www.armiarma.com
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

SALMOETAKO LIBURUA

 

LENBIZIKO SALMOA

        1. Zorionekoa, gaiztoen konsejuan ibilli etzan gizona, eta bekatarien bidean gelditu etzana, eta erakutsi txarren alkian eseri etzana,

        2. Baizik bere borondatea Jaunaren legean jarria daukana, eta bere legean gau ta egun meditatzen duena.

        3. Eta izango da, ur korronten aldean ipiñitako zuaitza bezelakoa, bere denboran frutua emango duena.

        Eta bere ostoa ez da eroriko, eta berak egiten duen guztia doatsu joango da.

        4. Ez ala gaiztoak, ez ala, baizik lurraren gañetik aizeak botatzen duen autsa bezela.

        5. Argatik ez dira jaikiko gaiztoak juizioan, ezta bekatariak ere justoen batzarrean.

        6. Zeren Jaunak ezagutzen du justoen bidea, eta gaiztoen bidea galduko da.

 

BIGARREN SALMOA

        1. Zergatik orroaka ari dira erreinuak, eta erriak erabilli dituzten asmazio alperrak?

        2. Bildu dira lurreko erregeak, eta elkartu dira prinzipeak Jaunaren kontra, eta bere Kristoaren kontra.

        3. Urratu ditzagun beren lokarriak, eta bota dezagun gugandik bere uztarria.

        4. Zeruan bizi danak irri egingo die, eta Jaunak iseka egingo die.

        5. Orduan itz egingo die berak bere aserrean, eta bere sumintasunean izuz beteko ditu.

        6. Ni berriz berak erregetzat jarria izan naiz Sion bere mendi santuaren gañean, bere legea predikatzeko.

        7. Jaunak esan zidan: Nere semea zera zu, nigandik gaur sortua izan zera.

        8. Eskatu zadazu, eta emango dizkizut jendeak zure herenziatzat, eta zu izango zera lurraren mugetarañoko jabe.

        9. Burnizko zigorrarekin gobernatuko dituzu, eta zeatuko dituzu eltzegiñaren ontzia bezela.

        10. Eta orain erregeak aditu ezazute, jakintsuak izan zaitezte lurra juzgatzen dezutenak.

        11. Beldurrez serbitu ezazute Jauna, eta ikaraz beragan poztu zaitezte.

        12. Erakutsi onari eldu zaiozute, atzenean aserretu ez datzakion Jaunari, eta galdu etzaitezen justiziako bidetik alde eginda.

        13. Laster erazikitzen danean bere aserrea, doatsuak beragan itxedotzen duten guztiak.

 

IRUGARREN SALMOA

        1. Dabiden salmoa, bere seme Absalonen igesi zijoanean.

        2. Jauna, zergatik ugaritu dira ni naigabetzen nautenak? Asko nere kontra jaikitzen dira.

        3. Askok esaten diote nere animari: ez dago salbaziorik beretzat bere Jaungoikoagan.

        4. Baña zu, Jauna, zera nere anparatzallea, nere gloria, eta nere burua jasotzen dezuna.

        5. Nere bozarekin deitu nion Jaunari, eta bere mendi santutik aditu ninduen.

        6. Nik lo egin nuen, eta egon nintzan lo gogorrean, eta jaiki nintzan, Jaunak anparatu ninduelako.

        7. Inguratua nauka jendetza neurrigabearen beldur ez naiz ni izango, jaiki zaite Jauna, salba nazazu nere Jaungoikoa.

        8. Zeren zuk zauritu dituzu, arrazoe gabe gerra egiten didaten guztiak, bekatarien ortzak puskatu dituzu.

        9. Salbazioa Jaunagandik datorkigu; eta zuk bedeikatuko dezu zure erria.

 

LAUGARREN SALMOA

        1. Atzenerako: Dabiden Salmo eta Kantatxoa.

        2. Otsegin nionean, aditu ninduen nere justiziako Jaungoikoak, naigabean zabaldu ninduzun.

        Errukitu zaite nerekin, eta nere otoitza aditu ezazu.

        3. Gizonen semeak, noizarteraño izango zerate biotz astunekoak? Zergatik maitatzen dezute arrokeria, eta gezurraren billa zabilzate?

        4. Jakin ezazute bada Jaunak miragarria egin duela bere santua: Jaunak adituko nau berari otsegiten diodanean.

        5. Aserretu zaitezte, eta ez ezazute bekaturik egin, artu ezazute zuen oietan, zuen biotzetan esaten dezutenaren damua.

        6. Eskeñi itzatzute justiziako doañak, eta Jaunagan itxedon ezazute. Askok esaten dute: nork erakutsiko dizkigu ondasunak?

        7. Sillutua dago, Jauna, gure gañean zure arpegiko argia, eman ziñion poza nere biotzari.

        8. Beren gari, ardo, eta olioaren frutuakin, aberastu dira.

        9. Pakean batean lo egingo det, eta atsedengo naiz.

        10. Zeren zuk, Jauna, zuk bakarrik sendotu dezu nere itxedopena.

 

BOSGARREN SALMOA

        1. Atzenerako: herenzia iritxitzen duen hurarentzat.

        2. Alderatu itzatzu, Jauna, belarriak, nere itzetara, aditu ezazu nere deadarra.

        3. Zaude zur nere erreguaren bozera, nere erregea eta nere Jaungoikoa.

        4. Zeren zuri erregutuko dizut, goizean, Jauna, adituko dezu nere boza.

        5. Goizean jarriko naiz zure aurrean, eta ikusiko det, zeren etzera zu, gaiztakeria nai duen Jaungoikoa.

        6. Ez da ere biziko zure aldean gaiztoa, eta injustoak ere ezin egongo dira zure begien aurrean.

        7. Gorrotatzen dituzu gaiztakeriaren egille guztiak, gezurra esaten duten guztiak galduko dituzu.

        Gizon odolgiro eta engañalariari nazka izango dio Jaunak:

        8. Baña ni, zure urrikaltasunaren ugaritasunean,

        sartuko naiz zure etxean, adoratuko zaitut zure tenplo santurontz zure beldurrarekin.

        9. Erabilli nazazu Jauna zure justiziatik, nere etsaiak gatik zuzendu ezazu zure aurrera nere bidea.

        10. Zeren beren aoan ez dago egiarik, beren biotza dago arrokeriaz betea.

        11. Beren eztarria da sepultura idiki bat, beren mingañakin engañatzen ari ziran. Juzgatu itzatzu, o Jaungoikoa. Beren gogorazioak utsean gelditu bitez, beren gaiztakeriak gatik diña diran bezela bota itzatzu; aserretuerazi dizutelako, Jauna.

        12. Eta poztu bitez zugan itxedotzen duten guztiak, beti gozatuko dira, eta beretan biziko dira.

        Eta zugan idukiko dute gloria zure izena maitatzen duten guztiak,

        13. Zeren zuk bedeikatuko dezu justoa.

        Jarri dizkiguzu, Jauna, zure borondate oneko koroeak, ezkutuak bezela.

 

SEIGARREN SALMOA

        1. Atzenerako kantatxoen artean: Dabiden salmoa zortzigarrenerako.

        2. Jauna, ez zadazu errierta egin zure sumintasunean, eta ez nazazu ere kastigatu zure aserrean.

        3. Urrikaritu zaite arren nerekin Jauna, zeren eria nagoan: sendatu nazazu, Jauna, zeren nere ezurrak mugimenduan ari diran.

        4. Eta nere anima txit izutua dago, baña, zuk Jauna, noizarteraño?

        5. Itzuli zaite, Jauna, eta nere anima libratu ezazu, salbatu nazazu zure urrikaltasunagatik.

        6. Zeren eriotzan ez dago zurekin oroitzen danik, eta infernuan, nork alabatuko zaitu?

        7. Txit nekatua nago nere negar ta zizpuruen indarrez, gauero nere oia garbituko det, erregatuko det nere atsedentokia nere malkoakin.

        8. Sumintasunaz nastu da nere begia, nere etsai guztien erdian zartu naiz.

        9. Alde egin ezazute nigandik gaiztakeria egiten ari zeratenak, zeren Jaunak nere negarraren boza aditu duen.

        10. Aditu du Jaunak nere erregua, Jaunak nere otoitza artu du.

        11. Lotsatu bitez, eta txit izutuak jarri bitez nere etsai guztiak, biurtu bitez eta txit lotsatu berealaxe.

 

ZAZPIGARREN SALMOA

        1. Dabiden salmo, Kuz Jeminiren semearen itzak gatik Jaunari kantatu ziona.

        2. Jaun Jaungoiko nerea, zugan itxedon nuen, salbatu nazazu persegitzen nauten guztiakgandik, eta libratu nazazu.

        3. Noizbait arrapatu ez dezan nere anima, leoiak bezela, ez dagoenean nork erredimitu, eta nork salbatu dezan.

        4. Jaun nere Jaungoikoa, baldin nik ori egin banu, nere eskuetan gaiztakeriarik baldin badago,

        5. Gaitzakin pagatu banien egiten zidatenai, erori nadilla arrazoiarekin nere etsaien azpian itxedopen gabe.

        6. Persegitu beza etsaiak nere anima, eta iritsi beza, eta zapaldu beza lurrean nere bizia, eta nere gloria auts biurtu beza.

