www.armiarma.com
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (2)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

JEREMIAS PROFETAREN LIBURUA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Jeremias Helziasen semearen, Anatot, Benjamingo lurreko errian bizi ziraden apaizetatik bataren itzak.

        2. Jaunak bada zuzendu zion oni bere itza, Josias Amonen seme Judako erregearen egunetan, bere agintaritzako amairugarren urtean.

        3. Eta zuzendu ere zion Joakin, Josias Judako erregearen semearen egunetan; Sedezias, Josias Judako erregearen semearen amaikagarren urtea bukatu arteraño; au da, Juduak Jerusalendik Babiloniara eramanak izan ziraden arteraño bosgarren illean.

        4. Eta Jaunak itz egin zidan, esaten zuela:

        5. Nik egin zindudan baño lenago amaren sabelean, ezagutu zindudan; eta zu jaio ziñan baño lenago santutu zindudan, eta autu zindudan profetatzat erreñuen artean.

        6. Onetara nik esan nuen: Ah! Ah! Ah! Jaun Jainkoa! Ongi dakizu zuk, itz egiten ere ozta dakidala; zeren oraindikan gaztetxoa naizan.

        7. Eta esan zidan Jaunak: Ez ezazu esan: Gaztetxoa naiz zeren bialtzen zaitudan gauza guztietara joango zeran, eta agintzen dizkizudan gauza guztiak esango dieztezun.

        8. Ez ezazu beldurrik iduki agertzeko nik bialtzen zaitudanen aurrean, zeren zurekin nagoen ni, edozeñere eragozketatik ateratzeko, esaten du Jaunak.

        9. Gero luzatu zuen Jaunak bere eskua, eta nere ezpañai ukitu zien, eta esan zidan Jaunak: Begira ezazu, nik ipintzen ditut nere itzak zure aoan.

        10. Ona emen non gaur ematen dizudan eskubidea errien gañean, eta erreñuen gañean, adirazteko berai, banoala berak sustraitik ateratzera, eta desegitera, eta arrasatzera, eta ezerereztutzera, eta beste batzuek egin, eta ipintzera.

        11. Andikan laster itz egin zidan Jaunak, eta esan zuen: Zer da zuk, Jeremias, ikusten dezun ori? Eta erantzun nuen: Ni nago ikusten, beillan dagoen baten zigorra.

        12. Eta esan zidan Jaunak: Ala da, zuk ikusi dezun bezela, zeren ni bellan egon naizan nere itza kunplitzeko.

        13. Eta berriz itz egin zidan Jaunak, esaten zuela: Zer da zuk ikusten dezun ori? ikusten det, erantzun nuen, eltze bat irakitzen dagoena, eta bera ifarreko aldamenetikan dator.

        14. Orduan Jaunak esan zidan: Orrek adirazten du, ifarreko aldamenetikan zabalduko diradela gaitzak lur onetan bizi diraden guztien gañera.

        15. Zeren ona emen non nik ots egingo diedan ifarreko aldameneko erreñuetako erri guztiai, esaten du Jaunak; eta etorriko dirade, eta beretatik bakoitzak jarriko du bere etzauntza Jerusalengo ateetako sarreran, eta bere murru guzien inguruan, eta Judako erri guztietan.

        16. Eta nik artuko ditut neurriak, berakin kastigatzeko, ni utzi nindutenen gaiztakeria guztia, eta jainko arrotzai libazioak eskeñi ziozkatenena, eta idoloak, beren eskuen lana, adoratu zituztenena.

        17. Orain bada lotu itzatzu magalak gerrian, eta zoaz laster, eta predikatu zaieztezu, nik agintzen dizkizudan gauza guztiak. Etzaite gelditu beren beldurragatik; bada nik egingo det, etzaitezela beldur izan beren aurrean.

        18. Egun onetan jartzen zaitudan ezkero erri sendo bat bezelakoa, eta burnizko abe bat bezelakoa, eta brontzezko murru bat lur guzti onen kontra; Judako Erregeen, eta bere Prinzipeen, eta apaizen, eta erriko jendearen kontra:

        19. Zeñak gerra egingo dizuten; baña ez dirade zu baño geiago izango, zeren ni zurekin nagoen, esaten du Jaunak, zu libratzeko.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zidan Jaunak, eta esan zidan:

        2. Zoaz, eta predikatu zaiozu Jerusaleni, esaten dezula:Oiek esaten ditu Jaunak: Zure gaztetasunarekin urrikaldurik, oroitu naz zurekin, eta iduki nizun amorioarekin, zurekin ezkontzitzatu nintzanean, eta gero jarraitu ziñidanean Eremuan, ezerere ereitzen ez dan lur artan.

        3. Israel Jaunari konsagratua dago, eta da bere frutuen lenbiziak bezela, iretsitzen duten guztiak bekatuaren obendun egiten dirade, eta ondamen guztiak beren gañera eroriko dirade, esaten du Jaunak.

        4. Orain bada, aditu ezazute Jaunaren itza zuek Jakoben etxekoak, eta zuek Israelen jatorriko familia guziak.

        5. Oiek esaten ditu Jaunak: Zer gaiztakeria arkitu zuten nigan zuen gurasoak, urrutiratu ziradenean nigandik, eta idoloen urgulleriaren ondoren joan ziradenean, berak ere zentzugabeak egiten ziradela?

        6. Etzuten bederik esan: Non da arako Jaun, Ejiptoko katiberioko lurretik atera ginduena; zuzendu ginduena Eremutik, iñor ere bizi ez litekean lur batetik, bide txigorrik ere ez duenetik; lur leor, eta eriotzaren irudi batetik; gizonek iñoiz zapaldu etzuen, eta biziadaukanik bizi izan ez dan lur batetik?

        7. Nik sartu zinduztedan gero lur txit ugari batean, bere frutuak jan ziñitzaten, eta gozatu zintezten bere atsedenetan; eta zuek bertan ziñateneko, kutsutu zenduten nere lurra; eta nere soroarekin gauza nazkagarri bat egin zenduten.

        8. Apaizak ere etzuten esan: Non dago Jauna? Nere legearen gordetzalleak ez ninduten ezagutu, eta autsi zuten nere aginteen fedea artzaiak berak; eta profetak profetizatu zuten ots egiten ziotela Baalen izenari, eta idoloen ondoren joan ziran.

        9. Argatik ni zuen kontra juizioan sartuko naiz, esaten du Jaunak, eta sendoki zaituko det nere kausaren justizia zuen semeen kontra.

        10. Zoazte itsasoz Zetimgo ugarteetara, eta ikusi ezazute. Bialdu itzatzute mandatariak Zedarrera, eta esamiñatu ezazute arreta guziarekin an iragotzen dana, eta ikusi ezazute onelako gauzarik gertatu ote dan.

        11. Ikusi ezazute erreñu aietatikoren batek aldatu ote dituen bere jainkoak, berak egiaz jainkoak ez badirade ere, baña nere erriak bere gloriaren trukada egin du, idolo bat gatik.

        12. Zeruak, arritu zaitezte au ikusita; eta zuek, o zeruko ateak, txit izutu zaitezte egite augatik, esaten du Jaunak.

        13. Zeren nere erriak gaiztakeria bi egin dituen, utzi naute ni, ur bizizko iturria naizen au, eta joan dirade egitera berentzat putzuak, putzu autsi, urik barrenen iduki ez dezaketenak.

        14. Israel al da mendekoren bat, edo andre mendekoren baten semea? Zergatik bada izan da emana, etsaiak arrapatua izateko?

        15. Marrumaz ari ziraden bere kontra leoiak, eta orroak egin zituzten, beren erria itzuli zuten eremu, erreak izan dirade bere erriak, eta iñor ere ez da beretan bizi.

        16. Menfis eta Tafnisko semeak lotsariz eta desonraz bete zaituzte zure buruaren erpiñeraño.

        17. Eta, au guziau ez al zatzu gertatu, zure Jaun Jainkoa utzi zenduelako, zuzentzen zinduen denboran, bideantez zenbiltzanean?

        18. Eta orain, zer nai dezu Ejiptorontz ibiltzeaz, ur loija edatera? Edo, zer daukazu zuk zer ikusi Asiriako bidearekin, ez zertan joan ere bere ibaiko ura edatera?

        19. Zure gaiztakeriak kondenatu zaitu, eta zuk autsi dezun fedeak deadar egingo du zure kontra. Ezagutu ezazu bada, eta begiratu orain, zeñ gauza gaiztoa eta samiña dan zure Jaun Jainkoa zuk utzi izatea, eta nere beldur ez izatea, esaten du ejerzituen Jaun Jainkoak.

        20. Anziñako denboratik zatitu zenduen nere uztarria, autsi ziñituen nere hedeak, eta esan zenduen: Ez det nai Jauna serbitu. Alaxe da, muño goratu guzian, eta zuaitz ostotsu guziaren azpian egin dituzu aragizko bekatuak bordion batek bezela.

        21. Nik egiaz ipiñi zindudan masti autu bat bezela, txirmendu onakin, nola bada itzuli zazkit gaizto, masti besterena?

        22. Gatzuarekin garbitzen bazera ere, eta erabiltzen badezu ere txit maiz borith belarra, nere begietan beti geldituko zera zikindua zure gaiztakeriagatik, esaten du Jaunak.

        23. Nola esaten dezu: Ez nago ni zikindua, ez naiz ni Baalen ondoren joan? Begira zer egin dezun an ibar artan; ezagutu ezazu nola bizitu izan zeran dromedario ... bideetatik jiran zoazana.

        24. Baso asto, eremuan oitua bezela, zeñ, bere gurarien berotasunean dijoan usaiko nai duenaren billan. Iñork ere ezin geldituko du. Bere billan dabiltzan guztiak, ez daukate zertan nekatu; bere zikinkeriaren siñaleetatik arkituko dute.

        25. Zaitu ezazu zure oña billostasunetik, eta zure eztarria egarritik. Baña zuk esan dezu: Galdu det itxedopena, ezergatik ere ez det egingo, zeren maitatu nituen jainko arrotzak, eta beren ondoren ibilliko naiz.

        26. Nola gelditzen dan lotsatua lapur bat, lapurretan arrapatua danean; ala geldituko dirade lotsatuak Israelko semeak, berak, eta beren erregeak, prinzipeak, eta apaizak, eta beren profetak:

        27. Zeñak esaten dioten zur bati: Zu zera nere aita; eta arri bati: Zuk eman didazu izatea. Biurtu zidaten atzea, eta ez arpegia; eta beren ansiako denboran, orduan esango dute: Atoz agudo, Jauna, eta salbatu gaitzatzu.

        28. Non dirade, erantzungo diet nik, arako zuk zuretzat egin ziñituen zure jainkoak? Betoz berak, eta salbatu zaitzatela zure atsekabeko denboran; zure jainkoak anbeste ziraden ezkero, o Juda, nola zure erriak.

        29. Zergatik nai dezute nerekin sartu juizioan? Zuek guziok utzi nazute, esaten du Jaunak.

        30. Alperrik kastigatu nituen zuen semeak; berak etzituzten artu nere erakutsiak; baizik zuen ezpatak il zituen zuen profetak, leoe ondatzallea bezela,

        31. Alakoa da zuen arraza biurria. Begiratu ezazute zer esaten duen Jaunak: Ni Israelentzat eremuren bat izan al naiz, edo itzaleko lur, berandu frutua ematen duena? Zergatik bada nere erriak esan dit: Guk alde egiten degu, ez gera berriz iñoizere zugana itzuliko?

