta aseguratu zanean erreñuan, utzi zuen Jaunaren legea, eta berarekin Israel guztiak.

        2. Eta Roboamek erreñatzen zuenetik bosgarren urtean, Sesak Ejiptoko erregea igo zan Jerusalenera (bekatu egin zutelako Jaunaren kontra).

        3. Milla eta berreun gurdi, eta irurogei milla zaldizkoakin; eta ezin kontatu zezakean berarekin etorri zan jendea Ejiptotik, au da, Libiakoak, Troglodiarrak, eta Etiopiakoak.

        4. Eta artu zituen Judako erririk sendoenak, eta eldu zan Jerusaleneraño.

        5. Orduan Semeias profeta joan zan Roboam eta Judako prinzipeen aurrera, zeñak bildu ziran Jerusalenen Sesak-en igesi, eta esan zien: Oiek esaten ditu Jaunak: Zuek utzi nazute, bada nik ere utziten zaituztet Sesaken eskuetan.

        6. Eta izuturik Israelko prinzipeak, eta erregea, esan zuten: Justoa da Jauna.

        7. Baña ikusirik Jaunak umillatu zirala, itz egin zion Semeiasi, esaten zuela: Humillatu diran ezkero, ez ditut desegingo, baizik emango diet laguntasunaren piska bat, eta ez da eroriko nere aserrea Jerusalenen gañera Sesak-en eskuz.

        8. Alaere serbituko dute, jakin dezaten nolako desberdintasuna dagoan ni serbitzetik, lurreko erregeak serbitzera.

        9. Alde egin zuen bada Sesak Ejiptoko erregeak Jerusalendik, zeramazkiala Jaunaren etxeko, eta erregearen etxeko tesoroak, eta guztia eraman zuen berarekin, baita Salomonek egin zituen urrezko ezkututxoak ere.

        10. Beren lekuan egin zituen erregeak bronzezkoak, eta eman ziezten, jauregiko ataria zaitzen zuten ezkutarien agintariari.

        11. Eta erregea sartzen zanean Jaunaren etxean, etortzen ziran ezkutariak, eta artzen zituzten, eta gero biurtzen zituzten beren armategira.

        12. Baña humillatu ziralako, Jaunak aldeerazi zion berakgandik bere aserreari, eta etziran izan osotoro desegiñak, zeren Judan ere arkitu ziran obra onak.

        13. Sendotu zan bada Roboam erregea Jerusalenen, eta erreñatu zuen. Berrogeita bat urte zituen erreñatzen asi zanean, eta amazazpi urtean erreñatu zuen Jerusalenen, Israelko tribu guztien artean Jaunak autu zuen erria, jartzeko an bere izena: eta bere amaren izena zan Naama Amontarra.

        14. Baña gaizkia egin zuen, eta etzuen prestatu bere biotza Jauna billatzeko.

        15. Eta Roboamen egiteak, lenbizikoak, eta atzenekoak eskribatuak daude Semeias profetaren, eta Addo profetaren liburuetan, zeñak adirazten dituzten txit zearo. Roboam eta Jeroboam beti egon ziran elkarrekin gerran.

        16. Eta joan zan Roboam bere gurasoakin atsedetera, eta obiatu zuten Dabiden errian. Eta Abia bere semeak erreñatu zuen bere lekuan.

 

AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Jeroboamek erreñatzen zuenetik emezortzigarren urtean, erreñatu zuen Abiak Judaren gañean.

        2. Iru urtean erreñatu zuen Jerusalenen, eta bere amaren izena zan Mikaia, Uriel Gabaakoaren alaba, eta gerran zeuden Abia eta Jeroboam.

        3. Aterarik bada Abia gudatzera lareun milla gizon autu, eta sendorekin, Jeroboamek bere aldetik prestatu zituen zortzireun milla gizon, zeñak ere ziran autuak, eta indar andikoak gudarako.

        4. Gelditu zan bada Abias Semerongo mendiaren gañean, zeñ, zegoan Efraimen, eta esan zuen: Aditu ezazu zuk, Jeroboam, eta Israel guztia.

        5. Ez al dakizute, Israelko Jaun Jainkoak eman ziola betiko Israelko erreñua Dabidi, eta bere semeai betiko elkartasunarekin?

        6. Eta Jeroboam Nabathen semea, Salomon Dabiden semearen mendekoa, jaiki zan, eta jarri bere jaunaren kontra.

        7. Eta berarekin bildu zirala, zentzuaren piskarik gabeko gizon batzuek, eta Belialen semeak, eta garaitu zutela Roboam Salomonen semea, Roboamek etzekielako ezer, eta zalako beldurtia, eta ezin arpegi eman zitzaielako?

        8. Eta orain zuek esaten dezute, badaukazutela indarra Jaunaren erreñuari gogor egiteko, zeñaen jabea dan bera, Dabiden semeen bitartez; eta daukazute jende talde txit andi bat, eta Jeroboamek egin dizkizuten urrezko txalak, zuen jainkoak izan ditezen;

        9. Eta bota dituzute Jaunaren apaiz, Aaronen semeak, eta Lebitak, eta egin dituzute beste apaiz batzuek, urreko beste errien gisara, etortzen dan edozeñ, eta konsagratzen duena bere eskua iltzen dituela idisko bat, eta zazpi txikiro, gelditzen da, jainko ez diran aien apaiz eginik.