        7. Jaiki zaite Jauna zure aserrean, eta erakutsi ezazu zure anditasuna zure etsaien erdian.

        8. Eta erri taldeak inguratuko zaitu. Eta oien amorioz berriz goira igo zaite.

        9. Jaunak juzgatzen ditu erriak.

        Juzgatu nazazu, Jauna, nere justiziaren araura, eta nigan dagoan kulpa gabetasunaren araura.

        10. Bukatu bedi onezkero bekatarien gaiztakeria, eta zuk, o Jaungoiko, biotzak eta gurarik ezkutuenak, aztertzen dituzun orrek, bidetik eramango dezu justoa.

        11. Justoa da nere laguntasun, Jaunagandik datorrena, zeñak salbatzen dituen biotz zuzenekoak.

        12. Jaungoiko, juez justo, sendo, eta sufritzallea, egunoro aserretzen al da?

        13. Zuek biurtzen ez bazerate, distiatueraziko dio bere ezpatari, sendo eldu dio bere uztaiari, eta punterian jarri da, 14. Eta berean prestatu ditu eriotzako edontziak, egin ditu bere saietak erretzen diradenentzat.

        15. Ona nola berak injustizia argitara eman zuen, sortu zan beragan dolorea, eta erdi zuen gaiztakeria.

        16. Berak idiki, eta zakondu zuen leize obia, eta erori zan, egin zuen leize obian.

        17. Bere dolorea bere buruaren kontra itzuliko da, eta bere buruaren gañera jetxiko da bere gaiztakeria.

        18. Gloriaz beteko det Jauna bere justiziaren araura, eta Jaun txit altuaren izenari kantatuko diot.

 

ZORTZIGARREN SALMOA

        1. Atzenerako, tolaretarako, Dabiden salmoa.

        2. Jauna, gure Jauna, zeñ miragarria dan zure izena lurraren inguru guztietan.

        Zeren zure anditasuna zeruen gañeraño goratu dan.

        3. Aurren eta titikoen aotik irtenerazi ziñion zuk alabantza on osoari, etsaia eta bengatzallea desegiteko.

        4. Zeren nik ikusiko ditut zure zeruak, zure beatzen lanak, zuk egin ziñituen illargia eta izarrak.

        5. Zeñ da gizona, zeñarekin oroitzen zeran? Edo gizonaren semea, zeñ bisitatzen dezun?

        6. Aingeruak baño gutxi txikiago egin zenduen, jarri ziñion gloriazko eta onrazko koroia.

        7. Eta ipiñi zenduen zure eskuak egindako obraen gañean.

        8. Guztiak jarri ziñituen bere oñen azpian, ardi eta bei guztiak, eta gañera kanpoko abereak:

        9. Zeruko egaztiak eta itsasoko arrai, itsasoko bagaen artean dabiltzanak.

        10. Jauna, gure Jauna, zeñ miragarria dan zure izena lurraren inguru guztietan!

 

BEDERATZIGARREN SALMOA

        1. Atzenerako: Semearen ezkutuko isilgauzakgatik, Dabiden Salmoa.

        2. Nik alabatuko zaitut, Jauna, nere biotz guzitik, kontatuko ditut zure gauza miresgarri guztiak.

        3. Poztuko naiz, eta gozatuko naiz zugan, kantatuko diot zure izenari, o txit altua.

        4. Nere etsaiari atzera biurtuerazi ziñiolako, erituko dira, eta galdu zure aurrean.

        5. Zeren zuk justizia egin didazu, eta artu dezu zure kontura nere kausa zaitzea, eseri zera tronuaren gañean, zu, justiziaren araura juzgatzen dezuna.

        6. Errierta egin ziñien jendeai, eta galdu zan gaiztoa, borratu zenduen beren izena betiko, mendeen mendetarako.

        7. Etsaiaren sorbaldak gelditu ziran betiko indargatuak, eta beren erriak desegin ziñituen, beren oroipena aitu zan otsarekin.

        8. Eta Jaunak beti dirau. Gertutu zuen bere tronua zuzen juzgatzeko.

        9. Eta bera da juzgatuko duena zuzentasunarekin lurraren ingurua; justiziarekin juzgatuko ditu erriak.

        10. Eta Jauna, bera egin da beartsuaren anparua, laguntzallea denbora egokietan, naigabean.

        11. Itxedon bezate bada zugan zure izena ezagutzen dutenak. zeren zuk Jauna etziñituen utzi billatzen zaituztenak.

        12. Kantatu zaiozkazute himnoak, Sionen bere bizilekua daukan Jaunari, adirazi itzatzute erreñuen artean bere egite miragarriak.

        13. Zeren bengatzen zala bere serbitzarien odolarekin, ikusierazi du berakin oroitzen dala. Beartsuen deadarrezko eskariakin ez da aztu.

        14. Urrikaritu zaite arren, Jauna, nerekin, begira ezazu zeñ azpiratua jarri nauten nere etsaiak.

        15. Zuk eriotzaren ateetatik jasotzen nazunak, agirian adirazi ditzadan zure alabanza guztiak Siongo alabaren ateetan.

        16. Agertuko det nere poza zuk salbatu nazulako, iltzatuak gelditu dira jendeak neretzat prestatu zuten galmenean.

        Neretzat ezkutatua zeukaten artean berean, gelditu zan katigatua beren oña.

        17. Ezagutua izango da, Jaunak justizia egiten duela, bere eskuen lanetan bekataria izan zan arrapatua.

        18. Bekatariak infernura egotziak izan bitez, baitaere Jaungoikoarekin aztuta bizi diran jende oriek.

        19. Zeren beartsua ez da izango betiko aztua, beartsuen eramana ez da betiko galdua izango.

        20. Jaiki zaite, Jauna, ez bedi gizona garai gelditu, juzgatuak izan bitez jendeak zure aurrean.

        21. Jarri ezazu Jauna beren gañean lege emalle bat, ezagutu dezaten jendeak gizonak diradela.

 

AMARGARREN SALMOA
HEBREOTARREN ARAURA

        1. Zergatik, Jauna, urrutira alde egin dezu, desanparatu nazu denborarik bearrenean, naigabean?

        2. Gaiztoa arrotzen dan artean, erazekitzen da beartsua, arrapatuak dira gogoan zerabiltzaten asmoetan.

        3. Bekataria alabatua dalako bere animako gurarietan, eta gaiztoa ikusten dalako bendizioz betea.

        4. Txit aserretuerazi zion Jaunari bekatariak, ain andia dan ezkero bere arrokeria ez du billatuko.

        5. Bere aurrean ez dago Jaungoikorik, eta ala bere bideak beti daude loituak.

        Zure erabakiai bere begietatik urrutira alde erazi die, bere etsai guztiak menderatuko ditu.

        6. Zeren berak esan du bere biotzean: Ez naiz iñoizere mugitua izango, biziko naiz gaitzik gabe.

        7. Zeñaen aoa madarikazioz, eta mingoiztasunez, eta engañuz betea dago, bere mingañaren azpian lana, eta miña.

        8. Toki ezkutuetan aberatzakin azeloetan egotez dago, errugabea iltzeko.

        9. Bere begiak beartsuaren kontra itzuliak daude, zelatadak jartzen ditu ezkutuan, leoiak bere koban bezela.

        Zelatadak jartzen ditu beartsua arrapatzeko, beartsua arrapatzeko, beraganatzen duela.

        10. Berak azpiratuko du bere lakioan, makurtuko da, eta eroriko da, beartsuak menderatzen dituenean.

        11. Zeren berak bere biotzean esan du: Jaungoikoa onezkero ez da ezerekin oroitzen, itzuli du bere arpegia iñoizere ezer ez ikusteko.

        12. Jaiki zaite Jaun Jainkoa, altxatu bedi zure eskua, beartsuakin etzaite aztu.

        13. Zergatik aserretuerazi dio gaiztoak Jaungoikoari? Esan duelako bere biotzean: Ez du konturik artuko.

        14. Zuk ikusten dezu, zeren zu zaude konsideratzen neke eta miña, jartzeko alakoak zure eskuetan. Zure kontura gelditu da beartsua, humezurtzaren laguntzallea zu izango zera.

        15. Autsi ezazu bekatariaren eta gaiztoaren besoa, beren bekatua izango da billatua, eta ez arkitua.

        16. Jaunak erreñatuko du beti eta mendez mende, galduak izango zerate bere lurreko erreñuak.

        17. Aditu zuen Jaunak beartsuen guraria, zure belarriak aditu zuen beren biotzeko prestaera.

        18. Humezurtzari eta azpiratuari justizia egiteko, gizonak onezkero lurraren gañean ez dezan iduki bere eskubidean gozatzeko asmorik ere.

 

AMARGARREN SALMOA

        1. Atzenerako, Dabiden salmoa.

        2. Jaunagan itxedotzen det, zergatik esaten diozute nere animari: irago zaite mendira txoria bezela?

        3. Zeren begira bekatariai sendo eldu diotela beren uztaiari, eta prestatuak dauzkate geziak beren fletxategietan, saietatzeko illunean biotz zuzenekoak.

        4. Zeren zuk egin zenduen gauza on guztia, desegin dute; justoak berriz zer egin du?

        5. Jauna bere tenplo santuan dago, Jaunak bere esertokia zeruan dauka.

        Bere begiak beartsuari begiratzen diote, bere betazalak galdetzen diete gizonen semeai.