        32. Donzella bat aztu al baliteke bere apainduriakin, edo ezkongai bat bere bularra edertzen duen fajarekin? Nere erria berriz nerekin aztuta egon da, ezin kontatu litezkean egunetan.

        33. Zelan nai dezu zuk erakutsi zure egiteak onak izan diradela nere adiskidetasuna zure alde irabazteko, baldin besteai ere zure pauso gaiztoak erakutzi badiezu,

        34. Eta zure soñekoaren magaletan arkitu bada anima pobre ta obengabeen odola? Ez nituen arkitu illak toki ezkutuen barrenen, baizik orain esan dedan leku eta parajeetan.

        35. Alaere esan zenduen: Bekatu eta obenik gabea nago ni; eta argatik urrutiratu bedi nigandik zure aserrea. Begiratu ezazu, bada, ni zurekin juizioan sartuko naiz, esan dezulako: Ez det bekaturikan egin.

        36. O, eta nola zatartu zeran ezingeiagoan itzultzen zerala zure pauso gaiztoetara! Zu izango zera Ejiptok isekatua, Assurrek egiña izan ziñan bezela.

        37. Bai, Ejiptotik ere lotsatua biurtuko zera, zure eskuak buruaren gañean ipiñita; zeren Jaunak utzi zaituen zure itxedopenik batere gabe, eta ez dezu an idukiko gauza onik batere.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Maiz esan oi dana da: Gizon batek bere emaztea utziten badu, eta senarragandik berezitua dagoela beste bat artzen badu, gizonak emaztea beñere berriz artuko al du? Alako andrea, ez al da zikindua eta kutsutua geldituko? Egia da zuk, asko maitatzallekin bekatu egin dezula: alaere itzuli zaite nigana, esaten du Jaunak, bada nik artuko zaitut.

        2. Jaso itzatzu zure begiak muñoetara, eta ikusi ezazu ote dagoen, zu etzinda egon ez zeran tokirik: bideen erdian egon oi ziñan eserita, bideanteen zai oiei gura gaiztoak betetzen laguntzeko, lapur bat egon oi dan bezela toki bakarrean ostutzeko zai: eta kutsutu dezu lurra zure aragizko bekatuakin, eta zure gaiztakeriakin.

        3. Argatik atertu du eta gelditu dira euri ugariak, eta ez du egin udaberrian euririk: Zuk alaere damutu bearrean jartzen dezu emakume bordion baten arpegia: lotsarikan batere ez dezu iduki nai izan.

        4. Oraindandik bederik damutu zaite, eta esan zadazu: Zu zera nere aita, zu nere donzellatasunaren gañean bellan zeundena.

        5. Beti aserretua egongo al zera, edo zure sumintasunak atzeneraño iraungo ote du? Baña ona non zuk onela itz egin dezun, eta gaiztakeria mota guztiak egin dituzun, ezin geiagoraño.

        6. Esan ere zidan Jaunak Josias erregearen denboran: Ez al dituzu ikusi Israel igeslariak egin dituzan gauzak? Joan da idoloak adoratzera mendi goratu guziaren gañera, eta zuaitz ostotsu guziaren azpira, eta an etziñik egon da.

        7. Eta berak gauza guzi oiek eginda, esan nion nik: itzuli zaite nigana, eta etzuen itzuli nai izan: Eta bere aizpa Juda fedeausleak ikusi zuen:

        8. Utzi nuela nik, eta eman niola aldegiko agiria Israel igeslariari adultera izan zalako; eta argatik ere etzan beldurtu bere aizpa Juda fedeauslea, baizik joan zan, eta berak ere gezurrezko jainkoak adoratu zituen.

        9. Eta bere adulterioen ugaritasunarekin lur guzia kutsutu zuen, adoratzen zituela arriak, eta zurak.

        10. Eta gauza guzi oiek eginda ere, etzan nigana itzuli, esaten du Jaunak, bere aizpa Juda fedeauslea, bere biotz guzitik, gezurrez baizik.

        11. Eta ala esan zidan Jaunak: Israel igeslaria santa bat da, Juda fedeauslearekin berdindu ezkero.

        12. Zoaz eta bein ta berriz deadarrez esan itzatzu itz oiek ifarralderontz, eta esan ezazu: Biurtu zaite nigana, o zu Israel igeslaria, esaten du Jaunak: bada ez det nik zeartuko nere arpegia zuri ez begiratzeko: zeren nori santua eta beraa naizan, esaten du Jaunak, eta nere aserreari ez diot beti irauneraziko.

        13. Alaere zure gaiztakeria ezagutu ezazu; bada jan dezu zure: Jaun Jainkoari emandako itza, eta ari izan zera jainko arrotzak adoratzen, zuaitz ostotsu guzien azpian, eta ez dezu aditu nere boza, esaten du Jaunak.

        14. Biurtu zaitezte nigana, o seme igeslariak, esaten du Jaunak: zeren ni zuen animen esposoa naizan, eta autuko ditut zuetatik erri bakoitzetik bat, eta familia bakoitzetik bi, eta sartuko zaituztet Sionen.

        15. Eta emango dieztezutet nere biotzaren araurako artzaiak, zeñak bazkatuko zaituzten jakinduria eta dotriñarekin.

        16. Eta lurraren gañean ugaritu eta azitzen zeratenean, egun aietan, esaten du Jaunak, ez da onezkero itzik egingo Jaunaren Testamentuko Kutxaren gañean: eta ez da beragan pensatu ere egingo, eta ez da bere oroipenikan ere egongo, eta ez da bisitatua ere izango, eta ez da onezkero onelako gauzarik batere egingo.

        17. Denbora artan Jerusalen Jaunaren Tronua deitua izango da: eta erreñu guztiak itsatsiko zaiozka berari, Jaunaren izenean, Jerusalenen, eta ez diote jarraituko beren biotz biurriaren gaiztakeriari.

        18. Denbora artan Judako familia Israelko familiarekin bilduko da, eta etorriko dira batean ifarreko lurretik, zuen gurasoai eman nien lurrera.

        19. Orduan esan nuen nik: O zenbat seme emango ote dizudan! Nik emango dizut lur atsegintsu bat, jendeen gudaritegien herenzia argitsu bat. Eta gañera esan nuen: Zuk Aita ots egingo didazu, eta aspertu gabe jarraitu diozu nere bideari.

        20. Baña nola andre batek bera maitatzen duen gizona mezpreziatzen duen, ala mezpreziatu nau ni Israelko familiak, esaten du Jaunak.

        21. Deadarrak adituak izan dira bideetan, Israelko semeen negarrak eta alarauak, gaizki bizi izan diradelako, beren Jaun Jainkoarekin aztuta.

        22. Biurtu zaitezte nigana, seme igeslariak, bada nik barkatuko dizkizutet nere fedea autsitzea gatik egin dituzuten bekatuak. Ona emen non, o Jauna, biurtzen geran zugana, zeren zu gure Jaun Jainkoa zeran.

        23. Egiaz etziraden gezurra baizik muñoetako, eta anbeste menditako idolo guziak. Egiaz Israelko osasuna gure Jaun Jainkoagan dago.

        24. Adorazio lotsagarri ark desegin zituen gure gazte denboratik gure gurasoen izerdiak, beren arditaldeak, beren beitaldeak, beren semeak, eta beren alabak.

        25. Ilko gera gure desonran, eta gure lotsariaz estaliak geldituko gera: gure Jaungoikoaren kontra bekatu egin degulako guk, eta gure gurasoak, gure gazte denboratik gaurko eguneraño, eta gure Jaun Jainkoaren boza ez degulako aditu.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. O Israel, damutu baldin bazera zure errakuntzakin, biurtu zaite nigana, esaten du Jaunak. Zure eskandaluak nere aurretik kentzen badituzu, etzera zure lurretik mugitua izango.

        2. Eta izan bedi zure juramentua (egiarekin juizioan, eta justiziarekin egiña) bizi bedi Jauna, eta erreñu guziak Jauna alabatu, eta bedeikatuko dute.

        3. Zeren oiek esaten diozkate Jaunak Judako, eta Jerusalengo gizonai: Goldeatu itzatzute zuen lurrak, eta ez ezazute erein arantzen gañean.

        4. Zirkunzidatu zaitezte Jaunaren amorioa gatik, eta berezitu itzatzute zuen biotzetik zikinkeriak, o zuek Judako gizonak, eta Jerusalenen bizi zeratenak: agertu ez dedin su erretzalle baten gisara nere aserrea; eta gero gar andi biurtu ez dedin, eta arkitu ez dedin nork itzali alko duen, zuen asmazio gaiztoak gatik.

        5. Adirazi zaiozute bada au guziau Judari, eta jakinerazi Jerusaleni: Deadar egin ezazute garratz, eta esan ezazute: Bildu zaitezte, eta sartu gaitezen erri murrutuetan.

        6. Jaso ezazute Sionen estandartea: murruz ingurutu zaitezte, eta etzaitezte geldirik egon; zeren nik ifarraldetik etorrieraziko diot azoteari, eta ondamen andi bati.

        7. Leoia bere ezkutatokitik atera da, eta jendeen triskatzallea altxatu da; bidean jarri da zure lurra arras soiltzeko: desegiñak izango dirade zure erriak, beretan bat bakarra ere bizirik gelditu gabe.

        8. Argatik zilizioz jantzi zaitezte, eta asi zaitezte negarrez, eta alarauka, zeren Jaunaren aserre ikaragarriak ez du gugandik alderik egin.

        9. Egun artan, esaten du Jaunak, desalaituko da erregearen biotza, desalaituko da prinzipeen biotza, arrituak egongo dirade apaizak, konortgabetuak profetak.

        10. Eta nik ori aditzean, esan nuen: Ai!, ai! nere Jaun Jainkoa! Ai! Nola utzi dezu profeta gezurrezkoak engañatu zezatela zure erri au, eta Jerusalen, esaten zutela: Pakea idukiko dezute, etsaiaren ezpata biotzeraño sartu danean?

        11. Denbora artan esango zaio erri oni, eta Jerusaleni: Aize erregarri bat dator Eremuaren aldetik, Babiloniatik nere erriko alabagana datorren bidetik, eta ez da aizetzeko, eta alea garbitzeko aizea.

        12. Aize andiago bat etorriko zat aldamen artatik, eta orduan nik erakutsi eraziko diet nere juizioen gogortasuna:

        13. Ona emen non etsaien ejerzitua etorriko dan odei zarratu bat bezela, eta bere gurdi gerrakoak aizebunbada bat bezelakoak: agilak baño ariñagoak dirade beren zaldiak. Ai gure doakabeak! Esango dute orduan: galduak gera.

        14. Garbitu ezazu bada, o Jerusalen, zure biotzeko orban guztia, galdua izan nai ez badezu. Noiz arteraño egongo dirade zugan gogorazio gaiztoak?

        15. Begira, aditzen dala Dandik allegatzen dan baten boza, eta esan ta adirazten du, idoloa badatorrela Efraimgo menditik.

        16. Esan zaiezute bada jendeai: Jakin ezazute aditua izan dala Jerusalenen, badatozela toki urrutietako gudaritegiak, eta asi diradela deadarrez Judako errien kontra.

        17. Gau ta egun bere inguruan egongo dirade, soroetako beillariak bezela: zeren aserretu erazi dit, esaten du Jaunak.

        18. Zure egiteak eta zure gogorazioak ekarri dizkizu, o Jerusalen, gauza oiek: zure gaiztakeria ori da zure biotza mingoiztasunez irago duena.

        19. Ah! nere erraiak, errai nereak penaz eta ansiaz mugitu dirade: nere biotzaren barrendiko gura guziak nastuak daude: ezin egon nindeke ixillik nere animak aditu duenean tronpeta otsa, gudarako aupada.