        10. Baña gure Jauna da Jaungoikoa, zeñ ez degun guk utzi, eta Aaronen jatorriko apaizak dira, Jauna serbitzen dutenak, baitaere Lebitak beren lanetan;

        11. Eta eskeñtzen diozkate holokaustoak Jaunari egun guztietan goiz eta arratsalde, eta lurrinkai, prestatuak legean aginduaren araura, eta ipintzen dira ogiak, mai txit garbi baten gañean, eta guk dauzkagu urrezko kandeleroa, eta bere metxeroak, zeñak erazekitzen diran beti arratsaldetan, zeren guk gordetzen ditugu gure Jaun Jainkoaren aginteak, zeñ zuek utzi dezuten.

        12. Eta ala gure ejerzituaren Gidaria da Jaungoikoa, eta bere apaizak dira tronpetak jotzen dituztenak, eta ots eginerazitzen diete zuen kontra. Israelko semeak, etzaite gudatu, zuen gurasoen Jaun Jainkoaren kontra, zeren ez dijoakizute ongi.

        13. Zegoala bera itz oiek esaten, Jeroboamek jartzen ziozkan zelatadak ostetik. Eta etsaien aurretik alderik egin gabe, zijoan ingurutuaz bere ejerzituarekin Juda, zeñ etzan oartzen.

        14. Zeñak begiraturik, ikusi zuen bere gañean zeukala gerra aurretik, eta ostetik, eta deadarrez ots egin zion Jaunari: eta apaizak asi ziran tronpetak jotzen.

        15. Eta Judako guztiak asi ziran deadar andiak egiten, eta ona non, berak deadarrez ari ziranean, Jaungoikoak izutu zuen Jeroboam, eta Abiaren eta Judaren aurkez zegoan Israel guztia.

        16. Eta Israelko semeak iges egin zuten Judagandik, eta Jaunak jarri zituen bere eskuan.

        17. Abiak bada, eta bere jendeak egin zuten beretan galmen andi bat: eta Israelen aldetik il ziran zaurituta bosteun milla gizon sendo.

        18. Eta Israelko semeak izan ziran humillatuak denbora artan, eta Judako semeak txit alaitu ziran, itxedon zutelako beren gurasoen Jaun Jaungoikoagan.

        19. Eta Abiak jarraitu zion Jeroboam, igesi zijoanari, eta artu ziozkan erri asko, Bethel bere erritxoakin, eta Jesana bereakin, eta Efron ere bereakin.

        20. Eta Jeroboamek ezin izan zuen berriz gogor egin, Abiaren egunetan: eta Jaunak zauritu zuen, eta il zan.

        21. Sendotu zanean Abia bere tronuan, artu zituen amalau emazte: eta izan zituen ogeita bi seme, eta amasei alaba.

        22. Abiaren gañerako egiteak, eta bere biziera, eta bere obrak, eskribatuak daude doi doi Addo profetaren liburuan.

 

AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Irago zan atzenean Abia atsedetera bere gurasoakin, eta obiatua izan zan Dabiden errian, eta Asa bere semeak erreñatu zuen bere lekuan, zeñaen denboran izan zan pakea lurrean amar urtean.

        2. Eta Asak egin zuen bere Jaungoikoaren begietan ona, eta gogokoa zana, eta beera bota zituen elizkizun arrotzeko aldareak, eta goiak,

        3. Eta autsi zituen talluak, eta arrasatu basoak,

        4. Eta agindu zion Judari, billatu zezala bere gurasoen Jaun Jainkoa, eta gorde zitzala legea, eta aginte guztiak.

        5. Eta kendu zituen Judako erri guztietatik aldareak eta elizak; eta erreñatu zuen pakean.

        6. Berriztu ere zituen erri sendo guztiak Judan, zeren pakean zegoan, eta etzan izan gerrarik batere bere denboran, ematen ziola Jaunak pakea.

        7. Eta esan zion Judari: Berriztu ditzagun erri oiek, eta murruz ingurutu ditzagun, eta sendotu ditzagun dorreakin, eta ateakin, eta esiakin, orain alde guztietatik gerrarik gabe gaudenean, billatu degulako gure gurasoen Jaun Jainkoa, eta berak inguru guztietatik pakea eman digulako. Ekin zioten bada lanari, berak berriz egiteko eragozketarik batere arkitu gabe, eta bukatu zituzten.

        8. Eta Asak bere ejerzituan iduki zituen irureun milla Judako, ezkutuz eta pikaz armatuak, eta berreun eta larogei milla Benjamingo ezkutari eta saietariak, oiek guztiak gizon txit alaiak.

        9. Eta oien kontra atera zan gudara Zara Etiopiako erregea bere ejerzitu, milloi bat gizonekoarekin, eta irureun gurdirekin: eta Maresaraño allegatu zan.