        6. Jaunak galdetzen die justoari eta gaiztoari, gaiztakeria maitatzen duenak berriz bere anima gorrotatzen du.

        7. Botako ditu zorigaitzak bekatarien gañera euriaren ugaritasunarekin, sua, eta sufrea, eta aize bunbada, beren kaliziaren saria.

        8. Zeren Jauna justoa da, eta justizia maitatu du: bere arpegia beti dago zuzentasunari begira.

 

AMAIKAGARREN SALMOA

        1. Atzenerako zortzigarrenerako Dabiden salmoa.

        2. Salbatu nazazu, Jauna, zeren ez da gizon onik arkitzen; zeren gutxitu dira egiak gizonen artean.

        3. Bakoitzak lagun urkoari gezurra baizik ez dio itz egiten, itz egin dute ezpañ engañatzalleakin, eta biotz tolesarekin.

        4. Galdu bitza Jaunak ezpañ engañatzalle guztiak, eta arrokeriak esaten dituen mingaña.

        5. Esan zutenak: Goratuko degu gure mingaña, gure ezpañak gureak dira, zeñ da gure Jauna?

        6. Baña Jaunak begiraturik desanparatuen premiari eta beartsuen negarrai, esaten du: Oraintxe jaikiko naiz ni.

        Toki seguruan jarriko ditut, itxedopena artueraziko diet.

        7. Jaunaren itzak itz garbiak dira, sutatik iragotako zillarra, lurrean garbitua, eta berriz zazpi alditan garbitua.

        8. Zuk, Jauna, salbatuko gaituzu, eta gizaldi onetatik gordeko gaituzu betiko.

        9. Gaiztoak ingurumai dabiltza, zuk zure anditasunaren araura ugaritu dituzu gizonen semeak.

 

AMABIGARREN SALMOA

        1. Atzenerako, Dabiden salmoa.

        Noizarteraño Jauna, idukiko nazu ain aztua? Noizarteraño nigandik zure arpegiari aldeeraziko diozu?

        2. Zenbat denboran ibilliko naiz nere artean pensatzen, egun guztian nere biotza penatzen?

        3. Noizarteraño egongo da nere etsaia garai nere ganean?

        4. Begiratu zadazu, eta aditu nazazu nere Jaun Jainkoa.

        Argitu itzatzu arren nere begiak, artu ez nazan iñoizere eriotzako loak;

        5. Nere etsaiak noizbait esan ez dezan: Geiago izan naiz bere kontra. Naigabetzen nautenak txit poztuko dira ikusten banaute zalantzan nagoala.

        6. Baña nik zure urrikaltasunean itxedon nuen. Nere biotza pozez saltoka ariko da zugandik etorri zatan salbazioagatik, kantatuko diot Jaun, nere ongilleari, eta soñuakin kantatuko diozkat salmoak Jaun txit goratuaren izenari.

 

AMAIRUGARREN SALMOA

        1. Atzenerako, Dabiden salmoa.

        Gizon zentzugabeak bere biotzean esan zuen: Ez dago Jaungoikorik. Usteldu dirade, eta egin dira nazkagarriak bere gurai jarraitzeagatik, ez dago gauza onik egin dagienik; bat bederik ez dago.

        2. Jaunak zerutik gizonen semeen gañera begiratu zuen, ikusteko ote dagoan zentzua duenik, edo Jaungoikoa billatzen duenik.

        3. Guztiak bidetik alde egin zuten, batean ezertarako gaiezak egin ziran, ez dago gauza onik egin dagienik, bat bederik ere ez dago.

        Sepultura idikia da beren eztarria, beren mingañakin engañuak asmatzen ari dirade, suga lotarien pozoia beren ezpañen azpian. Zeñaen aoa dagoan madarikazio eta mingoiztasunez betea, beren oñak dirade ariñak odola isurtzera joateko. Beren alegin guztiak zuzentzen dira besteak naigabetu, eta estututzera, eta pakeko bidea etzuten ezagutu, beren begien aurrean Jaungoikoaren beldurrik ez dago.

        4. Ez al dirade ezagerara etorriko gaiztakeria egiten dutenak, ogi zati bat bezela, nere erria iresten dutenak?

        5. Etzioten Jaunari otsegin, beldurtu bearrik etzegoan tokian, an jarri ziran beldurrez ikara.

        6. Jaungoikoa justoen jatorriarekin dagoalako, zuek lotsatu zenduten beartsuaren erabakia, zeren bere itxedopena Jauna dan.

        7. Nork emango du Siondik Israelko osasuna? Jaunak bere erriaren katiberioari atzena ematen dionean, Jakob poztuko da, eta Israel gozatuko da.

 

AMALAUGARREN SALMOA

        1. Dabiden salmoa:

        Jauna, nor biziko da zure tabernakuloan? Edo nork zure mendi santuan atsedengo du?

        2. Mantxa gabe dabillena, eta justiziako obrak egiten dituena.

        3. Bere biotzean daukan egia esaten duena, eta bere minganarekin engañurik asmatu ez duena.

        Bere projimoari ere gaitzik egin etziona, eta bere projimoak lotsatuak izaten utzi etzuena.

        4. Bere iritzian gaiztoa ezereztzat daukana, baizik Jaunaren beldur diranak onratzen dituena. Bere projimuari juramentu egiten diona, eta bera engañatzen ez duena.

        5. Bere dirua usuran eman etzuena, eta errugabearen kontra doañak artu etzituena.

        Oiek egiten dituena, ez da iñoiz mugitua izango.

 

AMABOSGARREN SALMOA

        1. Aurrean jarri zion izena, Dabid beretzat.

        Salbatu nazazu, Jauna, zeren zugan itxedon det.

        2. Nik Jaunari esan nion: Nere Jaungoikoa zu zera, zeren nere ondasunen premiarik ez daukazu.

        3. Miragarriro bete ditu nere gurari guztiak, bere lurrean bizi diran santuetan.

        4. Beren eritasunak ugaritu ziran, gero ibilli ziran arin.

        Beren batzarre odolgiroak ez ditut nik bilduko, eta beren izenak aotan ere ez ditut artuko.

        5. Nere herenziaren, eta nere kaliziaren tokamena Jauna da, zu zera nere herenzia biurtuko didazuna.

        6. Toki ederrak erori zitzazkidan suertean, egiaz ederra da nere herenzia neretzat.

        7. Alabatuko det adimentua eman zidan Jauna, gañera gauaz ere nere biotzak onetara mugitzen ninduen.

        8. Ni beti oroitzen nintzan Jauna nere aurrean neukala, nere eskuiean dagoana bezela neri eltzeko.

        9. Onegatik nere biotza poztu zan, eta nere mingaña gozatu: eta gañera nere aragia ere itxedopenaz atsedengo da.

        10. Zeren nere anima infernuan ez dezu utziko, eta ez dezu ere permitituko zure santua usteldua izan dedilla.

        11. Ezagutuerazi ziñizkidan bizitzako bideak, zure arpegiaren ikusmenarekin pozez beteko nazu, zure eskuiean gozotasun betikoak daude.

 

AMASEIGARREN SALMOA

        1. Dabiden otoitza.

        Aditu ezazu Jauna nere justizia, zaude zur nere erreguetara.

        Alderatu itzatzu belarriak nere oraziora, onirudi utsezko ezpañakin egiten ez dedanera.

        2. Zure arpegitik nere epaia atera bedi, zure begiak ikusi bitzate nere justiziak.

        3. Probatu zenduen nere biotza, eta bisitatu zenduen gauaz, suan garbitu ninduzun, eta etzan gaiztakeriarik nigan arkitua izan.

        4. Urrutian nere aoak itz egitea gizon mundutarren obraen araura, zure ezpañetako itzen amorioz jarraitu diet nik bide aldapatsuai.

        5. Beti ibillierazi zaiezu nere pausoai zure bideetatik, irristatu ez ditezen nere oñak.

        6. Nik deadar egin nuen, o Jaungoikoa, zeren beti aditu nazu: niganontztu itzatzu zure belarriak, eta nere itzak aditu itzatzu.

        7. Egizu, zure urrikaltasunak miragarriak izan ditezela, zuk salbatzen dituzunak zugan itxedotzen dutenak.

        8. Zure eskuieari kontra egiten diotenakgandik gorde nazazu, begiko ninia bezela.

        Zure egoen itzalaren azpian anparatu nazazu,

        9. Atsekabetu nauten gaiztoakgandik.

        Nere etsaiak nere anima inguratu dute,

        10. Itxi dituzte beren erraiak, beren aoak arrokeriaz itz egin du.

        11. Berak ni len kanpora botata, orain inguratua naukate, erabaki dute ni lurrera botatzea.

        12. Nere zelatan daude, zerbait arrapatzeko prestatua dagoen leoia bezela, eta toki ezkutuetan zai dagoen leoitxoa bezela.

        13. Jaiki zaite, Jauna, aurrea artu zaiozu, eta eman zaiozu zankokoa, gaiztoagandik nere anima libratu ezazu, zure ezpata,

        14. Zure eskuaren etsaietatik.

        Berezitu itzatzu, Jauna, bizi diraden artean, lurrean gutxi diranetatik, zure gauza ezkutuz beren sabela betea izan da

        Semez ase ziran, eta beren illobatxoai utzi ziozkaten beren kondarrak.