        20. Galmena galmenaren gañean etorri da, eta lur guztia gelditu da arrasatua: batbatean, supituan izan ziran beera aurtikiak nere denda, eta etzauntzak.

        21. Noizarteraño ikusiko ditut igesi nere errikoak, eta adituko det etsaiaren tronpeta otsa?

        22. Nere erri txoroak ez nau ezagutu; seme zentzugabeak, eta adingabekoak dirade: gaizki egiteko dirade jakintsuak; berriz gauza onik egiten ez dakite.

        23. Egotzi nuen begirakune bat lurrera, eta ikusi nuen utsa, eta ezerere gabe zegoela; eta zeruetara, eta etzegoan beretan argirik.

        24. Begiratu nuen mendietara, eta ikusi nuen ikaraz zeudela, eta muño guztiak dardar egiten zutela.

        25. Egon nintzan Judeara begira, eta etzan agiri gizon bat bederik, eta alde egin zuten erritik zeruko egazti guztiak.

        26. Begiratu nuen, eta ikusi nituen bere soro ugariak eremu biurturik: bere erri guztiak desegiñak gelditu dira Jaunaren aurrean, bere aserrearen sumintasunaren aurrean.

        27. Baña ona emen Jaunak esaten duena: Judako lur guztia eremutua geldituko da; baña ez det osotoro arrasatuko.

        28. Lurrak negar egingo du, eta zeruak goian lutuz jantziko dira erabaki nuenagatik: artu nuen asmoa, eta ez zat damutu, eta orain ere ez daukat beste iritzirik.

        29. Zaldidiaren eta fletxarien otsera erri guziak igesari eman zion: korrika joan ziraden ezkutatzera arkaitzen artean, igo ziran aitzen gañera; erri guziak izan ziran utziak, lagun bizi bat bakarra ere bertan gelditu gabetanik.

        30. Eta, zer egingo dezu orain, o Siongo alaba, bakarrik gelditua? Zer egingo dezu? Granaz jantziten bazera ere, urrezko edergarriakin apaintzen bazera ere, eta zure begiak menartarriarekin igortzitzen badituzu ere, alperrik apainduko zera: zure maitatzalleak mezpreziatu zaituzte, zurearekingoa egin nai dute.

        31. Zeren aditu ditut aurregiten ari dan andre batenak bezelako deadarrak, ansiak, eta larriak lenbiziko aurra egiten duenarenak bezelakoak; Siongo alaba iltzen dagoenaren boza, eta bere eskuak luzatuta esaten duenarena: Ai nere doakabea! Bada utziten nau nere animak, nere semeen ilkintza ikusirik.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Ibilli zaitezte Jerusalengo karrikaetatik, ikusi, eta begiratu ezazute: eta billatu ezazute bere plazaetan arkitzen ote dezuten gizon bat gauza ona egiten duenik, eta nekatzen danik leiala izateko; eta arkitzen badezute, nik berarekin urrikaltasuna egingo det.

        2. Bada oraindikan esaten badute ere: Bizi bedi Jauna, Jaungoiko egiazkoa; orduan ere gezurrarekin juramentu egiten dute.

        3. Jauna, zure begiak beti daude leialtasunari begira; azotatu ziñituen gaizto oiek, eta etzuten miñik artu; zatitu ziñituen otska, eta etzuten artu nai erakutsirik; arkaitza baño gogorrago egin zituzten beren kopetak, eta ez dute biurtu nai izan zugana.

        4. Orduan esan nuen nik: Noaski oiek dirade Jaunaren bidearen, beren Jaungoikoaren erabakien berririk ez daukaten gaxo eta ezjakiñak.

        5. Joango naiz bada erriko andizkietara, eta berai itz egingo diet: bada oiek dudarikan gabe dakite Jaunaren bidea, beren Jaungoikoaren erabakiak. Baña arkitu nuen, oiek oraindikan besteak baño ere geiago, guztiak batean autsi zutela Jaunaren uztarria, eta zatitu zituztela bere hedeak.

        6. Baña basoko leoiak zatitu ditu; otsoak illuntzean desegin ditu; leoiarrea dago azeloan beren erriko inguruetan: beretatik irtetzen diran guztiak eroriko dira bere atzaparretan; zeren beren fedea maiz autsi duten, eta gogortu diran beren igesietan.

        7. Zergatik iduki nezake nik borondate ona zuretzat, o erri igeslaria? Zure semeak utzi naute, eta egiten dute juramentu jainkoak ez diradenen izenean: nik ondasunez bete nituen; eta berak erori dira adulterioan, eta egon dira lujuriako bekatuak egiten bordionaren etxean.

        8. Allegatu dira izatera zaldi aitagale brida gabeko eta bero daudenak bezelakoak: alako amorruarekin dijoa bakoitza bere projimuaren andreagana.

        9. Nola bada utziko ditut nik onelako gauzak kastigatu gabe, esaten du Jaunak, eta ez du artuko nere animak alako jendearen bengantza?

        10. Igo zaitezte, o Kaldeako erriak bere murruetara, eta aurtiki itzatzute: baña ez ezazute bera arras desegin: kendu zaiozkazute sarmentuak; zeren Jaunarenak ez diraden.

        11. Israelko etxeak, eta Judako etxeak bekatu txit andiak nere kontra egin dituzten ezkero, esaten du Jaunak.

        12. Ukatu zuten Jauna, eta esan zuten: Ez da bera; ez da ere gure gañera gaitzik etorriko: ezpatarik, ez goserik ez degu ikusiko.

        13. Profetak aizeari itz egin zioten, eta etzuten artu erantzunik: gauza oiek bada berai gertatuko zaiozkate.

        14. Oiek esaten ditu ejerzituen Jaun Jainkoak: Zuek onelako itzak esan dituzutelako, ona emen non, o Jeremias, nik orain ipintzen ditudan zure aoan nere itzak su iretsitzalle bat bezela, eta egurtzat ematen diot erri ori, berak desegiña izan dedin.

        15. Ni noa ekartzera zuen gañera, o Israelko familia, esaten du Jaunak, urrutiko erreñu bat, erreñu sendo bat, anziñako erreñu bat, erreñu bat, zeñaen izketa ez dezun zuk jakingo, eta ezin adituko ere dezun esaten duena.

        16. Beren fletxategia obi idiki bat da; guziak dirade sendoak.

        17. Erreñu onek jango ditu zure uztak, eta zure ogia; iretsiko ditu zure semeak, eta zure alabak; jango ditu zure arditaldeak, eta beitaldeak; jango ditu zure mastiak, eta zure piku taldeak; eta arrasatuko ditu ezpatarekin zure erri murrutuak, zeñatan zuk zendukan zure itxedopena ipiñita.

        18. Alaere egun oietan etzaituztet osotoro desegingo, esaten du Jaunak.

        19. Eta esango bazendute: Zergatik gure Jaun Jainkoak egin ditu gauza guzti oiek gure kontra? Zuk erantzungo diezu: Nola zuek utzi nazuten ni, esaten du Jaunak, eta jainko arrotzak zuen lurrean serbitu dituzuten, ala serbituko dituzute orain lur arrotzean.

        20. Adirazi zaiozute au Jakoben etxeari, eta zabaldu ezazute Judan, esaten dezutela:

        21. Aditu ezazu, o erri, zentzu eta adimen gabea: zuek, idukirik begiak ikusten ez dezutenak; eta idukirik belarriak aditzen ez dezutenak.

        22. Beraz etzerate nere beldur izango, eta etzerate ere damutuko nere aurrean? Ni naiz itsasoari mugatzat ondarra ipiñi niona, betiko lege autsiko ez duena; jaikiko dira bere bagak, eta ez dituzte iragoko bere mugak; eta arrotuko dira, baña ez dira aurrera iragoko.

        23. Baña erri oni bere biotza sinisgogor eta igeslari biurtu zaio; alde egin dute nigandik, eta idoloen ondoren joan dira.

        24. Esan bearrean beren biotzean: Bizi gaitezen gure Jaun Jainkoaren bildurrean, zeñak ematen digun bere denboran, goizeko eta beluko euria, eta ematen digun urteoro uzta ugari bat.

        25. Zuen gaiztakeriak iges erazi dizaiote gauza oiei; eta zuen bekatuak kendu dute zuekgandik ongi izatea:

        26. Zeren arkitu diran nere errian gaiztoak, daudenak azeloan eiztariak bezela, ipintzen dituztela lazoak eta oiñualak gizonak arrapatzeko.

        27. Nola dagoen eiztariaren kaiola egaztiz betea, ala daude beren etxeak engañuz beteak; berakin andi egin dira, baita aberastu ere.

        28. Gizendu ziran eta loditu; eta txit gaizki nere aginteak ausi dituzte. Ez diote justiziarik egin andre alargunari, eta ez dute ere umezurtza zaitu, eta ez diote beartsuari justiziarik egin.

        29. Nola ez ditut nik gauza oiek kastigatuko, esaten du Jaunak? Edo nola egon liteke nere anima, alako jende baten bengantza artu gabe?

        30. Gauza arrigarria, gutxitan ikusitako gauza da erri onetan gertatu dana.

        31. Profetak gezurrak profetizatzen zituzten, eta apaizak txaloka ontzat ematen zituzten; eta nere erriaren gogokoak izan ziran alako gauzak: Zer izango da bada berarekin bere atzena allegatzean?

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Sendotu zaitezte, o Benjaminen semeak, Jerusalenen erdian, eta jo ezazute gerrako klarina Tekuan, eta altxatu ezazute bandera bat Betakaremen gañean; zeren ifarralderontz ikusten da azote bat, eta galmen andi bat.

        2. Nik berdindu det Siongo alaba, donzella eder, eta kuperati batekin.

        3. Beragana joango dira artzaiak beren artaldeakin: ipiñiko dituzte bere inguruan beren etzauntzak: bakoitzak idukiko du bere aginteen mendean daudenen ajola.

        4. Adirazi zaiozute argiro berarekin gerran gaudela: Goazen, eta sartu gaitezen bere barrenen egunaren erdian. Baña, ai gure doakabeak! Eguna iragoaz dijoa, arratsaldeko itzalak txit zabaldu dira.

        5. Ea bada, sartu gaitezen barrenera gauaz, eta desegin ditzagun bere etxeak.

        6. Zeren au da ejerzituen Jaunak esaten duena: Ebaki itzatzute bere zuaitzak, idiki itzatzute lutesiak Jerusalengo inguruan. Au da kastigatzera noan erria, bertan arkitzen da gezurrezko asmazio, eta gaiztakeria mota guzia.

        7. Nola putzuak bere urari fresko iraunerazitzen dion, ala Jerusalenek bere gaiztakeriari fresko eta berri iraunerazitzen dio. Ez da bertan beste itzik aditzen, bidegabeenak eta lapurretenak baizik: nik beti dakust jende atsekabetua, eta gaizki tratatua.

        8. Ondu zaite, o Jerusalen; nere anima zugandik urrutiratu ez dedin: eremu iñor ere bizi ez ditekean batera biurtu ez zaitzadan.

        9. Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Israelko erriaren kutsuak arrapatuak izango dira, masti mendaindu batean mordo txikitxo bat bezela. Itzuli ezazu, o Kaldeatarra, zure eskua, mendaintzalleak bezela otarrean.

        10. Baña, zeñi zuzenduko diot nik itza? Eta, nori esango diot aditu nazala? Ona non beren belarriak estaliak dauzkaten, eta ez ditzake aditu. Gaiztoago dana da, Jaunaren itza lotsaritzat daukatela, eta ez dute artuko.