        10. Eta Asa bidera irten zitzaion, eta bere ejerzitua gudarako gertutu zuen Sefatako ibarrean, zeñ dagoan Maresaren aldean.

        11. Eta ots egin zion Jaun Jainkoari, eta esan zuen: Jauna, zuretzat berdin da laguntasuna ematea gutxiren, zeñ askoren bitartez: lagundu zaguzu, gure Jaun Jainkoa, zeren zugan eta zure izenian itxedopena idukirik, etorri gera jende talde onen kontra. Jauna, gure Jaungoikoa zu zera, gizonak zure kontra ez beza geiago egin.

        12. Eta onekin Jaunak izutu zituen Etiopiarrak Asaren eta Judaren aurrean, eta Etiopiarrak iges egin zuten.

        13. Eta Asa eta berarekin zegoan jendeak jarraitu zitzaien Jerararaño, eta Etiopiarrak izan ziran desegiñak, gizonik bizirik gelditu gabe, izanik Jaunak zatituak, zeñak zauritzen zituen, eta bere ejerzituak, zeñ gudan ari zan. Arrapatu ziozkaten bada ondasun andiak.

        14. Eta Jerararen inguruko erreñu guztiak desegin zituzten, zeren guztiak txit izutu ziran, eta artu zuten errietan zegoana, eta eraman zuten gauza txit asko.

        15. Eta berebat desegiñik arditegiak, eraman zuten abere, eta gamelu talde neurri gabeko bat.

 

AMABOSGARREN KAPITULUA

        1. Orduan Azarias Obeden semea, Jaungoikoaren espirituak mugiturik,

        2. Joan zan bidera irtetzera Asari, eta esan zion: Aditu nazazute zuk, o Asa, eta Juda eta Benjamingo erri guztiak. Jauna egon da zuekin, zuek berarekin egon zeratelako. Baldin zuek billatzen badezute, arkituko dezute, baña baldin utziten badezute, utziko zaituzte.

        3. Israelek denbora andia iragoko du Jaungoiko egiazko gabe, apaiz gabe, erakusle gabe, eta lege gabe.

        4. Eta beren atsekabearen erdian biurtzen diranean Israelko Jaun Jainkoagana, eta billatzen dutenean, arkituko dute.

        5. Denbora artan ez da pakerik izango irtetzen danarentzat, ez sartzen danarentzat, baizik izuak alde guztietatik lurrean bizi diran guztietan,

        6. Zeren erreñu bat jaikiko da beste baten kontra, eta erri bat beste baten kontra, bada Jaunak idukiko ditu atsedenik gabe, eta atsekabe mota guztietan.

        7. Argatik zuek alaitu zaitezte, eta zuen eskuak ez bediz lasaitu, artuko dezuten ezkero zuen lanen ordaña.

        8. Aditurik Asak, Azarias Obeden seme profetaren itzak, eta profezia, alaitu zan, eta kendu zituen, Juda eta Benjaminen erri guztietako idoloak, eta Efraimgo mendian artu zituen errietakoak, eta konsagratu zuen, Jaunaren atariaren aurrean zegoan Jaunaren aldarea.

        9. Eta bildu zuen Juda eta Benjamin guztia, eta berakin Efraimgo, eta Manasesko, eta Simeongo arrotzak; zeren Israelko asko irago ziran beragana, ikusirik bere Jaun Jainkoa berarekin zegoala.

        10. Eta etorririk Jerusalenera irugarren illean, Asak erreñatzen zuenetik amabosgarren urtean,

        11. Eskeñi ziozkaten egun artan Jaunari zazpireun idi, eta zazpi milla txikiro, ekarri zituzten gauza arrapatuetatik.

        12. Eta sartu zan, oi bezela, berriz ontzat ematera elkartasuna, beren gurasoen Jaun Jainkoa, beren biotz guztitik, eta beren anima guztitik billatuko zutela.

        13. Baldin norbaitek, esan zuen, ez balio jarraituko Israelko Jaun Jainkoari, illa izan bedi dana dalakoa, naiz txikia, naiz andia, gizasemea, edo emakumea.

        14. Eta juramentu egin zioten Jaunari boz altuan eta pozarren, eta tronpeten eta klarimen otsera,

        15. Judan zeuden guztiak birauakin, bada juramentu au beren biotz guztitik egin zuten, eta borondate osoarekin Jauna billatu zuten, eta ala arkitu zuten, eta Jaunak emanda, inguruan pakea iduki zuten.

        16. Kendu ere zion erregeak bere ama Maakari, zeukan erregearen eskubidia, baso batean Priaporen idoloa jarri zuelako; zeñ Asak autsi zuen, egiten zuela milla zati, eta Zedrongo errekan erre zuen.

        17. Alaere Israelen toki altuak gelditu ziran: baña Asaren biotza bere egun guztietan on osoa izan zan.

        18. Eta bere aitak eta hurak berak botoz eskeñi zutena, Jaunaren elizara eraman zuen, zillarra eta urrea, eta ontzi mota asko.