        15. Baña ni justizian agertuko naiz zure aurrean, zure gloria agertzen danean aseko naiz.

 

AMAZAZPIGARREN SALMOA

        1. Atzenerako. Dabid, Jaunaren serbitzariaren salmoa, zeñaen gloriara zuzendu zituen kantatxo onen itzak, Jaunak bere etsai guztien eskuetatik, baita Saulen eskutik ere, libratu zuenean; eta esan zuen:

        2. Maitatuko zaitut, Jauna, nere sendotasuna.

        3. Jauna da nere sendotasuna, eta nere igestokia, eta nere libratzallea.

        Nere Jaungoikoa, nere laguntzallea, eta beragan itxedongo det.

        Nere gordetzallea, eta nere osasunaren indarra, eta nere anparatzallea.

        4. Ots egingo diot Jaunari alabatzen dedala, eta nere etsaiakgandik salbatua izango naiz.

        5. Eriotzako oñazeak inguratu naute, eta gaiztakeriako ugoldeak izutu naute.

        6. Infernuko oñazeak inguratu naute, eriotzaren arteetan erortzeko zorian egon nintzan.

        7. Nere naigabean Jaunari ots egin nion, eta deadar egin nion nere Jaungoikoari.

        Eta bere tenplo santutik nere boza aditu zuen, eta nik bere aurrean egin nuen deadarra bere belarrietatik sartu zan.

        8. Lurra mugitu zan, eta jarri zan dardaraz, mendien zimenduak ikara egin zuten eta mugitu ziran, beren kontra aserretu zalako.

        9. Bere aserrean kea igo zan, eta irten zan sua bere arpegitik, ikatzak izan ziran, berak irazekiak.

        10. Beeratu zituen zeruak, eta jetxi zan, bere oñen azpian laño illun bat zeramala.

        11. Eta kerubiñen gañera igo zan, eta egaan egin zuen. Egaan egin zuen aizeen egoen gañean.

        12. Bere esertokia illuntasunen artean jarri zuen; alderdi guztietatik eztalitzen zuen etzauntztzat zeukala, aireko odeietan zinzilika zegoan ur illun bat.

        13. Bere aurreko argitasunagatik odeiak desegin ziran arrite, eta suzko ikatzetan.

        14. Eta Jauna zerutik turmoatu zan; eta txit altuak atera zuen bere boza, eta erori ziran arria, eta suzko ikatzak.

        15. Eta bialdu zituen bere saietak, eta desegin zituen, ugaritu zituen tximistak, eta izutu zituen.

        16. Eta agertu ziran uren iturburuak, eta gelditu ziran desestaliak lurraren zimenduak:

        Zure keñadara, o Jauna, zure aserreko asnasa sendora.

        17. Luzatu zidan bere eskua goitik, eta eldu zidan, eta ur askoetatik atera ninduen.

        18. Libratu ninduen nere etsai txit sendoakgandik, eta gorrotatzen ninduten guztietatik, zeren ni baño sendoagoak egin ziran.

        19. Nere esturasuneko egunean nere gañera bat batean etorri ziran, baña Jauna nere gordetzalle egin zan.

        20. Toki zabalera atera ninduen, salbatu ninduen, nai zidalako.

        21. Eta ordainduko nau Jaunak nere justiziaren araura, eta nere eskuetako garbitasunaren araura saristatuko nau,

        22. Zaitu nituelako Jaunaren bideak, eta nere Jaungoikoaren kontra ere gauza txarrik egin ez nuelako,

        23. Zeren bere erabaki guztiak nere aurrean dauzkat, eta bere aginte santuak ere ez ditut iñoiz nigandik bota.

        24. Eta bere aurrean garbi biziko naiz, eta gordeko naiz nere gaiztakeriatik.

        25. Eta Jaunak ordainduko nau nere justiziaren araura, eta nere eskuetako garbitasun, bere begien aurrean dagoanaren araura.

        26. Santuarekin santua izango zera, eta gizon gaitz gabearekin, izango zera gaitzgabea.

        27. Autuarekin autua izango zera, eta biurriarekin biurrituko zera.

        28. Zeren zuk erri umilla salbatuko dezu, eta arroen begiak umillatuko dituzu.

        29. Zuk, Jauna, argituten dezun ezkero nere lanpara, nere Jaungoikoa argitu itzatzu nere illuntasunak.

        30. Zeren zure bitartez tentaziotik libratua izango naiz, eta nere Jaungoikoarekin iragoko det murrua.

        31. Nere Jaungoikoa, mantxa gabekoak dira bere egiteak, bere itzak sutatik iragoak, bera da, beragan itxedotzen duten guztien laguntzallea.

        32. Zeren Jaunaz landara, zeñ da Jaungoikoa? Edo gure Jaungoikoaz landara, ze Jaungoiko dago?

        33. Bera da sendotasuna eman zidan Jaungoikoa, eta egin du nere bidea kutsu gabea izan zedilla.

        34. Nere oñai oreñaen arintasuna eman ziena, eta alturaen gañean jarri nauena,

        35. Nere eskuak gadarako trebetzen dituena. Eta egin ziñituen nere besoak, bronzezko uztaia bezelakoak.

        36. Eta eman ziñidan salbazioa zure laguntasunarekin, eta zure eskuiak artu ninduen.

        Eta zure erakutsiak zuzendu nau beti, eta zure erakutsi orrek berak emango dizkit argitasunak.

        37. Joan ziñan neri bidea idikiaz, ninjoan toki guztietatik, eta etziran indargabetu nere oñak.

        38. Persegituko ditut nere etsaiak, eta iritxiko ditut, eta ez naiz atzera biurtuko, osoz desegin ditzadan artean.

        39. Puskatuko ditut, ezin kontrarik egingo didate, nere oñen azpira eroriko dira.

        40. Zeren zuk eman ziñidan gudarako indarra, eta nere mendean jarri ziñituen, nere kontra jaikitzen ziradenak.

        41. Eta egin dezu nere etsaiak bizkarrak itzuli zizazkidatela, eta desegin dituzu gorrotatzen nindutenak.

        42. Deadarrez ots egin zuten, baña etzegoan nork salbatu zitzaten, deadarrez ots egin zioten Jaunari, eta etzituen aditu.

        43. Zeatuko ditut, autsa aizeak jotzen duenean bezela, karrikaetako loia bezela desegingo ditut.

        44. Libratuko nazu erriaren kontraetatik, zuk jarriko nazu Erreñuen gidari.

        45. Ezagutu ez nuen erri batek, serbitu ninduen, nere boza aditu zueneko, obeditu zidan.

        46. Besteen semeak gezurra esan zidaten, besteen semeak zartu ziran, eta beren bidetxidorretatik erren egin zuten.

        47. Bizi bedi Jauna, eta bedeikatua izan bedi nere Jangoikoa, eta goratua izan bedi nere osasuneko Jaungoikoa.

        48. Zu, o nere Jaungoiko, benganzak ematen dizkidazuna, eta jartzen dituzuna nere mendean erriak, zu, nere etsaien aserretik libratu ninduzuna.

        49. Zuk jarriko nazu nere kontra jaikitzen diradenak baño gorago, gizon gaiztoagandik libratuko nazu.

        50. Argatik nik alabatuko zaitut, Jauna, erreñuen artean, eta zure izenari himnoak kantatuko diozkat,

        51. Bere erria miragarriro salbatu duen hurari, eta Dabid bere igortziari urrikaltasuna egiten dionari, eta bere jatorriari ere mendez mende egingo dionari.

 

EMEZORTZIGARREN SALMOA

        1. Atzenerako, Dabiden salmoa.

        2. Zeruak agertzen dute Jaungoikoaren gloria, eta firmamenduak adirazten ditu bere eskuen obrak.

        3. Egun batek itz egiten dio beste egun bati, eta gau batek erakusten dio jakinduria beste gau bati.

        4. Ez dago izkuntzarik, ez mintzoerarik, zeñatan bere boz oiek ez diran adituak.

        5. Beren otsa zabaldu da lur guztitik, eta munduaren azkeneraño aditu dirade beren itzak.

        6. Eguzkian ipiñi zuen bere bizilekua; eta bera da, bere toki ederretik irtetzen dan esposoa bezela.

        Saltoka ari zan goiantea bezela, bidean korrika joateko,

        7. Bere irteera da zeruaren ertz batetik.

        Eta korrika dijoa bere beste ertzeraño, eta ez dago bere berotasunetik ezkutatu ditekeanik.

        8. Jaunaren legea mantxa gabekoa, animak konbertitzen dituena, Jaunaren itza leiala, txikitxoai jakinduria ematen diena.

        9. Jaunaren aginteak zuzenak, biotzak poztzen dituztenak, Jaunaren agindua argitsua, begiak argitutzen dituena.

        10. Jaunaren beldur santua mendez mende dirauena, Jaunaren erabakiak egiazkoak, berak beretan justotuak.

        11. Opagarriak dira urrea eta arri baliotsuak ugari idukitzea baño geiago, eta eztia eta abaraska baño gozoagoak.

        12. Zeren zure serbitzariak gordetzen ditu, berak gordetzean dago sari andia.

        13. Zeñ da bere utsegiteak ezagutzen dituena? Nere ezkutukoetatik garbitu nazazu,

        14. Eta besteenak barkatu zaiozkazu zure serbitzariari. Berak mendean artuko ez banindute, orduan egongo nintzake kutsu gabe, eta utsegite txit andi batetik garbitua.