        11. Argatik Jaunaren sumintasunez betea nago; aspertu naiz sufritzez: isuri ezazu kanpora, esaten det nere artean, aurren gañera, baita gazteen biltzarreen gañera ere: zeren arrapatua izango da senarra emaztearekin, zarra agurearekin.

        12. Eta beren etxeak beste batzuenak izatera iragoko dirade, baita soroak, eta emazteak ere: zeren nik eskua luzatuko det errian bizi diradenen kontra, esaten du Jaunak.

        13. Txikienetik andieneraño zikoiztasunaren zaleak diraden ezkero, eta guztiak ari diran ezkero engañuak asmatzen profetatik apaizeraño.

        14. Eta sendatzen dituzte nere erriko alabaren zauriak, berari farra egiñaz, esaten dutela: Pakea, pakea; eta ez dago alako pakerik.

        15. Lotsatu al dira egin dituzten gauza nazkagarriakgatik? Ez dute lotsaren piskarik ere iduki, ez dute jakin ere zer dan lotsa. Argatik eroriko dira galtzen diradenen artean, eta izango dirade aurtikiak, esaten du Jaunak, kontuak berai artzeko denbora allegatzen danean.

        16. Oiek ere esaten zituen Jaunak: Zaudete geldirik bideetan, ikusi eta galdetu ezazute zeñ diran anziñako bidetxigorrak; zeñ dan bide ona, eta jarraitu zaiozute, eta arkituko dezute atsedena zuen animentzat. Baña berak esan zuten: Ez diogu jarraituko.

        17. Nik jarri nituen zuentzat bealariak, esan ere zien: zaudete arretaz beren tronpeta otsera; eta erantzun zuten: Ez diogu aditu nai.

        18. Argatik aditu ezazute, o erreñuak, jende guztiak entzun ezazute nolako kastigu beldurgarriak bialduko dieztedan.

        19. Aditu ezazu, o lurra, begiratu ezazu, nik bilduko ditut erri orren gañean zorigaitzak, bere asmazio gaiztoen irabaziak, etzituztelako aditu nere itzak, eta bota zutelako nere legea.

        20. Zergatik eskeñtzen dizkidazute zuek Sabako inzensoa, eta kañabera usaitsu toki urrutietakoa? Zuen holokaustoak ez dirade nere gogokoak, ezta zuen doañak ere.

        21. Argatik ala esaten du Jaunak: Nik aurtikiko ditut doakabetasunak erri onen gañera euriaren ugaritasunarekin: eroriko dirade batbatean gurasoak semeakin, eta auzokoa galduko da bere auzokoarekin batean.

        22. Oiek esaten ditu Jaunak: Begiratu ezazute erri bat datorrela ifarretik, eta erreñu andi bat aterako dala lurraren atzeneko mugetatik.

        23. Artuko ditu saietak, eta ezkutuak: odolgiroa da, eta iñorekin ere ez da urrikalduko: bere martiztien otsa da itsasoaren otsa bezelakoa, eta etorriko dira zaldien gañean, zeñak egongo diran prestatuak gudan aritzeko soldadu sendoen gisara zure kontra, o Siongo alaba.

        24. Aditu degu beren ospea, eta besoak erori zazkigu: uste genduen baño lenago etorri zaigu atsekabea, eta aurregiten ari dan andre batenak bezelako oñazeak.

        25. Ah! Etzaitezte kanpoetara atera, eta etzaitezte ere bideetatik ibilli: zeren etsaiaren ezpatak, eta bere izuak aldamen guzietatik ingurutzen zaituzten.

        26. O Jerusalen nere erriko alaba! Zilizioz jantzi zaite, estali zaite autsez; egin itzatzu negar samiñak, seme bakar baten eriotzan egiten diran negarrak bezelakoak: zeren ondatzallea gure gañera batbatean erori dan.

        27. Zu, Jeremias, jarri zaitut probatzalle sendoa bezela nere erriaren erdian; eta zuk esamiñatu dezu eta probatuko dituzu bere obrak.

        28. Erriko andizki guzi oiek barreiatuak dabiltza, eta beren egiteak engañatzekoak dirade: ez dirade kobrea eta burnia baizik: guztia da jende usteldua.

        29. Gelditu dirade ausporikan gabe, beruna desegin da suan, alperrik urtu ditu urtzalleak menastak garbilekuan; zeren aien gaiztakeriak ez diraden berezituak izan.

        30. Zillar gaiztoa ots egin zaiozute; zeren Jaunak beragandik aurtiki dituen.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Jaunak Jeremiasi esan ziozkan itzak, esaten ziola:

        2. Jarri zaite Jaunaren tenploko atean, eta adirazi ezazu an itz au, eta esan ezazu: Aditu ezazute Jaunaren itza zuek guziok, o Judako seme, eta ate oietatik sartzen zeratenak Jauna adoratzera.

        3. Onak izan bitez zuen obrak, eta zuen gurak, eta ni zuekin biziko naiz toki onetan.

        4. Ez ezazute ipiñi zuen itxedopena itz engañakor aietan, esaten dezutela: Au da Jaunaren tenploa, Jaunaren tenploa, Jaunaren tenploa.

        5. Zeren baldin onera zuzentzen badituzute zuen egiteak, eta zuen gurak; justizia egiten badezute gizonagandik gizonagana,

        6. Gaitzik egiten ez badiozute erbestekoari, ez umezurtzari, ez andre alargunari, eta ez badezute isurtzen odol obengabea toki onetan, eta ez bazerate ibiltzen jainko arrotzen ondoren zuen galmenerako,

        7. Ni biziko naiz zuekin toki onetan, zuen gurasoai mendez mende eman nien lur onetan.

        8. Baña zuek daukazute itxedopen txit andia, utsa balio dizuten itz gezurrezkoetan:

        9. Zuek egiten dituzute lapurretak, eriotzak, adulterioak; zuek egiten dituzute gezurrezko juramentuak, eskeñtzen diozkazute Baali libazioak, eta joaten zerate ezagutzen ez dituzuten jainko arrotzen ondoren.

        10. Eta oien ondoan, oraindikan etortzen zerate, eta jartzen zerate nere aurrean, nere izenari ots egiten zaion tenplo onetan, eta itxedopen alper batekin esaten dezute: Gaitz guzietatik estaliak gaude, nazkagarri guzi oiek egin baditugu ere.

        11. Zer bada? Nere tenplo au, zeñean ots egiten zaion nere izenari, etorri al da izatera zuentzat lapurren ezkutatoki? Ni, ni naiz, nik ikusi nituen, esaten du Jaunak.

        12. Bestela zoazte Silora, nere bizilekuko tokira, non asieran egon zan nere izenaren gloria, eta begiratu ezazute zer egin nuen berarekin, nere erri Israelen gaiztakeriakgatik.

        13. Orain bada ongi; gaiztakeria oiek egin dituzutelako, esaten du Jaunak; eta ikusirik nik predikatu dizutedala, eta kontuan ipiñi zaituztedala adiuntzaz, ots egin dizutedala, eta zuek ez nazutela aditu, deitu dizutedala, eta zuek ez didazutela erantzun:

        14. Nik egingo det etxe onekin, zeñean ots egin zaion nere izenari, eta zeñean daukazuten zuek zuen itxedopena; eta zuei eta zuen gurasoai siñalatu nizuten etxe onekin, egingo det, esaten det, Silorekin egin nuena hura bera.

        15. Eta aurtikiko zaituztet nere aurretik, aurtiki nituen bezela zuen anai guziak, Efraimen arraza guztia.

        16. Ala bada, ez daukazu, Jeremias, zertan erregutu erri augatik, eta ez zadazu ere berakgatik eman alabantzarik, ez egin eskaririk, eta ez zadazu ere kontrarik egin: zeren etzaitudan adituko.

        17. Zu zerori ez al zaude ikusten zer egiten duten gizon oiek Judako errietan, eta Jerusalengo plaza agirietan?

        18. Semeak biltzen dituzte egurrak, gurasoak erazekitzen dute sua, eta emakumeak egiten dute orea, guriaz nastua, egiteko opillak zeruko erregiñarentzat, eta jainko arrotzai libazioak egiteko, eta neri aserretu erazitzeko.

        19. Baña, ni al naiz, esaten du Jaunak, berak aserretu erazitzen didatena, eta kalte egiten didatena? Berak beren buruai ez al diote kalte egiten, onela lotsariz beteak gelditzen diradela?

        20. Argatik oiek esaten ditu Jaun Jainkoak: Onezkero nere sumintasuna eta nere aserrea erortzeko zorian daude kutsutu duten toki orren kontra, gizonen eta abereen kontra, landaetako zuaitzen kontra, eta lurreko frutuen kontra: guztia egongo da erazekia, eta ez da itzaliko.

        21. Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak, Israelko Jaungoikuak: itsatsi zaiezute nai dezuten adiña zuen holokaustoak zuen abereillai, eta beren aragiak jan itzatzute.

        22. Atera nituenean Ejiptoko lurretik zuen gurasoak ez nien ezkero itzik egin, ezta ezerere agindu holokausto eta abereillen gañean.

        23. Ona emen, orduan eman nien agintea: Aditu ezazute nere boza, esan nien, eta ni izango naiz zuen Jaungoikoa, eta zuek izango zerate nere erria; eta jarraitu zaiozute beti señalatu dizutedan bideari, doatsuak izan zaitezten.

        24. Eta berak ez ninduten aditu, eta etzituzten ere niganontz zeartu beren belarriak, baizikan jarri ziran beren gura txarren, eta beren biotz gaiztoaren mendean; eta aurrerontz joan bearrean, atzerontz joan ziran,

        25. Beren gurasoak Ejiptoko lurretik atera ziran egunetik, gaurko eguneraño. Eta nik bialdu nizkizuten zuei nere serbitzari profeta guztiak: egunoro agudo nenbillan bialtzeko berak.

        26. Baña nere erriko semeak ez ninduten aditu, baizikan gor egin zitzadan, eta gogortu zuten beren lepoa, eta egin ziran beren gurasoak baño gaiztoagoak.

        27. Zuk bada itz guzi oiek esango dieztezu, baña etzaituzte adituko: ots egingo diezu, baña ez dizute erantzungo.

        28. Eta esango diezu: Au da arako erreñu, bere Jaun Jainkoaren boza aditu ez duena, eta bere erakutsiak ere artu ez dituena. Bere fedea illa dago, erbestetua dago bere aotikan.

        29. Ebaki ezazu zure illea, eta aurtiki ezazu, eta jarri zaite negarrez boz goratuan; zeren Jaunak bota eta utzi duen, bere aserrearen diña dan arraza au.

        30. Zeren Judako semeak obra gaiztoak egin dituzten nere begien aurrean, esaten du Jaunak: ipiñi zituzten beren idoloak, nere izenari ots egiten zaion tenploan, bera zikintzeko;

        31. Eta egin zituzten aldareak, edo toki goratuak Tofeten, zeñ dagoan Ennomen semearen ibarrean, suan desegitzeko beren seme ta alabak: nik agindu ez nuen, eta gogotik ere irago etzitzadan gauza.

        32. Argatik badator denbora, esaten du Jaunak, eta etzaio onezkero ots egingo Tofet, ez Ennomen semearen ibarra; baizik ilkintzako ibarra; eta obituko dituzte Tofeten, beste tokirik ez dagoelako.

        33. Eta erri onetakoen gorputz illak, zeruko egaztien eta lurreko pistien bazka izango dirade, eta ez da egongo nork iges erazi dizaioten.