        19. Eta Asak erreñatzen zuenetik ogeita amabosgarren urteraño, gerrarik etzan izan.

 

AMASEIGARREN KAPITULUA

        1. Baña Asak erreñatzen zuenetik ogeita amaseigarren urtean, Baasa Israelko erregea sartu zan Judako lurrean, eta asi zan sendotutzen Rama, Asaren erreñuko batere sartu, ez irten etzedin bere aukeran.

        2. Orduan Asak atera zuen Jaunaren etxeko tesoroetatik, eta erregearen tesoroetatik zillarra eta urrea, eta bialdu ziozkan Benadab Siriako errege, Damaskon bizi zanari, esaten zuela:

        3. Zure eta nere artean elkartasuna dago, eta nere aita eta zure aita adiskideak izan ziran. Argatik bialdu dizut zillarra eta urrea, urraturik Baasa Israelko erregearekin egiña dezun elkartasuna, joanerazi dizaiozun nere erritik.

        4. Onenbesterekin Benadabek bialdu zituen bere ejerzituko agintariak Israelko errietara, zeñak desegin zituzten Ahion, eta Dan, eta Abelmaim, eta Neftaliko erri murrutu guztiak.

        5. Aditurik au Baasak, utzi zion Rama sendotzeari, eta gelditu zan lana bukatu gabe.

        6. Eta Asa erregeak artu zuen berarekin Judako jende guztia, eta eraman zituzten Ramatik, Baasak Rama egiteko bildu zituen arri, eta zur guztiak, eta berakin Gabaa eta Masfa sendotu zituen.

        7. Denbora artan Hanani profeta jarri zitzaion aurrean Asa Judako erregeari, eta esan zion: ipiñi dezulako zure itxedopena Siriako erregeagan, eta ez zure Jaun Jaungoikoagan, argatik Siriako erregearen ejerzituak iges egin du zure eskuetatik.

        8. Etiopiakoak eta Libiakoak ez al ziran asko geiago gurdietan, zaldidian, eta jende talde ain andietan; eta alaere ez al zituen jarri Jaunak zure eskuetan, zure itxedopena beragan jarri zenduelako?

        9. Zeren Jaunaren begiak, lur guztiari begira daude, eta indarra ematen die, biotz osoarekin beragan sinistzen dutenai. Eta ala, bidegabero portatu zera; eta argatik emendik aurrera, zure kontra gerrak jaikiko dira.

        10. Eta aserreturik Asa profetaren kontra, zepo batean au sartzeko agindu zuen, zeren sutu zan gauza augatik, eta denbora artan, erriko txit asko il zituen.

        11. Asaren egiteak berriz, asieratik atzenerañokoak, eskribatuak daude Juda eta Israelko erregeen liburuan.

        12. Eritu zan gero Asa, erreñatzen asi zanetik ogeita amabosgarren urtean; bere gaitza zan oñetako miñ txit bizi bat, eta bere gaitzean ere etzuen Jauna billatu, baizik itxedon zuen geiago sendatzalleen jakindurian.

        13. Joan zan bada atsedetera bere gurasoakin, eta il zan berak erreñatzen zuenetik berrogeitabatgarren urtean.

        14. Eta lurpetu zuten, beretzat idikitzeko agindu zuen obian, Dabiden errian, eta jarri zuten bere oe, aromaz eta okendurik ederren, lurrinkaigilleak artez prestatutakoz beteriko baten gañean, eta erre zituzten bere gañean ospe geiegirekin.

 

AMAZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Eta Josafat bere semeak erreñatu zuen bere lekuan, eta Israelen kontra beti geiago izan zan.

        2. Eta murruz ingurutuak zeuden Judako erri guztietarako, izentatu zuen onenbeste, edo arenbeste soldadu. Eta ipiñi zituen egotez soldadu taldeak Judako lurrean, eta bere aita Asak artu zituen Efraimgo errietan.

        3. Eta Jauna egon zan Josafatekin, bere aita Dabiden lemdabiziko (sic) bideetatik ibilli zalako. Eta Baaletan etzuen itxedon,

        4. Baizik bere aitaren Jaungoikoagan, eta ibilli zan bere aginduetako bideetatik, eta Israelko bekatuetatik alde egiten zuela.

        5. Onenbesterekin Jaunak sendotu zuen bere erreñuaren jabetasunean, eta Juda guztiak Josafati doañak eskeñtzen ziozkan, alako moduan, non etorri zan idukitzera neurrigabeko ondasunak, eta izatera txit maitatua.

        6. Eta irazekirik bere biotza Jaunaren legeak gordetzeko zeloan, kendu zituen Judako erritik, toki goietako adoralekuak, eta basoak ere.

        7. Eta berak erreñatzen zuenetik irugarren urtean, bialdu zituen bere erreñuko andizkietatik Benhail, eta Obdias, eta Zakarias, eta Nathanael, eman zitzaten erakutsiak Judako errietan.

        8. Eta berakin batean Semeias, eta Nathanias, eta Zabadias, eta Asael, eta Semiramoth, eta Jonathan, eta Adonias, eta Thobias, eta Thobadonias, Lebitak; eta berakin Elisama eta Joran apaizak.