        15. Orduan izango dira zure gogokoak nere aoko itzak, eta nere biotzeko meditazioa zure aurrean izango da beti.

        Jauna, nere laguntzallea, eta salbatzallea.

 

EMERETZIGARREN SALMOA

        1. Atzenerako, Dabiden salmoa.

        2. Naigabeko egunean Jaunak aditu zaitzala, anparatu zaitzala Jakoben Jaungoikoaren izenak.

        3. Bidaldu dizazula laguntasuna santuariotik, eta Siondik zaitu zaitzala.

        4. Oroitu dedilla zure eskeñtza guztiarekin, eta zure holokaustoa gizena izan dedilla.

        5. Eman dizazula zure biotzak nai duena, eta kunplitu ditzala zure erabaki guztiak.

        6. Poztuko gera zure osasunagatik, eta gure Jaungoikoaren izenean gozatuko gera.

        7. Kunplitu ditzala Jaunak zure eskari guztiak. Orain ezagutzen det, Jaunak salbatu duela bere Kristoa.

        Bere zeru santutik adituko du, almentsuetan osasuna da bere eskuiarena.

        8. Batzuek daukate itxedopena beren gurdi armatuetan, besteak beren zaldietan; guk berriz gure Jaun Jainkoaren izenari ots egingo diogu.

        9. Berak izan ziran lotuak, eta erori ziran; gu berriz jaiki gera, eta jarri gera zuzen.

        10. Jauna, salbatu ezazu erregea, eta aditu gaitzatzu ots egiten dizugun egunean.

 

OGEIGARREN SALMOA

        1. Atzenerako, Dabiden salmoa.

        2. Jauna, zure eskubidean poztuko da erregea, eta zure osasunean txit gozatuko da.

        3. Zuk kunplitu diozu bere biotzeko guraria, eta ez dezu egin alperra izan dedilla bere ezpañetako eskaria.

        4. Zeren zuk aldeaurrez prestatu zenduen gozotasuneko bedeikazioakin, jarri ziñion bere buruaren gañean arri baliotsuzko koroe bat.

        5. Bizia eskatu zizun, eta zuk eman diozu luzatzea bere egunak mendez mende.

        6. Andia da zure gloria bere osasunean, gloria eta edertasun andia jarriko dezu bere gañean.

        7. Zeren zuk egingo dezu bera izan dedilla betiko bendizioa, pozez beteko dezu zure arpegia erakutsiaz.

        8. Erregeak Jaunagan itxedotzen duelako, argatik mugitu gabe atsedengo du txit Altuaren urrikaltasunean.

        9. Zure etsai guztiak arkitua izan dedilla zure eskua: zure eskuiak arkitu ditzala gorrotatzen zaituzten guztiak.

        10. Zure arpegia erakusten diezunean, egingo dezu berakin labe irazeki batek bezela, Jaunak bere aserrean izutuko ditu, eta iretsiko ditu suak.

        11. Beren frutua lurretik galduko dezu, eta beren jatorria gizonen semeen artetik.

        12. Zeren zuri gaitz egitea erabaki zuten, gogoan erabilli zituzten, egiztatu ezin izan zituzten asmazioak.

        13. Zuk berriz igeseraziko diezu, eta zure uztaiaren fletxak prestatuak idukiko dituzu beren kontra.

        14. Goratu zaite, Jauna, zure eskubidean, kantatuko degu, eta soñuakin zelebratuko ditugu zure mirariak.

 

OGEITA BATGARREN SALMOA

        1. Atzenerako, goizeko laguntasunerako, Dabiden salmoa.

        2. Jaungoikoa, nere Jaungoikoa, zergatik utzi nazu? Nere bekatuen bozak urrutiratzen dute nigandik osasuna.

        3. O nere Jaungoikoa, deadarrez ots egingo dizut egunaz, eta ez nazu adituko, gauaz, eta ez nere kulpaz.

        4. Zu berriz toki santu batean bizi zera, o Israelko gloria.

        5. Gure gurasoak zugan itxedon zuten, itxedon zuten, eta libratu ziñituen.

        6. Zuri deadarrez ots egin zizuten, eta salbatuak izan ziran: zugan itxedon zuten, eta etziraden lotsatuak gelditu.

        7. Ni berriz naiz ar bat, eta ez gizona, gizonen lotsaria, eta jendetzaren iguiña.

        8. Ikusten ninduten guztiak, burla egin zidaten: ezpañakin itz egin zuten, eta mugitu zuten burua.

        9. Jaunagan itxedon zuen, libratu beza, libratu beza, maitatzen duen ezkero.

        10. Zeren zu zera sabeletik atera ninduzuna, nere itxedopena nere amaren bularretatik.

        11. Zure besoetan botatua izan nintzan amaren sabeletik, nere amaren sabeletik zauzkat nere Jaungoikotzat.

        12. Etzaite nigandik urrutiratu,

        Zeren naigabea aldean dagoan; eta ez dago iñor laguntasuna eman dizadakenik.

        13. Asko idiskok inguratu naute, setiatu naute zezen gizenak.

        14. Idiki zuten beren aoa nere kontra, leoi arrapari, eta orroatzalleak bezela.

        15. Ura bezela izan naiz isuria, eta nere ezur guztiak beren tokietatik izan dirade ateratuak.

        Nere biotza jarria izan da, nere sabelaren erdian urtutzen dagoan argizagia bezela.

        16. Nere berdetasuna leortu zan pegar bat bezela, eta nere mingaña nere aosapaiari itsatsi zitzaion; eta obiako autseraño eraman ninduzun.

        17. Txakur askok inguratu nindutelako, eta setiatu ninduelako gaiztoen batzarreak.

        Nere eskuak, eta nere oñak zulatu dituste.

        18. Nere ezur guztiak kontatu dituzte.

        Berak berriz jarri ziran neri begira, eta ni arretaz ikusten:

        19. Partitu zituzten beren artean nere soñekoak, eta nere soñekoen gañean txotx egin zuten.

        20. Zuk berriz Jauna ez egizu arren urrutiratu nigandik zure laguntasuna, ni zaitzeaz begiratu ezazu.

        21. Nere anima, o Jaungoikoa, ezpatatik libratu ezazu, eta txakurren atzaparretatik nere ....

        22. Leoiaren aotik salba nazazu, eta adarbakotxaren adarretatik nere anima errukarria.

        23. Adiraziko diet zure izena nere anaiai, elizaren erdian alabatuko zaitut.

        24. Jaunaren beldur zeratenak alabatu ezazute, gloriaz bete ezazute zuek, Jakoben jatorriko guztiok.

        25. Israelen jatorri guztia bere beldur izan bedi, etzuelako mezpreziatu, ez begiratu gabe utzi beartsuaren erregua.

        Etzion ere bere arpegiari nigandik aldeerazi, eta deadarrez berari ots egiten nionean, aditu ninduen.

        26. Zugana zuzenduko dira nere alabanzak eliza andian, kunplituko ditut nere eskeñtzak bere beldur diradenen aurrean.

        27. Jango dute beartsuak, eta aseko dira, eta alabatuko dute, billatzen duten Jauna, beren biotzak biziko dira mendez mende.

        28. Oroituko da, eta biurtuko da Jaunagana lurraren zabalera guztia,

        Eta auzpeztuko dira bere aurrean jendeen familia guztiak.

        29. Erreñua Jaunarena dalako, eta berak idukiko du jendeen agintaritza.

        30. Jan zuten, eta adoratu zuten lurreko aberatz guztiak, bere aurrean auzpeztuko dira ilkor guztiak.

        31. Eta nere anima beretzat bizituko da, eta nire jatorriak hura bera serbituko du.

        32. Etorriko dan giza aldia Jaunaren izenaz deitua izango da, eta zeruak adiraziko diote bere justizia jaioko dan erri, Jaunak egindakoari.

 

OGEITA BIGARREN SALMOA

        1. Dabiden salmoa.

        Jaunak zuzentzen nau, eta ez zat ezer faltatuko.

        2. Berak jarri nau bazkaen tokian.

        Eman dizkit erakutsiak ur sendotzallearen gañean.

        3. Nere animari itzulierazi dio.

        Zuzentasuneko bidetxidorretatik eraman ninduen, bere izenaren amorioz.

        4. Zeren eriotzako itzalaren erdian ibilliko banintza ere, ez naiz gaitzen beldur izango, zu nerekin zeralako.

        Zure zigorrak, eta zure eskumakillak, berak gozatu ninduten.

        5. Prestatu zenduen mai bat nere aurrean, naigabetzen ninduten aien kontra.

        Olio gizenarekin nere burua igortzi zenduen, eta nere kaliza, orditzen duena, zeñ ederra dan!

        6. Eta zure urrikaltasuna nere ondoren joango da, nere bizitzako egun guztietan.

        Jaunaren etxean bizi nadin, denbora luzean.

 

OGEITA IRUGARREN SALMOA

        1. Astearen lenbiziko egunerako, Dabiden salmoa.

        Jaunarena da lurra, eta bertan dagoan guztia, mundua, eta bertan bizi diraden guztiak.

        2. Zeren berak itxasoaz gañetik jarri zuen, eta ipiñi zuen ibaiak baño gorago.

        3. Nor igoko da Jaunaren mendi santura? Edo nor egongo da bere toki santuan?

        4. Eskuz kulpa gabea, eta biotz garbikoa; bere anima alperrik artu etzuena, eta bere projimoari engañuz juramentu egin etziona.