        34. Eta egingo det ez dedilla aditu Judako errietan, ez Jerusalengo plazaetan bozkariozko, ez gozotasunezko bozik; esposoaren, ez esposaren bozik, zeren lur guztia arrasatua geldituko dan.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Denbora artan, esaten du Jaunak, aurtikiak izango dirade beren obietatik kanpora Judako erregeen ezurrak, eta bere prinzipeen ezurrak, eta apaizen ezurrak, eta profeten ezurrak, eta Jerusalenen bizi ziradenen ezurrak,

        2. Eta utziko dituzte kanpoan egon ditezten eguzkitan, eta illargitan, eta zeruko izarren aurrean, zeñak diraden berak maitatu dituzten gauzak, eta zeñak serbitu dituzten, eta zeñaen ondoren joan diran, eta zeñakin konsultatu diran, eta zeñak adoratu dituzten jainkoak bezela. Gorputz illen ezurrak ez dirade izango bilduak, ez obiratuak; geldituko dira lurraren gañean zimaurra bezela.

        3. Eta arraza gaizto onetatik gelditzen diraden guztiak, nik aurtiki nituen toki utzitako guztietan, esaten du ejerzituen Jaunak, naiago izango dute il, anbeste atsekabetan bizi baño.

        4. Alaere zuk esango diezu: Erortzen dana, ez al da bereala jaikitzen? Eta bidetik alde egin duenak, ez al ditu alegiñak egiten biurtzeko?

        5. Zergatik bada Jerusalengo erri au jaiki da nere kontra eta dago alako setati, eta mukerra? Berak gezurrarekin laztandu dira, eta ez dute ondu nai.

        6. Ni egon nintzaioten arretaz begira, eta aditu nituen beren itzak: iñork ere ez du gauza onik esaten: ez dago bere bekatuaren penitenzia egiten duenik, esaten duela: Zer egin det nik? Guztiak biurtu dira lengo bidera, ta dijoaz korrika, gudara lauoñean dijoan zaldia bezela.

        7. Miruak zerura begiratuta ezagutzen du bere denbora; usatortolak, eta enadak,eta zigoñak zaitzen dute beren etorrerako denbora: nere erriak berriz ez du ezagutu Jaunaren juizioko denbora.

        8. Nola esaten dezute: Gu jakintsuak gera, gu gera gordeta daukagunak Jaunaren legea? Engañatzen zerate; Legeko jakintsuen luma, egiaz gezurrezko erakutsiaren luma da, eta ez du gezurrak baizik eskribitu.

        9. Zuen jakintsuak nastuak, izutuak, eta lotuak daude, Jaunaren itza aurtiki zutelako; eta ez dago beretan jakinduriaren piskarik ere.

        10. Argatik nik jarriko ditut beren emazteak arrotzen mendean; emango dieztet beren lurrak beste heredero batzuei: zeren txikienetik asita andieneraño guziak dirade zikoitzak: profetagandik apaizeraño, guziak gezurrean ari dirade.

        11. Eta sendatzen dituzte nere erriko alabaren zauriak, berari irri egiñaz, esaten dutela: Pakea, pakea: ez egonik pakerikan.

        12. Eta beren gauza nazkagarrien lotsarik al daukate? Lotsaren piskatxo bat ere ez dute iduki; ez dakite zer dan lotsa ere: argatik nastuak izango dira besteen galmenean, eta aurtikiak bengantzako denboran, esaten du Jaunak.

        13. Bada nik biduko ditut guztiak batean berak galtzeko, esaten du Jaunak: mastiak matsik gabe egongo dirade; eta pikuondoak piku gabe; ostorañokoak erori dira: eta nik eman niezten gauzak eskuetatik iges egin diezte.

        14. Zergatik gaude emen geldirik? Esango dute berak. Atozte onara, eta sartu gaitezen erri murrutuan, eta egon gaitezen an ixillikan: gure Jaun Jainkoak ixildu gaituen ezkero, eta eman digun ezkero edaten beazunezko ura, Jaunaren kontra bekatu egin degulako.

        15. Pakearen zai gaude, eta gauza on au ez dator: Sendatuak izateko denboraren zai gaude, eta bakarrik ikusten degu izua eta ikara.

        16. Dandik aditu da etsaiaren zaldien irrintza; eta bere gudarien ots txit andira lur guztia mugitu da: allegatu dira, eta arrasatu dute erri guzia, eta bere ondasunak; erriak eta beretan bizi diradenak.

        17. Zeren ona emen non nik nola bialduko ditudan zuen kontra Kaldeatarrak sugeak, eta ersugeak bezela, zeñaen kontra ez duen enkantuk balio; eta usikiko dizute, esaten du Jaunak.

        18. Nere oñazea, oñaze guzien gañetikoa da; nere biotza atsekabez betea dago.

        19. Aditzen det nere erriko alaba, toki urrutietatik deadarrez esaten duenaren boza: Ez al dago onezkero Jauna Sionen? Edo ez al dago bere barrenen bere Erregea? Baña, eta zertarako bertan bizi diradenak, erantzuten du Jaunak, aserretuerazi didate beren jainkoen irudiakin, eta beren idolo arrotzakin?

        20. Irago zan uzta, esaten dute berak; uda bukatu zan, eta gu ez gera askatuak.

        21. Oñazez iragoa nago, eta tristezaz betea, nere erriko alabaren atsekabeagatik: izua nerekin jabetu da.

        22. Ez al dago erresinarik Galaaden? Edo, ez al dago an osagillerik batere? Nola bada ez da zarratu nere erriko alabaren zauria?

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Nork emango ote dio ura nere buruari, eta egingo ditu nere begiakin negarrezko bi iturri, negar egiteko gau ta egun, ill dituztelako anbeste nere erriko alabagan bizi ziradenak?

        2. Nork emango dit bakartadean, bideanteen txaolatxo bat, utzitzeko nere errikoak, eta beretatik alde egiteko? Bada guztiak dirade adultero batzuek, fedeausleen talde zatar bat.

        3. Beren mingaña da uztai bat bezela, aurtikitzeko gezurrak, ez egiak. Egin dirade almentsuak lurrean, iragotzen diradela gaiztakeria batetik bestera, eta ni ez naute ezagutu, esaten du Jaunak.

        4. Zaitu bedi bakoitza beren artean bere projimoagandik, eta iñor ere ez bedi bere anaiakin fiatu, zeren anaia guziak saltzallearen lanak egingo dituen, eta adiskide guzia engañuko asmazioetan ariko da.

        5. Eta bakoitzak iseka egingo dio bere anaiari; eta ez dute beñere egiarik esango; zeren beren mingaña gezurrak esatera oitua dagoen. Arazoz gaitz egiten zuten.

        6. Zu, o Jeremias, engañatzallez ingurutua bizi zera, zeren marro egitea maitatzen duten, ez naute ezagutu nai, esaten du Jaunak.

        7. Argatik oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak: Jakin ezazu, nik urtuko ditudala, eta probatu suan. Zeren, zer beste gauzarik egin nezake konbertitzeko nere erriko alabarenak?

        8. Beren mingaña fletxa zorrotz bat bezelakoa da, itz egiten dute beti engañatzeko, ezpañakin pakea adirazten diote beren adiskideari, eta ezkutuan zelatadak jartzen diozkate.

        9. Zer bada? Ez al diozkatet nik gauza oien konturik artuko, esaten du Jaunak? Edo utziko ote diot, au bezelako erri bati, bere bengantza artu gabe?

        10. Artuko du Jaunak, eta ni egongo naiz negarrez eta alarauka mendien aurrean; eta suspirioak egingo ditut, ikusirirk zelai ugariak eremu biurtuta, zeren guzia errea izan da; alako moduan, non, iñor ere ez dabil andik, eta beren jabeen bozik ere ez da aditzen: zeruko egaztietatik pistietaraño guztia joan da andik, eta guziak alde egin du.

        11. Nik jarriko det Jerusalen ondar pilla batzuek eginik, esaten du Jaunak, eta sugulnen ezkutatoki, eta Judako erriak arrasatuko ditut, beretan bizia daukan bat ere gelditu gabe.

        12. Zeñ da gizon jakintsu, au aditzen duena, eta Jaunak bere aotik itza itsatsi diona, adirazi dizaien besteai, zergatik izan dan lur au arrasatua, eta dagoan leortua, eta errea, iñor ere andikan iragotzen ez dala?

        13. Au da, esaten du Jaunak, utzi zutelako nik eman nien legea, eta ez dutelako aditu nere boza, eta jarraitu ere ez diotelako;

        14. Baizik beren biotz gaiztoari berak eramanak izaten utzi diotelako, eta idoloen ondoren joan diradelako; beren gurasoai ikasi zien bezela.

        15. Argatik oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak, Israelko Jaungoikoak: Ona emen non nik erri orri emango diozkadan jateko asenzioak, eta edateko beazunezko ura.

        16. Eta barreiatuko ditut, berak ez beren gurasoak ezagutu etzituzten erreñuetatik; eta bialduko det beren ondoren ezpata, aliketa desegiñak izan ditezen artean.

        17. Oiek esaten ditu ejerzituen Jaunak, Israelko Jainkoak: Zoazte emakume negargilleen billa, eta ots egin zaiezute etorri ditezen agudo, eta bialdu itzatzute beren billan, trebeenak etorri ditezen, eta esan zaiezute, arin ibilli ditezela,

        18. Eta asi bitez bereala negarrak gure gañean, bota bitzate malkoak gure begiak, eta ur biurtu bitez gure betazalak.

        19. Zeren Siondikan aditzen dan boz itzaltsu bat, esaten duena: Oh! Eta nolako ondamenera biurtuak izan ote geran! Eta nolako naste andian ikusten ote geran! Utzitzen degu gu jaio giñan gure lurra, gure bizilekuak desegiñak izan diradelako.

        20. Aditu ezazute bada, o nere erriko emakumeak, Jaunaren itza, eta ogi konprenditu ditzatela zuen belarriak, bere ezpañak adirazten dizkizutenak; eta erakutsi zaiezute zuen alabai, eta bakoitzak bere auzokoai kanta tristeak,

        21. Zeren eriotza igo da gure leioetara, sartu da gure etxeetan; eta alako ondamena egin du, non, ez dirade onezkero ikusiko aurrak, ez gazteak karrikaetan eta plazaetan.

        22. Esan zaiezu bada zuk, Jeremias: Onela itz egiten du Jaunak: Gizasemeen gorputz illak egongo dirade etzinak lurrean, kanpoan, zimaurra bezela, eta belarra ebakitzen duenak botatzen duen bezela bere ostera elbitza, nork bildu dezan ez dagoela.

        23. Oiek esaten ditu Jaunak: Ez bedi gozatu jakintsua bere jakindurian; eta ez bedi ere gozatu sendoa bere sendotasunean, ez aberatsa bere aberastasunetan,

        24. Baizik gozatu nai dana, gozatu bedi ni ezagutzean, eta jakitzean ni naizala Jauna, urrikaltasunaren egillea, eta juizioarena, eta justiziarena lurrean, zeren oiek diraden nere gogoko gauzak, esaten du Jaunak.

        25. Ona emen non datozen egunak, esaten du Jaunak, zeñatan nik kontuak artuko dieztedan zirkunzidatuta dauden guztiai,

        26. Ejiptori, Judari, Idumeari, eta Ammonen eta Moaben semeai, eta eremuan bizi diraden, illea ebakia daramaten guziai, zeren baldin erreñu guziak badirade zirkunzidatu gabeak aragiaren aldetik, Israelko semeak dirade zirkunzidatu gabeak biotzean.