        9. Eta ematen ziezten erakutsiak erriari Judan, eramaten zutela berakin Jaunaren legeko liburua, eta ingurututzen zituzten Judako erri guztiak, ematen zieztela erakutsiak erriari.

        10. Onenbesterekin Judaren inguruetan zeuden lurretako erreñu guztiak artu zioten beldur andi bat Jaunari, eta etziran atrebitzen Josafaten kontra gerra egiten.

        11. Eta Filistintarrak ere Josafati eskuerakutsiak eramaten ziozkaten, eta zillar kotiz bat; eta Arabeak ere ekartzen ziozkaten abereak, zazpi milla eta zazpireun txikiro, eta beste anbeste aker.

        12. Josafat bada azi zan, eta bere anditasuna igo zan txit goira, eta egin zituen Judan etxeak dorreen gisara, eta erri murrutuak.

        13. Eta egin zituen beste obra asko Judako errietan, bazeuzkan ere Jerusalenen gizon gerrari eta sendoak,

        14. Zeñaen zenbata bakoitzaren etxe eta familietatik, zan onela, Judan ejerzituaren agintariak ziran, Ednas agintaria, zeñak zeuzkan bere agindura irureun milla gizon txit bulardetsu.

        15. Onen ondoren Johanan agintaria, zeñak zeuzkan bere mendean berreun eta larogei milla gizon.

        16. Gero zetorren Amasias Zekriren semea, Jaunari konsagratua, zeñak agintzen zien berreun milla gizon errutsuri.

        17. Oni zerraikion Eliada alai eta gerrariak, zeñak zeuzkan bere agindura berreun milla, uztaiz eta ezkutuz armatuak.

        18. Eta onen ondoren Jozabad, eta bere agindura eun eta larogei mila soldadu ibiltari.

        19. Oiek guztiak zeuden gertuak erregearen agindura; erri murrutuetan eta Juda guztian ipiñi zituenak kontatu gabe.

 

EMEZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Josafat bada guztiz aberatsa izan zan, eta ospe andikoa, eta Akabekin aidetasuna artu zuen.

        2. Eta urte batzuek iragota jatxi zan beragana Samariara, zeñaen etorreran illerazi zituen Akabek txikiro eta idi txit asko beretzat, eta berarekin joan zan jendearentzat, eta arrazoiak ipiñi ziozkan Ramoth Galaadkora igotzeko.

        3. Eta Akab Israelko erregeak, Josafat Judako erregeari esan zion: Atoz nerekin Ramoth Galaadkora. Zeñi erantzun zion Josafatek: Zu eta ni gauza bat bata gera; eta gauza bat bata zure erria eta nerea; eta ala zurekin gerrara joango gera.

        4. Eta Josafatek Israelko erregeari esan zion: Erregututzen dizut arren konsultatu zaitezela orain, zer esaten duen Jaunak.

        5. Israelko erregeak bada lareun profeta bildu zituen, eta esan zien: Atera bear ote gera Ramoth Galaadkoaren kontra gerra egitera, ala geldirik egon bear ote gera? Eta berak erantzun zioten: Atera zaite, eta Jaungoikoak erregearen eskuetan jarriko du.

        6. Eta Josafatek esan zuen: Zer bada, ez al da emen Jaunaren profetarik, ari ere galdetu dizaiogun?

        7. Eta Israelko erregeak Josafati erantzun zion: Bada emen gizon bat, zeñaen bitartez ezagutu genzakean Jaunaren borondatea, baña ni gorroto natzaio, zeren beñere gauza onik ez dit profetizatzen, baizik beti gaiztoak. Au Mikeas Jemlaren semea da. Eta Josafatek esan zion: Ez ezazu, o errege, orrela itz egin.

        8. Israelko erregeak bada ots egin zion txikiratu bati, eta esan zion: Mikeas Jemlaren semeari bereala otsegin zaiok.

        9. Eta Israelko erregea eta Josafat Judako erregea, bakoitza bere tronuan errege jantziakin zeuden eseriak, eta larrañean, Samariako atearen aldean zeuden eseriak, eta profeta guztiak beren aurrean profetizatzen ari ziran.

        10. Sedezias Kanaanaren semeak berriz burnizko adar batzuek egin zituen, eta esan zuen: Oiek esaten ditu Jaunak: Oiekin Siria aizetuko dezu, desegin dezazun bitartean.

        11. Eta profeta guztiak era berean profetizatzen zuten, eta esaten zuten: Ramoth Galaadkora igo zaite, eta txit ongi irtengo zera; Jaunak erregearen eskuan jarriko du.

        12. Argatik Mikeasi ots egitera joan zan mandatariak, berari lendanaz esan zion: Begiratu ezazu, profeta guztiak ao batez gertakari doatsuak erregeari adirazten dieztela. Argatik erregututzen dizut, zure izkuntza aien erakoa izan dedilla, eta etorkizun onak adirazi ditzatzula.