        5. Onek artuko du Jaunagandik bendizioa, eta urrikaltasuna bere Jaungoiko Salbatzallea gandik.

        6. Au da bera billatzen dutenen jatorria, Jakoben Jaungoikoaren arpegia billatzen dutenena.

        7. Jaso itzatzute, o prinzipeak, zuen ateak, eta goratu zaitezte zuek, o betiko ateak, eta gloriako erregea sartuko da.

        8. Zeñ da gloriako errege au? Jaun sendo, eta altsua, Jaun gudan sendoa.

        9. Jaso itzatzute, o prinzipeak, zuen ateak, eta goratu zaitezte zuek, o betiko ateak, eta gloriako erregea sartuko da.

        10. Zeñ da gloriako errege au? Ejerzituen Jauna, ori da gloriako erregea.

 

OGEITA LAUGARREN SALMOA

        1. Azkenerako, Dabiden salmoa.

        Zugana, Jauna, jaso nuen nere anima.

        2. Zugan, nere Jaungoikoa, itxedotzen det, ez nadilla ni izan lotsatua.

        3. Ez dizadatela ere burlarik egin nere etsaiak, zeren zugan itxedotzen duenik, ez da nastua geldituko.

        4. Lotsariz beteak izan ditezela, alperrik gaiztakeriak egiten dituzten guztiak.

        Erakutsi zazkidazu, Jauna, zure bideak, eta zure bidetxidorrak irakatsi zazkidazu.

        5. Zuzendu nazazu zure egiaren araura, eta eman zazkidazu erakutsiak, zeren zu zera nere Jaungoiko salbatzallea, eta egun guztian zure zai egon naiz.

        6. Oroitu zaite, Jauna, zure biguntasunakin, eta irago diraden mendeetan egindako zure urrikaltasunakin.

        7. Etzaite oroitu nere gazte denborako bekatuakin, ezta nere ezjakiñakin ere.

        Zure urrikaltasunaren araura oroitu zaite nerekin zu, o Jauna, zure ontasunagatik.

        8. Gozoa eta zuzena da Jauna. Argatik emango die legea, bidean bekatu egiten dutenai.

        9. Zuzenduko ditu umillak justiziako bidetik, erakutsiko diezte bere bideak paketsuai.

        10. Jaunaren bide guztiak urrikaltasuna eta egia dira, bere elkartasuna eta bere aginduak billatzen dituztenentzat.

        11. Zure izenagatik, Jauna, barkatuko didazu nere bekatua, zeren andia dan.

        12. Zeñ da Jaunaren beldur dan gizona? Berak jarri dio legea, autatu zuen bidean.

        13. Bere animak ondasunen artean atsedengo du, eta bere jatorria izango da lurraren jabe.

        14. Irezogarri sendoa da Jauna bere beldur diranentzat, eta berai agertzen diezte bere gauza ezkutuak.

        15. Nere begiak beti Jaunagana, zeren berak nere oñak artetikan aterako ditu.

        16. Begiratu zadazu, eta urrikaritu zaite nerekin, zeren bakarra eta beartsua naiz ni.

        17. Nere biotzeko naigabeak ugaritu dira, nere ausietatik atera nazazu.

        18. Begiratu zaiezu nere umiltasunari eta nere nekeari, eta nere bekatu guztiak barkatu itzatzu.

        19. Begira ezazu nola ugaritu diran nere etsaiak, eta gorroto gaizto batekin aier nauten.

        20. Gorde ezazu nere anima, eta libratu nazazu, ez nadilla lotsatua gelditu, zugan itxedon dedalako.

        21. Kulpa gabeak eta justoak nerekin bildu dira, itxedon dizudalako.

        22. O Jaungoikoa, libratu ezazu Israel bere naigabe guztietatik.

 

OGEITA BOSGARREN SALMOA

        1. Atzenerako, Dabiden salmoa.

        Juzgatu nazazu, Jauna, zeren nere errugabetasuneko bidetik ibilli naizan, eta Jaunagan itxedon ezkero ez naiz erkituko.

        2. Probatu nazazu, Jauna, eta tentatu nazazu, erre itzatzu nere guntzurrunak eta nere biotza.

        3. Zeren zure urrikaltasuna nere begien aurrean daukat, eta zure egian arkitzen ditut nere atsegin guztiak.

        4. Ez nintzan eseri jende arroaren batzarrean, eta ez naiz ezertan sartuko gauza gaiztoak egiten ari diradenakin.

        5. Gaiztoen laguntasuna gorrotatzen det eta biotzgogorrekoakin ez naiz eseriko.

        6. Garbituko ditut nere eskuak errugabekoen artean, eta zure aldarearen inguruan, Jauna, egongo naiz,

        7. Zure alabanzako boza aditzeko, eta zure mirari guztiak kontatzeko.

        8. Jauna, maitatu det zure etxeko edertasuna, eta zure gloriako bizilekuko tokia.

        9. Ez ezazu galdu nere anima, o Jaungoikoa, gaiztoakin, eta nere bizia gizon odolgiroakin.

        10. Zeñaen eskuetan gaiztakeriak dauden, eta zeñaen eskuiea dagoan eskeñtzaz betea.

        11. Ni berriz ibilli naiz nere kutsugabetasuneko bidetik, salbatu nazazu, eta errukitu zaite nerekin.

        12. Nere oña egon da zuzentasuneko bidean, elizetan, Jauna, bedeikatuko zaitut.

 

OGEITA SEIGARREN SALMOA

        1. Dabiden salmoa, igortzia izan zan baño lenago.

        Jauna da nere argitasuna, eta nere salbazioa, zeñaen beldur izango naiz? Jauna da nere bizitzaren gordetzallea, nork ikaratuko nau?

        2. Gaizkilleak nigana allegatzen diran artean, nere aragiak jateko.

        Nere etsai naigabetzen nindutenak, berak erkitu dira, eta erori dira.

        3. Nere kontra ejerzituak etzauntzetan jartzen badira ere, ez da ikaratuko nere biotza.

        Nere kontra asitzen badirade gudan, onetan itxedongo det nik.

        4. Gauza bakar bat eskatu diot Jaunari, berriz ere au eskatuko det, Jaunaren etxean bizi nadilla ni nere bizitzako egun guztietan.

        Jaunaren gozotasuna ikusteko, eta bere tenploa bisitatzeko.

        5. Zeren bere tabernakuloan ezkutatu ninduen, gaitzen egunean jarri ninduen estalita bere tabernakuloko tokirik ezkutuenean.

        6. Goratu ninduen arkaitz baten gañera, eta orain nere etsaien kontra garai jarri nau.

        Argatik egongo naiz bere tabernakuloaren inguruan, pozezko doañak eskeñtzen, kantatzen, eta Jaunari salmoak esaten.

        7. Aditu ezazu, Jauna, nere boza, zeñarekin deadarrez ots egin dizudan zuri, urrikaritu zaite nerekin, eta aditu nazazu.

        8. Nere biotzak zurekin itz egin du, nere begiak zure billa ibilli dira. O Jauna, zure arpegia da nik billatzen dedana.

        9. Etzaiozu arren zure arpegiari nigandik alde erazi, etzaite apartatu aserretuta zure serbitzariagandik.

        Izan zaite nere laguntzallea, ez nazazu desanparatu, ez mezpreziatu, Jaungoiko nere Salbatzallea.

        10. Zeren nere aitak, eta nere amak utzi ninduten, baña Jaunak bere kontura artu nau.

        11. Jarri zadazu, Jauna, legea zure bidean, eta eraman nazazu bidetxigor zuzenetik nere etsaiakgatik.

        12. Ez nazazu jarri naigabetzen nautenen gurarien mendean, zeren lekuko gaiztoak nere kontra jaiki diran, eta gaiztakeriak bere kontra gezurra esan duen.

        13. Sinisten det Jaunaren ondasunak ikusiko ditudala bizien lurrean.

        14. Itxedon zaiozu Jaunari, eta gizonkiro portatu zaite, eta zure biotza sendotu bedi, eta zaude Jaunaren zai.

 

OGEITA ZAZPIGARREN SALMOA

        Dabidentzat beretzat salmoa.

        1. Zuri, Jauna, deadarrez ots egingo dizut; nere Jaungoikoa, etzaite nere eskarietara gortu, zuk neri ez begiratuta, iduritu ez nadin obira jetxitzen diranakin.

        2. Aditu ezazu, Jauna, nere erreguaren boza otoitz egiten dizudanean, luzatzen ditudanean goira nere eskuak zure eliza santurontz.

        3. Ez nazazu arren arrapatu bekatariakin batean eta gaiztakeria egiten dutenakin ez nazazu galdu.

        Zeñak beren projimoakin pakearen gañean itz egiten dute, beren biotzetan gaiztakeriak asmatzen ari diran artean.

        4. Eman zaiezu oiei ordaña beren egiteen araura, eta beren gaiztakeriaren asmazioen araura.

        Biurtu zaiezu berai beren eskuen obraen araura, itzuli zaiezu beren saria.

        5. Etzituztelako konsideratu Jaunaren obrak, ez bere eskuak egindako gauzak. Zuk desegingo dituzu, eta ez dituzu berriz jarriko.