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Aditu itzatzute Israelko etxekoak, Jaunak zuen gañean esan dituen itzak.

        2. Oiek esaten ditu Jaunak: Ez itzatzute imitatu erreñuetako oitura gaiztoak; eta etzaitezte ere zeruko siñaleen beldur izan, jentillak beldur izan oi diraden bezela.

        3. Zeren errietako legeak alperrak dirade, ikusirik otallutzalle bat ebakitzen duela aizkorarekin basoko zuaitz bat, eta bere eskuarekin landutzen duela:

        4. Zillar, eta urrearekin apaintzen du. Iltzeakin tinkatzen du, mallukiaren otsakin, askatu ez dedin.

        5. Otallu au zuzena irten da, palma baten ondoa bezela; baña ez du itzik egiten, eta artzen dute, eta eramaten dute nai duten tokira, zeren bera berez ez diteke mugitu. Alako gauzaen beldurrikan, bada, ez ezazute iduki, zeren ez onik, ez gaitzik ez dezaketen egin.

        6. O Jauna! Ez dago zure antzekorikan batere. Andia zera zu, eta andia da zure izenaren eskubidea.

        7. Zeñ ez da zure beldur izango, o erreñuetako erregea? Zeren gloria zurea dan. Errietako jakintsu guztien artean, eta erreñu guztietan ez dago zure antzekorik batere.

        8. Barbull, eta zentzugabekotzat ezagutuak geldituko dira guztiak. Adoratzen duten zurak, beren urgulleria erakusten du.

        9. Tarsistik ekartzen da zillarra plantxa biribilduetan, eta urrea Ofaztik. Langillearen eta zillargillearen eskuak landutzen du. Gero jazintoz, eta purpuraz jantzitzen da. Langilleen lana da ori guzi ori.

        10. Baña Jauna da Jaungoiko egiazkoa, bera da Jaungoiko bizia, eta betiko erregea. Bere aserrera dardaratuko da lurra, eta bere arretondoari ezin begiratuko diote erreñuak.

        11. Ala bada itz egingo diezute: Zeruak eta lurra egin ez dituzten jainkoak galduak izan bitez lurraren gañetik, eta zeruaren azpian dauden gauzen artetik.

        12. Jauna da bere eskubidearekin lurra egin zuena, bere jakinduriarekin zuzendu zuen mundua, eta zabaldu zituen zeruak bere aditzarekin.

        13. Boz bakar batekin biltzen du zeruan, uren ugaritasun andi bat, eta jasotzen ditu lurraren ertzetik odeiak. Euri biurtzen ditu oñazkarrak, eta tximistak, eta ateratzen du aizea bere gordelekuetatik.

        14. Gizon guzia zentzugabea egin zan bere jakinduria idoloenarekin. Idoloaren irudia bera da egin duen guztiaren lotsaria. Bada irudi uts bat da egin duena, anima gabeko gorputz bat.

        15. Utsa balio duten gauzak dirade, eta obra farragarriak: guztiak galduko dirade, bisitatuak diraden denboran.

        16. Ez, ez da gauza oiek bezelakoa, Jakobi suertean kabitu zion Jaun hura; bada bera da, egiñak izan diraden gauza guztien egillea, eta Israel da bere herenziaren tokamena. Bere izena da ejerzituen Jauna.

        17. O zuk Jerusalen, laster etsaiz ingurutua arkitu zerana, onezkero bildu ziñitzake lur guztitik zure idoloak, zure lotsaria;

        18. Zeren begiratu ezazu zer esaten duen Jaunak: Jakin ezazu nik oraingo aldian urrutira aurtikiko ditudala lur onetan bizi diradenak; eta atsekabetuko ditut alako moduan, non, batek ere ez duen igesik egingo.

        19. Orduan deadarrez esango dezu: Ai nere doakabea nere naigabean! Txit andia da nere zauria. Baña zorigaitz au, esaten diot gero nere buruari, neronek ekarri det, eta ala irago bear det.

        20. Nere etzauntza arrasatua izan da, urratuak bere sokak. Nere semeak alde egin dute nigandik, eta ez dirade agiri. Ez da onezkero iñor ere gelditzen, berriz nere etzauntza jasotzeko, eta altxatzeko nere dendak.

        21. Zeren artzai guztiak zentzugabero ibilli dira, eta ez dira joan Jaunaren ondoren. Argatik arkitu ziran aditza gabetanik, eta beren artalde guztia barreiatua izan zan;

        22. Zeren ona non aditzen dan boz bat, eta ots andi, ifarraldetikan datorrena, Judako erriak eremu eta dragoien toki egiñik ipintzeko.

        23. Ongi ezagutzen det, o Jauna, ez dagoela gizonaren nai bakarrean bere bidea zuzentzea; eta ez dagokio ere gizonari ibiltzea, ezta zuzentzea ere bere pausoak.

        24. Kastigatu nazazu, o Jauna, baña izan bedi zure erabaki beraaren araura, eta ez zure aserrearen araura, utsera biurtu ez nazazun.

        25. Baizik obekiago isuri ezazu zure aserrea ezagutzen etzaituzten erreñuen gañera, eta zure izen santuari ots egiten ez dioten probinzien gañera; berak Jakoben kontra jarri diran ezkero, eta bera iretsi duten ezkero; eta ezereztu duten ezkero, eta bere gloria guztia desegin duten ezkero.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Jaunak Jeremiasi zuzendu zion itza, esaten zuela:

        2. Aditu itzatzute elkartasun onen itzak, eta adirazi zazkiezute Judako gizonai, eta Jerusalenen bizi diradenai;

        3. Eta zuk, o Jeremias, esango diezu: Oiek esaten ditu Israelko Jaun Jainkoak: Madarikatua izan bedi, elkartasun onen itzak aditzen ez dituen gizona;

        4. Nik egin nuen elkartasuna zuen gurasoakin, atera nituenean Ejiptoko luretik, labe erazeki artatik, eta esan nien: Aditu ezazute nere boza, eta egin ezazute nik agintzen dizutedan guztia, eta ala zuek izango zerate nere erria, eta ni izango naiz zuen Jaungoikoa;

        5. Berriztatzeko eta kunplitzeko zuen gurasoai egin nien juramentua emateko lur bat, eznea, eta eztia dariozkiona, gaurko egunean kunplitua ikusten dan bezela. Zeñatara nik Jeremiasek erantzun, eta esan nuen: Ala izan bedi, o Jauna!

        6. Orduan esan zidan Jaunak: Predikatu eta adirazi itzatzu boz goratuan itz guzi oiek Judako errietan, eta Jerusalengo plazaetan, esaten dezula: Aditu itzatzute elkartasun onetako itzak, eta zaitu itzatzute;

        7. Zeren ni beti egon naiz esaten zuen gurasoai Ejiptotik atera nituen egunetik oneraño, adirazten, eta esaten diedala aspertu gabe: Aditu ezazute nere boza.

        8. Baña etzuten aditu, eta etzituzten ere zeartu beren belarriak nere itzaganontz; baizik bakoitzak jarraitu ziezten bere biotz biurriaren gura gaiztoai, eta bota nituen beren gañera, zaitzeko agindu nien, eta zaitu etzuten elkartasun artan eskribituak zeuden gaitz guztiak.

        9. Eta andikan laster esan zidan Jaunak: Judako gizonetan, eta Jerusalenen bizi diradenetan konjurazio bat arkitu da.

        10. Berak itzuli dira beren gurasoen anziñako gaiztakerietara, zeñak etzien obeditu nai nere itzai. Oiek ere, aiek bezela, joan dirade jainko arrotzen ondoren berak adoratzeko. Eta Israelko etxeak, eta Judako etxeak ausi zuten nere elkartasuna, beren gurasoakin nik egin nuen elkartasuna.

        11. Argatik oiek esaten ditu Jaunak: Ona emen non nik aurtikiko ditudan atsekabeak, zeñatatik ezin libratuko diraden; eta deadarrez ots egingo didate neri, baña nik ez ditut adituko.

        12. Orduan Judako erriak, eta Jerusalenen bizi diradenak joango dira, eta deadarrez ots egingo die, libazioak eskeñi ziozkaten jainkoai, eta oiek ez dituzte salbatuko atsekabeko denboran.

        13. Zeren jakiña dan, zure jainkoak, o Juda, ziradela zure erriak adiña; eta zuk, o Jerusalen, jaso ziñituela zure karrika guzietan lotsarizko aldareak, idoloai doañak eskeñtzeko aldareak.

        14. Orain bada ez daukazu zuk zertan erregutu erri augatik; eta ez ezazu ere egin bere alde oraziorik, ez eskaririk, zeren nik ez ditudan adituko ots egiten didatenean beren atsekabeko unean.

        15. Nola da erri orrek, zeñ zan nere erri maitea, egin duela anbeste gaiztakeria nere Etxean? Eskeñitako aragiak garbituko al zaituzte zure gaiztakerietatik, zeñtzuetan gozatu zeran?

        16. Jaunak eman zizun olibo ugari, eder, frutu-emalle, eta gozagarriaren izena; baña gero bere itz baten bozera su andi bat erazeki zan oliboan, eta erre ziran bere besanga guziak.

        17. Eta plantatu zinduen ejerzituen Jaunak, erabaki zituen atsekabeak zure kontra, Israelko etxeak eta Jakoben etxeak egin zituzten gaiztakeriakgatik neri aserretu erazitzeko, idoloai doañak eskeñtzen ziozkatela.

        18. Baña zuk, o Jauna, ikusi erazi ziñidan, eta ezagutu nuen, zuk orduan erakutsi ziñizkidan beren asmazio gaiztoak.

        19. Eta ni nintzan, iltzera eramana dan bildots otsan bat bezelakoa, eta ez nuen ezagutu, nere kontrako asmazioetan zebiltzala, esaten zutela: Eman dizaiogun egurra ogiaren lekuan, eta arras kendu dezagun bizien lurretik; eta bere izenaren oroipenik ez bedi onezkero geiago gelditu.

        20. Baña zuk, o ejerzituen Jauna, juzgatzen dezuna justiziarekin, eta probatzen dituzuna biotzak eta gurak; zuk egingo dezu nik ikusi zaitzadala beren bengantza artzen; zure eskuetan nere gauza jarri dedan ezkero.

        21. Argatik onela itz egiten diote Jaunak Anatoten bizi diraden, eta zure bizitzaren kontra asmazioetan dabiltzanai, eta esaten dizutenai: Ez ezak profetizatu Jaunaren izenean, gure eskuetan illa izan nai ez badek.

        22. Ona emen bada ejerzituen Jaunak esaten duena: Jakin ezazu, nik kastigatuko ditudala. Beren gazteak ezpataren puntan illak izango dirade, eta beren semeak, eta alabak galduko dira gosez;

        23. Beren kutsurikan batere gelditu gabe; zeren nik aurtikiko ditut zorigaitzak Anatoten bizi diradenen gañera, berai kontuak artzeko denbora allegatzen danean.

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Egia guziarekin, Jauna, ezagutzen det justoa zerala zu, gauza batzuen arrazoia eskatzen ausartatzen banaiz ere. Alaere nik esango dizut nere keja bat, nere iritzian justoa dana. Zergatik gaiztoai guztiak ongi irtetzen die, eta ongi bizi dirade fedea ausitzen, eta obra gaiztoak egiten dituztenak?

        2. Zuk ipiñi ziñituen munduan, eta berak sustrai sendoak bota zituzten. Aziaz dijoaz, eta frutuak ematen dituzte. Maiz beren ezpañetan zarabiltzate; baña beren biotzak txit urrutian daude zugandik.