        13. Zeñi Mikeasek erantzun zion: Jauna bizi dan bezela diot, Jaungoikoak esaten didan guztia, hura esango det.

        14. Allegatu zan bada erregeagana; eta erregeak esan zion: Mikeas, Ramoth Galaadkoaren kontra gudatzera atera bear ote gera, ala geldirik egon? Mikeasek erantzun zion: Zoazte; zeren guztia txit ongi gertatuko zazute, eta etsaiak zuen eskuetan jarriak izango dirade.

        15. Eta esan zuen erregeak: Berriz, eta berriz Jaunaren izenean esaten dizut, arren egia baizik ez dizadazula esan.

        16. Berak orduan esan zuen: ikusi det Israel guztia mendietatik banatua, artzai gabeko ardiak bezela, eta esan du Jaunak: Oiek nork agindurik ez dute, bakoitza bere etxera pakean itzuli dedilla.

        17. Eta Israelko erregeak Josafati esan zion: Ez al nizun nik esan, onek gauza onik ez zidala adiraziko, baizik bakarrik zorigaitzak?

        18. Eta Mikeasek orduan esan zuen: Aditu ezazute bada Jaunaren itza. Ikusi nuen Jauna bere tronuan eseria, eta zeruko aingeru talde guztiak zeudela berari laguntzen ezker eskuitik.

        19. Eta Jaunak esan zuen: Zeñek engañatuko du Akab Israelko erregea, atera dedin gudatzera eta galdu dedin Ramoth Galaadkoan? Eta esanik batak gauza bat, besteak beste bat,

        20. Aurreratu zan espiritu bat, eta jarririk Jaunaren aurrean, esan zuen: Nik engañatuko det. Esan zion Jaunak oni: Nola engañatuko dezu?

        21. Eta berak erantzun zuen: Aterako naiz, eta izango naiz gezurraren espiritua bere profeta guztien aoan. Eta Jaunak esan zion: Engañatuko dezu, eta zurearekin irtengo zera. Atera zaite, eta ala egin ezazu.

        22. Begira bada, nola Jaunak jarri duen orain gezurraren espiritua, zure profeta guztien aoan, eta Jaunak berak adirazi ditu zuri etorriko zazkizun gaitzak.

        23. Eta Sedezias Kanaanaren semea alderatu zan, eta Mikeasi masalleko bat eman zion, eta esan zuen: Zeñ bidetatik irago dek nigandik Jaunaren Espiritua, iri itz egiteko?

        24. Eta Mikeasek esan zion: Zerorrek ikusiko dezu egun artan, zeñean joango zeran igesi gelatik gelara ezkutatzeko.

        25. Baña Israelko erregeak agindu zuen, esaten zuela: Arrapatu ezazute Mikeas, eta eraman zaiezute Amon erriko gobernariari, eta Joas Amelek-en semeari,

        26. Eta esango diezute: Au da erregeak agintzen duena: sartu ezazute presondegian, eta eman zaiozute ogi piska bat, eta ur piska bat, nire itzuliera doatsurartean.

        27. Eta Mikeasek esan zuen: Doatsua baldin bada zure itzuliera, ez da egia izango Jaunak nire aoz itz egin duela. Eta gañera esan zuen: Erri guztiak aditu ezazute.

        28. Alaere Israelko erregea, eta Josafat Judako erregea joan ziran Ramoth Galaadkoaren kontra.

        29. Eta Israelko erregeak Josafati esan zion: Nik aldatuko ditut soñekoak, eta ala sartuko naiz gudan; zuk berriz eraman itzatzu zure jantziak. Eta Israelko erregea aldaturik soñekoak gudan sartu zan.

        30. Eta Siriako erregeak agindu zien bere zaldidiko agintariai, esaten ziela: Etzaitezte gudatu txikiren kontra, ez andiren kontra, baizik bakarrik Israelko erregearen kontra.

        31. Eta ala zaldidiaren agintariak, Josafat ikusi zutenean, esaten zuten: Israelko erregea au da. Eta ingurutu zuten, erasotzen ziotela berari, baña berak deadarrez ots egin zion Jaunari, zeñak lagundu zion, eta alde erazi zien beragandik.

        32. Zeren zaldidiaren agintariak ikusirik, Israelko erregea etzala, utzi zioten.

        33. Baña gertatu zan tropako batek menturara botatzea saieta bat, eta zauritu zuen Israelko erregea lepoaren eta sorbalden artean. Orduan berak bere kotxeruari esan zion: itzuli zaite atzerontz, eta gudatik atera nazazu, zeren zauritua nago.

        34. Eta egun artan guda bukatu zan, eta Israelko erregea egon zan gurdian Siroarren aurkez arratsalderaño, eta eguzkiaren sarreran il zan.

 

EMERETZIGARREN KAPITULUA

        1. Eta Josafat Judako erregea pakean itzuli zan bere etxera Jerusalenera.

        2. Zeñi Jehu profeta, Hananiren semeak bidera irten zitzaion, eta esan zion: Zuk gaizto bati laguntasuna ematen diozu, eta Jaunari gorroto diotenakin adiskidetutzen zera. Argatik ziertoro Jaunaren aserrearen diña ziñan,

        3. Baña zugan obra onak arkitu dira, Judako lurretik basoak kendu zinduelako, eta zure biotza prestatu zinduelako zure gurasoen Jaun Jainkoa billatzeko.