        6. Bedeikatua Jauna, zeren nere erreguaren boza aditu duen.

        7. Jauna da laguntzen dedana, eta zaitzen nauena, nere biotzak beragan itxedon zuen, eta lagundu zidan.

        Eta berriz biztu zan nere aragia, eta nere gogo guziarekin alabatuko det.

        8. Jauna da bere erriaren sendotasuna, eta asko aldi estutan bere Kristoa salbatzen duen laguntzallea.

        9. Salbatu ezazu, Jauna, zure erria, eta bedeikatu zure herenzia, eta zuzendu itzatzu, eta goratu itzatzu betiko iraun guztian.

 

OGEITA ZORTZIGARREN SALMOA

        Dabiden salmoa.

        1. Tabernakuloa bukatu zuenean.

        Ekarri zaiozkazute Jaunari, o Jaungoikoaren semeak, ekarri zaiozkazute Jaunari bildotsak.

        2. Eman zaiozute Jaunari gloria eta onra, eman zaiozute Jaunari, bere izenari zor zaion gloria. Adoratu ezazute Jauna bere santuarioko atarian.

        3. Jaunaren boza uren gañean, anditasuneko Jaungoikoa turmoatu zan, Jauna ur askoen gañean.

        4. Jaunaren boza eskubidean, Jaunaren boza anditasunean.

        5. Jaunaren boz, zedroak zatitutzen dituena, eta zatituko ditu Jaunak Libanoko zedroak.

        6. Eta zeatuko ditu Libanoko txal bat bezela, eta maitatua izango da adarbakoitzaren semea bezela.

        7. Jaunaren boz, suzko garra ebakitzen duena,

        8. Jaunaren boz, eremua astintzen duena, eta Jaunak dardaratuko du kadesko eremua.

        9. Jaunaren boz, oriñak prestatzen dituena, eta agertuko ditu itxiak, eta guztiak adiraziko dute gloria bere tenploan.

        10. Jaunak ugoldeari etorri erazitzen dio, eta eseriko da Jauna erregea bezela betiko.

        11. Jaunak emango dio sendotasuna bere erriari, Jaunak bedeikatuko du bere erria pakean.

 

OGEITA BEDERATZIGARREN SALMOA

        1. Dabiden salmoa, Dabiden etxearen dedikazioan kontatua.

        2. Goratuko zaitut nik, Jauna, anparatu nazulako, eta ez diezulako utzi nere etsaiai nere kontura gozatzen.

        3. Nere Jaun Jainkoa, deadarrez ots egin nizun, eta sendatu ninduzun.

        4. Zuk, Jauna, atera zenduen nere anima infernutik, zuk salbatu ninduzun erori ez nendin leizera jetxitzen diradenakin.

        5. Jaunaren santuak, kantatu zaiozkazute himnoak soñuakin, eta zelebratu ezazute bere santutasunaren oroipena.

        6. Zeren bere aserretik dator kastigua, eta bere borondate onean dago bizitza.

        Arratsalderaño iraungo du negarrak, eta egunsentiaren asieran izango da poza.

        7. Nik berriz nere ugaritasunean esan nuen: iñoiz ere ez naiz mugitua izango.

        8. Jauna, zure borondateagatik eman ziñion sendotasuna nere ugaritasunari.

        Zure arpegiari nigandik alde erazi ziñion, eta nastua jarri nintzan.

        9. Zuri, Jauna, deadarrez ots egingo dizut, eta nere Jaungoikoari erregutuko diot.

        10. Zer mesede ekarriko dizu nere eriotzak, eta usteltasunera ni jetxitzeak?

        Autsak kantatuko al ditu zure alabanzak, edo adiraziko al ditu zure egiak?

        11. Jaunak aditu ninduen, eta nerekin errukitu zan. Jauna jarri zan nere laguntzalle eginik.

        12. Nere negarra pozean itzuli ziñidan, urratu zenduen nere zilizioa, eta guztiau gozotasunez inguratu ninduzun.

        13. Nere gloria izan dedin zure alabanzak kantatzea, eta iñoizere penarik iduki ez dezadan. O nere Jaun Jainkoa, nik beti alabatuko zaitut.

 

OGEITA AMARGARREN SALMOA

        1. Atzenerako, Dabiden salmoa, extasis batgatik.

        2. Zugan, Jauna, itxedon det, ez nadilla iñoiz lotsatua gelditu, libratu nazazu, bada justoa zera.

        3. Alderatu ezazu niganontz zure belarria, atoz arin ni libratzera.

        Izan zaite neretzat Jaungoiko gordetzalle bat, eta igeslekuko etxe bat, salbatu nazazun.

        4. Zeren zu zera nere sendotasuna, eta nere anparua, eta zure izenagatik zuzenduko nazu, eta bazkatuko nazu.

        5. Aterako nazu, neretzat ezkutuan jarri duten lazo onetatik: zeren zu nere gordetzallea zeran.

        6. Zure eskuetan enkomendatzen det nere espiritua, zuk erredimitu ninduzun, o Jaun, egiaren Jaungoikoa.

        7. Gorrotatzen dituzu arrokeriak gordetzen dituztenak alperkiro.

        Baña nik Jaunagan itxedon nuen.

        8. Zure urrikaltasunean gozatuko naiz, eta poztuko naiz.

        Nere urrikaltasunari begiratu ziñiolako, salbatu zenduen estutasunetik nere anima.

        9. Eta ez ninduzun ere utzi etsaiaren eskuetan itxita, baizik nere oñai bide zabala idiki ziñien.

        10. Errukitu zaite arren, Jauna, nerekin, zeren ansiatua arkitzen naizan, damuz izutuak daude nere begia, nere anima, eta nere sabela.

        11. Penaren indarrez aituaz dijoa nere bizia, eta nere urteak negarrakin.

        Nere indarra premiagatik erkitu da, eta nere ezurrak nastuak daude.

        12. Nere etsai guztientzat, batezere aldekoentzat lotsaria egiña izan naiz, eta nere ezagunentzat beldurgarria.

        Ikusten nindutenak, nigandik urrutira iges egin zuten,

        13. Bere biotzean aztua izan naiz illa dan bat bezela. Ontzi autsi bat bezela izan naiz begiratua.

        14. Zeren nik aditzen nituen nire inguruan zeuden askoren irainak. Eta neri kontra egiteko bildu ziranean, erabaki zuten beren artean neri bizia kentzea.

        15. Baña nik zugan itxedon nuen, Jauna. Esan nuen: Nere Jaungoikoa zera zu.

        16. Nere suerteak zure eskuetan daude.

        Libratu nazazu nere etsaien, eta persegitzen nautenen eskutik.

        17. Distiatu bedi zure arpegiko argitasuna zure serbitzariaren gañean, zure urrikaltasuna gatik salba nazazu.

        18. O Jauna, ez nadilla ni nastua gelditu, zuri ots egin dizudan ezkero.

        Gaiztoak bai izan bitez lotsatuak, eta botatuak izan bitez infernura.

        19. Mututu bitez ezpañ engañatzalleak. Justoaren kontra gaizki esaten dutenak, arrokeriaz, eta mezprezioz.

        20. Zeñ andia dan, Jauna, zure beldur diradenentzat ezkutatua daukazun zure gozotasunezko ugaritasuna!

        Zuk eman diezu ugari, gizonen semeen aurrean, beren itxedopena zugan jarrita daukatenai.

        21. Ezkutatuko dituzu zure arpegiko toki ezkutuan gizonen naspilletatik.

        Zaituko dituzu zure tabernakuloan mingañ gaizki esaleetatik.

        22. Bedeikatua Jauna; zeren miragarriro egin du nerekin bere urrikaltasuna erri sendotuan.

        23. Nik berriz esan nuen nere animako kordegabetze batean: botatua naiz zure begien aurretik.

        Argatik aditu zenduen nere erreguaren boza, deadarrez zuri ots egin nizunean.

        24. Maitatu ezazute Jauna bere santu guztiak, zeren Jaunak billatuko du egia, eta emango die ordañ ugaria arrokeriaz obratzen dutenai.

        25. Gizonkiro portatu zaitezte zuen itxedopena Jaunagan jarrita daukazutenak, eta zuen biotza sendotu bedi.

 

OGEITA AMAIKAGARREN SALMOA

        Dabid berarena, aditzakoa.

        1. Zorionekoak aiek, zeñaen gaiztakeriak izan diran barkatuak, eta zeñaen bekatuak izan diran estaliak.

        2. Zorionekoa, Jaunak bekatuaren argudiorik egiten ez dion gizona; eta zeñaen espirituan ez dagoan engañurikan.

        3. Ixilik egon nintzalako, zartu ziran nere ezurrak, egun guztian deadarrez ari nintzala.

        4. Zeren gau ta egun zure eskua nere gañean astundu zan, nenbillan jiran nere naigabean, arantza sartua neukan artean.

        5. Ezagutuerazi nizun nere gaiztakeria, eta ez nuen ezkutatu nere justiziarik eza.

        Esan nuen: aitortuko diot Jaunari neronen kontra nere justiziarik eza. Eta zuk barkatu zenduan nere bekatuaren gaiztakeria.

        6. Argatik erregutuko dizu zuri santu guztiak, denbora egokian.

        Eta egiazki ur askoren ugoldean, ez dirade oiek beragana alderatuko.