        3. Ni berriz, o Jauna, ezagutzen nazu, ikusi ninduzun, eta obretatikan dakizu nolakoa dan nere biotza zuganako. Bildu itzatzu, artalde bat sakrifikatua izateko bezela, eta iduki itzatzu berezian ilkintzako egunerako.

        4. Noizarteraño egongo da lurra negarrez, eta leortuko da belarra alderri guztian, bertan bizi diradenen gaiztakeriagatik? illak izan dirade zamariak eta egaztiak, zeren berak esan zuten: Ez du Jaunak gure atzena ikusiko.

        5. Baldin zu, erantzuten du Jaunak, oñazko jendearekin zijoazenean nekau baziñan, nola elean egin zenezake zaldizkoakin? Eta beldurrikan gabe egon ez bazera pakeko lur batean, zer egingo dezu, Jordanen bizi diradenen urgulleriaren erdian?

        6. Eta baldin zure anaiak, eta zure aitaren etxeak gerran egin badizute, eta zure kontra deadar andiak egin badituzte, etzaiezu berai sinistu amorioarekin itz egiten dizutenean ere.

        7. Berak kastigatzeko, esaten du Jaunak, nere etxea utzi det, eta gelditu naiz nere soroa gabetanik. Nere animako gozotasuna zana, ipiñi det bere etsaien eskuetan.

        8. Nere soroa itzuli da neretzat, leoe bat larrartean bezela, altxatu du boza nere kontra; argatik aier izan natzaio.

        9. Nere soroa neretzat al da, asko koloretako egaztia bezela? Bera al da egazti pintanua bezela? Atozte lurreko pisti guztiak, zoazte korrika bera iretsitzera.

        10. Asko artzaik arras desegin dute nere mastia, nere soroa zapaldu dute, ni bere jabe nintzan toki atsegintsua, biurtu dute eremu soill.

        11. Arrasatu dute, eta berak niganontz itzultzen ditu bere begi, malkoz beteak. Txit mortu biurtua dago Judako lur guztia. Ez dagoelako iñor ere bere biotzean oartzen danik.

        12. Eremuko bide guztietatik etorri dirade ondamentzalleak, zeren Jaunaren ezpata ibilliko dan ondamenak egiñaz lurraren muga batetikan besteraño. Ez dago pakerikan, bizi dan batentzat ere.

        13. Garia erein zuten, eta arantzak ebaki zituzten soro baten jabe egin dirade, baña ez diote onik batere ekarriko, nastuak geldituko zerate, utsera biurtuko da zuen frutuen itxedopena, Jaunaren aserrearen sumintasunagatik.

        14. Baña oiek esaten ditu Jaunak nere aldeko txit gaiztoen kontra, zeñak sartzen diraden nik Israelko nere erriari eman nion soroan: Jakin ezazute nik aterako ditudala berak beren lurretik, eta aterako dedala beren erditik Judako etxea.

        15. Baña berak desegitzen ditudanean, gero biguñduko naiz, eta urrikalduko naiz berakin, eta berriz jarriko ditut bakoitza bere soroan, eta bakoitza bere lurrean.

        16. Eta baldin berak, erakutsiak artuta ikasiko balute nere erriaren legea, alako moduan, non, beren juramentuak egiten dituztela nere izenean, esaten dutela: Jauna bizi dan bezela; berak nere erriari Baalgatik juramentu egiten erakutsi zioten bezela; orduan nik egotez jarriko ditut nere erriaren erdian.

        17. Baña adituko ez banindute, aterako det sustraitik jende hura, eta osotoro desegingo det, esaten du Jaunak.

 

AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Jaunak onela itz egin zidan: Zoaz, eta erosi ezazu liñozko faja bat, eta lotu ezazu gerria berarekin, eta uretan ez dezu sartuko.

        2. Erosi nuen bada faja, Jaunaren agintearen araura, eta lotu nuen berarekin gorputza gerritik.

        3. Eta berriz itz egin zidan Jaunak, esaten zuela:

        4. Kendu ezazu erosi zenduen eta gerriaren gañean lotuta daukazun faja, eta jaiki zaite, eta zoaz Eufratesera, eta ezkutatu ezazu an aitz baten zuloan.

        5. Joan nintzan bada, eta ezkutatu nuen Eufratesen aldean, Jaunak agindu zidan bezela.

        6. Egun asko igarota, Jaunak esan zidan: Jaiki zaite, eta zoaz Eufratesera, eta artu ezazu, nik an ezkutatzeko agindu nizun faja.

        7. Joan nintzan bada Eufratesera, eta idiki nuen zuloa, eta atera nuen faja, ezkutatu nuen tokitik, eta arkitu nuen zegoala usteldua, alako moduan, non, etzan ezertarako ere gai.

        8. Orduan itz egin zidan Jaunak, esaten zuela:

        9. Oiek esaten ditu Jaunak: Onela usteldua izan dedilla egingo det nik Judaren andiustea, eta Jerusalenen urgullu andia.

        10. Jende txit gaizto au, nere itzik aditu nai ez duena, eta bere biotz gaiztoaren erara dabillana, eta jainko arrotzen ondoren joan dana berak serbitu eta adoratzeko, etorriko da izatera, ezertarako gai ez dan faja ori bezelakoa.

        11. Eta ori, nola gizonaren gerrian estu lotutzen dan faja bat, ala lotu nuen nik estu nerekin, esaten du Jaunak, Israelko etxe guztia, eta Judako etxe guztia, izan zitezen nere erria, eta izan nendin ni an ezagutua, alabatua, eta gloriaz betea; eta alaere berak ez ninduten aditu nai.

        12. Argatik itz oiek esango dieztezu: Oiek esaten ditu Israelko Jaun Jainkoak: Upadi guztiak ardoz beteak izango dirade. Eta berak erantzungo dizute: Ez al dakigu guk, urte ugarietan upadi guztiak ardoz betetzen diradela? Eta zuk orduan esango diezu:

        13. Ala itz egiten du Jaunak: Begira bada, nik ordikeriaz beteko ditut lur onetan bizi diraden guztiak, eta Dabiden jatorriko errege, bere tronuaren gañean eseriak daudenak, eta apaizak, eta profetak, eta Jerusalenen bizi diraden guztiak,

        14. Eta barreiatuko ditut erreñuen artean, esaten du Jaunak, berezitzen dedala anaia bere anaiagandik, eta gurasoak beren semeakgandik. Ez diet barkatuko, eta ez naiz ere biguñduko, eta ez naiz urrikaltasunera mugituko berak desegin gabe utzitzeko.

        15. Aditu ezazute bada, eta entzun arretarekin: Etzaitezte urgullutu, zuen indarretan itxedotzen dezutela, zeren itz egin duena Jauna dan.

        16. Bestera, gloriaz bete ezazute zuen Jaun Jainkoa, damutu zaitezte, atsekabeko illuntasunak etorri ditezen baño lenago, eta zuen oñak beaztopo egin dezaten baño lenago odeiz beteriko mendietan, orduan itxedongo dezute argia, eta Jaunak eriotzaren itzal, eta illuntasun biurtuko du.

        17. Onetan obedezitzen ez badezute berriz, nere animak ezkutuan negar egingo du, zuen urgulleria ikusirik. Negar mingoitzak egingo ditu, eta nere begiak malkozko errekak botako dituzte, Jaunaren artaldea katibu jarria izan dalako.

        18. Esan zaiezu Erregeari, eta Erregiñari: Umillatu zaitezte, eseri zaitezte lurrean, zeren onezkero zuen gloriako koroea burutik erortzeko zorian daukazuten.

        19. Egoealdeko erriak itxiak daude, eta ez dago berak idiki ditzakenik. Judako tribu guztia bere lurretik kanpora eramana izan da, eta guztiak irago dirade toki batetikan bestera.

        20. Jaso itzatzute begiak, eta begiratu ezazute, o zuek Egerdiko aldamenetik zatoztenak. Non da, esango diozute Jerusaleni, zure kontura utzi zatzun artalde hura, aberedi eder hura?

        21. Zer esango dezu, Jaungoikoak zuri kontuak artzeko ots egiten dizunean? Zeren zuk zerorrek eman ziñiezten erakutsiak etsaiai zure kontra, eta arkitu ziñituen zure galmenerako. Nola bada etzaituzte arrapatuko, aurregiten ari dan adre batenak bezelako oñazeak?

        22. Eta baldin zure biotzean esango bazeneza: Zergatik neri alako gauzak gertatu zazkit? Jakin ezazu zure gaiztakerien ugaritasunagatik agirian gelditu diradela zure lotsagarriak, eta zikinduak zure oñak.

        23. Etiope beltxa aldatu al balezake bere larrua, edo leoearreak bere natu asko eratakoak, zuek ere ongi egin alko dezute, egonik gaitzera oituak.

        24. Eta argatik, esaten du Jaunak: Nik barreiatuko ditut, aizeak eremura daraman lasto txetua bezela.

        25. Au da zuri gertatuko zatzuna, eta nigandik artuko dezun ordaña, esaten du Jaunak, nerekin aztu ziñalako, eta itxedon zenduelako gezurrean:

        26. Argatik nik neronek agertu nituen zure zikinkeriak zure arpegiaren aurrean, eta agirian gelditu zan zure lotsaria,

        27. Zure adulterioak, eta zure garra gura gaiztoetarako; atzenik, zure aragizko bekatuaren gaiztakeria. Kanpoan, eta muñoen gañean ikusi nituen nik zure gauza nazkagarriak. Jerusalen doakabea! Eta oraindikan ere etzera garbitu naiko, neri beti jarraitzen didazula? Noizarteraño zaude au egiteko zai?

 

AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Jaunak Jeremiasi leortearen gertakariaren gañean esan ziozkan itzak.

        2. Judea dago lutuz estalia; eta bere ateak desegiñak, eta lurrera aurtikiak, eta Jerusalenek jasotzen du deadarra zeruaren goiraño.

        3. Nagusiak bialtzen dituzte beren morroiak uraen billa. Badijoaz oiek ateratzera, eta ez dute arkitzen, eta itzultzen dirade ontzi utsakin nastuak, eta atsekabetuak eta beren buruak estalita.

        4. Lurrak laborerik eman ez duelako euririk ezagatik, nekazariak, beera begira jarrita, estaltzen dituzte beren buruak:

        5. Orein emeak berak ere, semea kanpoan eginda gero, utzitzen du umea, belarrik ez dagoelako,

        6. Eta basoastoak aitzen gañean jartzen dirade, eta berakganontztutzen dute aizea, sugulnak egiten duten bezela, eta beren begietako argia lausotu da, belarrik ez dagoelako.

        7. Gure gaiztakeriak gure kontra deadarrez badaude ere, zuk, o Jauna, urrikaltasunarekin begiratu zaguzu zure izen santuaren amorioagatik, zeren maiz zugandik iges egin degu, eta egin ditugu zure kontra bekatu txit andiak.

        8. O Israelen itxedopena, eta bere Salbatzallea atsekabeko denboran! Zergatik egongo zera zure lur onetan arrotz bat bezela, eta gaua iragotzeko bakarrik gelditzen dan bideante bat bezela?

        9. Zergatik izango zera zure erriarentzat, orra ta onara dabillan gizon bat bezelakoa; edo bera salbatzeko indarrik ez daukan agintari bat bezelakoa? Dana dala zu, o Jauna, gure artean bizi zera, eta guk daramagu zure erriaren izena. Ez gaitzatzu bada utzi.