        4. Josafat bada Jerusalenen bizi izan zan, eta irten zan berriz, bere erria bisitatzera, Bersabeetik Efraimgo mendiraño, eta ekarri zituen beren gurasoen Jaun Jainkoagana.

        5. Gañera Judako erri sendo guztietan, eta toki guztietan juezak jarri zituen.

        6. Eta juezai bere aginteak ematen zieztela, begiratu ezazute, esan zien, zer egiten dezuten, zeren zuen lana ez da gizon batena, baizik Jaungoikoarena, eta juzgatzen dezuten guztia, zuen gañera itzuliko da.

        7. Jaunaren beldurra zuekin egon bedi, eta arretarekin gauza guztiak egin itzatzute, zeren gure Jaun Jainkoagan ez da arkitzen bidegabeko gauzarik, ez iñorganako etsigitasunik, ez doañen gutiziarik.

        8. Jarri ere zituen Josafatek Jerusalenen lebitak, eta apaizak, eta Israelko familien prinzipeak, bertan bizi ziradenai justizia egin zizaieten, eta juzgatu zitzaten Jaunaren gauzak.

        9. Eta agindu zien, esaten zuela: Leialtasunarekin eta biotz onarekin Jaunaren beldurrean portatu bear zerate.

        10. Zuekgana datorren edozeñ auzitan, beren errietan bizi diran familiaren eta familiaren artean, baldin bada legearen gañean, aginduen gañean, zeremonien gañean, eta erabakien gañean; argitu zaiezute, Jaunaren kontra bekatu egin ez dezaten, eta zuen gañera eta zuen anaien gañera bere aserrea etorri ez dedin.

        11. Eta Amarias zuen apaiz eta pontifizea izango da buru, Jaungoikoari dagozkion gauzetan, eta Zabadias Ismahelen seme, Judako etxeko gudaria dana, izango da erregearen serbizoari dagozkion gauza guztietan, eta zuen artean dauzkazute erakuletzat lebitak: alai bada, eta izan arduratsuak, eta Jaunak onez beteko zaituzte.

 

OGEIGARREN KAPITULUA

        1. Gauza oien ondoren Moaben semeak, eta Ammonen semeak, eta berakin Ammontar batzuek bildu ziran Josafaten kontra, bere kontra gudatzeko.

        2. Eta mandatariak etorri ziran, eta gaztigatu zuten Josafat, esaten ziotela: Zure kontra dator jende talde andi bat, itsasoaren beste aldetik dauden tokietatik, eta Siriatik, eta begira, etzauntzak jarri dituztela, eta gelditu dirala Asasonthamarren, zeñ dan Engaddi.

        3. Josafatek orduan izu ikaraz beterik, bere gogo guztia jarri zuen Jaunari erregututzean, eta agindu zuen Judako erri guztiak barau bat egin zezala.

        4. Eta bildu zan Juda Jaunari laguntasuna eskatzeko, eta jende guztia zetorren beren errietatik beren erreguak eskeñtzera.

        5. Eta jarririk zutik Josafat Judako, eta Jerusalengo batzarrearen erdian, Jaunaren etxean, atari berriaren aurrean,

        6. Esan zuen: Gure gurasoen Jaun Jainkoa, zu zera zeruko Jainkoa, eta lurreko erreñu guztien jabea, zure eskuan daude indarra eta eskubidea, eta iñork ezin gogor egin lezakezu.

        7. Zuk, gure Jaungoikoa, ez al ziñituen illerazi, erri onetan bizi ziran guztiak Israel zure erriaren aurrean, eta ez al ziñion betiko eman Abraham zure adiskidearen jatorriari?

        8. Eta emen bizi izan dira, eta bertan zure izenari Eliza bat egin diote, esaten dutela:

        9. Etorriko balira gure gañera gaitzak, ezpata bengatzallea, edo izurritea, edo gosetea, jarriko gera zure aurrean etxe onetan, zeñean ots egin zaion zure izenari, eta deadarrez ots egingo dizugu gure atsekabetan, eta zuk adituko gaituzu, eta salbatuko gaituzu.

        10. Orain bada, begiratu ezazu nola datozen Ammonen semeak, eta Moabkoak, eta Seirko mendikoak, zeñaen lurretatik etziñien utzi iragotzen Israeltarrai, baizik beretatik alde egin zuten, eta etzituzten il.

        11. Berak kontrara egiten dute, eta egiten dituzte alegin guztiak, botatzeko gu erri batetik, zeñaen jabetasuna eman ziñigun.

        12. O gure Jaungoikoa, eta zuk ez al dituzu kastigatuko jende oiek? Gugan ziertoro ez dago bear degun indarrik, gogor egiteko, erasotzen digun jende talde andi orri. Baña nola ez dakigun zer egin bear degun, ez zagu gelditzen beste biderik, gure begiak zugana zuzentzea baizik.