        7. Zu zera nere igestokia, ingurutua naukan naigabean, zuk, o nere poza, atera nazazu, ingurutua naukatenetatik.

        8. Aditza emango dizut, eta erakutsiko dizut ibilliko zeran bidea, zugan sendo josita idukiko ditut nere begiak.

        9. Etzaitezte izan zaldiaren eta mandoaren irudikoak, zeñak ez daukaten aditzarikan.

        Kabrestu eta frenuarekin sendo lotu itzatzu, zugana alderatzen ez diradenen masallezurrak.

        10. Asko dirade bekatariari itxedotzen dioten azoteak, berriz urrikaltasunak ingurutuko du Jaunagan itxedotzen duena.

        11. Poztu zaitezte Jaunagan, eta txit gozatu zaitezte justoak. eta beragan gloriaz bete zaitezte biotzez zuzen guztiak.

 

OGEITA AMABIGARREN SALMOA

DABIDEN SALMOA

        1. Txit poztu zaitezte justoak Jaunagan, zuzenai zaizkate bera alabatzea.

        2. Alabatu ezazute Jauna zitararekin, amar sokako salterioarekin kantatu zaiozute.

        3. Kantatu zaiozute kanta berri bat, ongi eta boz leunarekin kantatu zaiozute.

        4. Zeren Jaunaren itza zuzena da, eta bere obra guztiak egiñak leialtasunarekin.

        5. Urrikaltasuna eta zuzentasuna maitatzen ditu, lur guztia dago Jaunaren urrikaltasunez betea.

        6. Jaunaren itzarekin zeruak izan ziran sendatuak, eta bere aoko espirituaz beren indar guztia.

        7. Berak dauzka bilduak itsasoko urak, zagi baten bezela, eta gorderik ipiñiak leizeak.

        8. Lur guztia Jaunaren beldur izan bedi, bere aurrean ikara egin bezate, munduan bizi diraden guziak.

        9. Zeren berak itz egin zuen, eta guztia izan zan egiña, berak agindu zuen eta guztiak artu zuten izatea.

        10. Jaunak desegiten ditu jendeen asmazioak, gaizkitzat ematen ditu errien gogorazioak, eta utsean utzi prinzipeen erabakiak.

        11. Jaunaren erabakiak berriz beti dirau, bere biotzeko gogorazioak mendez mende.

        12. Doatsua arako erreñua, zeñaen Jaungoikoa dan Jauna, arako erri, bere herenziatzat autatu zuena.

        13. Zerutik Jaunak begiratu zuen, ikusi zituen gizonen seme guztiak.

        14. Bere bizileku txit sendotik, ezarri zuen begirakune bat, lurrean bizi ziraden guztien gañera.

        15. Bera da bakoitzaren biotza egin zuena, egiten duten guztia ezagutzen duena.

        16. Ez da salbatzen erregea bere eskubide andia gatik, eta goiantea ere ez da salbatuko bere indar andiagatik.

        17. Engañakorra da zaldia berean salbatzeko, txit errutsua izanagatik ez du salbatuko zaldizkoa.

        18. Ona emen Jaunaren begiak bere beldur diradenen gañean; eta bere urrikaltasunean itxedotzen dutenetan.

        19. Beren animak eriotzatik libratzeko; eta gosetean berak bazkatzeko.

        20. Gure animak sendo itxedotzen du Jaunagan, zeren bera dan gure gordetzallea eta bitartekoa.

        21. Zeren gure biotza beragan poztuko da, eta bere izen santuan daukagu jarria gure itxedopena.

        22. Betor, o Jauna, gure gañera zure urrikaltasuna, zugan itxedon degun bezela.

 

OGEITA AMAIRUGARREN SALMOA

        1. Dabidena, itxusitu zuenean bere arpegia Akimeleken aurrean, eta utzi zion, eta joan zan.

        2. Denbora guztian Jauna bedeikatuko det, bere alabantza beti izango da nere aoan.

        3. Jaunagan gozatuko da nere anima. Aditu bezate otsanak, eta poztu bitez.

        4. Anditu ezazute nerekin Jauna, eta guztiok batera goratu dezagun bere izena.

        5. Arretaz zuzendu nintzan Jaunagana eta aditu ninduen, eta atera ninduen nere estutasun guztietatik.

        6. Alderatu zaitezte beragana, eta argituak izango zerate, eta zuen arpegiak ez dirade izango gorrituak.

        7. Beartsu onek deadarrez eskatu zuen, eta aditu zuen Jaunak; eta bere naigabe guztietatik libratu zuen.

        8. Jaunak bere Aingerua jarriko du bere beldurra daukatenen inguruan, eta gaitzetik libratuko ditu.

        9. Probatu eta ikusi ezazute zeñ leuna dan Jauna, zorionekoa, beragan itxedotzen duen gizona.

        10. Jaunaren beldur izan zaitezte zuek bere santu guztiak, zeren bere beldur diradenentzat ez dago premiarik.

        11. Aberatsak iduki zuten premia eta gose izan ziran; Jauna billatzen dutenak berriz, ez dute gauza on baten ere premiarik izango.

        12. Atozte, ene semeak, aditu nazazute, Jaunaren beldurra erakutsiko dizutet.

        13. Zeñ da bizia nai duen gizona, eta maitatzen duena egun onak ikustea?

        14. Bada gorde ezazu garbi zure mingaña gaitz guzitik, eta zure ezpañak ez bezate esan gezurrikan batere.

        15. Iges ezazu gaitzetik, eta egin itzatzu obra onak, pakea billatu ezazu, eta gogotikan saiatu zaite bera iritxitzera.

        16. Jaunaren begiak daude justoen gañean; eta bere belarriak zurrak beren eskarietara.

        17. Jaunaren arpegia berriz gaizki egiten diotenai begira dago, beren oroipena lurretik galtzeko.

        18. Deadarrez eskatu zuten justoak eta Jaunak aditu zituen, eta libratu zituen beren naigabe guztietatik.

        19. Jauna dago biotz naigabetua daukatezen aldean, eta espirituz umillak salbatuko ditu.

        20. Justoen atsakabeak asko dira, baña guztietatikan Jaunak libratuko ditu.

        21. Beren ezur guztiak zaitzen ditu Jaunak, beretatik bat bakarra ere ez da puskatua izango.

        22. Txit gaiztoa da bekatarien eriotza, eta justoa gorrotatzen dutenak, desegiñak geldituko dira.

        23. Jaunak erredimituko ditu bere serbitzarien animak, eta beragan itxedotzen dutenak, ez dirade galduko.

 

OGEITA AMALAUGARREN SALMOA

        1. Dabid beraren salmoa.

        Juzgatu itzatzu, o Jauna, gaizki egiten didatenak, eraso zaiezu, nere kontra elean ari diradenai.

        2. Artu itzatzu armak, eta ezkutua, eta atera zaite neri laguntzera.

        3. Atera ezazu magitikan ezpata, eta desegin itzatzu persegitzen nautenak. Esan zaiozu nere animari: Zure Salbatzallea naiz ni.

        4. Nastau eta lotsatu bitez, nere animaren billa dabiltzanak.

        Alde egin bezate atzerontz eta lotsatu bitez, nere kontra gaizkiak asmatzen ari diradenak.

        5. Izan bitez egiñak aizeak daraman autsa bezela, eta Jaunaren aingeruak estutu bitza.

        6. Beren bidea illuna, eta labañkorra izan bedi: eta Jaunaren aingeruak persegitu bizaiote.

        7. Beren lazo eriotzakoa doan jarri zidatelako, eta iraindu zutelako gaizkiro nere anima.

        8. Erori bedi, jarrita dagoala ez dakian lazoan, eta ezkutatu zuen marroak arrapatu beza, eta bere lazoan atxitua gelditu bedi.

        9. Nere anima berriz poztuko da Jaunagan, eta gozatuko da bere Salbatzalleagan.

        10. Nere ezur guztiak esango dute: Jauna, zeñ da zure antzekoa?

        Libratzen dezuna gizagaxoa bera baño geiago diradenen eskuetatik; premian dagoena eta beartsua, zeukana arrapatzen ari ziradenetatik.

        11. Jaikitzen ziradela lekuko gaiztoak, ez nekizkien gauzak galdetzen zizkidaten.

        12. Itzultzen zizkidaten gaitzak mesedeen ordañtzat, bizia neri kentzeko alegiñak egiten zituztela.

        13. Baña ni, berak atsekabetzen ninduten bitartean, zilizioz estalitzen nintzan.

        Umillatzen nuen nere anima baruarekin, nere biotzean erregu egitez aspertu gabe.

        14. Nere adiskide eta nere anaia baten amorioarekin bezela, ala tratatzen nituen: lutu eta tristezan dagoena bezela, ala umillatzen nintzan.

        15. Baña berak jolasean ari ziran, eta elkartu ziran nere kontra, ezarri zituzten nere gañean azoteak, zergatik jakin gabe.

        16. Barreiatuak gelditu ziran, baña ez damutuak, tentatu ninduten, isekaz isekatu ninduten, nere kontra egin zituzten beren ortzen karraskotsak.

        17. O Jauna, noiz begiratuko didazu? Libratu ezazu nere anima gizaseme oien gaiztakeriatik, leoe oietatik nere anima.

        18. Aitortuko zaitut eliza andi batean, erri ugari baten erdian kantatuko ditut zure alabantzak.