        10. Oiek esaten diozka Jaunak, orra erri, beti oñak mugitzen alako moduan zalea danari, eta aspertu ez danari, eta Jaungoikoari gogoa bete ez dionari. Orain oroituko da Jauna bere gaiztakeriakin; eta artuko dio bere bekatuen kontua.

        11. Eta Jaunak esan zidan: Ez zadazu egin erri onen onerako erregurikan.

        12. Barau egiten dutenean, ez ditut adituko beren orazioak; eta eskeñtzen badituzte holokaustoak, eta doañak, ez ditut ontzat artuko; baizik desegingo ditut ezpatarekin, gosearekin, eta izurriarekin.

        13. Orduan esan nuen nik: Ah! Ah! Ah! Jaun Jainkoa! Profetak esaten die: Etzaitezte beldur izan, ez dezute zuek ikusiko etsaiaren ezpatarikan. Ez da ere goserik zuen artean izango; baizik Jaunak emango dizute pake egiazko bat toki onetan.

        14. Eta Jaunak esan zidan: Gezurrarekin adirazten dituzte etorkizunak nere izenean profeta oriek. Ez ditut nik bialdu, eta ez diet ere ezertxo agindu, eta ez diet ere itzik egin. Adirazten dizkizute profeziatzat ikusketa gezurrezkoak, eta aztinantzak, eta asmazioak, eta beren biotzetako iduripenak.

        15. Argatik oiek esaten ditu Jaunak, nere izenean profetizatzen duten profetakgatik, nik bialdu gabe, esaten dutela: Ez da etorriko ezpatarik, ez goserik lur onen gañera. Ezpataren puntarekin eta gosez illak izango dirade alako profetak.

        16. Eta oiek profetizatzen zien errietan bizi diradenak, izango dira aurtikiak Jerusalengo kaleetatik, gosez eta ezpataren puntaz illak berak, eta beren emazteak, eta beren seme ta alabak, eta ez da egongo nork obian sartu ditzan; eta beren gañera isuriko det beren gaiztakeriaren kastigua.

        17. Eta zuk bitartean itz oiek esango dieztezu: isuri bitzate nere begiak aspertu gabe malkoak gau ta egun, zeren Jerusalen, nere erriko alaba birjiña, arkitzen dan atsekabe txit andi batean, zauri txit gaizto batekin.

        18. Kanpora ateratzen banaiz, ez det nik besterik ikusten baizik, ezpataz iragoa izan dan jende baten gorputz illak. Errian sartzen banaiz, ona emen jendea gosez iragoa. Profeta eta apaizerañokoak dirade katibu eramanak erri ezezagun batera.

        19. Zuk, o Jauna, Juda osotoro utzi al dezu? Edo Sioni zure animak nazkaz begiratzen al dio? Zergatik bada azotatu gaituzu alako gogortasunarekin, non, ez zagun gelditzen zauri gabeko tokirik? Pakea itxedotzen degu, eta ez daukagu gauza onik batere; eta sendatzeko denbora da, eta ona emen non gauden guziok nastuak.

        20. O Jauna, ezagutzen ditugu gure egite biurriak, eta gure gurasoen gaiztakeriak. Zure kontra bekatu egin degu.

        21. Ez zaguzu utzi lotsarian erortzen, o Jauna, zure izenaren amorioagatik. Ez ezazu utzi desonratuak izan gaitezela; eta gutxitan idukia izan dedilla tenploa, zeñ dan zure gloriako tronua. Oroitu zaite aurrerakoan ere idukitzeaz zure anziñako elkartasuna gurekin.

        22. Zer bada? Jendeen idoloen artean al dago nork eman dezan euria? Edo berak zeruetatik bialdu al dizakegute ura? Ez al zera zu bialtzen dezuna gure Jaun Jainkoa, zeñagan guk itxedotzen degun? Bai, zeren gauza guzti oiek egin dituzuna, zu zeran.

 

AMABOSGARREN KAPITULUA

        1. Orduan esan zidan Jaunak: Moises eta Samuel arrean jarriko balitzazkit ere, ez liteke zeartuko nere anima erri onen alde; aurtiki itzatzu nere aurretik, kanpora joan ditezela.

        2. Eta esango balizute: Nora joango gera? Erantzungo diezu: Oiek esaten ditu Jaunak: izurriz iltzeko dagoena, bijoa iltzera, ezpataren puntaz illa izateko dagoena, ezpatara; gosez il bear dana, gosez illa izan bedi: mendeko izateko dagoena, bijoa katiberiora.

        3. Eta lau kastigu motarekin kastigatuko ditut, esaten du Jaunak, illak izango dirade ganibetakin, txakurrak zatituko dituzte, eta iretsi ta desegin zeruko egaztiak, eta lurreko pistiak.

        4. Eta egingo det txit persegituak izan ditezela lurreko erreñu guztietan, Manases, Ezekiasen seme, Judako erregeagatik, Jerusalenen egin zituen gauza guztiakgatik.

        5. Zeren, zeñ zurekin urrikalduko da, o Jerusalen? Edo, zeñ tristetuko da zure amorioagatik? Edo, zeñ joango da zure pakeagatik erregututzera?

        6. Zuk utzi ninduzun, esaten du Jaunak, eta atsea itzuli ziñidan; eta nik luzatuko det nere eskua zure gañera, eta arras desegingo zaitut; aspertua nago zuri erregututzez.

        7. Eta ala nik, o Jerusalen, barreiatuko ditut zure semeak sardetxearekin lurraren mugetaraño; egin nituen nere errian ilkintzak eta ondamenak; eta onekin guzi onekin ere, bere bide gaiztoetatik ez dirade atzera biurtu.

        8. Nik egin det beren artean andre alargun geiago, itsasoak dauzkan ondarrak baño. Bialdu det beren kontra nork egunaren erdian bertan il dizaiezten amai beren semeak, zabaldu det errien gañean batbatean izua.

        9. Erkitu zan zazpi seme egin zituen ama; desalaitu zan bere anima, ezkutatu zitzaion eguzkia oraindikan eguna zala, nastua eta lotsaz betea gelditu zan, eta beragandik gelditzen diran semeak nik emango ditut, ganibetaz iragoak izan ditezen beren etsaien aurrean, esaten du Jaunak.

        10. Ai ene amatxo, zeñ doakabea naizan ni! Zergatik argitara eman ninduzun, naizen bezela, kontradikzioko gizon bat, eleko gizon bat lur guzti onetan? Ez det nik dirurikan eman irabazian, eta neri ere ez dit iñork eman, eta alaere guztiak madarikatzen naute.

        11. Orduan Jaunak erantzun zidan: Nik juramentu egiten det, doatsua izango zerala emendikan aurrerako zure bizitzan, nik lagunduko dizudala atsekabeko denboran, eta naigabeko denboran zaituko zaitudala zure etsaien kontra.

        12. Burnia elkartuko al da ifarreko burniarekin? Eta bronzea bronze hurarekin?

        13. O Jerusalen, nik emango eta utziko det doan arrapatuak izan dizazkizutela zure aberastasunak, eta zure tesoroak, egin dituzun bekatu guztiak gatik, eta zure mugen barrenen dauzkazun idolo guztiakgatik;

        14. Eta ekarriko ditut zure etsaiak, ezezaguna zatzun lur batetik; zeren erazeki dan nere sumintasuneko sua, zeñak bere garrakin erreko zaituzten.

        15. Zuk, o Jauna, dakizu nere obengabetasuna, oroitu zaite nerekin, eta zaitu nazazu, eta gorde nazazu persegitzen nautenakgandik. Ez ezazu luzatu neri laguntzea. Ongi dakizu, zure amorioagatik lotsariak irago ditudala.

        16. Nik arkitu nuen zure itza, eta berarekin bazkatu nintzan, eta zure itzean arkitu nuen nere gozotasuna, eta nere biotzeko bozkarioa, zeren nik daramat zure profetaren izena, o ejerzituen Jaun Jainkoa.

        17. Isekarien batzarretxarretan ez nintzan eseri; eta ez nintzan ere urgullutu zure eskuak egin zuenarekin; bakartxorik nengoan, zeren zuk itz keñatzallez bete ninduzun.

        18. Zergatik nere oñazea, beti irautzen duena egin da, eta nere zauri itxedopengabekoarentzat ez dago sendagarririk? Bera egiña izan da neretzat, ur asko engañatzalle batzuek bezela; zeñaen uberatik beldurrez irago bear dan.

        19. Argatik onela itz egiten du Jaunak: Nigana biurtzen bazera, nik aldatuko zaitut; eta nere aurrean sendo eta errutsu egongo zera, eta badakizu berezitzen baliotsua zatarragandik, zu izango zera orduan beste nere ao bat bezelakoa. Orduan berak zugana itzuliko dira erreguakin, eta zu etzera itzuliko berakganontz;

        20. Baizik egingo det nik izan zaitezela erri orrentzat bronzezko murru sendo bat. Berak zure kontra gudan ariko dirade, baña ez dirade garai jarriko; zeren ni zurekin nagoen salbatzeko, eta libratzeko, esaten du Jaunak.

        21. Nik libratuko zaitut bada gaiztoen eskutik, eta salbatuko zaitut sendoen mendetik.

 

AMASEIGARREN KAPITULUA

        1. Itz egin zidan gero Jaunak, esaten zidala:

        2. Ez dezu emazterik artuko, eta ez dezu idukiko semerik, ez alabarik toki onetan.

        3. Zeren oiek esaten ditu Jaunak toki onetan jaioko diran seme, eta alaben gañean, eta berak egingo dituzten amaen gañean, eta alderri onetan berakgandik sortuak izango diraden aitaen gañean:

        4. Gaitz mota askorekin ilko dirade, eta ez da berak gatik negarrik egingo, eta ez dirade ere obituak izango, egongo dirade etzunik lurraren gañean zimaurra bezela, eta izango dirade ezpataz eta gosez desegiñak, eta beren gorputz illak izango dirade zeruko egaztien, eta lurreko pistien bazka.

        5. Zeren oiek esaten ditu Jaunak: Etzera sartuko illaren etxeko janedanera, eta etzaiete ere joan damuaren partalea emateko, ez berak gozatzera, zeren nik, esaten du Jaunak, erbestetu ditut erri onetatik nere pakea, urrikaltasuna, eta biguñtasunak.

        6. Eta ilko dirade andiak eta txikiak alderri onetan, eta ez dirade obiratuak izango, eta ez da ere berakgatik negarrik egingo. Ez da ere egongo nork epaiak egin bere gorputzean, ez nork burua moistu berakgatik.

        7. Eta beren artean ere ez da iñor egongo, ogia txikituko duenik, bere illagatik negarrez dagoena gozatzeko, eta beren aitaren eta beren amaren eriotza gatik negarrez daudenai ere ez diote edaririk emango berak gozatzeko.

        8. Etzera ere sartuko janedana dagoen etxean, berakin eseritzeko, eta jateko eta edateko;

        9. Zeren oiek esaten dituen ejerzituen Jaunak, Israelko Jaungoikoak: Jakin ezazu, nik zuen begietan eta zuen egunetan erbestetuko dedala toki onetatik gozotasunaren boza, eta bozkarioaren boza, eta esposoaren boza, eta esposaren boza.

        10. Eta adirazten diozkazunean erri orri gauza guzti oiek, eta berak esaten dizutenean: Zergatik esan du Jaunak aurtikiko dituela gure kontra gaitz guzi ain andi oiek? Zeñ da gure gaiztakeria? Eta, zer bekatu da gure Jaun Jainkoaren kontra egin deguna?

        11. Zuk erantzungo diezu: Zeren zuen gurasoak utzi ninduten, esaten du Jaunak, eta joan ziraden jainko arrot