        13. Eta Juda guztia zutik zegoan Jaunaren aurrean, beren aur, eta emazte, eta beren semeakin.

        14. Eta arkitzen zan an Jahaziel Zakariasen semea, Banaiasen semea, Jehielen semea, Mataniasen semea, Asafen semeetatiko lebita, zeñaren gañera etorri zan Jaunaren Espiritua jende taldearen erdian,

        15. Eta esan zuen: Aditu ezazute Judako guztiak, eta Jerusalenen bizi zeratenak, eta zuk, o Josafat erregea. Oiek esaten ditu Jaunak: Etzaitezte beldur izan, ez koldartu jende talde andi ori ikusiagatik, zeren guda ez da zuena, Jaungoikoarena baizik.

        16. Biar jatxiko zerate beren kontra, zeren Sis deritzan aldapatik igoko dira, eta arkituko dituzute, Jeruelko eremuaren aurkez dagoan errekaren ertzean.

        17. Etzerate zuek izango gudatuko zeratenak, baizik bakarrik, zaudete sendo itxedopenarekin, eta Jaunaren laguntasuna zuen gañean ikusiko dezute, o Juda, eta Jerusalen: etzaitezte beldur izan, ez koldartu. Biar beren kontra aterako zerate, eta Jauna zuekin egongo da.

        18. Josafat bada eta Juda, eta Jerusalenen bizi ziran guztiak auzpeztu ziran arpegiakin lurra jotzeraño Jaunaren aurrean, eta adoratu zuten.

        19. Eta Kaathen semeen eta Koreren semeen lebitak, alabatzen zuten Israelko Jaun Jainkoa zerurañoko bozakin.

        20. Eta jaikitzen ziradela goizean, Thekueko eremutik atera ziran, eta bidean jarri ziranetik laster, zutik zegoala Josafat beren erdian, esan zuen: Aditu nazazute, o Judako gizonak, eta Jerusalenen bizi zeraten guztiak. Zuen Jaun Jainkoagan itxedon ezazute, eta seguru egongo zerate. Bere profetai sinistu zaiezute, eta guztia ongi etorriko zazute.

        21. Eta erakutsiak erriari eman ziozkan, eta Jaunaren kantariak izentatu zituen, taldeetan jarrita bere alabantzak kantatu zitzaten, eta ejerzitua aurretik zijoala, guztiak batera esan zezaten: Alabatu ezazute Jauna, zeren bere urrikaltasuna betikoa dan.

        22. Eta alabanza oiek kantatzen asi ziranetik laster, Jaunak itzuli zituen beren zelatadak beren kontra, au da, Ammonen, eta Moabkoen, eta Seirko mendiko semeen kontra, zeñak etorri ziran Judaren kontra gudatzera, eta desegiñak izan ziran.

        23. Zeren Ammonen, eta Moabko semeak jaiki ziran Seirko mendian bizi ziranen kontra, il, eta akabatzeko. Eta au eginik, biurturik gero armak beren kontra, elkar zauritu eta il zuten.

        24. Judakoak, allegatu ziraneko eremua agiri dan alturara, ikusi zuten urrutitikan kanpo zabal guzti hura gorputz illez betea, eta batek bakarrak ere etzuela ilkintzatik igesik egin.

        25. Josafat bada bere ejerzitu guztiarekin, illen gauzak artzera allegatu zan; eta gorputz illen artean arkitu zituzten alaja asko, eta soñekoak, eta ontzi balio txit andikoak, eta artu zituzten; alako moduan, non, ezin guztia eraman zuten, ez iru egunean bildu gauzak, ain asko ziradelako.

        26. Eta laugarren egunean Bendizioko Ibarren bildu ziran, zeren Jauna an bedeikatu zutelako, toki ari gaurko eguneraño, Bendizioko Ibarra deitu zioten.

        27. Eta Judako guztiak, eta Jerusalenen bizi ziranak, eta Josafat beren aurrean, poz andiarekin Jerusalenera itzuli ziran, Jaunaren laguntasunarekin beren etsaietatik garai atera ziradelako.

        28. Eta Jerusalenen sartu ziran salterioakin, eta zitarakin, eta tronpetakin Jaunaren etxean.

        29. Eta Jaunaren izua inguruetako erreñu guztien gañera erori zan, aditu zutenean Israelko etsaien kontra Jauna gudatu zala.

        30. Eta Josafaten erreñua atsedenean gelditu zan, eta Jaungoikoak inguruetan pakea eman zion.

        31. Josafatek bada Judaren gañean erreñatu zuen, eta ogeita amabost urte zituen erreñatzen asi zanean, eta ogeita bost urtean Jerusalenen erreñatu zuen, eta bere amaren izena zan Azuba Selahiren alaba.

        32. Eta Asa bere aitaren bidetik ibilli zan, eta etzuen beratatik alderik egin, egiten zuela Jaunaren aurrean bere gogoko zana.

        33. Baña goiak etzituen kendu, eta erriak oraindik etzuen bere biotza zuzendu gurasoen Jaun Jainkoagana.

        34. Josafaten gañerako egiteak asieratik atzeneraño daude eskribatuak Jehu Hananiren semearen liburuan, zeñak jarri zituen Israelko erregeen liburuan.

        35. Gauza oien ondoren Jo